186. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

604E/2020 EBAZPENA, uztailaren 21ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, Espartza Galarko isuri geldoetarako zona handitzeko proiektuari buruzko ingurumen eraginaren txostena egiten duena. Sustatzailea Recuperación Ambiental SL da.

2019ko maiatzaren 13an, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen eraginaren ebaluazio sinplifikatuari ekiteko eskaera igorri zuen. Espediente hori Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 9 c) taldean sartuta dago.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak 7.2 artikuluan xedatzen duenez, ingurumen eraginaren ebaluazio sinplifikatua egin behar da I. eranskineko edo II. eranskineko proiektu baten ezaugarrien edozein aldaketak, 7.1.c) artikuluan deskribatutako aldaketekin bat ez datorrenak, jada baimendua, egikaritua edo egikaritzeko prozesuan dagoenak, ingurumenean kalte adierazgarriak eragin baditzake.

Kasu honetan, Espartza Galarko geldoen hondakindegia handitzeak azalera nabarmen handitzea eta lurzoru baliabidearen kontsumoa areagotzea dakarrela uste denez, proiektuari buruzko ingurumen eraginaren ebaluazio sinplifikatua egitea erabaki da.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen du ezen, proiektuari buruzko ingurumen eraginaren ebaluazioa eginen dela zehaztu ondoren, ingurumen organoak modu arrazoituan ebatziko duela proiektuari buruzko ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta egin behar den edo ingurumen eraginaren txostena emanen den, aipatutako txostenean ezarritako baldintzetan.

–Aurrekariak:

2018ko maiatzaren 16an hartutako erabakiaren bidez, “Iruñerrian gai inerteen hondakindegiak ezartzeko UPSa eguneratzeko proiektua” behin betiko onetsi zen. Sustatzailea “Recuperación Ambiental SL” da (186. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 2018ko irailaren 25ekoa).

Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak urtarrilaren 9an emandako 23E/2018 Ebazpenaren bidez, UPSa eguneratzeko proiektuari buruzko ingurumen adierazpen estrategikoa egin zen. Ebazpen horretan, kontrako txostena ematen da bi kokaleku hauei buruz, ingurumen eragina dela-eta: Erreniegako ipar mazela eta Ardazko eremu berria; horrez gain, adierazten da Iberoko kokalekua ezin dela gaur egungo baldintzetan gauzatu, eta, Nafarroako 2017-2027ko Hondakinen Planeko aurreikuspenak kontuan hartuz, aldeko txostena ematen da “Espartza Galarko eremu berria” izeneko kokalekurako, hots, egungo ingurumen eraginaren ebaluazio sinplifikatuaren xederako.

–Ingurumen ebaluazio sinplifikatuaren tramitazioa:

Ingurumen Ebaluazioari buruzko Legearen 46. artikuluak xedatzen duen moduan, 2019ko ekainaren 11n, ukitutako administrazioei eta pertsona interesdunei kontsulta egin zitzaien. Zehatz-mehatz, hogeita hiru erakunderi egin zitzaien kontsulta: Galar Zendeako Udalari, Zizur Zendeako Udalari, Espartza Galarko Kontzejuari, Nafarroako Gobernuko erakundeei, Ebroko Konfederazio Hidrografikoari eta Iruñerriko Mankomunitateari, Nafarroako Unibertsitateari eta Nafarroako Unibertsitate Publikoari, talde ekologistei eta nekazarien eta ehiztarien elkarteei.

Txostenak egiteko emandako epea amaitutakoan, Herri Lan Zuzendaritza Nagusiaren eta Ureztalurren eta Lurzati Berrantolamenduaren Atalaren erantzunak jaso dira, eta, adierazten dutenez, Galarko isurietarako zona handitzeak ez du eragin nabarmenik dauzkaten eskumenei dagokienez. Herri-lurren Atalaren erantzunak dio herri-lurren okupazioak ondasunaren titularra den toki erakundeak ezartzen dien eta Galarko Kontzejuaren osoko bilkurak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak bere atalaren bidez onetsiko duten baldintza-agiriari jarraituko diola.

Hondakinen Atalak 2019ko urrian igorri zuen erantzuna. Horren bidez, jakinarazi zuen hondakindegiaren handitzea hondakin geldoen hondakindegitzat jotzen dela eta baimena lortu beharko duela, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean ezarritakoari jarraikiz, baita Hondakinak hondakindegietan bilduz ezabatzea arautzen duen abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuaren baldintzak bete ere. Gainera, adierazi zuen hondakin geldoen hondakindegia izateko emandako baimena hondeatutako lurzoru kutsatu gabeak diren hondakinak hartzera soilik mugatuko dela.

2020ko urtarrilaren 20an, Ingurumen Zuzendaritza Nagusi honetako Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak eskatuta, errekerimendua bidali zen lursailaren iragazgaiztasunarekin, jariatze uren zirkulazioarekin, azaleko uren dekantazio sistemen neurriekin, piezometro gehiago instalatzeko beharrarekin eta gurpilak garbitzeko sistemei buruzko xehetasunekin erlazionatutako zenbait konturi dagokienez. Errekerimenduari erantzuteko, “Interes orokorreko obren baimenari buruzko dokumentu hobekuntzarako errekerimendurako erantzuna: Espartza Galarko (Nafarroa) isuri geldoetarako zona handitzeko proiektua” dokumentua bidali zen, 2020ko apirilean. Bertan, UPSa eguneratzeko proiektuaren ingurumen-adierazpen estrategikoan (23E/201823E/2018 Ebazpena, urtarrilaren 9koa) ezarritako proiektuaren baldintza bereziak zehazteaz gain, aipatutako errekerimenduaren apartatu bakoitzari erantzun zitzaion.

Ingurumen eraginaren txosten horren I. eranskinean proiektuaren deskribapenaren laburpena dago.

–Proiektuaren analisia, 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta:

Proiektuarekin batera, ingurumen ukipenen azterketa aurkeztu zen; bertan, florari eta faunari buruzko eta ingurumena leheneratzeko proiektu bati buruzko berariazko azterketa sartu zen.

Ingurumen ukipenen azterketak ezartzen duenez, zonako ingurumen balio nagusiak sastraka landarediko unitate txikiak (Genista occidentalis eta lotutako orkideak) dira, baita hondakindegiaren arroan zehar dabilen erdialdeko erreka ere.

Inguruneko osagaien gaineko ukipenen baloraziotik ondorioztatzen da eragin gehienak bateragarriak direla, erliebearen gainekoa izan ezik, emaitzazko aldaketa topografikoa dela-eta, landarediari dagokionez, zuhaitz ale bakartu batzuk moztu behar direlako, ingurumen balio eskasekoak izan arren, eta azaleko hidrologiari dagokionez, balitekeelako ukitutako errekari solido esekien ekarpena egitea; eragin horiek, nolanahi ere, neurritsutzat jo dira. Azkenik, paisaiaren gaineko eragina larritzat jotzen da zona altuetan eta mendebaldera begira daudenetan, eta neurritsutzat gainerako orientazioetan.

Esposizio handiena duten hondakindegiko zonak Zizur Txikia eta Zizur Nagusia herrietatik ikusgai izanen dira, baita Na-6000 errepidetik ere, baina herrietako kaleetan dauden zuhaitzek eta herri horietatik dagoen distantziak nabarmen murriztuko dute eragina. Na-6000 errepidetik jasoko den paisaia eragina zuzentzen ahalko da hondakindegian sartzeko bidean pantaila bat instalatzen bada, aurrekoarekiko paraleloa. Nolanahi ere, bi fasetan ustiatzeko metodoak (1. fasean isurietarako zonaren hegoaldeko erdia beteko da eta 2. fasean, aldiz, iparraldeko erdia), amaitu eta berehala leheneratzea ekarriko duenez, jarduketa ikusmenari dagokionez bere ingurunean azkar integratzea erraztuko du.

Ingurumen ukipenen azterketak ingurumen eragina saihesteko zenbait neurri hartzen ditu barnean, adibidez, lurzoruaren horizonte emankorra gordetzea, utzi beharreko materialak kontrolatzea, jarduketa zonak aldez aurretik mugatzea, atmosfera eta urak babestea (gurpilak garbitzeko sistema automatikoak, kamioiak estaltzea, aldizkako ureztapenak, dekantazio putzuak, amaierako ezpondak laster landareztatzea, etab.), ezinbestean ukitu behar ez den landaredia babestea eta fauna eta ondare historikoa babestea. Neurri horiek bateragarri egiten dute jarduera ingurumenari dagokionez.

Paisaiaren gaineko eragina hondakindegiaren amaierako diseinuaren bidez zuzentzen da, 6H/1V-ko gehieneko malda duten amaierako ezpondez, lursail mugakidearekiko doikuntza topografikoaz, ertzak biribilduz eta abar. Dokumentazioak ingurumena leheneratzeko proiektu bat hartzen du barnean; bertan, landaketak, ereintzak eta amaierako azalerak laborantzarako prestatzea xedatzen da, ukitutako azaleren jatorrizko erabileren arabera (gaur egungo soro landuak, basobera eremuak, erreka eta fruta arbolen lurzatia).

Ingurumen ukipenen azterketak ingurumen zaintzarako programa bat hartzen du barnean; bertan, obrak hasi baino lehen, hondakindegia ustiatu bitartean eta bermealdian egin beharreko ekintzak jasotzen dira.

Aurkeztutako dokumentazioa ikusita eta proiektua egikaritzearen, ustiatzearen eta bertan behera uztearen ondorioz sortzen ahal den ingurumen eragina aztertuta, Biodibertsitatearen Zerbitzuak, Ingurumen Eraginaren Atalaren bidez, zehazten du ezen, kontsulten emaitza kontuan hartuta eta 21/2013 Legearen III. eranskinean horretarako jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, proiektuak ez duela eragin kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, ingurumen eraginaren txosten honetan jasotako determinazioak betetzen badira, baita hondakinen kudeatzailea izateko baimenaren ebazpenean jasotzen direnak ere; azken agiri horretan, funtzionamendurako behar diren baldintza guztiak bilduko dira, eta horiek proiektuaren funtsezko baimenean txertatuko dira.

Horrela, Biodibertsitatearen Zerbitzuak Espartza Galarko (Nafarroa) isuri geldoetarako zona handitzeko proiektuaren aldeko txostena eman du eta horri buruzko ingurumen eraginaren ebaluazio arruntik egin behar ez dela adierazi du. Dena den, horrek ez du kentzen indarreko legeriaren arabera behar diren bestelako baimenak lortzeko betebeharra.

Ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua.

EBAZTEN DUT:

1. Espartza Galarko (Nafarroa) isuri geldoetarako zona handitzeko proiektuak, zeina Recuperación Ambiental SLk sustatu baitu, ez du eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen eraginaren txosten honetan adierazten den baldintzetan, eta, beraz, ez da hari buruzko ingurumen eraginaren ebaluazio arruntik egin behar, 21/2013 Legearen II. tituluko II. kapituluko 2. atalean aurreikusi bezala.

Aurrekoa gorabehera, baimentzeak berekin ekarriko du baldintza hauek betetzea:

–Ustiatzeko metodoa:

  • Hondakin geldoen hondakindegia izateko emandako baimen hau hondakin hauek hartzera soilik mugatuko da: hondeatutako lurzoru kutsatu gabeak eta hondeatutako beste gai natural batzuk, eraikuntza jardueretatik etorritakoak (aurrerantzean, hondeatutako gai naturalak), bai eta eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen balorizazio instalazioetako errefusetik datozen hondakin geldoak ere (R5).
  • Gunearen erdialdea zeharkatzen duen errekaren ibilguak aire zabalean geratu behar du, proiektuan eta 2020ko apirileko dokumentazio osagarrian jasotzen den moduan. Gainera, ur ibilgu hori babesteko, 0,50 m-ko garaierako bi ildo bitarte eraikiko dira, bi ertzetan eta ertzetatik 3 m-tara, eta landa hesiak instalatuko dira.
  • Era berean, eta proiektuaren arabera, jarduerak azalerak okupatu aurretik, lurzoruaren profil emankorra desugertuko da, 50 cm-ko sakoneran, lurzoruaren lodierek ahalbidetzen badute. Kentzea fasetan eginen da, hondakindegiaren ustiapenak aurrera egin ahala, lurzorua ahalik eta denbora laburrenean egon dadin higaduraren esposiziopean.
  • Material hori, kanpoaldetik datorren eta kalitate nahikoa duenaz gain, 2 m-ko gehieneko garaierako ildo bitarteetan metatuko da, xede horretarako xedatutako azaleran, 2020ko apirileko dokumentazioan azaltzen den moduan (5. planoa: “Landare-lurra metatzeko instalazioa”).
  • Ustiapena modu antolatuan eginen da, aurrera egiteko norabide bakar bati jarraikiz. Materialak 1 m eta 2 m bitarteko geruzetan hedatuko dira.
  • Landa itxitura bat instalatuko da okupatutako azaleren perimetroan, fasetan; itxitura hori kendu eginen da eta ustiatzen ari diren azaleretara egokituko da, leheneratutako lurzatien nekazaritza erabilera berreskuratu ahala. Alanbrearen azken ilara ez da alanbre arantzadunezkoa izanen, ezustean harekin topo egiten ahal duten hegaztiei kalte egitea saihesteko.
  • Hustubideen diseinuak hondakindegi zona guztiaren drainatze zuzena bermatu beharko du, jariatze urak erdialdeko erreka babesten duten ildo bitarteetako perimetroko drainatze zangetatik errekara bideratuz.
  • Magalaren babesari eutsiko zaio, zuhaixka landarediarekin, 10. poligonoko 216. eta 220. lurzatietan, eta hor ez da isuririk egonen.

–Ingurumen leheneratzea:

  • Hondakindegia ustiatu bitartean, mailaka, proiektuaren amaierako kotetara heltzen diren azalerak leheneratuz joanen dira.
  • Amaierako azalerek ez dute edukiko malda desberdineko eremuak mugatzen dituen ertzik. Azalera berriek azalera naturalekiko ahalik eta doikuntza topografiko handiena dutela bermatzen duen topografia lortzeko ahalegina eginen da. Malda desberdineko zonen konbergentzia lerroak biribilduko dira. Emaitzazko topografia berriak ezpondak sorrarazten baditu, horiek 3H/1V erlazioko gehieneko malda puntualak eduki beharko dituzte, eta 6H/1V malda orokorrarekin bukatu.
  • Azken geruza bat etorriko da hondakindegiaren azaleratik aurretiaz desugertutako edo kanpoaldetik datozen eta kalitate nahikoa duten material metaketetatik datorren landare lurrezko profil batekin, 30-50 cm-ko lodieran. Amaierako estalkian materia organikorik ez badago, medeagarri organikoak emanez konpentsatuko da.
  • Ondoren, harriak eta lurrak edo harri txikiak ez diren hondakin guztiak kenduko dira, landare lurrak kalitate nahikoa ez badauka, medeagarri organikoak emanen dira eta lursaila laborantzarako prestatuko da, lur-lantze sakonaren bidez.
  • Kentzen diren larre eta zuhaixken azalerak (215. lurzatiko B azpilurzatia, 210. lurzatiko C azpilurzatia eta 201. lurzatiko A; horiek guztiak, Galarko 10. poligonokoak) leheneratuko dira, ereinez eta ondoren proiektuan proposatutako zuhaitz eta zuhaixka espezieetako basoko zuhaitz-landareak landatuz, Pinus nigra eta Buxus sempervirens espezieetakoak izan ezik; espezie horien ordez, Pinus sylvestris gehiago landatu eta ereinen dira eta beste batzuk, hala nola Prunus spinosa, Genista hispanica, subsp. Occidentalis, Viburnum lantana, Rubis sp. edo Ligustrum vulgare, gehituko dira.
  • Hondakindegiak aurrera egin eta amaierako kotetara heldu ahala eta okupatu aurretik laborantzarako erabiltzen ziren lurzatien laborantza erabilera berreskuratu arte, lurzoru galerak saihesteko, proiektuan proposatutako belar espezieetako hazien nahasketa ereinen da.
  • Neurri konpentsatzaile gisa, eta proiektuak (ingurumen leheneratzerako proiektuak) 6. eranskinean jasotzen duen moduan, erriberako landarediaz hornituko da erreka, gaur egun ez baitauka horrelakorik. Hautatutako espeziea Populus alba da, eta horrez gain honako hauek gehituko dira: Fraxinus excelsior, Salix atrocinerea, Salix triandra eta Salix purpurea.
  • 10. poligonoko 215. lurzatiko F azpilurzatian intxaurrondoak landatuko dira, ingurumen leheneratzerako proiektuak aipatzen duen moduan.
  • Zuhaitz pantaila bat landatuko da NA-6000 Etxabakoitz-Campanas errepidetiko hondakindegirako sarbidearen eskuinaldean eta hondakindegiko iparraldeko muturrean (2. fasearen amaieran), zeina Galarko udal mugarekin bat datorren. Populus nigra, Acer campestre eta Acer monspesulanum espezieetako aleak erabiliko dira, ilara bikoitzean eta hiruzuloka, 5 m-ko landaketa distantziarekin. 8-10 cm-ko diametroko aleak, ongi zurkaiztuak eta babesgarriarekin.
  • Proiektuaren baldintzetan adierazten den moduan, Moreako eta Viñas Viejasko bideak lehengoratuko dira eta mendebaldeko eta iparraldeko bidea eraitsiko da.
  • Obretarako eremu lagungarriak eta zabalik geratu behar ez duten pistak abandonatu ahala leheneratu beharko dira, azalerak destrinkotuz, landare lurra hedatuz eta nekazaritza erabilerara itzularaziz.

–Ingurumen jarraipena:

  • Proiektuarekin batera aurkeztutako ingurumen ukipenen azterketan proposatzen den ingurumen jarraipenerako programa beteko da.

3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz, ingurumen eraginaren txostenaren aurka ezin izanen da errekurtsorik jarri, proiektua baimentzeko egintzaren aurka administrazio bidean edo auzibidean egokiak izan daitezkeen errekurtsoei kalterik egin gabe.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Galar Zendeako Udalera, Herri Lan Zuzendaritza Nagusira, Ureztalurren eta Lurzati Berrantolamenduaren Atalera, Herri-lurren Atalera, Hondakinen Atalera, Basozaintzara (Iruñeko barrutia) eta interesdunari.

Iruñean, 2020ko uztailaren 21ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA

Proiektuaren laburpena

Espartza Galarko isuri geldoetarako zonaren handitzea gaur egungo isurietarako zona iparraldetik ixten duen ibarbidean dago eta Galarko 10. poligonoko 200., 201., 202., 203., 206., 207., 208., 209., 210., 211., 212., 215. eta 216., 217., 218., 221., 236., 895., 896., 897., 898. eta 996. lurzatiak eta Zizurko 1. poligonoko 335. lurzatia hartzen ditu. Ibarbideak muga hauek ditu: ekialdean, NA-6000 errepidea; mendebaldean, nekazaritza muino batzuk; iparraldean, Zizurko udal-mugarteko soro landuak; eta hegoaldean, gaur egungo isurietarako zona.

Honetan datza jarduera: eraikuntza eta eraispen jardueretatik datozen 1.759.670 m³ material geldo modu kontrolatuan isurtzea eta amaierako azalerak soro landu gisa berrerabiltzeko egokitzea. Hartutako azalera 413.473 m² dira.

Azterketa geoteknikoak agerrarazten du lursailaren iragazgaiztasuna tarte honetan dagoela: K = 4,38 x 10-10 eta 3,27 x 10-9 m/s. Beraz, geldoen hondakindegietarako legeriak eskatzen duen iragazgaiztasuna (K = 10-7) baino handiagoa da. Lurzoruen kalitateari buruzko berariazko azterketak, hondakindegi jarduera itxitakoan lurzoruaren propietateak lehengoratzeko erreferentzia gisa egin baitzen, materia organikoari, potasioari eta magnesioari dagokienez oso kalitate mugatuko lurzorua dela dioten datuak ematen ditu eta 30 cm-tik 110 cm-rainoko lodierak daudela adierazten du.

Lur gaineko drainatze sistema bat diseinatu da; horren bidez, jariatze urak dagoen errekara bideratuko dira, erreka hori zabalik geratuko baita.

Isurietarako etorkizuneko zonan kudeatu beharreko materialak sustatzaileak hondakin ez-arriskutsuen kudeatzailea izateko egun daukan baimenean emandakoak izanen dira (15G04109012881999).

Hondakinak kudeatzeko eragiketa bakarra, hondakinen balorazio eta ezabaketarako eragiketak eta hondakinen Europako zerrenda argitaratzen dituen otsailaren 8ko MAM Aginduan ezarritakoaren arabera, D5 eragiketa da: bereziki diseinatutako tokietan isurtzea. Materialak isurtzeko, zuzenean deskargatuko dira eta, gero, pala kargatzaileaz edo bulldozerraz hedatuko dira. Ondoren, isuria makinak etengabe pasatuz trinkotuko da, amaierako azaleran proiektatutako kota lortu arte. Edozein jarduketa baino lehen, eta ingurumen-adierazpen estrategikoan xedatutakoaren arabera, 0,5-1 m-ko lurzoru geruza bat kendu beharko da; hori behar bezala metatuta geratuko da isurietarako zonako perimetroko mugan, eta azalera leheneratzeko erabiliko da, gutxienez 50 cm-ko geruza hedatuz. Ustiapena bi fasetan eginen da. Lehen fasea amaitutakoan, zerbitzutik kanpo geratzen diren elementuak leheneratuko dira eta nekazaritza erabilera itzuliko zaie.

Isurietarako zona berrirako sarbidea egungo NA-6000 errepidetik eginen da, egungo sarbidetik. Isurietarako zonako sarreran kamioiak pisatzeko baskula bat instalatuko da eta, horren ondoren, isurietarako zona berrirantz jaisteko bide bat gaituko da. Iparraldean dauden finketarako pasabidea bermatzeko, Moreako bidetiko sarbidea moztuta egonen baita hondakindegiak iraun bitartean, behin-behineko sarbide berri bat eraikiko da; 200 m luze eta 4,00 m zabal izanen da eta Zizurko 1. poligonoko 335. lurzatitik igaroko da. Mendebaldean dauden finketan sartzeko, “Las Viñas Viejas” bidearekin konektatzen duen sarbide berri bat proiektatzen da, hori ere moztuta geratuko baita. Gainera, proiektatzen da bide bat egikaritzea lehengoratu beharreko bide zaharretik, zeinak egungo hondakindegia iparraldetik hegoaldera zeharkatu eta Las Viñas Viejasekin lotzen baitzuen.

Obra eta instalazio lagungarri gisa, lehen aipatutako baskulaz gain, landa hesiez osatutako perimetroko itxitura instalatuko da; zurezko zutoinez eginda egonen da, bi alanbre ilararekin. Gainera, gurpilak garbitzeko sistema automatikoa jarriko da.

Drainatze sarea ez da aldatuko, eta azaleren maldak halako moduan proiektatuko dira non azalerako jariatze ura dagoen errekara eramanen duten. Horrela, ez da perimetroko areka edo erretenik planteatzen, bakarrik bideei dagozkienak.

Iragarkiaren kodea: F2008061