18. ALDIZKARIA - 2020ko urtarrilaren 28a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MURCHANTE

Ordenantza fiskala, Udalaren Musika Eskolak ematen duen zerbitzuagatik ordaindu beharreko tasarena.
Behin betiko onespena

Murchanteko Udalak, 2019ko urriaren 23an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Udalaren Musika Eskolak ematen duen zerbitzuagatik ordaindu beharreko tasaren ordenantza fiskala.

Hasierako onespenaren erabakia 2019ko 221. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 8an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoarekin.

Murchanten, 2020ko urtarrilaren 9an.–Alkatea, Luis Sancho Martínez.

Ordenantza fiskala, Udalaren Musika Eskolak ematen duen zerbitzuagatik ordaindu beharreko tasarena

1. artikulua. Oinarria eta xedea.

Murchanteko Udalak Musika Eskolak ematen duen irakaskuntza-zerbitzuagatik ordaindu beharreko tasa ezarri du, zeina ordenantza fiskal honetan ezarritakoari lotuko baitzaio. Hori guztia, Konstituzioaren 133.2 eta 142. artikuluek eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 106. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, eta bat etorriz Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100. artikuluan eta hurrengoetan xedatuarekin.

2. artikulua. Zerga-egitatea.

Ordenantza honen zerga-egitatea da Udalaren Musika Eskolak ezarrita dituen irakaskuntza-zerbitzuak ematea, bat etorriz Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 100.1 eta 4.v) artikuluetan ezarritakoarekin.

3. artikulua. Subjektu pasiboak.

Tasaren subjektu pasiboak dira Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 5/1995 Foru Legearen 104.1 artikuluak aipatzen dituen pertsona fisiko guztiak, tasaren zerga-egitatea den zerbitzua eskatzen badute; kasu honetan, Musika Eskolako ikasleak.

4. artikulua. Erantzuleak.

Tributu-zorraren erantzule izanen dira zordun nagusiak, beste pertsona edo entitate batzuekin batera. Horri dagokionez, zordun nagusitzat joko dira zergapekoak.

5. artikulua. Tributu-kuota.

Tributu-kuotagatik likidatu eta eskatuko den zenbatekoa aterako da tarifa hauek aplikatzetik:

2019-2020 ikasturtea

–Matrikula, irakasgai bakoitzeko: 20 euro urtean.

–Musikaren eta musika tresnen hastapena (7 urte): 35 euro hilean.

–Tailerra, musika eta mugimendua eta hastapenak, musika-tresnarik gabe: 15 euro hilean.

–Musikaren hastapena (7 urte): 15 euro hilean.

–Txikien banda: 10 euro hilean.

–Musikaren eta musika tresnen hastapena (7 urte): 15 euro hilean.

–Musika hizkuntza, 1. mailatik 4.era: 21 euro hilean.

–Musika hizkuntza, 5. maila: 19 euro hilean.

–Musika hizkuntza, 6. maila: 19 euro hilean.

–Kontserbatoriorako sarbidea: 25 euro hilean.

–Helduak: 15 euro hilean.

–Bitartekoak:

  • Hastapena 20 min: 20 euro hilean.
  • Lehen maila: 28 euro hilean.
  • Bigarren maila: 31 euro hilean.
  • Hirugarren maila: 31 euro hilean.
  • Laugarren maila: 33 euro hilean.
  • Bosgarren maila: 35 euro hilean.
  • Seigarren maila: 35 euro hilean.
  • Helduak + musika tresnen taldea: 48 euro hilean, (46+2).

Erroldaturik ez daudenek %30ko igoera izanen dute ikasturte guztirako ordaindu beharreko tarifetan.

Tarifa horiek 2019ko irailetik 2020ko ekainera bitarte aplikatuko dira eta indarrean jarraituko dute harik eta tarifa berriak argitaratzen ez diren arte.

6. artikulua. Salbuespenak eta hobariak.

Familia ugariei edota guraso bakarreko familiei Musika Eskolan ordaindu beharreko tasetan %20ko beherapena eginen zaie (matrikula eta eskolatzeari dagokion hileroko kuota). Beherapen hori aplikatuko da lehenbiziko seme-alabarengandik hasita.

Familia ugariak izanen dira 25 urtetik beheitiko 3 seme-alaba dituztenak, baita bi seme-alaba dituztenak ere, baldin eta horietariko batek gutxienez ere %33ko minusbaliotasun aitortua badu; baita guraso bakarreko familiak ere.

7. artikulua. Sortzapena.

Tasa sortuko da eta ordaindu beharra sortuko zerga-egitatea osatzen duen zerbitzua eskatzen denean; alegia, ikasgaien matrikula egiten den unean.

Hura den bezalakoa izateagatik, zergaldia ikasturteari egokituko zaio, eta kuota hilero hainbanatuko da, ordenantza honetan ezarritakoari jarraituz.

8. artikulua. Kudeaketa arauak.

Ikasturterako matrikula egiten duen ikasleari ezin izanen zaio baja eman hura bukatu arte.

Ofizioz baja eman ahalko zaio hilabeterako, aurreko bi hilabeteko kuotak ordaindu gabe dituen ikasleari, aldez aurretik abisurik eman edo jakinarazpenik egin gabe.

Aurreko ikasturtean edo horren aurrekoetan hiru ordainagiri edo gehiago itzuli dituztenek, elkarren segidakoak izan ala ez, aurretik ordaindu beharko dute ikasturte osoa ikasturte berrian matrikulatu nahi badute; gainera, ordainduta izan beharko dituzte aurreko ikasturteko ordainagiri guztiak.

Itzultzen den ordainagiri bakoitzak 4 euroko gastua ekarriko du, tramitazioagatik, eta itzulitako ordainagiriaren titularrari kobratuko zaizkio, bai eta indarrean den legeak ezartzen dituen bestelako gastuak eta errekarguak ere.

Toki entitateak tasa eskatu ahalko du autolikidazio araubidean; hortaz, subjektu pasiboek zerbitzuaren prestazioa ordainduko dute udal bulegoetan edo bankuko transferentzia bidez, 5. artikuluko parametroei jarraituz.

Subjektu pasiboari leporatu ezin zaizkion arrazoiak direla-eta zerbitzu publikoa egiten edo garatzen ez bada, dagokion zenbatekoa itzuliko zaio.

9. artikulua. Tributu arloko arau-hauste eta zehapenak.

Tributu arloko arau-hauste eta zehapenei dagokien orotan, arlo horretako berariazko legedia aplikatuko da.

10. artikulua. Aplikatu beharreko legedia.

Ordenantza honetan ezarri gabeko orotarako honako arau hauek aplikatuko dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 5/1995 Foru Legea; Nafarroako Tributuei buruzko abenduaren 15ko 13/2000 Foru Lege Orokorra; Tasa eta Prezio Publikoei buruzko apirilaren 13ko 8/1989 Legea; Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legea eta Udalaren Ordenantza fiskal orokorra.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza fiskal hau, udal honetako Osoko Bilkurak 2019ko urriaren 23an onetsita, aplikatuko da osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita eta indarrean jarraituko du aldatu edo indargabetzen den arte.

Iragarkiaren kodea: L2000243