18. ALDIZKARIA - 2020ko urtarrilaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

961/2019 EBAZPENA, abenduaren 31koa, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez izendatzen baitira Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuko eta Toki Azpiegituren Zerbitzuko zuzendarien aldi baterako ordezkoak.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 16.3 artikuluak xedatzen duenez, Foru Administrazio Publikoko gainerako buruak, hierarkikoki zer organoren menpe dauden, horri egokituko zaio haien ordezkoak hautatzea, salbu eta horren gaineko berariazko arauren bat dagoenean.

Artikulu horren 6. apartatuaren arabera, ordezkoen izendapena baliozkoa izateko, ez da derrigorrezkoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, salbu eta baldintza hori ezarrita duten kasuetan.

Urriaren 30eko 263/2019 Foru Dekretuaren 9. artikuluarekin bat (haren bidez Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura ezarri zen eta 2019ko 220. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 7koan), Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiaren menpean daude zuzenean Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzua eta Toki Azpiegituren Zerbitzua.

Horrenbestez, aipatutako lege horrekin bat,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Kargua hutsik dagoenean, kanpoan denean eta eritasun edo ezintasunen bat duenean eta abstentzioa edo errekusazioa deklaratuta dagoenean, ataleko buru hauek ordeztuko dute, aldi baterako eta hurrenkera honetan, Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuko zuzendaria:

a) Tokiko Kudeaketaren Atala.

b) Arauen Garapenerako eta Toki Antolamendurako Atala.

c) Toki Araubidearen eta Toki Entitateetako Langileen Kudeaketaren Atala.

d) Toki Informazioaren eta Despopulazioaren aurkako Borrokarako Estrategiaren Atala.

Bigarrena.–Kargua hutsik dagoenean, kanpoan denean eta eritasun edo ezintasunen bat duenean eta abstentzioa edo errekusazioa deklaratuta dagoenean, ataleko buru hauek ordeztuko dute, aldi baterako eta hurrenkera honetan, Toki Azpiegituren Zerbitzuko zuzendaria:

a) Toki Azpiegituren eta Obren Atala.

b) Kudeaketa Tekniko-administratiboaren Atala.

c) Plangintzaren, Azterlanen eta Uraren Ziklo Osoaren Atala.

Hirugarrena.–Ebazpen hau interesdunei igortzea, bai eta Nafarroako Aldizkari Ofizialari ere, argitara dadin.

Iruñean, 2019ko abenduaren 31n.–Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusia, Jesús M. Rodríguez Gómez.

Iragarkiaren kodea: F2000102