18. ALDIZKARIA - 2020ko urtarrilaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

NAFARROAKO PARLAMENTUA. Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutuaren aldaketa.

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak, 2019ko abenduaren 16an egindako bilkuran, erabaki hau hartu zuen, besteak beste:

Mahaiari aintzat har dezan igortzen zaio Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutuaren 17.2 artikulua garatzeko Erregelamenduaren aldaketa-proposamen hau:

1. Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutuko 17.2 artikulua garatzeko Erregelamenduaren aldaketa-proposamena, zeina honekin batera baitoa, onestea.

2. Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutuko 17.2 artikulua garatzeko Erregelamenduaren aldaketa-proposamena Nafarroako Parlamentuko Langileen Batzordeari ere helaraztea, Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutuaren 34.1.f) artikuluan xedaturiko ondorioetarako.

3. Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitara dadin agintzea.

Iruñean, 2019ko abenduaren 12an.–Lehendakaria, Unai Hualde Iglesias.

NAFARROAKO PARLAMENTUKO LANGILEEN ESTATUTUAREN ALDAKETA

ZIOEN AZALPENA

Legebiltzarreko Langileen Estatutua da antolaketaren eta langileen alorrean autoaraugintza-printzipioa ezartzen eta bermatzen duen oinarrizko araua, Parlamentuaren autonomiaren printzipio orokorretik eratorrita. Lege-maila eta -indarra dauzka, eta hala adierazi dute Konstituzio Auzitegiak nahiz Auzitegi Gorenak.

Langileen Estatutuaren aldaketa honen arrazoia da Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak C-72/18 aferan emandako 2019ko ekainaren 20ko epaiari araugintzazko exekuzioa eman beharra. Auzitegi horrek jo du langile kontratatuen ordainsarietan sartu beharrekoak direla gradu- eta antzinatasun-osagarriak eta familia-laguntza, epaian adierazitako zertzeladekin. Estatutuak langile kontratatuentzat ordain-kontzeptu horiek jasotzen ez dituen heinean da beharrezkoa estatutua aldatzea.

Langileen Estatutu indardunaren laugarren xedapen gehigarriak ezarritako prozedurari eta Parlamentuko Erregelamenduaren hirugarren xedapen gehigarriari jarraikiz, Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutua aldatzen da, nondik norako hauekin:

Lehena.–Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutuko 4.4 artikulua aldatzen da. Honako testu hau izanen du:

“4. Langile kontratatuek jasoko dituzten ordainsariak izanen dira betetzen ari diren lanpostuari dagozkionak. Halaber jasoko dituzte graduari dagokion ordainsaria eta emandako zerbitzuengatiko antzinatasun-saria, salbu eta beste administrazio publiko batengandik jasotzen badute, bai eta familia-laguntza ere”.

Bigarrena.–Hamargarren xedapen gehigarri berri bat eransten zaio, honako testuarekin:

“Hamargarren xedapen gehigarria. Gradu-ordainsaria administrazio araubideko langile kontratatuei ordaintzea.

Nafarroako Parlamentuak ofizioz ordainduko die administrazio araubideko langile kontratatuei gradu-ordainsaria, 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera eta 4 urteko atzeraeragineko efektu ekonomikoekin, kasu bakoitzean aitortutako antzinatasunaren arabera”.

Hirugarrena.–Xedapen iragankor bakarra eransten zaio, honako testuarekin:

“Xedapen iragankor bakarra.–Legegintzazko baliozkotzea.

Gradu-aitorpenaren efektuak atzeraeraginez hedatzeak berekin dakar legegintza bidez baliozkotzen direla aitorpen hori iraganean Nafarroako Parlamentuko langile kontratatuei ukatu zieten administrazio-ebazpenak, hamargarren xedapen gehigarriko zertzelada berberekin”.

Laugarrena.–Azken xedapenetako bigarrena aldatzen da, jarraian adierazten den bezala:

“Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Langileen Estatutuaren aldaketa honek Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean bertan hartuko du indarra. Nafarroako Aldizkari Ofizialean ere argitaratuko da”.

Iragarkiaren kodea: F2000188