183. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

170E/2020 EBAZPENA, uztailaren 23koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez onartzen baita funtzionamendu baldintzak aldatzea kaltzio oxidoa eta hidroxidoa fabrikatzeko instalazio baten ingurumen baimen integratuan. Titularra Cal Industrial SL da, eta instalazioa Tebas-Muru Artederretako udal mugartean dago.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren azaroaren 12ko 1757/2010 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren urriaren 14ko 470E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratua eta Ekonomia Zirkularraren eta Uraren zuzendari nagusiaren uztailaren 30eko 268E/2018 Ebazpenaren bidez aldatua.

2020ko apirilaren 30ean, titularrak eskatu zuen ingurumen baimen integratuan sartutako baldintzak aldatzeko. Eskatu zuen, zehazki, LER 110107 kodea duen hondakin berri bat sartzeko ingurumen baimen integratuaren III. eranskineko sortutako hondakinen zerrendan: hidroxidoaren lohiak, solteko gaien ontzi handiak (GRG) garbitzean sortzen direnak.

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak, aurkeztutako eskaera aztertuta, onargarria dela ondorioztatu du; izan ere, eskatzen dena bat dator instalazioak ingurumen aldetik eduki beharreko funtzionamendu egokiarekin eta teknika erabilgarri onenen aplikazioarekin. Hala ere, uste da LER 101304 kodean hobeki sartzen dela (karea kaltzinatu eta hidratatzetik heldu diren hondakinak); izan ere, hondakinak jatorria du karearen eta antzeko produktuen fabrikazioan (10 13 taldea), eta ez metalen eta bestelako materialen gainazalaren tratamendu kimikoan eta estalduran (11 01 taldea).

Kasu honetan, ikusi da gertatzen direla Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluko d) letran aurreikusitako inguruabarrak, eta, horrenbestez, bidezko da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, bat etorriz martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 28. artikuluan aurreikusitako administrazio prozedurarekin (aipatutako foru legea Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzkoa da), uste baita aldaketa espediente hau ez dela jendaurrean jarri behar.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hogeita hamar egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Onartzea kaltzio oxidoa eta hidroxidoa fabrikatzeko instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzei dagokienez eskatutako aldaketa. Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak instalazioari ingurumen baimen integratua emateko eta aldatzeko lehendik tramitatutako administrazio espedienteetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta, horiez gainera, ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak. Instalazioa Tebas-Muru Artederretako udal mugartean dago eta haren titularra Cal Industrial SL da.

Bigarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsia), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Bosgarrena.–Ebazpen hau igortzea Cal Industrial SLri eta Tebas-Muru Artederretako Udalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko uztailaren 23an.–Klima Aldaketaren Ataleko burua, Javier Vera Janin, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren ordez, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren abenduaren 16ko 291E/2019 Ebazpenaren bidez.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuan, eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/

Iragarkiaren kodea: F2008228