171. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

73/2020 FORU AGINDUA, uztailaren 1ekoa, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak emana, zeinaren bidez 2020ko deialdi publikoa onesten baita Nafarroako Urrezko Domina jasotzeko proposamenak aurkezteko.

Ekainaren 3ko 36/2020 Foru Dekretuaren bidez aldatu zen maiatzaren 23ko 38/2018 Foru Dekretua, Nafarroako Urrezko Domina ematea arautzen duena.

Xedapen horretan ezartzen da ezen, orokorrean, erakundeekiko harremanen arloan eskumena duen departamentuko titularrak deialdi publiko bat onetsiko duela urtero, urriaren 1a baino lehen, Nafarroako Urrezko Domina jasotzeko proposamenak aurkez daitezen.

Hortaz, bidezkoa da 2020. urteko deialdia onestea.

Horrenbestez, erabiliz Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 259/2019 Foru Dekretuaren bidez esleituak ditudan ahalmenak,

AGINTZEN DUT:

1. Deialdi publikoa onestea 2020rako Nafarroako Urrezko Domina jasotzeko proposamenak aurkezteko. Deialdiaren oinarri arautzaileak foru agindu honen eranskinean ageri dira.

2. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

3. Foru agindu hau igortzea epaimahaikide izateko izendatutako pertsonei.

4. Foru agindu honen eta erantsitako oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2020ko uztailaren 1ean.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak, 2020. urtean Nafarroako Urrezko Domina jasotzeko proposamenak aurkezteko deialdi publikorako

1.–Deialdiaren xedea.

Deialdi publiko honen xedea da bermatzea herritarrek parte hartzen dutela Nafarroako Urrezko Domina emateko prozesuan; izan ere, domina Nafarroako Gobernuak ematen duen ohorezko sari gorena da, gizartea hobetzen, balio demokratikoak sendotzen eta Nafarroa kanpoan proiektatzen nabarmendu diren pertsona, erakunde, entitate eta kolektiboen lana aitortzeko helburua duena.

2.–Hautagaitzak aurkeztea.

2.1. Erakundeek, entitateek, elkarteek eta pertsona fisiko edo juridikoek aurkezten ahal dituzte Nafarroako Urrezko Domina jasotzeko hautagaitzak.

2.2. Hautagaitzak baztertu eginen dira, baldin eta aurkezten badira saria eskatuz norberarentzat edo norberak legez ordezkatzen dituen erakundeentzat.

2.3. Hautagaitzak aurkezteak berekin dakar oinarri hauek goitik behera onartzea, baita epaimahaiak hartzen dituen erabaki guztiak ere.

2.4. Aurkezten den dokumentazioan, gutxienez honako hauek sartu beharko dira:

–Eskabide eredua, oinarri arautzaile hauen eranskinean jasotzen dena, behar bezala betea.

–Nafarroako Urrezko Domina jasotzeko proposatzen den pertsonaren, erakundearen, entitatearen edo taldearen izena, baita harekin edo, horrelakorik egonez gero, haren ordezkariarekin harremanetan jartzeko datuak eta egokitzat jotzen diren dokumentuak ere, epaimahaiak hobeki ezagutu dezan.

–Hautagaitzaren merezimenduak erakusten dituen memoria.

2.5. Hautagaitzak aurkeztuko dira Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/ficha/4537/Registro-General-Electronico1, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean (Karlos III.aren etorbidea 2, 31002 Iruña) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz.

2.6. Eskaera zuzenduko zaio Proiekzio Instituzionalaren Zerbitzuari (Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentua), “Nafarroako Urrezko Domina” adierazita.

2.7. Hautagaitzak aurkezteko epea 2020ko urriaren 15ean bukatuko da.

3.–Epaimahaia.

3.1. Osaera.

Honako pertsona hauek osatuko duten epaimahai batek aztertu eta baloratuko ditu hautagaitzak:

–Mahaiburua: Nafarroako Gobernuan erakundeekiko harremanen arloan eskumena duen departamentuko titularra.

–Mahaikideak:

  • Komunikazioaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiaren titularra.
  • Berdintasunaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiaren titularra.
  • Toki administrazioaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiaren titularra.
  • Garapen ekonomikoaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiaren titularra.
  • Hezkuntzaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiaren titularra.
  • Eskubide sozialen arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiaren titularra.
  • Osasunaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiaren titularra.
  • Berrikuntzaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiaren titularra.
  • Ingurumenaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiaren titularra.
  • Herritarrekiko harremanen arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiaren titularra.
  • Kulturaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiaren titularra.

–Idazkaria: erakundeen proiekzioaz arduratzen den administrazio unitatearen titularra. Hitza izanen du, baina botorik ez.

3.2. Irizpideak.

Epaimahaiak aurkezten diren hautagaitzetatik hiru aukeratuko ditu, honako irizpide hauek kontuan hartuz, lehentasunez:

–Pertsonaren edo kolektiboaren jarduketa eredugarria, herritarrek, oro har, halakotzat hartua gaur egun.

–Gizartearen balio demokratikoei egindako ekarpena.

–Herritarren alde egindako lana eta elkartasunean oinarritutako ekintzen sustapena.

–Gizarte zuzenagoa eta solidarioagoa lortzeko egindako ibilbidea jarduera-esparru desberdinetan: kultura, enpresa mundua, gizarte arloa.

–Genero-berdintasuna, emakumeek gizarteari egindako ekarpena aintzat hartzen duena.

–Hezkuntza, osasuna, ingurumena eta aurrerapen soziala sustatzea.

–Nafarroaren irudia kanpoan sustatzea.

3.3. Sariduna hautatzea eta saria ematea.

Epaimahaiak Nafarroako Gobernuari igorriko dizkio aukeratutako hautagaitzak. Ondoren, Gobernuak, lehendakariaren edo Gobernuko edozein kideren ekimenez, haietako bat aukeratu, eta saria hari ematea onetsiko du, Dominaren hartzaileak aurretik onartuta betiere.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2007094