183. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

169E/2020 EBAZPENA, uztailaren 21ekoa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, grafito artifiziala eta bigarren mailako beste produktu batzuk fabrikatzeko instalazio baten ingurumen baimen integratua berrikusten duena. Instalazioa Oltza Zendeako udal-mugartean dago eta haren titularra Graftech Ibérica SL da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren urriaren 11ko 428/07 Foru Aginduaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren 164E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratu eta Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren azaroaren 5eko 326E/2019 Ebazpenaren bidez aldatu zena.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginak, zeina abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi baitzen, bere 26. artikuluan ezartzen du ezen baimenaren baldintzak berrikusi egin behar direla teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak argitaratzen direnetik lau urteko epean. Instalazio honetan egiten den jardueraren sektore industrialari dagokionez, aipatu ondorioak Batzordearen 2016ko ekainaren 13ko 2016/1032 Erabakiaren bidez eman ziren argitara; erabaki horretan metal ez-ferrosoen industrietarako teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak ezarri ziren, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak emandako 2010/75/EB Zuzentarauarekin bat.

Horregatik, 2019ko irailaren 27an, titularrak instalazioa egokitzeko proiektu teknikoa aurkeztu zuen, Batzordearen 2016/1032 Betearazpen Erabakian ezarritako teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak betetzearren, eta, horren ondorioz, instalazioaren baimena berrikusteko prozeduraren tramitazioa hasi zen. Erabaki hori bat dator abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginaren 26. artikuluan ezarritakoarekin.

Ebroko Konfederazio Hidrografikoak adierazi dio Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari ezen, erakunde horrek 2018ko martxoaren 2an emandako txosten loteslean jasotako baldintzak berrikusi ondoren, betetzen dela Batzordearen 2016ko ekainaren 13ko 2016/1032/EB Betearazpen Erabakian ezarritakoa, metal ez-ferrosoen industrietarako dauden teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak ezartzen dituen horretan alegia, eta, beraz, ez da beharrezkoa isurketaren onargarritasunari buruzko txosten berririk ematea.

Espedientea jendaurrean egon da hogeita hamar egunez, eta ez da alegaziorik aurkeztu.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez. Ebazpen honen eranskinean jaso dira titularrak aurkeztu dituen alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzunak. Titularrak, orobat, zenbait ohar aurkeztu ditu, eta baliagarriak izan dira ebazpen honen eranskinetako testua egokitzeko.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legea garatzen duen Industria Isurien Erregelamenduaren 16. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz tramitatu da espedientea.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren abuztuaren 28ko 21/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Grafito artifiziala eta bigarren mailako beste produktu batzuk fabrikatzeko instalazio baten ingurumen baimen integratua berrikustea. Instalazioa Oltza Zendeako udal-mugartean dago, eta haren titularra Graftech Ibérica SL da. Berrikuspenaren xedea da instalazioa egokitzea metal ez-ferrosoen industrietarako teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak biltzen dituen 2016/1032 Erabakira, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak emandako 2010/75/EB Zuzentarauarekin bat; horrenbestez, instalazioak eta jardueraren garapenak ingurumen baimen integratuaren kasuan kasuko espediente administratiboetako baldintzak bete beharko dituzte eta, horrez gain, ebazpen honen eranskinetan agertzen diren baldintzak.

Bigarrena.–Zentroa Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Sortzaileen eta Kudeatzaileen Erregistroan inskribatuta mantentzea hondakin arriskutsuen sortzaile gisa, 15P0119303010200 zenbakiarekin. Sortzen ahal dituen hondakinak ebazpen honen III. eranskinean jasotakoak dira. Hondakinak sortzean egiten den edozein aldaketa Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, aipatutako erregistroan sartzeko.

Hirugarrena.–Titularrak instalazioa egokitzeko proiektua gauzatu beharko du, eta ebazpen honen II. eranskinean jasotako neurri teknikoak abian jarriko dira ezarritako epeetan. Horren aurretik, titularrak abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko hiru adierazpen aurkeztu beharko ditu Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 16. artikuluan xedatutakoarekin bat. Lehenbiziko adierazpena 4. eta 5. neurrien gainekoa izanen da, beste bat 2. neurriari buruzkoa eta azkena 3. neurriari buruzkoa.

Laugarrena.–Ebazpen honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak proiektua gauzatu dela adierazten duten erantzukizunpeko adierazpenak aurkezten dituen egunean eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unean. Bien bitartean, indarrean dagoen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Bosgarrena.–Ebazpen honetan bildu diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotzen direnak (testu bategin hori abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Seigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Zazpigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Zortzigarrena.–Ebazpen hau Graftech Ibérica SLra eta Oltza Zendeako Udalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko uztailaren 21ean.–Klima Aldaketaren Ataleko burua, Javier Vera Janin, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren ordez, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren abenduaren 16ko 291E/2019 Ebazpenaren bidez.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuan, eta Nafarroako Gobernuaren webgunean, helbide honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F2008062