18. ALDIZKARIA - 2020ko urtarrilaren 28a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

TUTERA

Deialdia, zerbitzu anitzetako enplegatu izateko D mailako lanpostu bat oposizio bidez eta barne igoera murriztuan betetzeko

Alkatetzak abenduaren 16an emandako 2166/2019 Ebazpenaren bidez onetsi ziren zerbitzu anitzetako enplegatu izateko D mailako lanpostu bat oposizio bidez eta barne igoera murriztuan betetzeko deialdia eta hura betearazteko oinarriak. Tuterako Udalaren plantilla organikoan 0513D07604 kodearekin identifikaturik dago lanpostua, eta 2007ko lan publikoaren eskaintzan bete beharrekoa da, 2007ko 158. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baitzen, abenduaren 21ean.

Deialdia gauzatuko da aplikatu beharreko araudian xedatuari eta oinarri hauetan ezartzen denari jarraikiz.

OINARRIAK

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da D mailako lanpostu bat oposizio bidez eta barne igoera murriztuan betetzea. Horretarako prozedura aurreikusita dago Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileriaren Estatutuaren 15.6 artikuluan eta, orobat, Tuterako Udaleko eta haren erakunde autonomoetako funtzionarioen eta lan-kontratudun finko nahiz aldi baterakoen lan baldintzen gainean indarra duen akordioaren 32.2 artikuluan.

1.2. Udalaren 2007ko plantilla organikoa onesteko 2007ko urriaren 26ko osoko bilkuran hartutako erabakiarekin bat, lanpostu bat bete behar da, zerbitzu anitzetako enplegatuarena.

1.3. Hautaprobak gainditu ondoan aipatu lanpostuan aritzeko izendatzen den izangaia D maila edo taldean sailkatuko da eta maila edo talde horretako ordainsariak jasoko ditu.

1.4. Oposizioaldia gainditu duen izangaiak lortuko du barne igoera.

1.5. Igoera izan duen lagunak jatorrizko zerbitzuari edo arloari atxikirik jarraituko du, deialdiko maila eta kategoriari, eta eskatutako ikasketei egokitutako lan eta eginkizunetan ariko da eta, maila berriari dagozkion eginkizunez gain, ordura arte egiten zituenak ere beteko ditu.

1.6. Maila igotzeko proba hauetan parte hartzeak ez du deusetan aldatuko langileak izendapenaren aitzinetik zuen araubide juridikoa, izan hori funtzionarioena edo lan-kontratudunena. Eskubide pasiboen eta osasun laguntzaren araubide berari eutsiko dio.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Honako oposizio honetan parte hartu ahal izateko, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean, izangaiek ondoko baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Tuterako Udalaren zerbitzuko funtzionarioa edo lan-kontratudun finkoa izatea, E maila edo taldekoa.

b) Peoi edo aldageletako peoi izateko lanpostu bat betetzeko izendatua edo kontratatua izana.

c) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

d) Nafarroako Administrazio Publikoetan bost urteko antzinatasun onartua duela frogatzea.

e) Eskola Graduatuaren titulua, Lanbide Heziketako lehen mailako titulua edo baliokideren bat izatea.

Titulazioaren baldintza betetzen ez denean, horren ordain izan daiteke Nafarroako administrazio publikoetan zortzi urteko zerbitzuak eman izana frogatzea.

Baldintza horiek betetzen direla eskabideak aurkeztean frogatu beharko da.

3.–Eskabideak.

3.1. Esteka honetan agertzen den ereduaren arabera bete beharko dira deialdian parte hartzeko eskabideak:

http://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/005C_Local_concurso_oposic_C.pdf

Eskabideak Herritarrendako Laguntza Zerbitzuan (Plaza Vieja, 1) edo Frontón karrikako 1eko bulegoetan erregistratu beharko dira, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein erabiliz, 15 egun balioduneko epean, erregistratu ere deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina. Eskabidean, izangaiek adierazi behar dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea akitzen den egunean.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da, postako langileek, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzaten.

3.2. Eskabidearekin batera aurkeztu beharko dira deialdiaren 2 oinarrian eskatzen diren baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten agiriak.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatu ondoan, alkate udalburuak ebazpena emanen du izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du Tuterako Herriko Etxeko iragarki-taulan eta Udalaren webgunean argitaratzeko; gainera, banan-banan jakinarazpena eginen zaie interesdunei.

4.2. Izangai baztertuek, jakinarazpena jaso ondoko 10 egun baliodunean, erreklamazioak aurkezten ahalko dituzte eta, akatsik egin badute, haiek zuzendu.

4.3. Erreklamazioetarako epea amaitu eta aurkeztutakoak ebatzita, alkate udalburuak ebazpena emanen du onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko; zerrenda hori banan-banan jakinaraziko zaie horiei, eta Herriko Etxeko iragarki-taulan eta Udalaren webgunean argitaratuko da. Ebazpen horretan adieraziko da probak non, zein egunetan eta zer ordutan hasiko diren.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

–Epaimahaiko burua: Pedro González Felipe, Tuterako Udaleko zinegotzia.

–Ordezkoa: Irune García García, Tuterako Udaleko zinegotzia.

–Epaimahaikidea: José Luis Sangüesa Ochoa, Tuterako Udaleko kirol koordinatzailea.

–Ordezkoa: Luis Segura Casado, Tuterako Udaleko kirol medikua.

–Epaimahaikidea: Ana Felipe Sáenz (zerbitzu anitzetako enplegatua, Kirolei atxikia).

–Ordezkoa: Javier Vázquez Izquierdo (zerbitzu anitzetako enplegatua, Kirolei atxikia).

–Epaimahaikidea: Eva Alvero Coloma (zerbitzu anitzetako enplegatua, Kirolei atxikia).

–Ordezkoa: M.ª Dolores Gil Borao, (zerbitzu anitzetako enplegatua, Kirolei atxikia).

–Epaimahaikidea: Ana José Martínez Navarro, Tuterako Udaleko langileen ordezkaria.

–Ordezkoa: M.ª Cruz Pérez Omeñaca, Tuterako Udaleko langileen ordezkaria.

–Idazkaria: Ana Rosa Valero Gómez (administrari-ofiziala, Langileriakoa).

–Ordezkoa: Belén Serrano Cornago, (administrari-ofiziala, Langileriakoa).

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa biltzen ez bada.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazio eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak.

5.4. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Oposizioa nola eginen den.

6.1. Ariketan proba teoriko-praktiko bat eginen da, deialdiko lanposturako berariazkoa izanen dena, lanpostuak dituen xede eta eginkizunen gainekoa eta hartan aritzeko moduaren gainekoa, betiere II. eranskineko gai-zerrendari jarraituz. Epaimahaiak ezarriko du, zehazten den probaren arabera, zein den hura egiteko gehieneko denbora.

6.2. Oposizioaldian gehienez ere 50 puntu lortu ahalko dira, eta baztertuta geratuko dira gutxienez 25 puntu eskuratzen ez dituzten oposiziogileak.

6.3. Ariketa burututa, epaimahaiak, hamar eguneko epean, Tuterako Udalaren iragarki-taulan emanen ditu argitara izangaien zerrenda eta bakoitzak lortutako kalifikazioak.

6.4. Probak egiteko deialdi bakarra izanen da, eta hartara izangaiek Nortasun Agiri Nazionala daramatela agertu beharko dute. Probetara agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.

7.–Gainditzen dutenen zerrenda.

7.1. Ariketaren kalifikazioa burututa, epaimahaiak jendaurrean paratuko du Tuterako Herriko Etxeko iragarki-taulan eta Udalaren webgunean gainditu dutenen zerrenda, lortu duten puntuazioaren araberakoa.

7.2. Epaimahaiak organo eskudunari igorriko dio oposizioaldia gainditzen duten izangaien aldeko izendapen proposamena, deialdi honetako 6.2 atalean ezarritakoaren arabera.

8.–Izendapena eta jabetza hartzea.

8.1. Aurreko oinarrian aipatzen den hautatze prozedura burutu ondoan, alkateak ebazpena emanen du oposizioaldia gainditzen duten izangaiak izendatzeko, eta zer mailatan sartzen diren zehaztuko du bertan. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

8.2. Izangai izendatuak, izendapena jakinarazi eta ondoko hilabeteko epean lanpostuaren jabetza hartu beharko du edo lan kontratuaren eranskina formalizatu. Norbait jabetzen ez bada, ezinbertzeko kasuetan izan ezik, maila berria lortzeko eskubide guztiak galduko ditu.

9.–Errekurtsoak.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Deialdi honen oinarrien kontra edo hura aplikatzeko epaimahaitik etortzen ez diren egintzen kontra, hautara, ondoko errekurtsoetako bat aurkezten ahalko da:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Aditzera ematen da, halaber, Nafarroako Arartekoari doako kexa ere aurkezteko eskubidea dagoela, nahiz eta aintzat hartu behar den kexa horrek ez duela ebazpen administratibo edo judizialen betearazpena geldiaraziko, ezta haien aurkako errekurtsoak paratzeko legezko epeak etenen ere, errekurritzea bidezkoa denean betiere.

II. ERANSKINA

Gai zerrenda

1. Igerilekuaren egitura eta osagaiak: iragaztea eta ez irristatzeko sistema.

2. Legionella kontrolatzea instalazioetan. Osasun eta segurtasun arriskuak igerilekuetan.

3. Ura tratatzeko prozedurak. Autokontrolaren eta gorabeheren protokoloak.

4. Segurtasun arauak. Konpontze lanetan hartu beharreko arreta. Laneko arriskuei aurrea hartzea: norbera babesteko ekipamenduak, istripuen prebentzioa.

Tuteran, 2019ko abenduaren 18an.–Alkatea, Alejandro Toquero Gil.

Iragarkiaren kodea: L1916471