18. ALDIZKARIA - 2020ko urtarrilaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

4/2020 FORU AGINDUA, urtarrilaren 21ekoa, Lurralde Kohesiorako kontseilariak emana, Iruñerriko erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio erregularreko gutxieneko zerbitzuak ezartzen dituena, 2020ko urtarrilaren 30erako dei eginiko greba orokorra dela eta.

ELA, LAB, ESK eta STEE/EILAS sindikatuek greba orokorrerako dei egin dute 2020ko urtarrilaren 30erako, 00:00etatik 24:00ak bitarte.

Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan onartuta dagoen greba egiteko eskubidea bateragarria izan behar da komunitatearen funtsezko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeekin, baina eskubide horren erabilera inola ere galarazi gabe, eta halaxe ulertu dute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak, bai konstituzionalak berak ere.

Bidaiari-garraioa funtsezko zerbitzu bat da, Espainiako Konstituzioaren 19. artikuluan askatasunez joan-etorrietarako aitortzen den eskubidea bermatzen duen tresna baita. Gainera, baliabide bat da oinarrizko beste eskubide batzuk eta Konstituzioak babesten dituen ondasunak erabiltzeko, hala nola hezkuntzarako eskubidea, lan egiteko eskubidea eta osasuna babesteko eskubidea.

Garraio publikoari funtsezko izaera ematea Konstituzio Auzitegiak berretsi zuen 53/1986 eta 26/1981 epaien bidez, baita Auzitegi Gorenak ere, 2003ko apirilaren 11ko Epaiaren bidez.

Hortaz, greba orokorrerako deia dela eta, bidaiari-garraioaren zerbitzua ezin da osorik gelditu; izan ere, erabat geldituz gero, gizarteko beste sektore batzuei kalte eginen litzaieke, garraio publikoa behar-beharrezkoa duten bestelako erabiltzaileen joan-etorriak galarazi edo eragotziko bailirateke, eta gizartearen interes orokorrei ere kalte larriak eraginen litzaizkieke. Gainera, ez da ahantzi behar grebarako eskubidea herritarren beste oinarrizko eskubide batzuekin batera erabili behar dela.

Gobernuko agintaritzari dagokio funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren erabakitzeko eskumena, bai eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzekoa ere, halaxe xedatzen baita martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluan, eta eskumen hori, kasu honetan, Nafarroako Foru Komunitateak erabili behar du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 49.1 eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Iruñerriko Mankomunitateko buruaren urtarrilaren 17ko 42/2020 Ebazpenaren bidez proposatu zaio Lurralde Kohesiorako Departamentuari zer gutxieneko zerbitzu ezarri Iruñerriko erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio erregularrean, arestian aipatutako sindikatuek 2020ko urtarrilaren 30erako dei egindako greba orokorra dela eta; izan ere, erakunde horri dagokio zerbitzuaren titulartasuna.

Ebazpen horren arabera, antzeko ezaugarriak zituzten beste greba batzuetarako ezarritako gutxieneko zerbitzuak ezarri behar dira greba orokorrerako dei horietan. Horrela, hurrengo deialdietan aurkitzen ditugu aurrekari hurbilenak:

–2009ko maiatzaren 21erako greba orokorrerako deia, ELA, LAB, ESK eta STEE/EILAS sindikatuek aurkeztua. Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilariaren maiatzaren 11ko 45/2009 Foru Aginduan ezarri ziren gutxieneko zerbitzuak. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren uztailaren 24ko 424/2009 Epaiak zuzenbidearen araberakotzat jo zuen 45/2009 Foru Agindua.

–2010eko ekainaren 29rako greba orokorrerako deia, ELA, LAB, ESK eta STEE/EILAS sindikatuek aurkeztua. Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilariaren ekainaren 23ko 44/2010 Foru Aginduan ezarri ziren gutxieneko zerbitzuak. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren uztailaren 4ko 327/2011 Epaiak ez zuen onartu 6/2011 Foru Aginduaren aurka aurkeztutako errekurtsoa.

–2010eko irailaren 29rako greba orokorrerako deia, CCOO, UGT, CGT eta Confederación Intersindical sindikatuek aurkeztua. Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilariaren irailaren 16ko 57/2010 Foru Aginduan ezarri ziren gutxieneko zerbitzuak.

–2011ko urtarrilaren 27rako greba orokorrerako deia, ELA, LAB eta STEE/EILAS sindikatuek aurkeztua. Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilariaren urtarrilaren 19ko 6/2011 Foru Aginduan ezarri ziren gutxieneko zerbitzuak. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren irailaren 13ko 389/2011 Epaiak zuzenbidearen araberakotzat jo zuen 6/2011 Foru Agindua.

–2012ko irailaren 26rako greba orokorrerako deia, ELA, LAB, ESK, STEE/EILAS eta CGT/LKN sindikatuek aurkeztua. Sustapeneko kontseilariaren irailaren 20ko 42/2012 Foru Aginduan ezarri ziren gutxieneko zerbitzuak. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren apirilaren 17ko 352/2013 Epaiak zuzenbidearen araberakotzat jo zuen 42/2012 Foru Agindua.

–2018ko martxoaren 8rako greba orokorrerako deia, Alternativa Sindical de Trabajadores (AST), Confederación Nacional del Trabajo (CNT), Sindicato de Comisiones de Bases (co.bas), Confederación lntersindical, Unión Sindical Obrera (USO), Confederación General del Trabajo (CGT), ELA, LAB, ESK, STEILAS, Comisiones Obreras (CCOO) eta Unión General de Trabajadores (UGT) sindikatuek aurkeztua. Garapen Ekonomikorako kontseilariaren martxoaren 2ko 9/2018 Foru Aginduan ezarri ziren gutxieneko zerbitzuak.

–2019ko irailaren 27rako greba orokorrerako deia, Ezker Sindikalaren Konbergentzia-ESK eta STEILAS sindikatuek aurkeztua. Lurralde Kohesiorako kontseilariaren irailaren 25eko 11/2019 Foru Aginduan ezarri ziren gutxieneko zerbitzuak.

Ebazpen horrek, halaber, Iruñerriko hiri garraioaren berariazko ezaugarriak hartzen ditu kontuan. Daturik esanguratsuenak jarraian azaltzen dira, bai eta greba zehatz-mehatz zer egunetarako deitzen den ere.

Eskualdeko hiri garraioa Iruñerriko 18 udalerrik osatzen duten eremu batean ematen da. Bertako bizilagunak Nafarroako erdiak baino gehixeago dira, eta bertan daude ospitale nagusiak eta bi unibertsitateak. Eremu eta jarduera gune horiek guztiek joan-etorri asko sortzen dituzte egunean, eta joan-etorri horien ehuneko handi bat hiri garraio publikoan egiten da.

Iruñerrian ez dago autobusaz gain bestelako hiri garraio kolektiborik (metroa, aldirietako trena, tranbia eta abar) aukera ematen duenik eskualdeko hiri garraioan egunero egiten diren joan-etorriak bestela egiteko, eta hori oso kontuan hartu beharrekoa da greba honetako funtsezko zerbitzuak ezartzeko orduan.

Taxi zerbitzua, bistan denez, ez da alternatiba bat, haren prezioa ez baita konparatzen ahal hiri garraioarenarekin eta haien gaitasuna ez da inola ere aski joan-etorri jendetsuetarako (130.000 bidaiari lanegun batean, gutxi gorabehera).

Bestalde, kontuan izan behar da egunero garraio publikoan egiten diren bidaietatik 71.500 beste garraiobiderik (nor bere autoan edo beste batenean) ez duen jendeak egiten dituela eta, ondorioz, modu zuzenagoan jasanen dituztela egun horretako grebaren ondorioak.

Era berean, erabiltzaileei eman beharreko argibide egokiak kontuan hartu behar dira, edo, berdin dena, zehazten den zerbitzu mailak erabat ikusgai izan behar du.

Hiri garraioaren erabilera, neurri handi batean, garraio horri buruz ematen den informazioaren menpe dago. Izan ere, eskaintza erreala benetan dena baino txikiagoa bihurtzen ahal da, eskuragarri dagoen informazioaren arabera.

Hori bereziki garrantzitsua da gutxieneko zerbitzuak zehazterakoan, gutxi direnez, erabiltzailea “ezin daitekeelako geralekuan gelditu autobusaren zain” (maiztasun handiko zerbitzuetan ohiko portaera da hori), ordu zehatz eta ezagunetan joan beharra dago eta. Hori dela eta, gutxieneko zerbitzu gisa zehazten den portzentajeak bermatu behar du autobus linea guztiak arrazoizko tarteetan iritsiko direla eta informazio hori ulergarria izanen dela.

Iruñerriko Mankomunitateko buruaren aipatu ebazpenean jasotzen dira hiri garraioak lanegun arrunt batean Iruñerrian eskaintzen duen zerbitzuaren ezaugarri nagusiak.

Hala, eskaintzari dagokionez, honako hau nabarmentzen da:

a) Eguneko sareak 23 linea ditu: 19 erradial edo bitan erradial, 2 perimetral eta 2 zirkular, honako maiztasun hauek dituztenak:

–Handia: 12 minutuko edo hortik beherako tartea autobus batetik bestera: 10 linea (2, 3, 4, 7, 8, 9, 12, 16, 18 eta 21).

–Ertaina-handia: 15-20 minutuko tartea autobus batetik bestera: 9 linea (1, 5, 6, 11, 15, 17, 19, 20 eta 25).

–Txikia: 30 minutuko edo hortik gorako tartea autobus batetik bestera: 4 linea (10, 14, 22 eta 23).

Lanegun batean autobus kopuru hauek daude lanean:

–Autobus finkoak, eguneko zerbitzu osoan dabiltzanak: 118.

–Errefortzuko autobusak, puntako orduan bakarrik dabiltzanak: 9 inguru.

–Erreserbako autobusak, matxuratzen diren finkoak edo errefortzuak ordezteko: 2.

–Guztira: 129 inguru.

b) Gaueko sareak 10 linea ditu: 9 erradial eta zirkular 1.

Hauxe hau da ostegun arrunt bateko eskaintza:

–30 minutuko tartea autobus batetik bestera: 3 linea (N2, N5 eta N6).

–30-60 minutuko tartea autobus batetik bestera: 6 linea (N1, N3, N4, N7, N8 eta N10).

–Zerbitzurik gabe: linea bat (N9).

Gaueko zerbitzuan autobus gutxiago daude martxan, nabarmenki, egunekoan baino:

–12 autobus finko.

–Erreserbako autobusak, matxuratzen diren finkoak ordezteko: 1.

Jarraian, aipatu ebazpenean jasotzen dira eskualdeko hiri garraioak eskola eta lan egun batean Iruñerrian eskaintzen duen zerbitzuaren ezaugarri nagusiak:

a) Eguneko sarean, 130.000 bidaiari daude batez beste.

Eskola eta lan egun baterako garraio-eskariak puntako hiru tarte ditu:

–Goizeko puntako orduak: 6:30etik 9:30era; 10.000 bidaiari orduko izan daiteke puntako eskaria; aldi horrek eguneko eskariaren %18,6 inguru biltzen du.

–Eguerdiko puntako orduak: 13:00etatik 15:30era; 12.150 bidaiari orduko izan daiteke puntako eskaria; aldi horrek eguneko eskariaren %19,9 inguru biltzen du.

–Arratsaldeko puntako orduak: 17:00etatik 20:30era; 8.900 bidaiari orduko izan daiteke puntako eskaria; aldi horrek eguneko eskariaren %23,2 inguru biltzen du.

–Erabilera gutxieneko orduei (haraneko orduei) dagokienez, goizeko haraneko tarteak (9:30etik 13:00etara) erabilera txikiagoa du arratsaldekoa (15:30etik 17:00etara) baino.

Hona hemen batez besteko lanegun batean bidaiatzeko arrazoiak, 2013ko azaroan eskualdeko hiri garraioko erabiltzaileek betetako inkestatik erauziak eta ehunekotan emanak:

LANA

IKASKETAK

KUDEAKETAK EGITEA

EROSKETAK

MEDIKUA, OSPITALEA

BESTELAKOAK

GUZTIRA

%38,30

%20,40

%13,20

%6,60

%6,30

%15,10

%100,00

Horren arabera, lana eta ikasketak (ikastetxea, unibertsitatea...) dira arrazoi nagusiak, bidaien %60 baitira eskualdeko hiri garraioko linea guztietan. Arrazoi medikoa gehituz gero, hiru arrazoiek garraio publikoan egindako joan-etorrien bi heren biltzen dute.

Egun tartearen arabera arrazoien banaketari dagokionez, lan eta ikasketengatik egindako joan-etorriak goizeko eta eguerdiko puntako orduetan biltzen dira batez ere, eta mediku eta ospitaleengatik egindakoak egunean zehar banatzen dira.

Aipatu inkestaren emaitzen arabera, laneguneko bidaiarien %55ek ez dute bestelako garraiobiderik.

b) Gaueko sarean, ostegun batean, gaueko 550 bidaiari dira batez beste (1 ordu eta erdiko zerbitzua gutxi gorabehera).

Lehen esandakoa eta hiri garraioak lanegunetan Iruñerrian duen eskaintzaren eta eskariaren ezaugarriak kontuan hartuz, Iruñerriko Mankomunitateko buruaren ebazpen horretan, gutxieneko zerbitzuen honako proposamen hau egiten da:

–Eguneko sarean, gutxieneko zerbitzuen banaketa aldakorra proposatzen da, eskariari egokitua.

Prozedura hori gauzatu ahal izateko, tarte homogeneoen arabera zehaztu dira gutxieneko zerbitzuak, puntako orduen eta haraneko orduen eskemari jarraituz:

–Goizeko puntako ordua: 06:30etatik 09:30era arte.

–Eguerdiko puntako ordua: 13:00etik 15:30era arte.

–Arratsaldeko puntako ordua: 17:00etatik 20:30era arte.

–Haraneko orduak gainerakoak izanen dira.

Bidaien %60 baino gehixeago nahitaezkoak direnez (lana, ikasketak, medikuak, etab.) eta puntako orduetan biltzen direnez, puntako orduko gutxieneko zerbitzuak, ohiko zerbitzuaren portzentaje gisa definituak, neurri horretakoa izan beharko luke.

Portzentaje hori zehazteko, zerbitzu operatiboetan adierazita, beharrezkoak dira 73 autobus finko eta erreserbarako autobus bat, bai eta errefortzuko 3 ibilgailu ere. Kontuan hartuz lanegun batean 118 autobus finko gehi erreserbako 2 eta errefortzuko 9 autobus izaten direla, zehaztutako funtsezko zerbitzua lanegun bateko zerbitzuaren %60 izanen da.

Funtsezko zerbitzu hau jaiegunetakoa bezalakoa da 11 lineatan (2, 3, 5, 6, 12, 14, 15, 16, 18, 21 eta 25 zenbakidunetan), 7 lineatan jaiegunetakoa baino txikiagoa da (6, 8, 9, 10, 11, 19 eta 23 zenbakidunetan) eta 5 lineatan zertxobait handiagoa da (1, 4, 17, 20 eta 22 zenbakidunetan).

Haraneko orduetako gutxienekoa ezartzeko, haraneko orduaren eta puntako orduaren arteko erlazioa hartzen da kontuan, eta puntako orduan ezarritako gutxienekoei aplikatzen zaie. Honelakoa izanen litzateke: 6.655/12.154 bidaiari-ordua = puntako orduaren %54,8. Erlazio hori aplikatuz gero puntako orduetarako zehaztutako gutxienekoari, emaitza hau lortzen da: %54,8 × %60 = %32,9.

Portzentaje hori zehazteko zerbitzu operatiboetan adierazten bada, 51 autobus finko eta erreserbako autobus 1 beharko dira, hau da, lanegun bateko zerbitzuaren %40. Kasu honetan ez dago errefortzuko autobusik.

Hortik ateratzen dira %60ko gutxieneko zerbitzuak puntako orduetan (06:30-09:30, 13:00-15:30 eta 17:00-20:30) eta %40koak haraneko orduetan (09:30-13:00, 15:30-17:00 eta 20:30-22:30), lanegunetako ohiko zerbitzua erreferentzia hartuta. Portzentaje horiek bai autobus finkoetan eta erreserbakoetan bai errefortzukoetan aplikatuko dira, Iruñerriko Mankomunitateak egin duen proposamenean zehaztutako zerbitzuaren arabera, foru agindu honen eranskinean ikus daitekeen moduan.

Puntako ordutik haraneko ordura pasatzen den uneetan (09:30, 15:30 eta 20:30), autobusean doazen bidaiariei errespetatu egin beharko zaie zerbitzua, eta ibilbidea hurrengo burualderaino segitu beharko da oraindik jaisteko dagoen bidaiaririk izanez gero, eta eskatzen diren geldiuneetan gelditu; gero, autobusa hutsik dela, kotxetegira itzuliko da.

–Gaueko sareak zerbitzu murriztua du berez, eta gehienetan 30 eta 60 minutu arteko maiztasuna du. Horregatik, Iruñerriko Mankomunitateak, gutxieneko mugikortasuna bermatzeko, gaueko zerbitzuko funtsezko zerbitzu gisa proposatu du gaueko linea bakoitzeko azken bidaia (joan-etorria) egitea, eguneko azken bidaiak eginen direla bermatzeko.

Horrenbestez, Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan xedatutakoa, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluko 2. paragrafoa, eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 49. artikulua kontuan harturik, Iruñerriko Mankomunitateak eta Garraioen Plangintzaren eta Araubide Juridikoaren Zerbitzuak egindako proposamenarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. ELA, LAB, ESK eta STEE/EILAS sindikatuek 2020ko urtarrilaren 30erako deitutako greba orokorrean, errespetatu egin beharko dira honako gutxieneko zerbitzu hauek Iruñerriko erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio erregularrean, egun horretako 00:00etatik 24:00etara bitartean:

–Eguneko zerbitzuan: %60 puntako orduetan (06:30-09:30, 13:00-15:30 eta 17:00-20:30) eta %40 haraneko orduetan (09:30-13:00, 15:30-17:00 eta 20:30-22:30), lanegunetako ohiko zerbitzua erreferentzia hartuta. Portzentaje horiek bai autobus finkoetan eta erreserbakoetan bai errefortzukoetan aplikatuko dira, Iruñerriko Mankomunitateak egin duen proposamenean zehaztutako zerbitzuaren arabera, foru agindu honen eranskinean ikus daitekeen moduan.

Puntako ordutik haraneko ordura pasatzen den uneetan (09:30, 15:30 eta 20:30), autobusean doazen bidaiariei errespetatu egin beharko zaie zerbitzua, eta ibilbidea hurrengo burualderaino segitu beharko da oraindik jaisteko dagoen bidaiaririk izanez gero, eta eskatzen diren geldiuneetan gelditu; gero, autobusa hutsik dela, kotxetegira itzuliko da.

–Gaueko zerbitzuan: Gaueko linea bakoitzaren azken bidaia (joan-etorria) eginen da, eguneko azken bidaiak eginen direla bermatzeko.

2. Zerbitzu horiek guztiak egiteko beharrezkoak diren langileek jardunean egon beharko dute.

3. Aurreko apartatuetan xedatutakoak ez die inolako mugarik jarriko greba arautzen duen legeriak egoera horretan diren langileentzat aitortzen dituen eskubideei.

4. Lurralde Kohesiorako Departamentuak foru agindu honetan ezarritako gutxieneko zerbitzuak betetzeari buruzko informazioa igortzeko eskatzen ahal die agindu honek ukitzen dituen zerbitzuen arduradunei.

5. Foru agindu hau eta dagokion eranskina jakinaraztea ELA, LAB, ESK eta STEILAS sindikatuei, Garraioen Plangintzaren eta Araubide Juridikoaren Zerbitzuari, Iruñerriko Mankomunitateari eta Transports Ciutat Comtal SAri, behar diren ondorioak izan ditzan.

6. Foru agindu hau eta eranskina argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

7. Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta partikularrek gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal dutela horren aurka, Nafarroako Gobernuari zuzenduta, hilabeteko epean, foru agindua jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa ezertan galarazi gabe, foru agindu honek amaitzen du administrazio publikoentzako administrazio bidea. Dena dela, administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, hura jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2020ko urtarrilaren 21ean.–Lurralde Kohesiorako kontseilaria, Bernardo Ciriza Pérez.

ERANSKINA

Gutxieneko zerbitzuak 2020ko urtarrilaren 30eko greban, 00:00etatik 24:00etara - Lanegunak (%40-%60)

LERROA

HARANEKO ORDUETAKO GUTXIENEKO ZERBITZUA (%40)

PUNTAKO ORDUETAKO GUTXIENEKO ZERBITZUA (%60)

(09:30-13:00; 15:30-17:00; 20:30-22:30)

(06:30-09:30; 13:00-15:30; 17:00-20:30)

Ibilgailu kopurua

Pasatzeko maiztasuna

(min.)

Bidaia denbora

(min.)

Ibilgailu kopurua

Pasatzeko maiztasuna

(min.)

Bidaia denbora

(min.)

L-1

1

60

60

2

30

60

L-2

2

25

50

3

20

60

L-3

2

20

40

3

15

45

L-4

8

15

120

12

10

120

L-5

2

30

60

3

20

60

L-6

1

60

60

2

30

60

L-7

4

30

120

6

20

120

L-8

1

48

48

2

24

48

L-9

2

40

80

3

24

72

L-10

2

45

90

2

45

90

L-11

2

40

80

3

25

75

L-12

3

25

75

4

20

80

L-14

1

30

30

1

30

30

L-15

1

60

60

2

30

60

L-16

4

30

120

6

20

120

L-17

3

25

75

3

25

75

L-18

4

25

100

5

20

100

L-19

2

45

90

3

30

90

L-20

1

60

60

2

40

80

L-21

2

20

40

3

15

45

L-22

1

30

30

1

30

30

L-23

1

120

120

1

120

120

L-25

1

40

40

1

40

40

Erreserbak

1

1

Errefortzuak

3

GUZTIRA

52

77

Iragarkiaren kodea: F2000961