169. ALDIZKARIA - 2020ko uztailaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

157E/2020 EBAZPENA, uztailaren 3koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez onartzen baita aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinak kudeatzeko instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzak aldatzea. Titularra Jaime Arriazu Lopez da, eta instalazioa Beriaingo udal-mugartean dago.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren irailaren 28ko 277E/2018 Ebazpenaren bidez emana.

2019ko azaroaren 27an, titularrak eskatu du ingurumen baimen integratuan dauden baldintzak aldatzeko; zehazki, ebazpen honen eranskinean zerrendatutako hondakinak sartu nahi ditu, hondakinak eraldatzeko prozesurako, instalazioan kudeatzen diren hondakinen zerrendan, zeina jasota baitago ingurumen baimen integratuaren III. eranskinean.

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak, aurkeztutako eskaera aztertuta, onargarria dela ondorioztatu du; izan ere, eskatzen dena bat dator instalazioak ingurumen aldetik eduki beharreko funtzionamendu egokiarekin eta teknika erabilgarri onenen aplikazioarekin.

Kasu honetan, ikusi da gertatzen direla Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluko d) letran aurreikusitako inguruabarrak, eta, horrenbestez, bidezko da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, bat etorriz martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 28. artikuluan aurreikusitako administrazio prozedurarekin (aipatutako foru legea Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzkoa da), uste baita aldaketa espediente hau ez dela jendaurrean jarri behar.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hogeita hamar egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Onartzea aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinak kudeatzeko instalazioaren ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzetan eskatutako aldaketa. Instalazioa Beriaingo udal-mugartean dago eta titularra Jaime Arriazu Lopez da. Hortaz, instalazioek eta jarduerak bete beharko dituzte ingurumen baimen integratuaren administrazio espedienteetan ezarritako baldintzak baita, horiez gainera, ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak ere.

Bigarrena.–Instalazioari hondakin arriskutsuen eta ez-arriskutsuen kudeatzailearen baimena ematea, bilketarako biltegi gisa, eta Nafarroako Foru Komunitatearen Hondakinen Ekoizpenaren eta Kudeaketaren Erregistroan inskribatzea, 15G02805090472020 erregistro zenbakiarekin, hondakin arriskutsuen bilketarako biltegi gisa, eta 15G05805090472020 erregistro zenbakiarekin, hondakin ez-arriskutsuen bilketarako biltegi gisa. Prozesu horien barnean kudeatzen ahal dituen hondakinak ebazpen honen I. eranskinean jasotakoak dira. Halaber, titularrak hondakinen kudeaketan izandako edozein aldaketa jakinarazi beharko dio Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari. Baimenak zortzi urteko indarraldia izanen du, eta automatikoki berrituko da beste horrenbeste urteko aldietarako, Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 27.8 artikulua aplikatuz (Hondakinak tratatzeko eragiketen baimena). Sozietatearen helbidea dagoen autonomia erkidegoan ingurumen arloan eskumena duen organoak III. eranskinean adierazitako tratamenduak egiteko baimendutako entitate batek ustiatu beharko du instalazioa, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 27.2 artikuluan ezarritakoarekin bat.

Hirugarrena.–Suteen aurkako segurtasuna dela eta (abenduaren 3ko 2267/2004 Errege Dekretua), instalazioan biltegiratutako hondakin kopuruak ez du handitu behar ingurumen baimen integratua ematen duen espedientearen dokumentazio teknikoan kalkulatutako arrisku intrintsekoaren maila.

Laugarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak bete ezean, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotzen diren ingurumen arloko diziplina-neurriak hartuko dira, deusetan galarazi gabe sektoreko legedian ezarritakoa, hori ere aplikatuko baita.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Seigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau Jaime Arriazu Lopezi eta Beriaingo Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko uztailaren 3an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuan, eta Nafarroako Gobernuaren webgunean, helbide honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/

Iragarkiaren kodea: F2007291