183. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

600E/2020 EBAZPENA, uztailaren 17koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez Vergalijon (Miranda Arga) zentral hidroelektrikoa egiteko proiektuaren ingurumen eraginari buruzko txostena ematen baita. Sustatzailea Changoa SA da.

Ingurumen eraginaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura hasteko, eta dokumentazioak sektoreko legeriaren baldintzak zein Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak 45.1 artikuluan xedatutakoa betetzen dituela egiaztatuta, 2020ko otsailaren 20an Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuak ingurumen eraginaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskabidea aurkeztu du, Vergalijon (Miranda Arga) zentral hidroelektrikoa egiteko proiektuaren ingurumen eraginaren azterketarekin batera.

Proiektuaren ezaugarriak direla-eta, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskinaren barnean sartzen da proiektua (4 d taldea). Beraz, bertan ezarritakoarekin bat, ingurumen eraginaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura bete behar du.

21/2013 Legearen 46. artikuluaren arabera, kontsultak egin zaizkie ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei. Izapide horren emaitza ingurumen txosten honen I. eranskinean ageri da.

Proiektuaren xedea da gaur egun abandonatuta dagoen zentral hidroelektriko zahar bat berritzea, Vergalijoko parajean, Miranda Argako udal mugartean. Ur-lasterreko minizentral hidroelektrikoa jarri nahi da martxan, 1.600 kW-eko potentzia duena, eta zentralean ekoitzitako energia ateratzeko linea bat eraiki.

Proiektuaren arabera, 100 m luze eta 24 m zabal izanen den garraio bide bat, eraikin berri bat eta 25 metroko hustubide bat eraikiko dira, baita harri-lubeta bat instalazio berrien eta mugakide den soro landuaren artean, gutxi gorabehera 210 m luze eta 2,7 m garai izanen dena. Azken finean, Arga ibaiaren ezkerraldeari eraginen zaio, 300 metroko luzeran eta 40 metroko batez besteko zabaleran. Presa txikia funtzionala da oraindik eta 2018an konpondu zen; beraz, ez da hor esku hartuko iktiofauna igarotzeko arrapalak eraikitzeko izan ezik.

Aukera batzuk aztertu dira eta 2. aukera hautatu da, landareetan, habitatetan eta faunarengan eragin txikiagoa duelako. Txosten honen II. eranskinean obren azalpen laburra jaso da.

PROIEKTUAREN INGURUMEN EBALUAZIOA

Proiektuari erantsitako ingurumen agiriak ondorioztatzen duenez, Arga ibaian, Vergalijon, zentral hidroelektriko bat martxan jartzeak sortuko dituen ingurumen eraginak onargarriak dira, eta kalifikazio orokorra bateragarri da inguruneko osagai guztientzat, ibai ohean eta faunarengan izanen duen eraginarena izan ezik; haientzat, eragina arintzat kalifikatzen da.

Agiri hori ikusita, adierazi behar da gabeziak dituela eta, beraz, ezin dela ingurumen eragina era egokian baloratu. Hauek dira gabezia horiek:

Ez da egokitzat jotzen garraio bide berria zabaltzeak dagoen kanalean izanen duen eraginaren balorazioa. Dokumentazio grafikoa ez da nahikoa eta susmatzen da kanal horren mendebaldeko mugak –une honetan bikain katalogatutako naturaltasun indizea duen ur-ibilgu naturalizatua da– ur-ibilgu hori inbadi dezakeela, eta nolanahi ere, lehor dezakeela, haren oraingo baldintzak eta flora eta fauna babestua hartzeko duen ahalmena erabat aldatuz.

Ingurumen agiriak dioenez, fauna katalogatuko espezieak daude, hala nola bagrea, bisoi europarra (baieztatu da badagoela), mirotz urdina edo amiltxori arrunta, “galzoriko” espezieak denak. Gainera, azterlanak berretsi du badaudela katalogatutako beste espezie batzuk ere, baina, arestiko paragrafoan esan denez, ez da jaso basoaren eremuan eta zentralaren eraikinean egoteko probabilitate handia duten kiropteroen inbentariorik, ezta espezie ornogabeen inbentariorik ere (hala nola ur gezako kuskubiko edo intsektu katalogatuak).

Arestian esandakoari dagokionez, ingurumen agiriak ez du zehazten zer eragin izanen duen proiektuak espezie oso sentikorrengan, hala nola bisoi europarrarengan, haren presentzia segurua izan arren, eta ez da jasotzen turbinak direla-eta azpiegitura mota horri lotuta dagoen heriotza-tasa, bai espezie horrena eta bai beste batzuena, are gehiago kontuan hartzen badira sareten hutsunea (20 cm) eta kanaletik doan emaria, urtearen zati handi batean ibilguarena berarena baino askoz handiagoa.

Kontuan hartu dira, aldiz, zatikatzeko eragina eta fauna kanaletan itotzeko arriskua, baina ez da prebentzio neurririk ezartzen, ezta eragina zuzentzeko aski edo egokia den neurririk ere. Ez dira zehaztu beste espezie katalogatu batzuengan –hala nola igaraba paleartikoarengan edo apoarmatu istilzalearengan– proiektuak izan ditzakeen eraginak, emari erregimenen aldaketagatik edo zentralak orain duen kanalaren edo haren eta Arga ibaiaren artean sortu den uhartearen ingurumen baldintzak aldatzeagatik, espezie horientzat eginkizun ekologiko garrantzitsua baitute.

Ingurumen eraginaren azterketak arrain espezieentzat habitat erabilgarria galtzeak duen eragina identifikatzen du, emariak murrizteagatik eta emarien erregimena aldatzeagatik, baina hala ere arintzat baloratzen du eragina.

Ez dira deskribatzen aireko linea berriarekin hegaztiei elektrokuzioagatik sortuko zaien eragina leuntzeko babes neurriak, Nafarroan abuztuaren 29ko 1432/08 Errege Dekretua, hegaztiak goi tentsioko linea elektrikoak jo eta elektrokutatzetik babesteko neurriak ezartzen dituena, aplikatzeko.

Bestalde, zentral hidroelektrikoaren inguruko landarediaren balioari dagokionez, kontuan hartu behar da, Nafarroako Ubideko eremu ureztagarriko XXII-2 Arga2 sektoreko lurzatiak berrantolatu eta ureztalur bihurtzeko prozesuaren ingurumen eraginaren ebaluazioan, proiektu horren ingurumen ukipenen azterketak derrigorrez zaindu eta babestu beharreko eremu gisa katalogatu zuela Vergalijoko zentral hidroelektrikoaren inguruko landaredia, 1. kategoriarekin (bere ezaugarriengatik, hots, bere berezitasunagatik, konektagarritasunerako garrantziagatik eta eremuan habitat bereziagoa leheneratzeko ahalmenagatik zaindu behar zen landare eremua).

Proiektuaren ingurumen azterketak bateragarri gisa kalifikatzen du gauzatzeko fasean landaredian sortuko den eragina, nahiz eta 92A0 intereseko habitatari 0,5 hektareatik gorako zatia zuzenean kendu eta 300 metro inguruko luzeran ibaiertzeko basoa ukituko den. Ustiapen fasean, eraginaren balorazioa positibotzat ere jotzen da eta, oro har, bateragarritzat, eragin oso garrantzitsuak aintzat hartu gabe, hala nola emari erregimenaren aldaketek ekarriko dituztenak: seguruenik, ibaiertzeko formazioaren egituraren aldaketa presa txikitik beherako uretan, eta formazio horren atzerakada uhartean eta oraingo kanalaren inguruan, erabat aldenduko baita ura handik.

Presa txikiaren eskuin ertzeko kontrahorma Es2200031 “Lizarrako erriberako igeltsuak” KBEaren mugatik gertu dago, baina ez dio eragiten.

Ingurune biotikoaren eta ibilguaren geomorfologiaren gaineko eraginei lotutako beste gabezia batzuetarako, kontsulta izapidean jasotako txostenetara jo behar da. Ingurumen eraginari buruzko txosten honen I. eranskinean daude laburtuta.

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuaren txostenaren arabera, Vergalijoko zentral hidroelektrikoaren ustiapena diseinatzeko proiektuan jasotako azterlan hidrologikoa eta emari ekologikoaren zehaztapena urriegiak dira azpiegitura hidrauliko horrek ekosistema urtarrean eta hari lotutako ekosistema lehortarretan izan dezakeen ingurumen eragina zuzen ebaluatzeko. Nolanahi ere, eraginak kaltegarriak izanen direla aurreikusten da. Funtsezkoa da azterlanak zentraleko instalazioen kokapena islatzea (harri-lubeta barne), uholde arriskua duten eremuen mugaketari, jabari publiko hidraulikoari, lehenetsitako fluxu eremuari, polizia eremuari eta zortasun eremuari dagokienez, baita zenbait birgertatze-alditako uholdeek zentralean eta lurzati mugakideetan izaten ahal dituzten ondorioak ere. (Ikus Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuaren txostenaren laburpena, ingurumen eraginari buruzko txosten honen I. eranskinean jaso dena).

Paisaiari dagokionez, txostenean jasotzen da proiektuari erantsitako ingurumen agiriak ez duela kontuan hartu zentral hidroelektriko zaharraren instalazioak eta haren inguruko ibaiertzeko basoa “paisaia osagarri” gisa identifikatu direla “Argako ibarra” paisaia unitatean, eta bi osagai horiek zaintzeko paisaia helburu gisa ezarri direla POT4ko paisaia agirian.

Ondare historikoaren gaineko eta, zehazki, industria ondarearen gaineko eraginari dagokionez, instalazio berriak, industria jarduerarik gabeko pieza museografiko gisa baino ez bada ere, oraingo zentraleko ehun urteko makineria gorde beharko du, makina horiek 1900aren aurrekoak ez badira ere, Nafarroako Kultura Ondareari buruzko azaroaren 22ko 15/2004 Foru Legearen 70.2 artikuluaren arabera.

Neurri zuzentzaileen xehetasuna eta edukia urriegiak dira. Hala, ez dago obrek iraun bitarteko solido esekien kontrol sistemen xehetasunik, ez dira deskribatzen ur-agorrak; garraio bidearen ihes sistemen xehetasuna falta da; ez dago lehorreko faunaren eta arrainen gaineko eragina zuzentzeko neurririk, hauek baizik: espezie batzuentzako aldi kritikoetan obrak etetea –gainera, esaten denez, ez da guztiz bideragarria izanen, obraren epeak bete behar direlako–, eta ur-harguneen sarreran saretak jartzea –baina argi handiegiarekin (20 cm)–; ez dira zehazten birlandatzeko neurriak eta balizko itxituren ezaugarriak; ez dago neurririk kanpoaldeko harri-lubeta perimetrala integratzeko; ez da zehazten emariak kontrolatzeko sistema; ez dago neurririk abifauna linea elektrikoan, aireko tartean, ez elektrokutatzeko, etab., eta horrek ere ez du ahalbidetzen proiektuaren ingurumen eraginaren ebaluazio zuzena egitea.

Ingurumena zaintzeko programa gehiago da helburuen zerrenda bat neurri zehatzena baino.

Azaldutako oharrak ikusita, Biodibertsitatearen Zerbitzuak erabaki du proiektuaren ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta egin behar dela, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluaren eta III. eranskinean jasotako irizpideen arabera, proiektuak ingurumenean eragin esanguratsuak izan ditzakeelako.

Proiektuaren ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta izapidetzeko, Zerbitzu horrek dioenez, ingurumen eraginaren azterketak ingurumen eraginari buruzko txosten honetan aipatutako gabeziak zuzendu behar ditu, ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsulta izapideko erantzunetan jasotzen direnez gain. Azken horiek I. eranskinean laburtzen dira.

Ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua.

EBAZTEN DUT:

1. Vergalijon (Miranda Arga), Changoa SAk sustatuta, zentral hidroelektrikoa egiteko proiektuak ingurumenean eragin nabarmenak izaten ahal ditu, eta, hortaz, ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta egin behar zaio, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean xedatutako irizpideen arabera.

2. Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluak aurreikusten duenari jarraikiz, ingurumen txostenaren aurka ezin izanen da errekurtsorik jarri, proiektua onesteko xedapen orokorraren aurka auzibidean jar daitezkeenak ukatu gabe, edota plan edo programa onesteko egintzaren aurka administrazio bidean jar daitezkeenak ukatu gabe.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau helaraztea Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari, Ibai Ingurunearen Atalari, Naturaguneen eta Espezie Babestuen Atalari, Miranda Argako Udalari, Oihanak Zaintzeko Atalari (Tafalla-Zangoza mugaketa), egindako kontsultei erantzunda txostena egin duten ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei, eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko uztailaren 17an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA

Kontsultak ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei

ERAKUNDE ETA PERTSONA INTERESDUNAK

ERANTZUNA

MIRANDA ARGAKO UDALA

ERREGISTROAREN, ONDASUN HIGIGARRIEN ETA ARKEOLOGIAREN ATALA

X

ONDARE HISTORIKOAREN ZERBITZUA

X

OIHANAK KUDEATZEKO ATALA

NATURAGUNEEN ETA ESPEZIE BABESTUEN ATALA

IBAI INGURUNEAREN ATALA

X

NEKAZARITZAKO AZPIEGITUREN ZERBITZUA

KLIMA ALDAKETAREN ATALA

X

HERRI-LANEN ETA AZPIEGITUREN ZUZENDARITZA NAGUSIA LURRALDE KOHESIORAKO DEPARTAMENTUA.

X

INDUSTRIA ANTOLAMENDUAREN, AZPIEGITURA ENERGETIKOEN ETA MEATZEEN ZERBITZUA GARAPEN EKONOMIKORAKO DEPARTAMENTUA

EBROKO KONFEDERAZIO HIDROGRAFIKOA

EKOLOGISTAK MARTXAN IRUÑEA-ECOLOGISTAS EN ACCIÓN

GURELUR-INGURUNE NATURALA BABESTEKO NAFARROAKO FUNTSA

LURRA LURRAREN DEFENTSAREN ALDEKO ELKARTEA

NAFARROAKO ARRANTZA FEDERAZIOA

SUSTRAI ERAKUNTZA FUNDAZIOA

X

Kontsultei emandako erantzunen laburpena

Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atala.

Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak aldeko txostena egin du, Nafarroako Kultura Ondareari buruzko 14/2005 Foru Legearen 32. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eta ohartarazi du obrak egin bitartean aztarna arkeologikorik agertzen bada atal horri jakinarazi behar zaiola aurkikuntza.

Ondare Historikoaren Zerbitzua.

Ondare Historikoaren Zerbitzuak azaldu du ezen, 1986an egin eta Nafarroako Artxibo Garaikidean ES/NA/AACF/1747/347163 erreferentziarekin gordetzen den zentral hidroelektrikoen inbentarioan jasota dagoenez, ekipamendu hau daukala zentral horrek: Francis turbina bat, ardatz bertikalekoa eta Voith ganbera irekikoa, 1904koa, eta 2.600 v-ko Oerliko bei Zurich alternadore bat, 1905ekoa.

Ildo horretatik, Ondare Historikoaren Zerbitzuak jakinarazi duenez, hau dio Nafarroako Kultura Ondareari buruzko azaroaren 22ko 15/2004 Foru Legearen 70.2 artikuluak: “Debekaturik dago 1900 aurreko industriako makineria desegitea, salbu eta, ezinbesteko edo gizarte intereseko arrazoiak edo interes kulturalik eza dela medio, kultur arloko departamentuak horretarako baimen espresa ematen badu”. Halaber, adierazi dutenez, Vergalijoko makineria, artikuluak dioenez 1900 aurrekoa ez bada ere, baditu ehun urtetik gora eta, beraz, zentral hidroelektriko berrian edo haren inguruan gordetzea aholkatzen da, jarduera industrialik gabeko pieza museografiko gisa baino ez bada ere.

Biodibertsitatearen Zerbitzuko Ibai Ingurunearen Atala.

Ibai Ingurunearen Atalaren txostenak dio jarduketak KBEtik kanpo daudela baina habitat naturalak eta basa fauna eta flora zaintzeari buruzko 92/43/EEE Zuzentarauaren I. eranskineko 92A0 “Lizardi eta sahasti mediterraneoak” habitateko ibaiertzeko landarediari eragiten diotela.

Atal horren txostenaren arabera, zentral hidroelektrikoek ibaiaren dinamikan sortzen dute eragina, emarien murrizketagatik, eta, gainera, eragina dute ibai morfologia desberdinei lotutako landaredi serieetan eta horiei lotutako animalia espezieengan. Kasu honetan, gainera, espezie babestuak daudela egiaztatu da, hala nola igaraba eta bisoi europarra.

Bestalde, atal horren txostenak erregimen hidrologikoan (emariaren murrizketa) eta kokatzen den ibai zatiaren morfodinamikan (hesi efektua jalkinen garraioan, ebakidura prozesuak, etab.) sortuko dituen eraginak eta aldaketak jasotzen ditu, ondorio zuzenak sortuko baitituzte uren ezaugarri fisiko-kimiko eta biologikoetan eta ibai eremuan bizi diren landare eta animalia espezieetan.

Ondorioz, atal horren ustez, aurkeztutako ingurumen eraginaren azterketa ez da nahikoa, kontuan hartuz ia hektarea bat ibaiertz kenduko dela eta dabilen emaria hein handi batean kendu eta Arga 300 metrotan nabarmen lehortuko duen kanal artifizial batekin ordeztuko dela. Beraz, eskatzen du ingurumen dokumentazioa osatu egin dadila haren txostenean jasotzen diren alderdi batzuei dagokienez, proiektuaren ingurumen ebaluazioa zuzen egiteko.

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua. Klima Aldaketaren Atala.

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak ekarpenen datuak jaso ditu bere txostenean: Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren “A004 Arga ibaia Funes parean” neurketa estazioan 13-1912tik 07-2006ra bitarteko seriean neurtutako hileko batez besteko emariak eta urteko batez besteko emariak, emari ekologikoaren justifikazioa eta uholdeei buruzko azterlana.

Lehenik, eskatutako emakidaren justifikazioari buruzko kontuak testuinguruan jartzen ditu, ur politikaren eremuan Erkidegoko jarduketa esparrua ezartzen duen urriaren 23ko 2000/60/EE Zuzentarauaren ikuspegitik; bai ur-masaren egoera ekologikoa, bai haren presio eta eraginik esanguratsuenak, baita harentzat 2021erako ezarri diren ingurumen helburuak ez erdiesteko arriskua ere.

Azterlan hidrologikoari buruz aurkeztutako dokumentazioa dela-eta, hau aipatzen dute:

Azterlan hidrologikoan oinarri gisa erabilitako ekarpenen seriea dauden datu guztietara zabaldu behar da, 2018-19 urte hidrologikoraino zabalduz, ekarpen serieak jasoz eta, batez besteko balioak ez ezik, gutxieneko eta gehieneko balioak ere adieraziz, eta ondoz ondoko bi urte edo gehiagori dagozkien datu estatistikoak lortu behar dira, urte batetik gorako balizko lehorteen ezaugarriak definitzeko.

Nolanahi ere, aurkeztutako datuekin eta proposatutako 60 m³/s-ko deribazio emariarekin, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak uste du zentralak bi turbinekin urtean 86 egunetan baino ezin lezakeela errendimendu betean jardun (5,06 m³/s-ko ingurumen eskariak aintzat hartuz; aurrerago hitz eginen da aurkeztutako haien justifikazioaz). Hori, epe luzerako ekarpenetako aurreikuspenak klima aldaketako egoeretan kontuan hartu gabe.

Azterlanak, bestalde, 5,06 m³/s-ko balioa ezartzen du emari ekologikorako, baina ez dago oinarrituta Plangintza Hidrologikoari buruzko Jarraibidea onartzen duen irailaren 10eko ARM/2656/2008 Aginduan ezarritako betekizunak betetzean. Agindu horretan gutxieneko emaria kalkulatzeko indarrean dauden metodoak zehazten dira. Ustiapen erregimenak ez ditu kontuan hartzen gutxieneko emariak, gehieneko emariak eta gehieneko eta gutxieneko emarien denborako banaketa eta, gainera, ez die jarraitzen Plangintza Hidrologikoari buruzko Jarraibidean jasotako metodologiei.

Bestalde, txostenaren arabera, dokumentuak ez ditu emariak kontrolatzeko sistemak jabari publiko hidraulikoaren ur-aprobetxamenduek erabiltzen dituzten ur bolumenen, jabari publiko hidrauliko horretarako itzuleren eta bertarako isurketen kontrol eraginkorra egiteko sistemak arautzen dituen maiatzaren 20ko ARM 1312/2009 Aginduan ezarritako baldintzetan zehazten. Kontrol sistema horiek arroko erakundeak balioztatu beharko ditu.

Uholde arriskuari buruzko azterlanari dagokionez, ez ditu aurkezten bere helburuak eta xedea, eta ez du aintzat hartu Nafarroako Gobernuak uholde arriskuei buruz daukan dokumentaziorik eguneratuena, ezta dauden datu serieak ere, zeinek doikuntza estatistiko zehatzagoak ahalbidetzen baitituzte, 2003, 2007, 2013, 2015 eta 2017ko uholdeek eskaintzen dituzten datuetan oinarrituta. Txostenean jasotzen denez, funtsezkoa da azterlanak instalazioen kokapena islatzea, uholde arriskua duten eremuen mugaketari dagokionez, jabari publiko hidraulikoa, lehenetsitako fluxu eremua, polizia eremua eta zortasun eremua berariaz mugatuz, baita zenbait birgertatze-alditako uholdeek zentralean izaten ahal dituzten ondorioak ere.

Horregatik, zerbitzu horren arabera, Vergalijoko zentral hidroelektrikoaren ustiapena diseinatzeko proiektuan jasotako azterlan hidrologikoa eta emari ekologikoaren zehaztapena urriegiak dira azpiegitura hidrauliko horrek ekosistema urtarrean eta hari lotutako ekosistema lehortarretan izan dezakeen ingurumen eragina zuzen ebaluatzeko.

Sustrai Erakuntza fundazioa.

Erakunde horrek bere iritzia ematen du proiektu horren ingurumen eraginaren azterketari buruz, 2020ko apirilaren 21eko idazkiaren bidez. Hona hemen ondorioen laburpena:

Proiektuaren dimentsionamendu osoa indarreko araudian jasotako ingurumen betekizun bakar bat ere betetzen ez duen emarien azterketa batean oinarritzen da, eta proiektuak ez ditu jasotzen Arga ibaiaren egoera onean zati horretan sortzen ahal diren kalteak ekiditeko behar diren aurreikuspenak:

–Proiektuan ezarritako gutxieneko emari ekologikoa ez da aski, eta ez ditu betetzen ez Ebroko Plangintza Hidrologikoa, ez Plangintza Hidrologikoari buruzko Jarraibidean jasotako aurreikuspenak, ez Ingurumen-ebaluazioari buruzko Legearen 45. artikulua.

–Ez da ezarri urtaroaren arabera bereizitako emari ekologikoen erregimenik.

–Ez da ezarri aldaketa tasarik, ez zentrala gelditu eta martxan jartzeak sortuko dituen bat-bateko emari aldaketak ekiditeko aurreikuspenik.

–Bi turbinek errendimendu betean jarduteko behar den emariak gehiegizkoa dirudi datozen urteetan aurreikusten ahal diren emarien aldean (ez du aintzat hartzen klima aldaketaren eragina).

–Proiektuak ez du aurreikuspenik jasotzen emariak kontrolatzeko legez eskatzen diren sistemei buruz, ezta haiek urrutitik kontsultatzeko aukerari buruz ere; ez da kontuan hartu maiatzaren 20ko ARM/1312/2009 Agindua.

–Bestalde, fundazioaren ustez, onartezina da ibaiertzeko landaredian 6.672 m²-ko eremua suntsitzea. Eremu horrek 92A0 “Sahasti eta makaldi mediterraneoak” habitata hartzen du, eta habitat hori 1. mailako derrigorrez zaindu eta babestu beharreko balio natural gisa definitu zen “Nafarroako Ubideko eremu ureztagarriko XXII-Arga2 sektoreko lurzatiak berrantolatu eta modernizatu eta ureztalur bihurtzearen ingurumen ukipenen azterketa”n, eta aterpea da bisoi europarrarentzat. Espezie hori “egoera larrian” dago Espainiako Espezie Mehatxatuen Katalogoan.

Azaldutako guztiagatik, erakunde horrek uste du proiektu hori gauzatzea kaltegarria litzatekeela eragindako naturaguneak mantentzeko.

II. ERANSKINA

Proiektuaren laburpena

Presa txikia.

Presa txikia edo deribazio presa 1904tik dago, eta ez du aldaketarik beharko. Harlangaitzez dago eraikita, oinarria 12 metro inguru zabal da eta burua 0,6 metro. Erdian, burutik oinarriraino maila edo garaiera aldea 2,5 metro ingurukoa da. Como ya se

Ur-hargunea.

Oraingo hargunea presa txikiaren ezker ertzean dago. Egun ur-hargune hori punpatzeko erabiltzen da, ibaiarekin muga egiten duten bi finka ureztatzeko. Hargune horren ondoan material xeheetarako sareta bat dago, ibaiak arrastatzen dituen elementu solidoak sartzea galarazteko. Lehenik, zentralaren oraingo eraikina eraitsi beharko da. Haren barruan daude instalazio zaharrak (turbina, sorgailua, kaxa elektrikoa, etab.). Hargune obra bat eraikitzea proposatzen da, hidraulikoki eragindako bagoi motako lau uhatez osatua. Goialdean pasoko lauza bat eraikitzea dago aurreikusita, uhate horietarako bidea emanen duena; halaber, etxola bat eraikitzea aurreikusten da, barruan uhateei eraginen dien multzo hidraulikoa gordeko duena.

Garraio bidea.

Garraio bideak ebakidura trapezoidala izanen du, oinarrian 19 metro izanen ditu, 24 metro goialdean eta 4 metro sakon izanen da (297,85 kota); hormak 45º makurtuta egonen dira eskuin ertzean eta 50º ezker ertzean. Kanala 100 metro luze izanen da gutxi gorabehera. Garraio bidearen sarreran 20 zentimetroko argia duen sareta bat jartzea aurreikusi da.

Zentralaren eraikina.

Proiektatzen den eraikinak 30,50x11x10 m-ko neurriak ditu alderik altuenean. Eraikin horren barruan Kaplan motako bi turbina egonen dira, erregulazio bikoitzekoak, sorgailu sinkroniko trifasiko banari eraginen diotenak.

Deskarga bidea.

Kanal hori 25 metro luze izanen da, gutxi gorabehera, eta zentraletik ibaiarekiko lotuneraino joanen da, ibaiari ura itzuliz, hura turbinatu ondoren. Kanal hori hormigoi armatuz eraikiko da zolatan eta alboetako hormetan. Zolata ibaiaren maila freatikoa baino kota baxuagoan geratuko da.

Instalazio elektrikoak.

Zentralaren eta sarearen arteko konexioa egiteko 13,2 kV-eko erdi tentsioko aireko linea bat erabiliko da, eta bi zati izanen ditu, aireko bat, 420 m ingurukoa, eta lurpeko beste bat, 200 m luze. Aireko lineak hiru berme izanen ditu (bi bao), metal eta hormigoizko bermeen gainean. Lurpeko linea alor landuaren ertzetik joanen da, Arga ibaiaren ertzeko landarediari eragin gabe.

Linea elektrikoaren proiektuan transformazio zentro bat eraikitzea jasotzen da, haren amaieran, zentral berriaren eraikinaren ondoan.

Sarbidea.

Dagoen sarbidea egoera txarrean dago eta proiektatutako lanei ekin aurretik pista hori konpontzea aurreikusten da.

Iragarkiaren kodea: F2007919