18. ALDIZKARIA - 2020ko urtarrilaren 28a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MURILLO EL FRUTO

Ordenantza, administrazio elektronikoa arautzen duena. Behin betiko onespena

Osoko bilkurak, 2019ko urriaren 23an, hasiera batez onartu zuen Administrazio elektronikoa arautzen duen ordenantza. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluak eta hurrengoek xedatutakoari jarraikiz, espedientea jendaurrean egonen da hogeita hamar egun baliodunean, iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki-taulan argitaratu eta biharamunetik hasita, interesdunek aztertu eta bidezko erreklamazio, kexa edo oharrak aurkez ditzaten.

Hasierako onespenaren erabakia 2019ko 225. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, azaroaren 14an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluaren azken paragrafoari jarraituz, aipatutako epea erreklamazio, kexa edo oharrik gabe iragaten bada, hasierako onespenaren erabakia, jarraian osorik ematen baita, behin betikoa bilakatuko da.

Aditzera ematen da, orok jakin dezan.

Murillo el Fruton, 2019ko abenduaren 31n.–Alkatea, Arancha Murillo Tanco.

ORDENANTZA, ADMINISTRAZIO ELEKTRONIKOA ARAUTZEN DUENA MURILLO EL FRUTON

I. KAPITULUA

Xedea eta aplikazio eremua

1. artikulua.–Xedea.

Ordenantza honen xedea da udal administrazioaren alde elektronikoak arautzea, eta egoitza elektronikoaren, erregistro elektronikoaren eta administrazioko kudeaketa elektronikoaren araubide juridikoa sortu eta zehaztea. Horren bidez gauzatzen da herritarrek duten eskubidea Udalaren zerbitzu publikoen sarbide elektronikoa erabiltzeko.

2. artikulua.–Aplikazio eremua.

Ordenantza hau aplikatuko zaio Udalari eta haren menpeko edo hari lotutako zuzenbide publikoko erakundeei, bai eta herritarrei ere, udal administrazioarekin dituzten harremanetan.

II. KAPITULUA

Identifikazio eta autentifikatze sistemak

3. artikulua.–Identifikazio eta autentifikatze sistemak.

Erabiliko diren identifikazio eta autentifikatze sistemak ezarrita daude Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen I. tituluko II. kapituluan.

Udal administrazioaren aurrean elektronikoki identifikatzeko garaian, interesdunek edozein sistema erabiltzen ahalko dute, aldez aurretik erregistratu bada eta erabiltzailearen identitatea bermatzeko aukera ematen badu. Zehazki, honako sistema hauek erabiltzen ahalko dira:

a) Sinadura elektronikoko ziurtagiri elektroniko aitortuetan edo kalifikatuetan oinarritutako sistemak, aipatu ziurtagiriak “Ziurtapen-zerbitzuen emaileen konfiantzako zerrenda”ko emaileek emanak badira. Ondorio horietarako, ulertuko da aipatu ziurtagiri elektroniko aitortu edo kalifikatuetan sartuta daudela pertsona juridikoarenak eta nortasun juridikorik gabeko entitatearenak.

b) Zigilu elektronikoko ziurtagiri elektroniko aitortuetan edo kalifikatuetan oinarritutako sistemak, aipatu ziurtagiriak “Ziurtapen-zerbitzuen emaileen konfiantzako zerrenda”ko emaileek emanak badira.

c) Gako itunduko sistemak eta udal administrazioak ontzat eman dezakeen edozein sistema, ezartzen diren modu eta baldintzetan.

Interesdunek edozein bitarteko erabili ahal izanen dute sinatzeko, baldin eta ziurtatzen bada adierazitako borondatearen eta adostasunaren benetakotasuna, bai eta dokumentuaren osotasuna eta aldaezintasuna ere.

Interesdunek udal administrazioarekin bitarteko elektronikoen bidez harremanetan jartzea erabakitzen badute, honako bitarteko hauek onetsiko dira sinadura baliozkoa izan dadin:

a) Sinadura elektronikoko ziurtagiri elektroniko aitortu edo kalifikatuetan oinarritutako sinadura elektroniko aitortu edo kalifikatuko eta aurreratuko sistemak, ziurtagiriak “Ziurtapen-zerbitzuen emaileen konfiantzako zerrenda”ko emaileek emanak badira. Ondorio horietarako, ulertuko da aipatu ziurtagiri elektroniko aitortu edo kalifikatuetan sartuta daudela pertsona juridikoarenak eta nortasun juridikorik gabeko entitatearenak.

b) Zigilu elektronikoko ziurtagiri elektroniko aitortu edo kalifikatuetan oinarritutako zigilu elektroniko aitortu edo kalifikatuko eta aurreratuko sistemak, ziurtagiriak “Ziurtapen-zerbitzuen emaileen konfiantzako zerrenda”ko emaileek emanak badira.

c) Udal administrazioak ontzat ematen ahal duen beste edozein sistema, ezartzen diren modu eta baldintzetan.

Oro har, administrazio prozeduran ezarritako edozein jarduketa gauzatzeko, aski izango da interesdunek aurretik beren nortasuna egiaztatzea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako edozein identifikazio bitartekoren bidez.

Udal administrazioak honako prozedura hauetarako baizik ez die eskatuko interesdunei sinadura nahitaez erabiltzeko:

a) Eskaerak egiteko.

b) Erantzukizunpeko adierazpenak edo komunikazioak aurkezteko.

c) Errekurtsoak jartzeko.

d) Akzioetan atzera egiteko.

e) Eskubideei uko egiteko.

III. KAPITULUA

Egoitza elektronikoa

4. artikulua.–Egoitza elektronikoa.

Udalaren egoitza elektronikoa sortu da, eta URL helbide honetan dago eskuragarri: https://sedeelectronica.murilloelfruto.es/.

Udal administrazioa da egoitza elektronikoaren titularra, eta Murillo el Frutoko Udaleko Idazkaritza Nagusiari dagozkio egoitza elektronikoa zuzendu eta koordinatzeko eginkizunak.

Egoitza elektronikoak honako printzipio hauek bete behar ditu: gardentasuna, publizitatea, erantzukizuna, kalitatea, segurtasuna, erabilgarritasuna, irisgarritasuna, neutraltasuna eta elkarreragingarritasuna.

Egoitza elektronikoa erabiliko da norbere burua identifikatzeko eta komunikazio segurua bermatzeko, webgunearen autentifikatzeko ziurtagiri aitortua edo kalifikatua, edo horren baliokidea erabiliz.

Egoitza elektronikoa erabilgarri egonen da herritarrentzat urteko egun guztietan eta egunaren hogeita lau orduetan. Mantentze-lan tekniko edo operatiboarekin lotutako arrazoi justifikatuak tartean direnean baino ezin izanen da eten egoitzaren erabilgarritasuna, eta ezinbesteko denboraz baino ez. Aurretiaz iragarri behar da etenaldia, egoitza elektronikoan berean, kasuan-kasuan posible den aurrerapenarekin. Egoitzaren funtzionamendua ezustean eteten bada, posible den guztietan, erabiltzaileari horren berri ematen dion mezu bat helaraziko zaio.

5. artikulua.–Prozeduren katalogoa.

Aipatu 39/2015 Legearen 53.1 f) artikuluan ezarritakoa betez, interesdunak eskubidea du, besteak beste, informazioa eta orientabidea jasotzeko indarreko xedapenen arabera egin nahi dituen proiektuek, jarduketek edo eskabideek bete beharreko baldintza juridiko edo teknikoei buruz.

Zentzu berean, 39/2015 Legearen 16.1 artikuluak ezartzen du erregistro bakoitzera sartzeko egoitza elektronikoan agertuko dela bertan egiten ahal diren izapideen zerrenda eguneratua.

Ondorio horietarako, Udalak publikoki jakitera emanen du egoitza elektronikoko prozedura eta jarduketen katalogoa, eta eguneratua izanen du katalogo hori.

6. artikulua.–Egoitza elektronikoaren edukia.

Egoitza elektronikoak, aplikatzekoa den legedian ezarritako edukia izanen du eta, betiere, honako hauek adieraziko dira:

a) Egoitzaren titulartasuna duen organoaren identifikazioa, bai eta kudeaketaren arduradunena eta bertan eskuragarri jartzen diren zerbitzuena ere eta, halakorik dagoenean, bertatik eratorritako azpiegoitzena.

b) Egoitza behar bezala erabiltzeko beharrezko informazioa, egoitza elektronikoaren mapa edo horren baliokidea den informazioa barne, nabigazio egitura eta eskuragarri dauden atalak zehaztuz.

c) Egoitzako ziurtagiriak egiaztatzeko sistema; zuzenean eta doan eskuragarri egon beharko da.

d) Egoitzan onartu edo erabilitako sinadura elektronikoko sistemen zerrenda.

e) Udal administrazioak erabiltzen dituen zigilu elektronikoen zerrenda (ziurtagiri elektronikoen ezaugarriak eta horiek ematen dituztenen ezaugarriak barne), bai eta horiek egiaztatzeko sistema ere.

f) Erregistro elektronikorako sarbidea eta egoitzaren bidez irisgarriak diren erregistro elektronikoa edo elektronikoak sortzeko xedapenerako sarbidea.

g) Datu pertsonalak babesteari buruzko informazioa.

h) Informazio administratiboaren inbentarioa, Udalak ematen dituen prozeduren eta zerbitzuen katalogoarekin.

i) Herritarrak udal administrazioarekin komunikatzeko duen eskubideaz baliatzean erabiltzen ahal dituen bitarteko elektronikoen zerrenda.

j) Iradokizunak eta kexak egiteko bitartekoak.

k) Espedientearen tramitazio-egoerarako sarbidea, halakorik dagoenean, interesdunak bere burua identifikatu ondoren.

l) Egoitzako organo edo erakunde publikoek egindako eta egiaztapen kode seguruarekin autentifikatutako agirien benetakotasuna eta osotasuna egiaztatzea.

m) Data eta ordu ofiziala.

n) Epeak zenbatzeko egun baliodun eta baliogabeen egutegia.

o) Adierazi eginen da zer egun eta ordutan dauden zabalik agiriak modu elektronikoan aurkezteko laguntza ematen duten bulegoak, interesdunek bitarteko elektronikoak erabiltzean laguntza jasotzeko duten eskubidea bermatzeko.

p) Direktorio geografiko eguneratua, interesdunari lagunduko diona identifikatzen zein den bere etxetik hurbilen dagoen bulegoa erregistroen gaietan laguntzeko.

q) Administrazio organo, zentro edo unitateen indarreko identifikazio kodeak.

7. artikulua.–Ediktuen taula elektronikoa.

Egoitza elektronikoak ediktuen taula elektronikoa izanen du. Bertan legearen eta araudien arabera zehazten diren egintzak eta komunikazioak argitaratuko dira.

Udalak jakinarazpen edo ediktuen argitaratze daten kontrola bermatuko du bitarteko tekniko egokiekin, epeak zenbatzeko ondorioetarako data horien egiaztapena ziurtatzeko.

8. artikulua.–Publizitate aktiboa.

Udalak, aldian behin, informazio eguneratua emanen du argitara, haren berri izatea beharrezkoa denean jarduketa publikoen funtzionamenduarekin eta kontrolarekin loturik egiten duen jardueraren gardentasuna bermatzeko, betiere Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legeak xedatutakoaren arabera.

Alde horretatik, Udalak honako hauek emanen ditu argitara:

–Informazio instituzionala, antolaketakoa eta plangintzakoa.

–Garrantzi juridikoa duen informazioa, hau da, araudi propioak, hala ordenantzak edo araudiak nola zerga araudiak edo izaera orokorreko beste edozein xedapen.

–Informazio ekonomikoari eta aurrekontuari buruzkoa, bai eta estatistikoa ere.

9. artikulua.–Kontratatzailearen profila.

Egoitza elektronikotik Udalaren kontratatzailearen profilera sartzeko aukera egonen da, eta horren edukia bat etorriko da kontratazioari buruzko araudian xedatuarekin.

IV. KAPITULUA

Erregistro elektronikoa

10. artikulua.–Erregistro elektronikoaren sorrera eta funtzionamendua.

Ordenantza honen bidez Udalaren eta haren mendeko zuzenbide publikoko erakundeen erregistro elektronikoa sortu da, funtzionamendu-araubidea zehaztu da eta ezarri dira bitarteko elektronikoen bidez egiten diren eskabide, idatzi eta komunikazioak aurkeztu eta bidaltzean bete beharreko baldintzak eta betekizunak.

Erregistro elektronikoaren funtzionamendua Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legean (urriaren 1eko 39/2015 Legea) eta ordenantza honetan ezarritakoaren arabera egingo da eta, horietan arautu ez diren alderdietan, aplikatzekoa den zuzenbide administratiboko araudian jasotakoaren arabera.

11. artikulua.–Erregistro elektronikoaren izaera eta eraginkortasuna.

Udal honek erregistro elektroniko orokor bat izango du eta, bertan, Udalean aurkeztutako edo jasotako dokumentu guztien idazpena egingo da.

Erregistro elektronikoa guztiz elkarreragingarria izanen da, haren bateragarritasun informatikoa eta interkonexioa bermatuz, eta aukera emanen du erregistro-idazpenak eta edozein erregistrotan aurkezten diren dokumentuak telematikoki bidaltzeko.

12. artikulua.–Erregistro elektronikoaren eginkizunak.

Udalaren erregistro elektronikoak eginkizun hauek izango ditu:

a) Idazkiak, eskabideak eta komunikazioak jasotzea, bai eta horien sarrerako idazpena egitea ere.

b) Eskabide, idazki eta komunikazioak aurkeztu izanaren ziurtagiri elektronikoak ematea.

c) Komunikazio eta jakinarazpen elektronikoak bidaltzea, bai eta horien irteerako idazpena egitea ere.

d) Legez edo arauz ematen zaion beste edozein.

13. artikulua.–Erregistro elektronikoaren arduraduna.

Erregistroaren kudeaketaren erantzukizuna Udaleko Alkatetzarena izango da.

14. artikulua.–Erregistro elektronikoan sartzea.

Erregistro elektronikorako sarbidea https://sedeelectronica.murilloelfruto.es/ URL helbidean dagoen Udalaren egoitza elektronikoaren bidez eginen da.

15. artikulua.–Eskaerak, idazkiak eta komunikazioak aurkeztea.

Administrazio honen aurrean modu presentzialean aurkeztutako dokumentuak digitalizatu egin beharko ditu dokumentu horiek jaso dituen erregistroen alorreko laguntza-bulegoak, 39/2015 Legearen 27. artikuluan xedatuaren arabera, horiek administrazio-espediente elektronikora sartzeko. Jatorrizkoak interesdunari itzuliko zaizkio, kalterik egin gabe arauaren arabera aurkeztutako dokumentuak administrazioak gorde behar dituen kasuei edo objektuak edo digitaliza ezin daitezkeen formatuan dauden dokumentuak aurkeztea nahitaezkoa den kasuei.

Erregistro elektronikoak aukera emango du eskaerak, idazkiak eta komunikazioak aurkezteko, eguneko hogeita lau orduetan eta urteko egun guztietan.

Erregistro elektronikoan egoitza elektronikoko data eta ordu ofizialak erabiliko dira.

Erregistro elektronikoak modu automatikoan sortuko du egindako aurkezpenaren ziurtagiri bat, pdf formatuan eta onartutako identifikazio-sistemetako baten bitartez. Bertan azaldu beharko dira aurkezpenaren data eta ordua, erregistroko sarrera-zenbakia eta aurkezpen-formularioari atxikitako eranskinen zerrenda. Aurkezpenaren ziurtagiria ez ematea dokumentua ez jasotzearen baliokidea da, eta horren berri eman beharko zaio erabiltzaileari.

16. artikulua.–Eskaerak, idazkiak eta komunikazioak errefusatzea.

Udal administrazioak errefusatzen ahalko ditu baldintza hauetan aurkezten diren dokumentu elektronikoak:

a) Kode gaiztoa dutenak edo sistemaren osotasuna edo segurtasuna arriskuan jar lezaketen gailuak dituztenak.

b) Dokumentu normalizatuak erabiltzen direnean, nahitaezko eremuak betetzen ez direnean edo dokumentuaren tratamendua ezinezko egiten duten inkongruentziak edo ez-egiteak daudenean.

Erregistro elektronikoan aurkezten diren idazki eta komunikazioen eranskinak irakurgarriak eta ez-akastunak izango dira. Normalean onartzen diren formatuak erabili ahal izango dira (Udalaren egoitza elektronikoan jendaurrean jarriko dira horiek).

Kasu horietan, egoera horren berri emango zaio dokumentua bidali duenari, dokumentua errefusatzeko arrazoiak jakinaraziz eta, posible denean, akats horiek zuzentzeko bitartekoak adieraziz. Interesdunak eskatzen duenean, dokumentua aurkezteko saiakuntzaren ziurtagiria emango da, errefusatzeko arrazoiak adierazita.

17. artikulua.–Epeen kontaketa.

Interesdunek zein udal administrazioak bete beharreko epeen kontaketari dagokionez, erregistro elektronikoa egoitza elektronikoko data eta ordu ofizialek gobernatuko dute; horrek behar diren segurtasun-neurriak izango ditu bere segurtasuna bermatzeko.

Erregistro elektronikoa eguneko hogeita lau orduetan eta urteko egun guztietan egongo da erabiltzaileen eskura, salbu eta arrazoi teknikoak direla-eta beharrezkoak diren etenak direnean.

Epeen kontaketari dagokionez, honako hauek bete beharko dira:

–Epeak ordutan zehazturik badaude, ordu horiek baliodunak direla ulertu behar da. Baliodunak izango dira egun baliodun bat osatzen duten ordu guztiak. Ordutan adierazitako epeak orduz ordu eta minutuz minutu zenbatuko dira dagokion ekintza egiten den ordu eta minututik, eta ezin izango dute hogeita lau ordutik gorakoak izan; horrelakoetan, egunetan adieraziko dira epeak.

–Epeak egunetan adierazten direnean, egun baliodunak direla ulertuko da; beraz, larunbatak, igandeak eta jaiegunak ez dira zenbatuko.

–Delako eskaera, idazki eta/edo oharra egun baliogabe batean sartzen bada, hurrengo egun balioduneko lehen orduan sartu dela ulertuko da. Horretarako, sarrerako idazpenean aurkezpeneko egun eta ordu hauek idatziko dira: dokumentua benetan jaso zen eguna eta ordua, baina hurrengo egun balioduneko lehen ordua adieraziko da sarrera-egun eta -ordu gisa.

–Eskabideen sarrera ezarritako epean egin dela ulertuko da, dagokion egunean hasten bada eta arrakastaz amaitzen bada. Epeen kontaketari dagokionez, baliagarria izango da eta ondorio juridikoak izango ditu erregistro-unitateak emandako ziurtagirian agertzen den sarrera-datak.

–Erregistro elektronikotik ez da irtengo inolako idazki edo komunikaziorik egun baliogabeetan.

–Udal administrazioaren erregistro elektronikoari dagokionez, egun baliogabeak dira larunbatak, igandeak eta Estatuko, Nafarroako eta udalerriko hiriburuko laneko jaiegunen egutegi ofizialean zehaztutakoak. Ondorio horretarako, erabiltzaileek aukera izango dute egoitza elektronikoan argitaratutako egutegia kontsultatzeko.

V. KAPITULUA

Jakinarazpen elektronikoak

18. artikulua.–Jakinarazpenen ezaugarri orokorrak.

Jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bidez eginen dira lehentasunez, eta beti interesdunak horiek bide horretatik jasotzeko betebeharra duenean.

Aurrekoa gorabehera, Udalak jakinarazpenak bitarteko ez-elektronikoen bidez egiten ahalko ditu, honako kasu hauetan:

a) Interesduna edo bere ordezkaria bat-batean agertzen denean erregistroaren alorreko laguntza-bulegoan eta une horretan komunikazio edo jakinarazpen pertsonala eskatzen duenean.

b) Administrazioaren jardunaren eraginkortasuna bermatzeko beharrezkoa denean jakinarazpena zuzenean ematea jakinarazpena egin behar duen administrazioko langile batek.

Erabilitako bitartekoa edozein izanik ere, jakinarazpenak beti izanen dira baliozkoak baldin eta aukera ematen badute honako hauek jasota uzteko: jakinarazpena bidali edo eskuragarri jarri izana; interesdunak edo haren ordezkariak jaso izana edo jakinarazpenean sartu izana; jakinarazpenaren eduki guztia; eta bidaltzailearen eta hartzailearen nortasun fidagarria. Egindako jakinarazpenaren egiaztapena espedienteari erantsiko zaio.

Jakinarazpen elektronikoak jasotzeko betebeharra ez duten interesdunek edozein unetan erabaki eta jakinarazten ahal diote udal administrazioari, horretarako ezartzen diren eredu normalizatuen bidez, ondorengo jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bidez egiteko edo bide horien bidez egiteari uzteko.

Interesdunek adostasun orokorra eman dezakete udal administrazioko tramite guztietarako, edo tramite baterako edo batzuetarako, adierazten dutenaren arabera.

Interesdunak, halaber, prozeduraren tramitazioan, udal administrazioarekin komunikatzeko modua aldatu ahal izanen du, hasieran hautatutakoa ez beste bitarteko bat aukeratuz, hala une horretatik aurrera jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bidez egiteko eskatuz nola jakinarazpen elektronikorako baimena atzera botaz eta jakinarazpenak postaz jasotzeko eskatuz. Kasu horretan, organo eskudunari jakinarazi beharko dio, eta ondorengo jakinarazpenak jasotzeko helbide postal bat adierazi.

Aldaketa horrek ondorioak izango ditu organo eskudunaren erregistroan jaso eta hurrengo egunetik aurrera egiten diren jakinarazpenetarako.

19. artikulua.–Jakinarazpen elektronikoak egitea.

Jakinarazpen elektronikoa agerraldi elektronikoaren bidez egingo da.

Agerraldi elektronikoaren bidezko jakinarazpenean interesduna, behar bezala identifikatuta, dagokion administrazioaren jarduketaren edukira sartzen da udal administrazioaren egoitza elektronikoaren bidez.

Agerraldi elektronikoak, jakinarazpenaren ondorioak izan ditzan, baldintza hauek bete beharko ditu:

–Edukira sartu aurretik, interesdunak abisu bat ikusi beharko du, bertara sartzean administrazioaren jarduketaren jakinarazpena jasoko duela adieraziko duena.

–Dagokion informazio-sistemak edukira sartzeko unea jasoko du, data eta ordua adierazita, eta une horretatik aurrera jakinarazpena egintzat joko da, legezko ondorio guztietarako.

Jakinarazpen-sistemak aukera emango du ziurtatzeko zer egunetan eta ordutan jarri den interesdunaren esku jakinarazpenaren xede den ekintza eta zer egunetan eta ordutan sartu den haren edukira.

Jakinarazpena bitarteko elektronikoz egitea nahitaezkoa denean, edo interesdunak espresuki hori aukeratu duenean, ez onartutzat joko da haren edukian sartzerik gertatu ez bada hamar egun natural igarotakoan, jakinarazpena eskuragarri jarri zenetik zenbatzen hasita.

VI. KAPITULUA

Faktura elektronikoa

19. artikulua.–Faktura elektronikoa.

Udal administrazioak eta haren erakunde publikoek onartuko dute egin zaizkien zerbitzuei dagokienez hirugarrenek luzaturiko fakturak baliabide elektronikoen bidez aurkeztea, igorlearen eta dokumentuaren benetakotasuna egiaztaturik badago eta dagokion araudian zehaztutako gainerako baldintzak betetzen badira. Igorlearen edo dokumentuaren benetakotasuna egiaztatuta ez badago, hura eskatuko diote igorleari, Administrazioak egokitzat hartzen dituen baliabideen bidez egiazta dezan.

Udal administrazioak fakturak formatu elektronikoan aurkezteko eskatu ahal izanen du, eta islaturiko zenbatekoak ordainduko ditu, ahal dela baliabide elektronikoen bidezko prozedura administratiboak erabilita.

20. artikulua. Ordainketa elektronikoa.

Udal administrazioak eta haren erakunde publikoek ordaintzeko sistema elektronikoak ezarriko dituzte herritarrek zergak, zehapenak, isunak, errekarguak eta zor dizkien gainerako zenbatekoak ordaindu ahal izateko, aitzinetik likidazioa eginda, hala behar denean.

Aurreko puntuan xedatua betetzeko, udal administrazioak ordainketa elektronikorako pasabideak erabili ahal izanen ditu, beste administrazio publiko batzuek gaituak, finantza erakunde zehatz batzuekin datuak modu seguru eta konfidentzialean on-line trukatu ahal izateko, horrekin on-line ordainketa ezarririk tramitazio telematiko baten edozein puntutan.

Egindako ordainketaren frogagiria luzatuko dute ordainketa elektronikorako ezartzen diren sistemek.

LEHEN XEDAPEN GEHIGARRIA

Egoitza elektronikoa abian jartzea

Egoitza elektronikoa ordenantza honen behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean jarriko da abian.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Erregistro elektronikoa abian jartzea

Erregistro elektronikoa ordenantza honen behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean jarriko da abian.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Segurtasuna

Egoitza eta erregistro elektronikoen segurtasuna, bai eta herritarren zerbitzu publikoetarako sarbidearena ere, Segurtasun Eskema Nazionalean ezarritakoaren arabera arautuko da.

Udalaren osoko bilkurak bere segurtasun-politika onartu beharko du, administrazio elektronikoaren esparruan Segurtasun Eskema Nazionala arautzen duen urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuaren 11. artikuluan ezarritako gutxieneko edukiarekin.

Egoitza elektronikoetan publizitatea eman beharko zaie dagozkien adostasun-adierazpenei eta segurtasun-bereizgarriei.

Ohiko auditoretza orokor bat egin beharko da gutxienez bi urtean behin. Informazio-sisteman aldaketa esanguratsuak egiten diren bakoitzean, horiek beharrezko segurtasun-neurrietan eraginik izan badezakete, ezohiko auditoretza bat egingo da, eta horren arabera ezarriko da bi urteko epea kontatzeko data. Auditoretza-txostenak Segurtasun Eskema Nazionalaren 34.5 artikuluan ezarritako edukia izango du.

LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Datuen babesa

Telekomunikazio-sareen bidez ematen diren zerbitzuek eta harreman juridikoek bete egin beharko dituzte Datu Pertsonalak Babesteko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoa, bai eta informazioaren tratamendu automatizatua, jabetza intelektuala eta informazioaren gizarteko zerbitzuak arautzen dituzten xedapen espezifikoetan jasotakoa ere.

BOSGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Zerbitzuen zuzentarauaren leihatila bakarra

Udalak bermatu egingo du, bere eskumenen alorrean, zerbitzu emaileek beren jardueran sartzeko eta jarduteko beharrezko informazioa eta inprimakiak jasotzen ahalko dituztela Zerbitzuen zuzentarauaren leihatila bakarraren bidez (www.eugo.es), bai eta agintari eskudunek beren eskariei dagokienez eman dituzten ebazpenak eta gainerako komunikazioak ere. Xede horretarako, Udalak koordinazioa sustatuko du jarduera batean sartu eta jarduteko beharrezko inprimakiak normalizatzeko.

SEIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Garatzeko gaitzea

Alkatetza udalburutza gaitu da antolakuntzaren arloan beharrezko diren neurriak har ditzan, ordenantza honetako xedapenak garatzeko, eta beharrezko alderdi teknikoak alda ditzan, komeni denean, normalizazioa eta elkarreragingarritasuna direla-eta edo, oro har, teknologiaren garapenari egokitzeko.

ZAZPIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Ordenantza honen xedapenak aplikatzea

Ordenantza honetan jasotako xedapenak aplikatu egingo dira Udalaren tresna teknologikoen garapen maila kontuan izanik; Udala saiatuko da bere aplikazioak une bakoitzean erabilgarri dauden konponbideetara egokitzen, beharrezko egokitzapen aldien kalterik gabe. Horiek eskuragarri daudenean, horren berri emanen da egoitza elektronikoan.

AZKEN XEDAPENA

Indarrean jartzea

Ordenantza honen behin betiko testua Udalaren osoko bilkurak onetsi du 2019ko urriaren 23an, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da eta ez da indarrean jarriko bere testua osotasunean argitara eman arte eta Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen Legearen (apirilaren 2ko 7/1985) 65.2 artikuluan aurreikusitako epea igaro arte. Indarrean izanen da espresuki aldatu edo indargabetu arte.

Iragarkiaren kodea: L1916848