169. ALDIZKARIA - 2020ko uztailaren 31

4. PROZEDURA JUDIZIALAK

NAFARROAKO JUSTIZIA AUZITEGI NAGUSIA

112/2016 prozedura arrunta

Virginia Arias López de Lacalle, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salako Justizia Administrazioaren letradua.

Aditzera ematen dut: 434/2016 epaia eman da, 2016ko urriaren 20an, sala honetan bideratu den 112/2016 prozedura arrunteko administrazioarekiko auzi-errekurtsoan, eta irmo geratu da. Hona hemen haren idazpurua eta epaitza, hitzez hitz:

434/2016 epaia.

Lehendakaria: Francisco Javier Pueyo Calleja jauna. Magistratuak: Antonio Rubio Pérez jauna eta María de las Mercedes Martín Olivera andrea.

Iruñean, 2016ko urriaren 20an.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak, aipatutako magistratuek osatuak, aztertu ditu 112/2016 errekurtsoaren autoak. Errekurtso hori jarri zen otsailaren 10eko 5/2016 Foru Dekretuaren aurka, zeinaren bidez onetsi baitzen lan publikoaren eskaintza partzial bat 2016rako, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko irakasle ez-unibertsitarioen zenbait lanpostu betetzeko. Hona hemen alderdiak: errekurtsogile gisa, AFAPNA, Amaia Urricelqui Larrañaga prokuradoreak ordezkatuta eta Luis María Sola Igual jaunak zuzenduta; eta, demandatu gisa, Nafarroako Gobernua, Nafarroako Foru Komunitateko letraduak ordezkatuta eta defendatuta.

Epaitza:

Baiesten dugu administrazioarekiko auzi-errekurtso hau, idazpuruan identifikatutakoa, eta, horrenbestez, baliorik gabe uzten dugu, antolamendu juridikoaren kontrakoa delako, otsailaren 10eko 5/2016 Foru Dekretua, euskararen betekizuna duten lanpostuei dagokienez. Foru dekretu horren bidez, lan publikoaren eskaintza partzial bat onetsi zen 2016rako, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko irakasle ez-unibertsitarioen zenbait lanpostu betetzeko. Kostuak administrazio demandatuari ezartzen dizkiot.

Eta honako hau egin eta sinatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin, bat etorriz Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen Legearen 72.2 eta 107.2 artikuluetan ezarritakoarekin.

Iruñean, 2020ko ekainaren 30ean.–Justizia Administrazioaren letradua, Virginia Arias López de Lacalle.

Iragarkiaren kodea: J2007160