18. ALDIZKARIA - 2020ko urtarrilaren 28a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LEGARDA

Ordenantza fiskala, udal hilerria erabiltzeko eta zerbitzuak emateko tasak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Legardako Udalak, 2019ko urriaren 23an egindako bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Ordenantza fiskala, udal hilerria erabiltzeko eta zerbitzuak emateko tasak arautzen dituena.

Onespenaren erabakia 2019ko 227. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 18an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Ordenantza hau hasiera batez onetsi zuen Legardako Udalak 2019ko urriaren 23an egin osoko bilkuran, eta 2019ko 227. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 18an. Jendaurreko epea alegaziorik egin gabe iraganda, bidezkoa da argitaratzea, eta ez da indarrean sartuko bere testua osorik argitaratu arte eta Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 65.2 artikuluan ezarritako epea igaro arte. Indarrean izanen da espresuki aldatu edo indargabetu arte.

Legardan, 2020ko urtarrilaren 7an.–Alkate udalburua, Silvestre Belzunegui Otano.

Ordenantza fiskala, udal hilerria erabiltzeko eta zerbitzuak emateko tasak arautzen dituena

I. kapitulua

Xedapen orokorrak

1. artikulua.

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen 7/1985 Legearen 4., 25. eta 26. artikuluetan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 4. eta 29. artikuluetan, eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 12. eta 100. artikuluetan ezarritakoaren arabera, Legardako Udalari dagokio udal hilerria administratzea, zuzentzea eta zaintzea; hori guztia batere ukatu gabe beste administrazio batzuek alor berean dauzkaten legezko eskumenak.

2. artikulua.

Administrazioak, zuzendaritzak eta zaintzak honako ahalmen hauek dakartzate berekin:

a) Hilerriko higienearekin eta osasungarritasunarekin ikusteko duen guztia.

b) Barne araubideari dagokion guztia.

c) Lurren eta hilobien antolaketa, banaketa, erabilera eta aprobetxamendua.

d) Eskubideak eta tasak kobratzea.

3. artikulua.

Udalaren ardurapekoak izanen dira hilerriaren antolaketa eta funtzionamendua.

Ordenantza honetan arautzen diren hilerriko zerbitzuak erabili nahi dituztenek Legardako Udalari eginen diote eskaera.

4. artikulua.

Behar bezalako gizalegea eta errespetua agertzen ez dituzten edo edozein modutan lekuaren berezko baitaratzea hausten duten pertsonei han egotea galaraziko zaie. Debeku da edozein motatako animaliak sartzea, itsu-txakurrak izan ezik.

5. artikulua.

Hilerrian, lur emanen zaio ehorzteko ekartzen den edozein hilotzi, baldintza hauetakoren bat betetzen bada:

a) Heriotza egunean Legardan erroldatutako herritarren hilotzak.

b) Aurreko baldintzak ez beteta ere, aurreko ahaideak, ondorengoak, ezkontidea edo izatezko bikotea Legardako hilerrian lurperatuta dituztenen hilotzak. Ehorzketa eginen da hildakoaren ahaidea dagoen lekuan.

Halaber, legezko tramiteak bete behar dira eta, ehorzteko eskubideak lortzeko, ordenantza honetan ezarritako kostuak eta/edo tasak ordaindu behar dira.

Legardako Udala arduratuko da lekua prestatuta edukitzeaz ehorzketarako.

6. artikulua.

Ezin izanen da zementuzko itxiturarik edo lauzarik jarri. Hilarriak ehorzketaren buruan jarriko dira, horman edo, halakorik ezean, lurzoruan, edo tripode batez, makinekin pasatu beharraren ondorioz mugitu behar denean.

Ordenantza honen onespenak ez dakar berarekin hilobien gainean jada jarrita daudenak kendu beharra, beharrezko kasuetan izan ezik.

7. artikulua.

Udalak ez du bere gain inolako erantzukizunik hartuko, hilerriaren esparruan gertatzen ahal diren lapurretengatik edo kalteengatik.

8. artikulua.

Titularren ardura da hilobiak segurtasun, higiene eta apaindura baldintza egokietan mantentzea.

Kontserbazio egoera egokia ez denean, Udalak interesdunei eskatuko die 30 egun naturaleko epean beharrezko lanak egin ditzaten hori konpontzeko. Epe hori iraganik, Udalak berak eginen ditu lan horiek, eta sortzen den kargua titularrei pasatuko die.

9. artikulua.

Emakidak eta aprobetxamendua honako arrazoi hauengatik ere amai daitezke:

a) Hilerria kentzeagatik.

b) Interes publikoagatik.

c) Ehorzketa gehiago egiteko hobiak behar izateagatik.

II. kapitulua

Hilotzak ehorztea, hilobitik ateratzea,
lekuz aldatzea eta autopsiak egitea

10. artikulua.

1.–Hilotzak edo gorpuzkiak ehortzi, hobitik atera eta lekuz aldatzeko, Hilotzen gaineko osasunari buruzko Erregelamenduaren arauei eta kapitulu honetan xedatutakoari jarraituko zaie.

2.–Lekua aurreztu beharrez, familia batek baldin badauka ehorzketa bat gutxienez 10 urte lehenago egindakoa, beharturik dago leku horretan egitera ehorzketa berria. Ezin izanen da erabili beste leku bat.

Azken ehorzketatik ez badira iragan 10 urte, ahalbidetuko da ehorzketa beste leku batean egitea, eta 10 urte iragan ondoren, nahitaezkoa izanen da gorpuzkiak lekualdatzea familia hilobira.

3.–Gorpu-hondakinak dituzten hilobietan ehorzteko, aldez aurretik horiek murriztu beharko dira, eskubidearen titularrari edo hark eskuordetutako pertsonari abisua emanda; beste gorpu bat utzi behar denean, gorpu-hondakin horiek berriz ere ehorzten ahalko dira.

4.–Osasun baimena beharrezkoa izanen da hilotzak edo gorpu-hondakinak atera edo ehorzteko, hilerri honetara edo beste hilerri batera eraman nahi direnean, Hilotzen inguruko Osasun Neurriei buruzko Erregelamenduan ezarritako kasuetan (urriaren 15eko 297/2001 Foru Dekretua).

Nolanahi ere, osasunari buruz indarra duten xedapenetan ezarritakoari jarraikiz eginen dira jarduketa horiek guztiak, osasunaren aldetik behar diren neurri guztiak hartuta.

11. artikulua.

Hilotzak hilerrian berean lekuz aldatzeko atera daitezke hobitik, baita beste hilerri batera eramateko ere, eta bi kasuetan hilobiaren gaineko eskubidearen titularraren eskabidea beharko da.

Hilotzak hobitik ateratzen badira hilerriaren barreneko beste hilobi batera eramateko, zein hilobitan berrehortzi nahi den, haren gaineko eskubidea duen titularraren baimena beharko da.

12. artikulua.

Hilotzak ateratzea, beste ehorzketa batzuk egiteko.

Libre dauden eremuak agorturik, hilerriko zein aldetan dauden hilobi zaharrenak, handik hasiko da, eta hurrenkera hori ezin izanen da aldatu, jada badiren panteoien kasuan izan ezik, panteoiaren jabea den familiak argi adierazten badu bertan ehortzi nahi dituela hildako senideak.

Hilotza ateratzen hasi baino lehen, saiatu beharko da senideei aldez aurretik garaiz jakinarazten.

13. artikulua.

Beste hilerri batetik ekarritako hilotzak ehorzteko ezin izanen da lur berria okupatu; hildako senide baten beste hilobi batean jarri beharko dira.

14. artikulua.

Udalak eremu bat finkatzen ahalko du hilerriaren barrenean kolunbarioak egiteko, horietan hilkutxak edo hilotz erraustuen ontziak ehorzteko (errauts kutxatilak, ontziak etab.).

Horiek ehorzteko nahiz hobitik ateratzeko, ordenantza honetako arauak aplikatuko dira.

15. artikulua.

Hilotz erraustuen kutxatilak edo ontziak beste hilobi batek okupatutako lur eremuan ehorzten ahalko dira, baldin eta hildako senide batena bada, eta okupatutako hilobiaren titularrarengandik hurbilena den familiak eskatzen badu.

III. kapitulua

Hilerriko hilobien erregistroa

16. artikulua.

Hilerrian egiten diren hilobi eta zerbitzuen erregistroa sortu da, honako hauek jasoko dituena:

a) Hilobien identifikazioa.

b) Ehorzketa eguna.

c) Zenduaren izen-abizenak.

d) Eskualdaketak, adierazita data, titular berriaren datuak eta eskualdaketaren zioa.

e) Ehorzketak, hobitik ateratzeak eta tokiz aldatzeak, honako hauek adierazita: zer hilotz den, pertsona horren izen-deiturak, eta jarduketaren eguna.

f) Gertaerak eta erreklamazioak: hilobia edo haren ingurua ukitzen duen edozein beste gertaera.

Legardako Udala arduratuko da erregistroaz. Beharrezko neurriak hartuko ditu datuen segurtasuna bermatzeko, eta horiek aldatzea, galtzea edo inor sartzea eragozteko.

Inskripzioetan akats materialik bada, ofizioz zuzenduko da, akatsa argi eta garbi adierazi eta zuzentzeko idatzizko ohar berria eginez.

IV. kapitulua

Tasak, hilerrian zerbitzuak emateagatik

17. artikulua.

Tributu kuota edo tasa eta zerga-oinarria berdinak dira; azken hori ordenantza honen 18. artikuluan zehazten da.

18. artikulua.

Zerga-egitatea honako zerbitzu hauek egitea da:

1.–Ehorzketak.

Ordenantza honen 5. artikuluko kasu guztietan, titular eskatzaileak 200 euro ordaindu beharko dizkio Legardako Udalari ehorzketa bakoitzean, lur eremua erabiltzeko eskubideengatik. Tasa hori urtero eguneratuko da kontsumoko prezioen indizearen arabera, Estatistikako Institutu Nazionalak Nafarroarako ezarritakoari jarraikiz.

Legardako Udalak ez du ehorzketa gastua ordainduko, eta ehorzketaren kostua beti izanen da eskatzailearen kargura.

2.–Hilotz erraustuen ontziak ehorzteko tasak.

Ordenantza honen 5. artikuluko kasu guztietan, titular eskatzaileak 200 euro ordaindu beharko dizkio Legardako Udalari ehorzketa eskubideengatik. Tasa hori urtero eguneratuko da kontsumoko prezioen indizearen arabera, Estatistikako Institutu Nazionalak Nafarroarako ezarritakoari jarraikiz.

3.–Hobitik ateratzeak.

Hilerriko hilobi guztietan 200 euro izanen da zerbitzuaren kostua.

4.–Hilerriko beste lan batzuk.

Horien kostua eskatzailearen gain geldituko da.

19. artikulua.

a) Tasa hauen subjektu pasiboak dira ordenantza honetan araututako zerbitzuetako bat eskatzen dutenak, izan pertsona fisikoak, izan pertsona juridikoak edo izan, nortasun juridikorik gabe, batasun ekonomikoa edo ondare banatua eratzen duten entitateak.

b) Ehorzteko eskubideen ordainarazpenetan, ehorzketak antolatu edo hilotzak hilerrira eramaten dituzten ehorztetxeak dira zergadunen ordezkoak.

20. artikulua.

Hobi berean bi hilotz edo gorpuzki, nahiz gehiago, batera lurperatzeko lizentziak ematen ahalko dira, baldin eta ehorzketa lekuak behar bezain zehazturik badaude, baina hilotz bakarra lurperatzetik gorako lanak partikularraren kontura izanen dira.

21. artikulua.

Hilerri honetako hilobi batetik gorpuzkiak atera eta beste batean ehortziz gero, hilotza ateratzeagatik eta ehorzteagatik ordaindu beharko dira tasak. Gorpuzkiak beste hilerriren batetik ekarriz gero, ehorzketari dagozkion tasak baizik ez dira ordainduko.

22. artikulua.

Zerbitzuak egin aurretik ordainduko dira 18. artikuluan ezarritako zerbitzuen tasak, premia larria dagoenean izan ezik.

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 108. artikuluan xedatuari jarraituz, tasak autolikidazio bidez eskatuko dira.

Xedapen gehigarria

Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, Hilotzen gaineko osasunari buruzko urriaren 15eko 297/2001 Foru Dekretuan eta indarrean diren gainerako arauetan ezarritakoari jarraituko zaio.

Iragarkiaren kodea: L2000111