183. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

91E/2020 EBAZPENA, uztailaren 21ekoa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana; honen bidez luzatu egiten da Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariaren uztailaren 25eko 224E/2018 Ebazpenaren bidez emandako ingurumen ukipenetarako baimena, Gestión de Evacuación de La Serna SLk eskatuta, Tuteran La Cantera transformazio azpiestazioa egiteko proiekturako.

Proiektu horrek egungo La Serna TA handitzea dakar, 400/220/66 kV-ko transformazio azpiestazio berri bat eraikiz, La Cantera izenekoa, horrela, garraio-sarera konektatu ahal izateko zenbait enpresak sustatzen dituzten erregimen bereziko energia elektrikoa ekoizteko instalazioak, lehendik dauden 66 kV-ko lau linearen trazadura aldatzea barne: 66 kV-ko Montes del Cierzo I aireko linea elektrikoa, 66 kV-ko Montes del Cierzo II aireko linea elektrikoa, 66 kV-ko Caparroso lurpeko linea elektrikoa, 66 kV-ko La Bandera lurpeko linea elektrikoa. Bestalde, azpiestazioko sarrerako eta irteerako linea egokitzeko, lan hauek aurreikusten dira: lehendik dagoen linea bat desbideratzea (hain zuzen ere 220 kV-eko Alcarama-La Serna linea) eta La Cantera transformazio azpiestazioko sarrerako eta irteerako linea elektriko berri bat behin-behinekoz eraikitzea, La Cantera TAE La Serna TAren etorkizuneko 400 kV-ko posiziora konektatu bitartean.

Baimenak, besteak beste, ondoko baldintza du: ebazpenak babesten duen jarduera edo jarduketak egikaritzea edo abian jartzea baimena ematen denetik gehienez ere bi urteko epean egin behar da, Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117.4 artikuluan xedatuari jarraikiz.

2020ko maiatzaren 8an, erakunde sustatzaileak ebazpen hori luzatzeko eskaera aurkeztu zuen Nafarroako Gobernuaren erregistro orokor elektronikoan, eta adierazi zuen 400 kV-ko lurpeko kablea eraikitzea falta dela. Kable horrek La Cantera TAEren posizioa La Serna transformazio azpiestazioak duen Espainiako Sare Elektrikoaren 400 kV-ko posizioarekin lotuko du. Gaur egun eraikitzen ari baitira, eta, eraiki ondoren, desegiten ahalko da 220 kV-ko sarrera-irteera linea.

Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I. epigrafean (energia instalazioak) jasotzen direnetakoa da. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko duela lurzoru urbanizaezinean baimen daitezkeen jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Espedientean Tuterako Udalaren aldeko txostena jaso da. 2020ko ekainaren 24an, Lurraldearen Antolamenduaren Atalak aldeko txostena egin du, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Errege Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoarekin bat, proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimenaren epea luzatzeari dagokionez, ebazpen hau jakinarazten denetik urtebeteko epean.

Ingurumen Eraginaren Atalak proposamenaren aldeko txostena egin du, kontuan harturik luzatzen den baimenean ezarritako ingurumen baldintzak.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariaren uztailaren 25eko 224E/2018 Ebazpenaren bidez emandako ingurumen ukipenetarako baimena luzatzea, ebazpen hau jakinarazten denetik urtebeteko epean, Gestión de Evacuación de La Serna SLk eskatu zuen Tuterako La Cantera transformazio azpiestazioaren proiektua egiteko.

2. Baimenak behartzen du Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariaren uztailaren 25eko 224E/2018 Ebazpenean zehazten diren neurriak aplikatzera.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Azpiegitura Energetikoen Atalera, Tuterako Udalera, Ingurumena Zaintzeko Atalera (Tuterako 11 Koordinazio Unitatera) eta interesdunari.

Iruñean, 2020ko uztailaren 21ean.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2008073