18. ALDIZKARIA - 2020ko urtarrilaren 28a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

UDABE-BERAMENDI

Ordenantza, herri-larreen eta epaitzen aprobetxamendua arautzen duena. Behin betiko onespena

Udabe-Beramendiko Kontzejuak, 2019ko irailaren 12an egin bilkuran, hasiera batez onetsi zuen kontzejuko herri-larreen eta epaitzen aprobetxamendua arautzen duen ordenantza.

Onespenaren erabakia 2019ko 192. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 27an, eta jendaurreko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iragan denez, ordenantza behin betiko onetsi da eta oso-osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Udabe-Beramendin, 2019ko abenduaren 31n.–Alkatea, Imanol Biurrarena Barrenetxea.

ORDENANTZA, UDABE-BERAMENDIKO KONTZEJUKO HERRI-LARREEN ETA EPAITZEN APROBETXAMENDUA ARAUTZEN DUENA

I. TITULUA.–Xedapen orokorrak.

II. TITULUA.–Administrazioa eta xedapen egintzak.

III. TITULUA.–Herri-ondasunak defendatu eta berreskuratzea.

IV. TITULUA.–Herri-ondasunen aprobetxamendua.

I. kapitulua.–Xedapen orokorrak.

II. kapitulua.–Herri-larreen aprobetxamendua.

III. kapitulua.–Epaitzen aprobetxamendua.

IV. kapitulua.–Herri-ondasunen bestelako aprobetxamenduak.

V. kapitulua.–Hobekuntzak herri-ondasunetan.

V. TITULUA.–Arau-hausteak eta zehapenak.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da arautzea Udabe-Beramendiko kontzeju-mugarteko herri-ondasunen administrazioa, erabilera, defentsa, berreskuratzea eta aprobetxamendua.

2. artikulua. Herri-ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herri-ondasunak dira besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak, eta ez dute beren gain tributurik izango. Haien izaera eta tratamendu juridikoan ez da aldaketarik izango, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Herri-ondasunen gaineko arauak hauek dira: Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herri-lurren ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, galarazi gabe Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren apartatuan xedatua.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen egintzak

5. artikulua. Udabe-Beramendiko Kontzejuari dagozkio herri-ondasunak erabiltzeko, administratzeko, aprobetxatzeko eta antolatzeko ahalmenak, ordenantza honetan azaltzen den moduan. Herri-ondasunen gainean Udabe-Beramendiko Kontzejuak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Herri-ondasunei buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saltzeko edo trukatzeko desafektazioa egiteko, Nafarroako Gobernuak haien onura publikoa edo soziala deklaratu beharko du, eta, hori baino lehen, Udabe-Beramendiko Kontzejuak justifikatu beharko du dena delako xedea ezin dela lortu beste bide batzuen bitartez, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izango baitira lehentasunezko aukerak. Herri-ondasunak desafektatu ondoren beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako. Kasua aztertu eta gero, lur horiek Udabe-Beramendiko Kontzejuaren ondarera itzuliko dira herri-ondasun gisa. Horretarako, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 140. artikuluko prozedurari jarraituko zaio.

III. TITULUA

Herri-ondasunak defendatu eta berreskuratzea

7. artikulua. Udabe-Beramendiko Kontzejua ahaleginduko da herri-ondasunak zaintzen, defendatzen, berreskuratzen eta hobetzen, eta kontra eginen die pribatizazio saio orori nahiz kaltea eragiten dieten bestelako ekintzei.

8. artikulua. Udabe-Beramendiko Kontzejuak berez eta noiznahi berreskuratzen ahal du herri-ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariak txostena eginda eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezkoa denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri-ondasunak berreskuratzeko eta defendatzeko.

9. artikulua. Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Udabe-Beramendiko Kontzejuak Nafarroako Gobernuari, finken immatrikulazioa dela-eta edo herri-lurrekin mugakide diren finken hedadura soberakina dela eta. Udabe-Beramendiko Kontzejuko Batzarrak hartu beharko du jakinarazpen horien gaineko erabakia.

10. artikulua. Udabe-Beramendiko Kontzejuak Nafarroako Gobernuaren onespen berariazkoa beharko du aldez aurretik, baldin transakziorik egin nahi badu ondasunak herriaren ondarerako berreskuratzeko.

11. artikulua. Baimen, kontzesio edo beste edozein titulu dela-eta herri-ondasunen gainean sortu diren eskubideak iraungitzeko, eta haiek ekarritako okupazioak ere iraungitzeko, Udabe-Beramendiko Kontzejuak beti erabiliko du administrazio bidea, ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aurretik kalte-ordaina emanen da edo ez, zuzenbideak ezartzen duena.

12. artikulua. Udabe-Beramendiko Kontzejuak interpretatuko ditu herri-ondasunei buruzko kontratuak, haien partaide denean, eta ebatziko ditu betetzeari buruz sortzen diren zalantzak. Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, galarazi gabe kontratistek duten eskubidea jurisdikzio-bidean behar den deklarazioa lortzeko.

13. artikulua. Udabe-Beramendiko Kontzejuak ez dituenean behar diren ekintzak sustatzen herri-ondasunak defendatzeko, posible izango da herritarren ekimena, zehaztuko den moduan. Ekimen horrek aurrera eginez gero, sortu diren gastuak itzuli beharko dizkie Udabe-Beramendiko Kontzejuak herritarrei.

IV. TITULUA

Herri-ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua. Ordenantza honek aprobetxamendu hauek arautzen ditu:

a) Herri-larreen aprobetxamenduak.

b) Epaitzen aprobetxamenduak.

c) Herri-ondasunen bestelako aprobetxamenduak (hilerria eta beste).

15. artikulua. Oro har, familia-unitateak edo norbanakoak izango dira herri-lurretako aprobetxamenduen onuradunak, baldin eta jarraian ageri diren baldintzak betetzen badituzte; ezpada Udabe-Beramendiko Kontzejuak kontrakoa adierazten duela:

1. Familia-unitateak:

a) Adin nagusikoa izatea, edo adingabe emantzipatua, edo judizialki gaitua.

b) Udabe-Beramendiko Biztanle Erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea 5 urteko antzinatasunez.

c) Urtean 9 hilabetez bederen egiazki eta jarraian bizitzea Udabe-Beramendin.

d) Udabe-Beramendiko Kontzejuarekin inolako zor fiskalik ez izatea eta egunean edukitzea auzolanen, epaitzen, hilerriaren eta belar-soroen kuoten ordainketa.

e) Azienda alta emana izatea Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamenduko Erroldaren Erregistroan.

f) Kontzejuari aurkeztea Basaburuko Udalak emandako baimena bere aziendari dagokion jardueran aritzeko, abeltzaintzako instalazioak barne.

g) Udabe-Beramendiko Kontzejuari aurkeztea abeltzaintzako ustiategiaren liburua.

2. Familia-unitateko kideak izango dira etxe berean bizi diren guztiak. Nolanahi ere, familia unitate independentetzat hartuko da erretirodunek osatua, familiakoekin bizi arren; betiere, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.

3. Artikulu hau ulertzean sor daitezkeen zalantzak Udabe-Beramendiko Kontzejuko Batzarrak ebatziko ditu, banan-banan, aldez aurretik txostena eskatuta interesdunei.

4. Norbanakoak:

Abeltzaintzan edo nekazaritzan beren familia-unitatetik kanpora aritu nahi duten gazteak, baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Adin nagusikoa izatea, edo adingabe emantzipatua, edo judizialki gaitua.

b) Udabe-Beramendiko Udal Erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea 5 urteko antzinatasunez.

c) Urtean 9 hilabetez bederen egiazki eta jarraian bizitzea Udabe-Beramendin.

d) Udabe-Beramendiko Kontzejuarekin inolako zor fiskalik ez izatea eta egunean edukitzea auzolanen, epaitzen, hilerriaren eta belar-soroen kuoten ordainketa.

e) Azienda alta emana izatea Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamenduko Erroldaren Erregistroan.

f) Kontzejuari aurkeztea bere aziendari dagokion jardueran aritzeko baimena, abeltzaintzako instalazioak barne.

g) Udabe-Beramendiko Kontzejuari aurkeztea abeltzaintzako ustiategiaren liburua.

16. artikulua. Nekazaritzan edo abeltzaintzan aritu nahi duten norbanakoek horretarako baimena eskatu beharko diote Udabe-Beramendiko Kontzejuari. Kontzejuak, bada, kasu bakoitza aztertu eta dagokion baimena emango du, egokia dela irizten badio.

II. KAPITULUA

Herri-larreen aprobetxamendua

17. artikulua. Udabe-Beramendiko herri-larreen aprobetxamenduak ordenantza honetako artikuluetan xedatutakoa betetzen duten eskatzaile guztien artean banatuko dira, ezpada Kontzejuak kontrakoa adierazten duela.

a) Herritarren arteko adjudikazio zuzeneko aprobetxamenduak.

b) Enkante publikoaren bidez adjudikatzea edo Udabe-Beramendiko Kontzejuak zuzenean ustiatzea.

Udabe-Beramendiko Kontzejuak eginen du herri-larreen aprobetxamenduak adjudikatzeko prozesua.

18. artikulua. Aprobetxamendua erabiltzeko epea 10 urtekoa izango da.

19. artikulua. Aprobetxamendu modu honen bidez herri-lurrak hartzen dituzten onuradunek kanon hauek ordainduko dituzte:

–Lehen mailako lurra: 13,57 euro + 2019ko azaroko KPI.

–Enkantean jarritako lurrak: enkanteko prezioa.

20. artikulua. Enkantean jarritako belar-soroen eta lurren adjudikazio-prezioa urtero berrikusiko da, bizitzaren kostuak izaten duen igoeraren arabera egokitzeko, erakunde ofizial eskudunak urtero, azaroan, Nafarroarako onetsitako indizeen arabera.

21. artikulua. Herriko abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak, eta ez dago baimenduta haien azpierrentamendua edo lagapena. Horri dagokionez, Udabe-Beramendiko Kontzejuak kasu hauetan ulertuko du larreak ez dituela onuradunak zuzenean aprobetxatzen:

a) Azienda bajan ematen dutenak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamenduko Erroldaren Erregistroan.

b) Larreen jabe izanik, hirugarrenei errentan ematen dizkietenak. Neguko hilabeteetan bakarrik ematen ahal dira larreak errentan, ardiak edo bestelako aziendak bazka daitezen, udalerrian ohitura den bezala.

c) Udabe-Beramendiko Kontzejuaren Batzarraren txostenaren arabera, esleitutako larreak zuzenean eta pertsonalki aprobetxatzen ez dituztenak.

22. artikulua. Beren larreak apartzerian eman edo lagatzen dituzten onuradunei herri-lurretako lurzatiak kenduko zaizkie adjudikazio aldia bukatu arte. Edonola ere, Udabe-Beramendiko Kontzejuak eskubidea izango du herri-lurren aprobetxamenduen gaineko edozein eskubide berriz adjudikatzeko. Gisa honetara, lurzatirik gabe gelditu diren onuradunek apartzeria edo lagapena egin zenetik lortutako mozkinak sartu beharko dituzte Kontzejuaren Diruzaintzan.

23. artikulua. Udabe-Beramendiko Kontzejuak egokiak iruditzen zaizkion egiaztatze lanak egiten ahalko ditu edozein unetan, lurzatiak zuzenean eta pertsonalki aprobetxatzen ari direla ziurtatzeko.

24. artikulua. Urte bakoitzeko lur-saria urte berean ordainduko da, abenduaren 30a baino lehen. Udabe-Beramendiko Kontzejuak dagokion ordainagiria kargatuko du herri-lurren onuradunaren kontuan.

25. artikulua. Lurrik sobratzen bada, enkante publikoan esleituko da.

26. artikulua. Herri-larreetan bazkatzen den aziendak osasun ziurtagiria beharko du, Herri-larreetan bazkatzen den aziendaren babesari buruzko maiatzaren 4ko 5/1984 Foru Legearen 1. artikuluak eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eta foru lege horretako nahiz haren erregelamenduko baldintza guztiak bete beharko ditu.

27. artikulua. Herriko ohiturekin bat eta abeltzainendako kalteak eragozteko, Kontzejuak baldintza hau ezarri du: Lursailek ez dute baltsako urik izango ez hura garbitzen ari diren egunetan ez iturria lehortuta dagoenean.

28. artikulua. Eskaerei honako alderdi hauei buruzko zinpeko aitorpena erantsiko zaie:

a) Udabe-Beramendiko biztanleak izatea, gutxienez 5 urteko antzinatasunez, eta Kontzejua izatea ohiko bizitokia.

b) Kontzeju honekiko betebehar fiskalak ordainduta izatea, auzolanen, epaitzen, hilerriaren, belar-soroen eta enkanteen ordainketak barne.

c) Aziendako abelburuen kopurua, dagokion osasun ziurtagiria erantsita.

29. artikulua. Prozedura: Kontzejuak aldez aurretik erabakia hartu eta Kontzejuaren iragarki-taulan ediktua agertuta, 30 egun balioduneko epea irekiko du, eskubidea dutela uste dutenek larreen esleipena eska dezaten.

30. artikulua. Behin-behineko adjudikazioa eginik, 8 eguneko epea emanen da erreklamazioak aurkezteko. Halakorik ez bada, behin betiko onetsitzat joko da epea bukatutakoan. Erreklamazioren bat aurkeztuz gero, Udabe-Beramendiko Kontzejuak espresuki eta arrazoiturik ebatziko du, eta, ondoren, aprobetxamendu bakoitza behin betiko esleitzeko erabakia hartuko du.

31. artikulua. Herritarren arteko banaketan ematen ez diren larreak enkante publikoa eginez adjudikatuko dira, 10 urterako, indarra duen araudia eta ordenantza honetatik aplikagarria dena betez.

32. artikulua. 10 urte horiek bete gabe herri-lurretako aprobetxamenduaren kontratua deuseztatu nahi duten familia-unitateek edo norbanakoek Kontzejuari eman beharko diote horren berri, gutxienez sei hilabete lehenagotik.

33. artikulua. Herri-lurretako aprobetxamenduen onuradunek garbi eduki behar dituzte lurzatiak: sasitzarik eta espezie inbaditzailerik gabe eta Abeltzaintza eta Ingurumen departamenduek erabakitakoaren arabera ongarrituta. Oro har, erabilera agronomiko ona eman behar diete, eta haiei dagokie luzatiaren itxitura behar bezala zaintzea.

III. KAPITULUA

Epaitzen aprobetxamendua

34. artikulua. Oihanean aski izan eta, Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Zerbitzuak markatu ondoan, Udabe-Beramendiko Kontzejuak etxerako egur epaitzak banatuko ditu eskatzaile guztien artean, betiere herrian bertan erabiltzekoak badira.

35. artikulua. Udabe-Beramendiko Kontzejuak urtero finkatuko du familia-unitateei adjudikatu beharreko epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada, eten eginen da aprobetxamendu hori, Kontzejuari egoki iruditzen zaion denborarako.

36. artikulua. Epaitzak zuzenean aprobetxatu behar dira, debekatuta baitago haiek saltzea. Sei hilabete daude horiek hartzeko.

37. artikulua. Onuradunak behartuta daude egurra jaso ondotik hondarrak bildu eta pilatzera. Hondar horiek ezin izango dira pilatu ez bideetan, ez mendiko pistetan, ezta oztopo izan daitezkeen lekuetan ere. Betiere, mendi zaindariordeak ematen dituen jarraibideei kasu egingo zaie. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei aprobetxamendua ukatuko zaie.

Ordenantza honek baliorik gabe uzten ditu orain arteko ordenantza eta arau guztiak herritarrei zenbait eskubide ematen zizkietenak zuhaitzak botatzeko, gurdiendako endaitzak, gapirioak eta abar egiteko.

IV. KAPITULUA

Herri-ondasunen bestelako aprobetxamenduak

38. artikulua. Udabe-Beramendiko Kontzejuak prestatzen dituen baldintza agirien arabera eginen da ondareko uren kontzesioa, herri-lurren okupazioa, herri-lurretako harrobien ustiatzea eta herri-lurretan egin nahi den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza. Gainera, agiri horiek jendaurrean eduki beharko dira 15 egunez gutxienez, eta Nafarroako Gobernuak onespena eman beharko du.

V. KAPITULUA

Hobekuntzak herri-ondasunetan

39. artikulua. 1. Udabe-Beramendiko Kontzejuak indarrik gabe uzten ahalko ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, lur horiek honako xede hau baldin badute:

a) Haien gaineko kargak kentzea.

b) Herri-lurrak hobetzea.

c) Gizarte proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio beharrean daudela justifikatzen duten herritarrei laguntzeko.

2. Proiektu hauek Udalak nahiz herritar interesdunek berek sustatzen ahal dituzte.

3. Kasu horietan, prozedura honi jarraituko zaio:

a) Udabe-Beramendiko Kontzejuaren erabakia, onesten dituena dena delako proiektua eta ukitutako herri-lurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua.

b) Hilabeteko epean jendaurrean jartzea eta Kontzejuaren erabakia, aurkezten diren alegazioei buruz.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

4. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri-lurretan diren adjudikazioak, eta titularrei sorrarazten zaizkien kalteak eta galerak, baita lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, ordaindu egingo zaizkie, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

40. artikulua. Aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak Kontzejuak berak onetsi beharko ditu, aldez aurretik 15 egunean jendaurrean eduki eta gero aurkezten diren alegazioak Udalak ebatzi ondotik.

V. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

41. artikulua. Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:

a) Erabilera zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Aprobetxamenduen kanonak ez ordaintzea Udabe-Beramendiko Kontzejuak finkatutako epeetan.

c) Herri-lurraren aprobetxamendua gaizki egitea edo osorik ez egitea.

d) Zertarako adjudikatzen den herri-lurra, beste zerbaitetarako erabiltzea.

e) Udalak adjudikatu gabe herri-lurrak lantzea, nahiz eta landu gabeko lurrak izan, hots, larre utziak.

f) Landaketa iraunkorrak egitea (fruta-arbolak eta abar), Udalaren baimenik gabe, Kontzejua denean landaketa horien jabe.

g) Adjudikatu gabeko lurrak erabiltzea material oro utzi edo biltegiratzeko.

h) Adjudikazioetan zehaztutako epeak ez errespetatzea.

i) Ez betetzea Herri-larreetan bazkatzen den aziendaren osasuna zaintzeari buruzko Foru Legea eta hura garatzen duen Erregelamendua.

j) Animalien gorpuak uztea, lurperatuta zein lurperatu gabe, ezpada Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak horretarako baimena eman duela espresuki.

k) Larratzeko eremuak ez errespetatzea.

l) Herri-basoetako zuhaitzak botatzea.

m) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dion egitate edo egintza oro.

n) Azienda bazkatzea herri-basoan, errentan emandako herri-larreetatik kanpo.

o) Herri-lurren aprobetxamendua bukatzen denean finkak behar bezala zainduak ez egotea.

42. artikulua. Arau-hausteek zehapen hauek izango dituzte:

a) a), b), c), eta d) arau-hausteengatik emakida kenduko da, horrek galarazi gabe Nafarroako Gobernuaren organo eskudunen zehapenak, halakorik jarriz gero.

b) h), i) eta j) arau-hausteengatik herri-lurren edo -larreen adjudikazio-hartzailea izateko eskubidea galduko da.

c) Gainerako arau-hausteengatik, egindako kaltearen balioa halako bostetik hamar bitarte ordaintzea izango da zehapena. Balio hori zehazterik ez badago, 150 euro eta 12.000 euro bitarteko zehapena ezarriko da.

Iragarkiaren kodea: L2000033