186. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

602E/2020 EBAZPENA, uztailaren 21ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen txosten estrategikoa egiten baita Basaburuko hirigintzako udal planeko aldaketa egituratzaileari buruz. Aldaketa horrek Igoako 9. poligonoko 287. lurzatiari eragiten dio.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 5. eta 6.2 artikuluetan aurreikusitakoari jarraikiz, planen aldaketa txikiek ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar dute.

Basaburuko Udalak 2020ko apirilaren 6an onetsi zuen hasiera batez aldaketa hori, eta jendaurrean egoteko epe bat ireki zen, iragarki bat argitaratuz 2020ko 82. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 21ekoan.

Aldaketaren xedea da Igoako hiri lurzorua handitzea, 9. poligonoko 287. lurzatiko 2.031,87 m² inguru gehituta familia bakarreko etxebizitza bat ezartzeko.

Proposamenak berekin dakar lurzoruaren kategorizazioa aldatzea: lurzoru urbanizaezin eta abeltzaintzaren aldetik produktibitate ertainekoa izatetik hiri lurzoru izatera. Igoako udalerriaren ipar-ekialdean dago eremua, mugakide dituena hiri lurra, batetik, eta nekazaritzako eta abeltzaintzako erabilera bat, bestetik. Toki horretan ez dago ingurumenaren aldetik balio nabarmena duen gunerik edo elementurik. Lurzatiaren inguru hurbilean badaude oinarrizko azpiegiturak; hori dela eta, ez da beharrezkoa egitea ingurumen ukipena ekar lezakeen jarduketarik.

Dokumentazioan paisaia zaintzeko hainbat neurri jaso dira, hala nola lur mugimenduak txikiagotzea, lurreko ezponda naturalak ahal den neurrian mantentzea, bioingeniaritzako teknikak aplikatzea eta aparkatzeko eremuetan nahiz etxebizitzetara oinez sartzeko bideetan zoladura iragazkorrak jartzea. Neurri horiek laguntzen dute etxebizitza integratzen inguruko paisaian.

Aldaketaren ezaugarriak ikusirik, ondorioztatu da aldaketak ez duela ondorio nabarmenik izanen ingurumenean. Biodibertsitatearen Zerbitzuak adierazi du bete dela ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura, eta aldeko txostena eman du.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen txosten estrategikoa egitea honi buruz, ez baitu ondorio nabarmenik sortzen ingurumenean: Basaburuko hirigintzako udal planaren aldaketa egituratzailea, Igoako 9. poligonoko 287. lurzatian. Amaia Lasarte Ezkurra da aldaketaren sustatzailea.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Basaburuko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko uztailaren 21ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2008118