183. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

346E/2020 EBAZPENA, ekainaren 11koa, Osasuneko zuzendari nagusiak emana, garun-paralisia edo antzeko prozesu neurologikoak diagnostikatuak dituzten hamasei urtetik beherakoei 2019ko urritik 2020ko irailera bitarte Petö metodoaren bidez ematen zaien tratamendua ordaintzeko dirulaguntzen deialdia eta haren oinarri arautzaileak onesten dituena. DDBN identifikazioa: 513895.

2020ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan partida hau dago: “Garun-paralisia izanik Petö metodoaren tratamendua hartzen duten haurrentzako laguntzak” izeneko 511004 51120 4809 311102 partida, 122.604 eurokoa.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezartzen da Nafarroako aurrekontu orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen araubide juridiko orokorra. Arau horrek xedatzen du ezen, dirulaguntzak eman baino lehen, organo eskudunak oinarri arautzaileak ezarriko dituela, eta horiek argitaratu beharko direla, dirulaguntza jasotzeko moduan daudenek eskuratzeko aukera izan dezaten.

Aipatutako 11/2005 Foru Legearekin bat, ebazpen honen bidez onesten den deialdiaren xedea da dirulaguntzak ematea garun-paralisia edo antzeko nahasmendu neurologikoak diagnostikaturik dituzten 16 urtetik beherakoei 2019ko urritik 2020ko irailera arte Petö metodoaren bidez ematen zaien tratamendua ordaintzeko.

Espedienteko txosten tekniko eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, dirulaguntzen deialdia egokia eta onura publikokoa dela, eta deialdia eta oinarri arautzaileak legearen araberakoak direla. Espedientean Ogasunak Osasun Departamentuan duen kontu-hartzailetza delegatuaren adostasuna ageri da.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Dirulaguntza deialdi bat onestea garun-paralisia edo antzeko nahasmendu neurologikoak diagnostikatuak dituzten 16 urtetik beherakoei, 2019ko urritik 2020ko irailera bitarte, Petö metodoaren bidez ematen zaien tratamendua osorik edo hein batean ordaintzeko. Deialdiaren oinarri arautzaileak ebazpen honen eranskinean ageri dira.

2. 122.604,00 euroko gehieneko gastua baimentzea, eta 2020ko ekitaldirako Gastuen Aurrekontuko partida honi egoztea: “Garun-paralisia izanik Petö metodoaren tratamendua hartzen duten haurrentzako laguntzak” izeneko 511004 51120 4809 311102 partida.

3. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Dirulaguntzen deialdi hau Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean erregistratzea.

Iruñean, 2020ko ekainaren 11n.–Osasuneko zuzendari nagusia, Carlos Artundo Purroy.

ERANSKINA

Dirulaguntza deialdia, garun-paralisia edo antzeko nahasmendu neurologikoak diagnostikatuak dituzten 16 urtetik beherakoei, 2019ko urritik 2020ko irailera bitarte, Petö metodoaren bidez ematen zaien tratamendua osorik edo hein batean ordaintzeko. Oinarri arautzaileak

1. Dirulaguntzen xedea eta helburua.

Dirulaguntzen xedea da garun-paralisia edo antzeko prozesu neurologikoak dituzten hamasei urtetik beherako pertsonei 2019ko urritik 2020ko irailera bitarte Petö metodoaren bidez errehabilitazio tratamendua emateko egindako gastua osorik edo hein batean ordaintzea. Laguntzen onura publikoko xedea da adingabe horiek dituzten tratamendu beharretan laguntzea.

2. Onuradunen betebeharrak:

Betebehar hauek betetzen dituztenak izan daitezke onuradun:

–16 urtetik beherakoa izatea tratamendua jasotzean.

–Garun-paralisia edo antzeko prozesu neurologikoa izatea, mediku fakultatibo batek diagnostikatua.

–Adingabeak ohiko bizilekua Nafarroan izatea, hau da, Nafarroako Foru Komunitatean egiazki bizitzea urte batez, gutxienez, 2020ko irailaren 30a baino lehen. Interesduna urte batetik beherako adingabea baldin bada, jaiotzetik beretik Nafarroan egiazki bizitzea eskatuko da. Betebehar honetatik salbuesten dira asilo eskatzaileak eta haren familia unitatekoak, asilo-eskubidea aitortzeko ebazpenak ezartzen duenaren arabera, edo familia-hedapenagatik babes subsidiarioa ezartzen duen ebazpenaren arabera.

–Tratamendua hartzeko gomendioa mediku fakultatibo batek egina izatea.

–Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13 artikuluan ezarritako debeku egoeretako batean ere ez egotea.

3. Eskaerak nola, non eta noiz aurkeztu.

3.1. Aitak, amak, tutoreak edo legezko ordezkariak eska ditzake deialdi honetan ezarritako laguntzak, onuradunaren izenean, hura adingabea baita.

3.2. Eskaera onuradunaren izenean eginen da beti. Onuraduna tutoretzapeko adingabea baldin bada, eskaera aurkezten duena haren ordezkari gisa agertuko da.

3.3. Eskaerak aurkezteko epea 2020ko irailaren 1etik 30era bitartekoa izanen da.

3.4. Dirulaguntza eskaerak, ahal dela, Osasun Departamentuko Erregistroan aurkeztuko dira (Tutera kalea 20. 31003. Iruña), Osasuneko zuzendari nagusiari eskabidea zuzenduta, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritakoa deusetan galarazi gabe. Eskaerari deialdiaren 4. oinarrian adierazitako dokumentuak erantsi beharko zaizkio.

Postetxeetan aurkezten diren eskaerei dagokienez, gutun-azal ireki batean aurkeztuko dira, igorri aurretik aurkezpen datuak adieraz daitezen lehen orrialdearen idazpuruan, hots, bulegoaren izena, data eta tokia. Datu horiek adierazi beharko dira, orobat, eskaera igorri dela frogatzen duen gordekinean.

3.5. Eskaerak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzendu ditzala, eta adieraziko dio, hala egiten ez badu, eskaerari uko egiten diola ulertuko dela eta artxibatu eginen dela, behar den ebazpena eman ondoren.

3.6. Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

4. Baldintzak betetzen direla frogatzea:

Deialdi honetako baldintzak betetzen direla frogatzeko, diru-laguntzaren eskaerari honako agiri hauek erantsiko zaizkio:

a) Haurraren Nafarroako Foru Komunitateko errolda-ziurtagiria, edo, behar denean, asilo-eskubidea ematen dion ebazpena.

b) Medikuaren txostena, irizpen klinikoa jasoko duena eta tratamendua komenigarria dela adieraziko duena. Antzeko nahasmendu neurologiko bat edukiz gero, txostenean zehatz-mehatz adierazi beharko da antzekotasun hori frogatzen duen sintomatologia.

5.1 oinarrian aipatutako batzordeak argibide-txostenak eskatzen ahalko dizkie eskatzaileei.

c) Adingabearen legezko ordezkariaren frogagiriak. Aita edo ama bada, familia-liburuaren kopia eta guraso baten NANarena. Dibortzio kasuetan, edo zaintza guraso bakar bati dagokionean, dibortzioaren epaia eta/edo hitzarmen arautzailea eta guraso horren NANa. Tutorea edo legezko beste ordezkari bat izanez gero, horren frogagiria.

d) Ordainketa transferentzia bidez egiteko eskaera.

e) Petö metodoaren bidez egindako errehabilitazio tratamenduaren deskripzioa, eta ebaluazio zehaztua adingabearen eboluzioan lortutako emaitzei buruz.

f) Egindako gastuaren justifikazioa fakturen bitartez, gutxienez honako datu hauek jasoko dituztenak:

–Haurraren izena.

–Tratamendua ematen duen entitatea

–Harturiko tratamendua, aldiak zehaztuta.

–Ordaindutako zenbateko osoa.

g) Egindako ordainketaren frogagiria.

h) 5.3 oinarrian adierazi bezala hainbanatzetik salbuesten ahal diren onuradunek gizarteratze-errenta/errenta bermatua onartu zaiela adierazten duen ebazpena aurkeztu beharko dute, edo genero-indarkeriaren biktima direla dioen frogagiria, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak edo Nafarroako Delituen Biktimen Arretarako Bulegoak emana.

i) Beste laguntza batzuei buruzko aitorpena, 7. oinarrian xedatutakoaren arabera.

j) Eskatzailearen adierazpena, adostasuna emateko datu pertsonalen tratamenduari, deialdi honen 12. oinarrian xedatutakoarekin bat.

Ez da beharrezkoa izanen a), b) c) eta d) puntuetan aipatzen diren agiriak aurkeztea, aurreko deialdietan aurkeztu baziren eta aipaturiko datuak aldatu ez badira. Kasu horretan, onuradunaren edo haren legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da, adierazten duena datuak ez direla aldatu.

5. Emateko modua, zenbatekoa eta irizpideak:

5.1. Osasuneko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez emanen dira dirulaguntzak, instrukzio organoak proposaturik, hots, Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuak proposaturik, aurretik ebaluazio batzordeak balorazio loteslea eginik.

5.2. Ebaluazio batzordea honako hauek osatuko dute:

–M.ª Eugenia Yoldi Petri, Nafarroako Ospitaleguneko barrutiko fakultatibo espezialista, batzordeko burua izanen da, eta haren ordezkoa, berriz, Sergio Aguilera Albesa, Nafarroako Ospitaleguneko barrutiko fakultatibo espezialista.

–Eva Lorente Elía andrea, Osasun arloko Herritartasunaren eta Aseguramenduaren Ataleko teknikaria; eta ordezko gisa, Mikel Biurrun Elizaga jauna, Osasun Jardueren Ikuskapenerako Ataleko teknikaria.

–Elena Antoñanzas Baztán, Osasun Departamentuko Osasun arloko Herritartasunaren eta Aseguramenduaren Ataleko burua, batzordeko idazkaria izanen da. Haren ordezkoa María Fe Idoate Cervantes izanen da, Osasun Jardueren Ikuskapenerako Ataleko burua.

5.3. Ebaluazio batzordeak egiaztatuko du ea onuradunek betetzen dituzten 3. oinarrian dirulaguntzak emateko ezartzen diren betebeharrak, eta irizpide hauei jarraikiz proposatuko ditu zenbatekoak:

–Dirulaguntza, gutxienez, onuradun bakoitzari oinarrizko tratamenduaren ziklo bat finantzatzeko adinakoa izanen da; hau da, 1.182 eurokoa, salbu eta aurrekontuetan dagoen dirua gainditzen baldin bada, kasu horretan hainbanatu eginen baita aurkeztutako eskaera guztien artean.

–Laguntzak onuradunek finantzatutako tratamenduaren kostuaren araberakoak izan daitezen, baldin eskatutako zenbatekoen baturak dagoen aurrekontu erabilgarria gainditzen badu, dirua eskatzaile guztien artean hainbanatuko da, eta, hala, eskatzaile bakoitzak egindako gastuaren gaineko portzentaje bera jasoko du.

–Dirulaguntza jasotzean ekitate handiagoa izan dadin, baldin onuradunaren familia unitateko edozein kide 2019. urtean eta/edo 2020. urtean genero-indarkeriaren biktima izan bada, edo gizarteratze-errenta/errenta bermatua jaso badu, onuraduna hainbanaketatik kanpo geldituko da, behin oinarrizko tratamendua deskontatuta.

–Dirulaguntzaren zenbatekoa ez da inola ere handiagoa izanen finantzatutako tratamenduaren guztirako kostua baino, xede horretarako jasotako beste laguntza batzuk deskontatu eta gero, halakorik izanez gero.

6. Ebazpena.

6.1. Osasuneko zuzendari nagusiak ebatziko du dirulaguntzak ematearen edo ukatzearen gainean, Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuak proposamena egin ondoren.

6.2. Ebatzi eta jakinarazteko epea bi hilabetekoa izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, eskaera ezetsi dela ulertzen ahal dute interesdunek. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

7. Bateragarritasuna:

Laguntza hauek bateragarriak dira bestelako dirulaguntza edo laguntzekin, baina ematen den guztirako zenbatekoak ez du inoiz gaindituko onuradunak ordaindu beharreko tratamenduaren guztirako kostua.

8. Onuradunen betebeharrak:

Onuradunek erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dute, beren legezko ordezkariaren bidez, xede bererako beste laguntzaren bat jaso duten ala ez adierazteko. Jasoz gero, haren zenbatekoa ere aipatu beharko dute. Adierazpen hori kasuan kasuko laguntza eman dela jakin bezain laster egin beharko da, eta, betiere, 2021eko abuztuaren 31 baino lehen.

Era berean, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako gainerako betebeharrak bete beharko dituzte.

9. Dirulaguntzaren ordainketa:

Ordainketa bakarra eginen da, kontzesioaren ebazpenarekin batera edo hura onetsi ondoren, 2020ko gastuen aurrekontuko partida honen kargura: “Garun-paralisia izanik Petö metodoaren tratamendua hartzen duten haurrentzako laguntzak” izeneko 511004 51120 4809 311102 partida.

10. Laguntza itzultzea:

Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, baldin eta dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira, edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira.

Legez ezarritako kasuetan eta, bereziki, xede bererako beste dirulaguntzaren bat kobratzeagatik tratamenduaren kostua gainditu duela komunikatzen ez den kasuetan, kostu horren gainetiko diru-zenbatekoa itzultzeko eskatuko da, eta berandutze-interesa ere bai, hain zuzen ere dirulaguntza ordaintzen denetik itzuli beharraren gaineko ebazpena eman arte sortutakoa.

11. Arau-hausteak eta zehapenak:

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak jasotzen dituzten onuradunak Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen araubidearen mende egonen dira, eta hartan ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

Dirulaguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira, edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen VI. tituluko III. kapituluan xedatutakoari jarraikiz.

12. Datuen babesa:

Eskaeran eta deialdi honetan eskatzaileak aurkeztutako gainerako dokumentazioan jasotako datu pertsonalak honako hauei jarraikiz tratatuko dira deialdia ebazteko: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.

Datuen tratamenduari buruzko informazioa Osasun Departamentuaren “Dirulaguntzen, beken eta laguntzen kudeaketa” izeneko tratamenduan dago. Nafarroako Gobernuko Atarian ikus daiteke, honako helbide honetan:

http://www.gobiernoabierto.navarra.es/eu/gardentasuna/datu-pertsonalen-tratamendua

13. Argitaratzeko araubidea.

Onartzen diren dirulaguntzak ez dira argitaratuko, zeren, dirulaguntzaren xedea dela eta, onuradunen datuak zabaltzea pertsonen intimitatearen aurkakotzat jotzen baita, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1.b) artikuluan ezarritakoaren arabera.

14. Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dagoen guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak aplikatuko dira.

15. Errekurtsoak.

Deialdi honen, oinarri arautzaileen eta garatzeko egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

Iragarkiaren kodea: F2008067