18. ALDIZKARIA - 2020ko urtarrilaren 28a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

EGUESIBAR

2020rako lan egutegia eta egun baliogabeen deklarazioa

Kontuan hartuz abenduaren 27ko 624/1999 Foru Dekretua (haren bidez ezartzen da Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren aplikazio eremuan sartzen diren Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen urteko lanordu kopurua), maiatzaren 10eko 177/2019 Ebazpena, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana (haren bidez ezartzen da Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan ordaindu bai baina errekuperatu behar ez diren 2020ko jaiegunen egutegi ofiziala), eta aplikatu beharreko gainerako araudia, eta bat etorriz Eguesibarko Udaleko langileen lan baldintzak arautu eta osatzen dituen hitzarmenaren 2. artikuluarekin, dituen eskudantziak baliatuz alkate honek:

EBAZTEN DU:

1. Onestea Eguesibarko Udaleko Administrazio Orokorrean (Bulegoak), Zerbitzu Anitzetan, Lorezaintzan, Gizarte Ongizatean, Kultura eta Kiroletan 2020an izanen diren jaiegunen lan egutegia, aipatu 177/2019 Ebazpenarekin bat etorriz. Hona hemen:

–Urtarrilaren 1a: Urteberri eguna.

–Urtarrilaren 6a: Errege eguna.

–Martxoaren 19a: San Jose eguna.

–Apirilaren 9a: Ostegun Santua.

–Apirilaren 10a: Ostiral Santua.

–Apirilaren 13a: Pazko astelehena.

–Maiatzaren 1a: Langileen Eguna.

–Abuztuaren 15a: Ama Birjinaren Jasokundea.

–Urriaren 12a: Espainiako Jai Nazionala.

–Abenduaren 3a: San Frantzisko Xabierkoa.

–Abenduaren 7a: Konstituzioaren Egunaren biharamuna.

–Abenduaren 8a: Ama Birjina Sortzez Garbia.

–Abenduaren 25a: Eguberri eguna.

Orobat, baliogabeak izanen dira, 2020. urtean epeak kontatzeari dagokionez, larunbat eta igande guztiak, eta udal bulegoetako jaiegunak.

2. Eguesibarko Udalean, ezarririk dago urteko lanordu kopurua egiazko 1.592 ordukoa izanen dela (salbu Udaltzaingoko langileak, Musika Eskolakoak eta ikastetxeen etxezaintzakoak), eta honela banatuko da:

Administrazio Orokorra (Bulegoak), Oinarrizko Gizarte Zerbitzua, Kultura eta Kirolak:

Astelehenetik ostiralera bitarteko eguneroko lanaldia, orokorrean, 7 ordu eta 30 minutukoa izanen da. Nahitaez lan egin beharko da 08:00etatik 15:00ak arte; gainerako 30 minutuak nola egin langileek aukeran izanen dute, malgutasuna izanen baita, 07:30etik 08:00ak arte eta 15:00etatik 15:30era arte. Zerbitzu beharren arabera aldatzen ahalko da hori.

3. Zerbitzu anitzetako eta Lorezaintzako langileek 7 ordu eta 30 minutukoa izanen dute eguneko lanaldia, astelehenetik ostiralera. Nahitaez eta orokorrean –hurrengo 3.1 apartatuan ezarritakoa eragotzi gabe–, 07:30etik 15:00ak arte lan eginen da, lan kontratuan beste lanaldi bat ezarria duten langileen kasuan izan ezik.

Urteko lanordu kopurutik kanpo gelditzen ahalko dira ordutegi orokorretik kanpo eginiko zerbitzuak, elurra edo izotza dela-eta Alkatetzak zehazturiko udal zerbitzuek halakoak egiten dituztenean; hala gertatzen bada, konpentsatzen ahalko dira Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategineko 51. artikuluan ezarritakoaren arabera.

4. Martxoaren 20a eta uztailaren 6a eta 7a ez dira lanegunak izanen, lanaldi soberakinagatik, arlo hauetako langileentzat: Administrazio Orokorra (Bulegoak), Oinarrizko Gizarte Zerbitzua, Kultura, Kirolak, Zerbitzu Anitzak eta Lorezaintza.

7 egun, 5 ordu eta 30 minutu soberatzen dira 2020rako onetsi den lan egutegian eta horren aplikazio eremuko udal langileek hautatuko dute ordu horiek noiz hartu.

5. Erregistro Orokorra 08:30etik 14:30era arte egonen da irekita, astelehenetik ostiralera, jendea hartzeko.

Sarrigurenen, 2020ko urtarrilaren 3an.–Alkatea, Amaya Larraya Marco.

Iragarkiaren kodea: L2000109