18. ALDIZKARIA - 2020ko urtarrilaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

462E/2019 FORU AGINDUA, abenduaren 23koa, Osasuneko kontseilariak emana, Osasun Departamentuko Osasuneko zuzendari nagusiaren eta idazkari tekniko nagusiaren aldi baterako ordezkoak izendatzen dituena.

Urriaren 30eko 269/2019 Foru Dekretuaren bidez, Osasun Departamentuaren egitura organikoa onetsi zen. Horren arabera, departamentuak Osasun Zuzendaritza Nagusia eta Idazkaritza Tekniko Nagusia izanen ditu.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 16.2. artikuluak ezartzen du departamentuaren titularrak foru agindu baten bidez izendatuko dituela zuzendaritza nagusien eta idazkaritza tekniko nagusiaren titularren ordez aldi baterako arituko direnak, baita zuzenean horien menpe dauden beste administrazio organo batzuetako titularren ordez aldi baterako arituko direnak ere, titularrak kanpoan daudenean, eritasun edo ezintasunen bat dutenean, karguak hutsik daudenean edo abstenitzea edo errekusatzea deklaratzen den kasuetan. Ordezkapena baliozkoa izateko, ez da derrigorrezkoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, salbu eta baldintza hori ezarrita duten kasuetan.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1.–Osasuneko zuzendari nagusiaren kargua hutsik dagoenean, hura kanpoan edo gaixorik dagoenean edo ezintasun pertsonalen bat duenean, aldi baterako ordezkoak honako hauek izanen dira, hurrenez hurren:

1. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea.

2. Osasun Departamentuko idazkari tekniko nagusia.

3. Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuko zuzendaria.

4. Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuko zuzendaria.

2.–Idazkari tekniko nagusiaren kargua hutsik dagoenean, kanpoan denean eta eritasun edo ezintasunen bat duenean, Idazkaritza Tekniko Nagusiaren menpeko ataletako titularrek ordeztuko dute aldi baterako, hurrenkera honetantxe:

1. Araubide Juridikoaren Atala.

2. Kudeaketa Administratiboaren eta Modernizazioaren Atala.

3.–Indarrik gabe uzten da Osasuneko kontseilariaren irailaren 21eko 202/2015 Foru Agindua, Osasun Departamentuko Osasuneko zuzendari nagusiaren eta idazkari tekniko nagusiaren aldi baterako ordezkoak izendatzen dituena.

4.–Foru agindu hau Osasun Zuzendaritza Nagusiari, Idazkaritza Tekniko Nagusiari eta ukitutako zerbitzuei zein ataletako burutzei jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

5.–Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2019ko abenduaren 23an.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F1916659