169. ALDIZKARIA - 2020ko uztailaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

160E/2020 EBAZPENA, uztailaren 13koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, Martzillako udal-mugartean edari freskagarriak fabrikatzen dituen instalazio baten ingurumen baimen integratua ofizioz berrikusten duena. Instalazioaren titularra Refresco Iberia SAU da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren urriaren 22ko 449/2007 Foru Aginduaren bidez emana, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren maiatzaren 7ko 184E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratua eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren ekainaren 9ko 430E/2015 Ebazpenaren bidez aldatua.

2019-04-12an, Jabari Publiko Hidraulikoa Zaintzeko Zerbitzuak igarri zuen instalazio horren ingurumen baimen integratuan jasota ez zegoen ur isuri bat zegoela, hain zuzen ere Martzilla, Azkoien eta Funesko Ureztatzaileen Elkartearen ureztapen erreten batera isurtzen zena, Martzillako udal-mugartean (Nafarroa).

2019-11-19an, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak instalazio horretako hondakin urak isurtzearen onargarritasunari buruzko beste txosten lotesle bat eman zuen, arestian aipatutako isuria barne hartuta. Han baldintza berri batzuk ezarri zituen, ingurumen baimen integratuari erantsi beharrekoak.

Baimendu nahi den fluxua ekoizpena hornitzeko bi putzuetako ponpaketa ura baztertzetik datorrena da. Efluente hori noizean behin sortzen da, ez etengabe, bilketa putzuen uhertasun gradua handiegia denean eta alderantzizko osmosi bidezko tratamendu sistemaren funtzionamendua eta, beraz, ekoizpen sistemarena zailtzen ahal dituenean. Hori gertatzen denean, putzu horretan ura biltzeari uzten zaio eta ura beste putzutik, zeina geldirik baitago, ateratzen hasten da; aldi berean, lehenengo putzutik ur uherra ateratzen da, berriro erabiltzen ahal den arte. Efluente hori inola ere tratatu gabe isurtzen da ureztatzaileen elkartearen erretenera.

Funtzionamenduaren benetako baldintzak bat datoz instalazioaren ingurumen funtzionamendu egokiarekin eta teknika erabilgarri onenen aplikazioarekin.

Kasu honetan, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 26.4. artikuluaren e) letran aurreikusitako inguruabarrak gertatzen dira (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen lege hori), eta horrenbestez, bidezkoa da ofizioz berrikustea ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legea garatzeko eta industriako isurien Erregelamendua onesten duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 16.5 artikuluan xedatutako administrazio prozedurarekin bat.

Ebazpen-proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamar egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Ofizioz berrikustea Martzillako udal-mugartean edari freskagarriak fabrikatzen dituen instalazio baten ingurumen baimen integratua, ebazpen honen eranskinean zehaztutako aldaketen arabera. Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak instalazioari ingurumen baimen integratua eman, eguneratu eta aldatzeko lehendik tramitatutako administrazio espedienteetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta, horiez gainera, ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak eta neurriak. Instalazioaren titularra Refresco Iberia SAU da.

Bigarrena.–Hondakin urak jabari publiko hidraulikora isurtzeko baimena eguneratzea, Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 245. artikulua aplikatuz eskatzen dena, Uren Legearen testu bateginak, uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsiak, hamargarren xedapen gehigarrian xedatutakoarekin bat. Ingurumen baimen integratuaren II. eranskinean jaso da zer isuri egiten ahalko diren eta instalazioak zer baldintza bete beharko dituen.

Baimenak bost urteko indarraldia du, eta iraupen bereko epeetarako berritutzat joko da baldin eta isuriek unean-unean indarra duten ingurumen kalitatearen arauak betetzen badituzte. Indarraldi horretan zehar legeriak isurien baimenetarako epe luzeago bat ezartzen badu, ez da eragozpen teknikorik izanen hasierako epea, besterik gabe, arauak ezartzen duen gehieneko eperaino zabaltzeko.

Nolanahi ere, legeek ezarritako kasuetan, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak organo autonomikoari eskatzen ahalko dio ingurumen baimen integratua aldatzeko prozedurari ekiteko (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 26. artikulua eta uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren 104. artikulua). Bereziki, ezustean gertatzen direnean lehenago baimena ukatzea edo, emanez gero, bestelako baldintzetan ematea ekarriko luketen gorabeherak. Horien barruan sartzen dira titularrak aitortu gabeko gorabeherak edo argibideak, horiek ere baimena ukatzea edo bestelako baldintzetan ematea ekarriko luketenean.

Ohiz kanpoko kasuetan, lehorteengatik edo ofizialki deklaratutako muturreko egoera hidrologikoengatik, arroko erakundeak isuriaren baldintzak aldatzen ahalko ditu kalitate helburuak, ingurumen kalitateko arauak eta ingurune hartzailearen ingurumen helburuak bermatzeko.

Halaber, hondakin urak isurtzeko ezarritako baldintzak behin eta berriro ez betetzea isurirako baimena kentzeko arrazoia izanen da, Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 263. eta 264. artikuluetan ezarritako prozedurarekin bat.

Hirugarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak ez betetzeak ingurumeneko diziplina neurriak hartzea ekarriko du, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginak, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartuak, IV. tituluan jasotako neurriak, ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta, modu subsidiarioan, Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Bosgarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Seigarrena.–Ebazpen hau Refresco Iberia SAUri, Martzillako Udalari eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko uztailaren 13an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: Ebazpen honetan aipatutako eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuan eta Nafarroako Gobernuaren webgunean: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/

Iragarkiaren kodea: F2007524