186. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ADIOS

Ordenantza, lurzoru urbanizaezinean aire zabaleko lastategiak jartzea arautzen duena. Behin betiko onespena

Adiosko Udalak, 2020ko otsailaren 18an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Adiosko udalerriko lurzoru urbanizaezinean aire zabaleko lastategiak jartzea arautzen duen ordenantza.

Onespenaren erabakia 2020ko 50. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 12an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Adiosen, 2020ko uztailaren 23an.–Alkate udalburua, Miguel Ansa Reta.

ADIOS UDALERRIKO LANDALURREAN AIRE ZABALEKO LASTATEGIAK PARATZEA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen helburua da aire zabaleko lasto siloak (lastategiak) arautzea Adiosko udal mugapeko lurzoru urbanizaezinean. Gainera, baimenaren eskatzaileak eta lurzatiaren katastroko titularra izanen dira ordenantzan ezarritakoa betetzearen erantzule, bata zein bestea eta solidarioki.

2. artikulua. Zehaztapenak.

Ordenantza hau aplikatzeko ondorioetarako, lasto silo edo lastategitzat hartuko da lasto fardo edo paken aldi baterako pilaketa, 160 metroko kubikotik gorakoa, betiere hamabost egun baino gehiago edukitzekoa bada.

Guztiz debekatuta dago lastategiak herrilurretan, oihan lurzoruetan, zaindu beharrekoetan, urbanizagarrietan eta hiri lurzoruetan jartzea. Soilik landalur generikoan baimentzen dira siloak, eta udalaren lizentzia behar da horretarako.

Finka bakoitzean, bertatik ateratako fardoak soilik pilatzen ahalko dira, eta silo baten eta beste baten artean (lastategiak) 100 metroko tartea utziko da gutxienez; hala ere, beste finka batzuetatik ekarritako fardoak biltzen dituzten lastategiak ere baimentzen ahalko dira, dela nekazaritza bideetatik dela komunikazio bide nagusietatik sarbide zuzena duten landa finketan.

3. artikulua. Gutxieneko distantziak.

Lastategiek edo siloek gutxieneko distantzia hauek gorde beharko dituzte:

–Bizitegitarako hiri lurzorutik edo etxebizitza bakartuetatik: 200 metro.

–Arbolarik gabeko oihan lurzoru urbanizaezinetik: 50 metro.

–Arboladun oihan lurzoru urbanizaezinetik: 200 metro.

–Landare finka edo erreken mugetatatik: 50 metro.

–Beste finka batzuen mugetatik, salbu eta barruti biribileko finkak, norberaren finkarako sarbidea, arekak eta bideak: 20 metro.

–Siloen edo lastategien artean: 150 metro.

4. artikulua. Lastategiak egiteko araudia.

Fardoen bolumen eta pisuagatik siloa edo lastategia erortzeko arriskua saihestearren, kontuan harturik fardoek euri ura xurgatzen dutela, baldintza hauek bete beharko dira siloak egiterakoan:

–Lastategiaren gehieneko garaiera: pakek 0,70 cm-ko garaiera badute, 11 ilara; fardoek 0,90 cm-ko garaiera badute, 9 ilara. 160 m³-tik beherako bolumena dutenentzat, 6 metroko garaiera.

–Zenbat denbora egon daitezkeen pilatuta: 6 metrotik gorako lastategiak bost hilabete, eta garaiera hori edo txikiagoa dutenak hogei egun.

–Zirkulazio handieneko sarbidetik perpendikularrean paratu beharko dira pakak, hau da, pakaren alde laburrena bidearen norabidean jarrita, meta beheiti etorriz gero pakak jabetza pribatuko lurzatian eror daitezen, eta ez zirkulazio bideen gainean.

–Siloak eratzeko nahiz kentzeko lanak finken sarreratik eginen dira, bideen arekak ukitu gabe. Lan hauek ez dira egiten ahalko hezetasuna dela-eta ibilgailuen joan-etorriak kalteak egiten ahal baditu bideetan.

5. artikulua. Siloen kontserbazioa.

Zaintzeko honako betebehar hauek ezartzen dira:

–Pilatutakoaren bolumena trinkoa izanen da eta horrela gorde beharko da lizentziaren baimenak irauten duen bitartean. Zerbait beheiti etorriz gero, siloa lehen zegoen bezala altxatu beharko da berriz, bai, aitzineko artikuluarekin bat eginez, pakak berriz pilatuz, bai eroriak eta deseginak kenduz.

–Fardo guztiak eta horien hondar guztiak eraman beharko dira, salbuespenik gabe, eta hondakinei buruz indarra duen araudiaren arabera kudeatu.

–Lastategia egiteko lurzatian uzta bildu eta 10 eguneko epean, interesdunak suebaki zerrenda bat eginen du, oztopo, hondakin eta hondarrik gabea, eta gutxienez ere 15 metroko zabalera izanen du pilaketaren inguruan; suebakiaren ertz hurbilenetik neurtuta gutxienez ere 15 metrotara eginen da pilaketa, ez dadin eremu horretan sua zabaldu, eta laborantza mekanizatuaren bidez edo herbiziden bidez mantendu beharko da. Edonola ere, nekazaritzako jardunbide egokien kodea eta indarra duen araudia bete beharko dira, eta ezin izanen da inolaz ere suebaki zerrenda landu.

–Ez dira ukituko pertsonen eta ibilgailuen joan-etorrirako libre egon behar duten eremu publikoak.

6. artikulua. Lizentzia lortzeko prozedura.

Baimen eskaera agiri normalizatu baten bidez aurkeztuko da eta, horrekin batera, beste hauek:

–Egin gogo den jarduketa.

–Lurzati zedula, lastategia non jarriko den adierazita.

–Siloaren bolumena eta paken gutxi gorabeherako kopurua.

–Gehienez ere zenbat denbora iraunen duen metak

–Ordenantza hau eta Nafarroako Gobernuaren araudia betetzeari buruzko erantzukizuneko aitorpena.

Lizentziaren titularrak 3 egun lehenago jakinarazi beharko dio alkateari zer egun eta ordu aurreikusten diren lastoa garraiatzeko.

7. artikulua. Aseguruak.

1.000 m³-tik gorako fardoak edo 500 paka baino gehiago pilatzen badira, nahitaezkoa izanen da sute asegurua eta erantzukizun zibilarena hartu direla frogatzea (aseguratutako zenbatekoa 300.000 euro), hirugarrenei eragindako kalteei eta bide publikoei egiten zaizkienei erantzuteko.

8. artikulua. Arau-hausteak.

Ordenantza honetan ezarritakoa ez betetzea, horra arau-haustea.

Arau-hausteek administrazio-zehapen bat ekarriko dute, beharrezko zehapen-espedientea abiarazi ondoan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren araudian ezarritakoarekin bat. Hori guztia, sortzen ahal dituen erantzukizun zibilak, penalak edo bestelakoak batere ukatu gabe.

Ezin izanen da inolaz ere zehapen bikoitza jarri egitate berengatik eta babestutako interes publiko berengatik, baina horiekin loturiko beste egitate edo arau-hauste batzuengatik datozen gainerako erantzukizunak eskatu beharko dira.

9. artikulua. Arau-hauste arinak.

Honako hauek dira arau-hauste arinak:

–Pilaketa lizentziarik gabe egitea, ordenantza honetan ezarritakoa urratzen ez denean.

–Pilaketa lizentzia izanik egitea, ordenantza honetan ezarritakoa urratzen denean baina arau-hauste larria ez denean.

–Pilaketa ordenantza honetako baldintzen arabera edukitzeko betebeharra ez betetzea.

–Ordenantza honetan ezarritako distantziak ez betetzea.

–Pilatutakoa lizentzian ezarritako epeetan ez kentzea.

10. artikulua. Arau-hauste astunak.

Honako hauek dira arau-hauste astunak:

–Suteen aurkako asegurua eta erantzukizun zibilekoa izan gabe egitea pilaketa.

–Hiri lurzoru, oihan lurzoru, bide, areka, erreka eta landaredun mugetaraino utzi beharreko tarteak ez betetzea.

–Pilaketak hiri lurzoruetan eta oihan lurzoruetan egitea.

–4. artikuluan ezarritako gehieneko garaiera gainditzea siloan, hain zuzen ere metro bat baino gehiago.

–Pilatutakoa kentzeko emandako gehieneko epea bi hilabetetik gora gainditzea.

–Eskatu diren suebakiak egin nahi ez izatea. Errekerimendua hiru aldiz egin eta hala ere bete gabe segituz gero, zehapena ahalik eta zorrotzena izanen da.

–Pilatutakoa debekatutako lurretatik ez kentzea zazpi eguneko epean, Alkatetzaren errekerimendua jakinarazten denetik hasita. Errekerimendua hiru aldiz egin eta hala ere bete gabe segituz gero, zehapena ahalik eta zorrotzena izanen da.

–Siloa eratu edo kentzean bide edo arekei kalte egitea, berregiteko kostua errepikatzea galarazi gabe.

–Pakak edo haien hondakinak ur-ibilguetara botatzea.

–Pakak estali gabe garraiatzea, erortzea saihestu behar baita.

–Arau-hauste arin bat behin berriz egitea.

–Lastategiari su ematea.

11. artikulua.

Zehapenen graduazioa egindako arau-hausteari egokituko zaio, eta honako irizpide hauetan oinarrituko da:

–Eragindako kalteak.

–Istripuen edo suteen arriskua.

–Nahitakotasun maila.

–Ingurumenari eragindako kaltea.

–Arau-haustea behin berriz egitea.

12. artikulua. Zehapenak.

Arau-hausteek, egindako kalteen zenbatekoa arau-hauslearen kargura izanen dela alde batera utzi gabe, zehapen hauek izanen dituzte:

–Arinek 250 eurotik 999 eurora arteko isuna.

–Larriek 1.000 eurotik 4.000 eurora arteko isuna.

Isuna borondatez ordaintzen ez bada, premiamendu bidez bilduko da.

13. artikulua. Araubide juridikoa.

Ordenantza hau interpretatzeko eskumena Alkatetzak besterik ez du.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza hau indarrean jarriko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.

Ordenantza hau Adiosko Udalak onetsi zuen hasiera batez, 2020ko otsailaren 18an egin osoko bilkuran, eta 2020ko 50. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 12an. Jendaurreko epea alegaziorik egin gabe iraganda, bidezkoa da Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ez da indarrean sartuko bere testua osorik argitaratu arte eta Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 65.2 artikuluan ezarritako epea igaro arte. Indarrean izango da espresuki aldatu edo indargabetu arte.

Iragarkiaren kodea: L2008274