169. ALDIZKARIA - 2020ko uztailaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

137E/2020 EBAZPENA, uztailaren 14koa, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez dirulaguntza honen deialdia onesten baita: “Enpresei hasierako gastuetarako laguntzak emateko 2020ko deialdia”. DDBN identifikazioa: 508070.

2017an Nafarroako II. Ekintzailetza Plana (2017-2019) onetsi zen; plan horretan zenbait neurri jasotzen dira Nafarroan ekintzailetza bultzatzeko, enplegua sortzeko eta Foru Komunitatearen garapen ekonomiko eta soziala sustatzeko. Esparru horren barruan, enpresen hasierako gastuen dirulaguntzetarako 2017ko, 2018ko eta 2019ko deialdiak onetsi ziren. Deialdi horiei emandako erantzuna ona izan denez, bidezkoa da neurri horiekin jarraitzea, enpresei hasierako gastuetarako laguntzak emateko beste deialdi baten bidez, 2019ko ekainaren 1etik 2020ko maiatzaren 31ra bitarte sortu diren edo aldi horretan jarduera Nafarroara eraman duten enpresetarako.

Nafarroako Gobernuaren 2020ko martxoaren 25eko erabakiaren bidez, baimendu zen laguntza horiek banakako ebaluazioaren araubidean ematea, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17.1. artikuluan xedaturikoarekin bat.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak, foru legea baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzkoa,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdia onestea enpresei hasierako gastuetarako laguntzak emateko 2020an.

2. Laguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoak betetzeko, aurrekontuko kreditu hauek baimentzen dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

810001-81100-4701-422200: Enpresen eraketa sustatzeko dirulaguntza

2020

280.000,00

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2020ko uztailaren 14an.–Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Laguntza hauen helburua da ekintzailetza bultzatzea, enplegua sortzeko eta Foru Komunitatearen garapen ekonomiko eta soziala sustatzeko, enpresei hasierako gastuetarako laguntza bat emanez. Enpresek sortu berriak izan behar dute, edo helbide soziala eta jarduera Nafarroara eramana izan behar dute.

Horretarako, laguntza bat emanen da gastu orokorretarako eta beste bat, berariazkoagoa, gastu hauetarako: prestakuntzarako, aholkularitzarako, patenteak ordaintzeko eta lokalak egokitzeko. Orobat, pizgarri gisa, laguntza gehigarri bat izanen dute honako enpresa hauek:

a) Emakumeek, desgaitasunen bat duten pertsonek edo gazteek sustatutakoak.

b) Enplegua sortzen dutenak.

c) Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategian Nafarroako Gobernuak lehentasunezkotzat jotzen dituen sektoreetan aritzen direnak.

d) Ezartzen direnak katastrofikotzat jotako eremuetan edo azken urteetan populazioa galdu dutenetan.

e) Nafarroako Gobernuak enpresek Nafarroan jarraipena eduki dezaten sortutako “Negozioen Errelebo Poltsa”ren bidez egindakoak.

2. oinarria.–Onuradunen betebeharrak.

1. Sortu berriak diren enpresek edo helbide soziala eta jarduera Nafarroara ekarri dutenek eskatzen ahal dituzte deialdi honetako laguntzak.

Ondorio horietarako, enpresatzat joko dira jarduera ekonomiko bat gauzatzen duten honako entitateak:

a) Pertsona fisikoak (banakako enpresaburuak).

b) Merkataritza-sozietateak (enpresa sozietarioak).

c) Nortasun juridikorik gabeko sozietateak (sozietate irregularrak).

2. Eskatzaileek honako betebehar hauek bete beharko dituzte laguntzak eskatzen diren unean:

2.1. Betebehar orokorrak:

a) Jarduera eta egoitza soziala Nafarroan izatea.

b) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, hala badagokio, bat etorriz Nafarroako Industria Erregistroa sortu zuen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluarekin.

c) Alta emanik egotea ekonomia-jardueren gaineko zergan (EJZ) eta egunean egotea zerga horren ordainketan.

d) Tramite guztiak (altak, jarduera berriaren komunikazioak eta abar) behar bezala eginda izatea Gizarte Segurantzarekin edo dagokion lanbide elkargoko mutualitatearekin.

e) Inolako administrazio-zehapen irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen ez egotea sexu- edo genero-diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

f) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluak onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretako batean ere ez egotea. Eskabidearen inprimakian ageri den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatzen ahal da hori.

Eskaera aurkeztearekin batera eskatzaileak baimena ematen dio dirulaguntzak ematen dituen organoari zuzenean lor dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituela adierazten duen ziurtagiria, baita Gizarte Segurantzaren lan-bizitzaren txostenak ere, egiaztatzeko kideek betetzen dituztela betebehar guztiak. Beraz, kasu horretan, eskatzaileak ez ditu egiaztagiri horiek aurkeztu beharko. Hala ere, interesdunak berariaz uko egiten ahal dio eskaeran baimen hori emateari, eta kasu horretan, dagokion dokumentazioa aurkeztu beharko du.

2.2. Berariazko baldintzak:

a) Banakako enpresaburuek honakoak bete behar dituzte:

–Alta emanda izatea (jarduera berrian) Langile Autonomoen Araubide Berezian edo dagokion lanbide elkargoko mutualitatean 2019ko ekainaren 1etik 2020ko maiatzaren 31ra bitartean, eta bertan egotea 6 hilabetez jarraian gutxienez, 8.1.a) oinarrian ezartzen den bezala.

–Aipatutako araubidean alta eman den dataren aurreko bi urteetan, Nafarroan, EJSN 2009ren “talde” bereko jarduera bat (hiru digitu) egin ez izana norberaren kontura (zuzenean edo beste sozietate batzuetan duten partaidetzaren bidez).

b) Enpresa sozietarioek honakoak bete behar dituzte:

–Eraketa eskritura edo, helburu soziala eta jarduera Nafarroara ekarri dituzten enpresen kasuan, aldaketa eskritura 2019ko ekainaren 1etik 2020ko maiatzaren 31ra bitarte sinatu izana.

–Enpresa berria eratu aurreko bi urteetan, Nafarroan, EJSN 2009ren “talde” bereko jarduera bat (hiru digitu) norberaren kontura (zuzenean edo beste sozietate batzuetan duten partaidetzaren bidez) egin ez duten pertsona fisikoek kapitalaren %50 izatea, gutxienez.

–Kapital sozialean parte hartzen duten pertsonak eta enpresako administratzaileak, kapital horretako kide ez direnean, Langile Autonomoen Araubide Berezian alta emanda egotea autonomo sozietario moduan, horretara behartuta badaude.

c) Sozietate irregularrek honakoak bete behar dituzte:

–Sozietate irregularraren eraketa dokumentuaren data 2019ko ekainaren 1etik 2020ko maiatzaren 31ra bitartekoa izatea.

–Sozietate irregularra eratu duten pertsonak Langile Autonomoen Araubide Berezian edo dagokion lanbide elkargoko mutualitatean alta emanda egotea, jarduera berrian, 2019ko ekainaren 1etik 2020ko maiatzaren 31ra bitartean, eta bertan egotea 6 hilabetez jarraian gutxienez, 8.1.a) oinarrian ezartzen den bezala.

–Enpresa berria eratu aurreko bi urteetan, Nafarroan, EJSN 2009ren “talde” bereko jarduera bat (hiru digitu) norberaren kontura (zuzenean edo beste sozietate batzuetan duten partaidetzaren bidez) egin ez duten pertsona fisikoek kapitalaren %50 izatea, gutxienez.

3. Betebehar horiek 6. oinarrian aipatzen diren agiriak aurkeztuta frogatu beharko dira, eta dirulaguntza ordaintzen den arte eduki beharko dituzte, gutxienez.

4. Ez dira laguntza hauen onuradun izanen lehenagoko enpresa baten izenaren edo forma juridikoaren aldaketa baten, kapital handitze baten edo egiturazko aldaketa baten ondoriozko enpresak.

3. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.

1. Honako hauek izanen dira gastu diruz lagungarriak, baldin eta 2019ko ekainaren 1etik 2020ko maiatzaren 31ra bitarte fakturatu eta ordaindu badira:

a) Banakako enpresaburuentzat edo enpresetako bazkideentzat honako arlo hauetan egindako prestakuntzaren gastuak: “Finantzak”, “Negoziazioa eta salmenta”, “Estrategia” edo jarduera abian jartzeko gaitasuna hobetzea xede duen beste prestakuntza bat.

b) Honako arlo hauen gaineko aholkularitza gastuak: negozio estrategiarako ekintzak, bideragarritasun azterketak, marketin ekintzak edo bezeroen leialtasuna lortzeko estrategiak. Aholkularitza gastuak ezin dira enpresa abian jartzeko tramiteei buruzkoak izan, ez zerga, kontabilitate, lan edo lege arloko aholkularitzari buruzkoak ere, ezta gisa horretako bestelako gastuei buruzkoak ere.

c) Patentea eta markak erregistratzeko gastuak. Espainiako Patente eta Marken Bulegoan (OEPM) eta Europar Batasuneko Jabetza Intelektualaren Bulegoan (EUIPO) ordaindutako tasek jaso dezakete dirulaguntza.

d) Lokalak konpontzeko edo kontserbatzeko gastuak. Gastu horien helburua da lokalak behar bezala erabiltzeko baldintzak mantentzea, elementu batzuen ordezpenaren bidez, eta ez dira sartzen lokala hobetzen duten jarduketa berriak. Profesionalen ordainsariak eta materialak sartzen dira gastu horietan, eta gutxienez 500 euro gastatu behar da, BEZik gabe.

2. Edozein motatako tributuak ez dira diruz lagunduko, ez eta 1. apartatuko gastuak ere alderdiek akzioen bidezko harremana badute edo odol edo ezkontza bidezko hirugarren gradura arteko ahaideak badira.

4. oinarria.–Laguntzen zenbatekoa.

Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak honakoak izanen dira:

a) Laguntzak, finantzatzeko jarduera ekonomiko bat hasteko eskatzaileek izandako gastuak (ez dago gastu horiek justifikatu beharrik):

–Banakako enpresaburuak: 750 euro.

–Enpresa sozietarioak: 2.000 euro.

–Sozietate irregularrak: 1.500 euro.

b) 3.1 oinarriko gastu diruz lagungarrien %50eko laguntza, gehieneko hauek izanda:

LAGUNTZAREN INTENTSITATEA (GASTUAREN %50)

GEHIENEKO LAGUNTZA

Prestakuntza

300 euro

Aholkularitza

300 euro

Patenteen eta marken erregistroa

300 euro

Lokalen konponketa edo kontserbazioa

1.000 euro

Laguntzaren intentsitatea fakturatutako eta pagatutako gastuari aplikatuko zaio, BEZa kenduta.

c) Laguntza gehigarria eskaera aurkezten den egunean honako baldintzak betetzen dituzten enpresentzako. Zenbateko gehigarri hauek metatu egin daitezke:

IZAERA

LAGUNTZA
GEHIGARRIA

A.–Emakumeek, desgaitasunen bat duten pertsonak edo gazteek sustatutako enpresak:

A.1. Emakumezko banakako enpresaburua izatea edo enpresaren kapitalean emakumeek %50eko edo gehiagoko partaidetza izatea.

300 euro

A.2. %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duen banakako enpresaburua izatea edo %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten pertsonek enpresan %25eko edo gehiagoko partaidetza izatea.

300 euro

A.3. 40 urtetik beherako banakako enpresaburua izatea edo enpresaren kapitalaren %50 gutxienez adin horretako pertsonena izatea, eskaera egiten den egunean.

300 euro

B.–Enplegua sortuko duten enpresak:

B.1. Bazkideak ez diren pertsonak kontratatuak edukitzea, gutxienez lanaldiaren %50 egiteko.

300 euro

B.2. Bazkideak ez diren pertsonak kontratatuak edukitzea, kontratu mugagabearekin, gutxienez lanaldiaren %50 egiteko. Nafarroara ekarritako enpresen kasuan, lekualdatzearen ondoren egindako kontratu berriak bakarrik hartuko dira kontuan.

300 euro kontratu mugagabe bakoitzeko (600 euroko muga)

B.3. %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten pertsonak kontratatuak izatea.

300 euro

C.–Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategian lehentasunezkotzat jotzen diren sektoreetan aritzen diren enpresak (1).

300 euro

D.–EJZn alta eman duten enpresak, baldin eta egin badute Nafarroako Erdialdean, 2019ko uztailaren 8an, izandako ohiz kanpoko euri-jasen eta uholdeen ondorioz hondamen-eremu deklaratutako udalerriren batean (2).

300 euro

E.–Nafarroako udalerri batean EJZn alta eman duten enpresak, baldin eta udalerri hori bada 2015-2019 aldian biztanleria galdu duten eremuetako bat: Ipar-mendebaldea, Pirinioak, Estellerria eta Nafarroako Eki-erdialdea. (Iturria: (Nafarroako Estatistika Institutua) (3).

300 euro

F.–Nafarroako Gobernuaren “Negozioen Errelebo Poltsa” delako programan eskaintzen den enpresa-jarduera batean segitzen duten enpresak.

Eskualdaketaren kostuaren %10, BEZik gabe (2.000 euroko mugarekin)

(1) Lehentasunezko sektore horietan sartutzat joko dira EJSN 2009an dibisio epigrafeei (bi digitu) dagozkien honako jarduerak:

01

02

03

10

11

16

17

18

20

21

22

23

24

25

26

27

28

29

30

33

35

38

39

55

58

59

60

61

62

63

71

72

73

74

75

86

90

91

94

(2) 210/2019 Foru Agindua, uztailaren 30ekoa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emana (2019ko 158. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 14koa).

(3) Eremu bakoitzari dagozkion udalerriak jasota daude Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren apirilaren 5eko 89/2001 Foru Aginduan, horren bidez ezarri baitziren “Nafarroa 2000” zonifikazioaren osaera eta izendapen berriak (2001eko 69. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 6koa).

5. oinarria.–Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2020ko abuztuaren 31n bukatu, hura barne.

Deialdi honetarako baimendutako aurrekontuko kreditua egun hori baino lehen agortzen bada, eskaerak aurkezteko epea aldez aurretik itxi dela jakinaraziko da Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atarian (www.nafarroa.eus), tramiteen katalogoko fitxa egokiaren bitartez (hemendik aurrera, laguntzen fitxa).

2. Eskaerak nahitaez modu telematikoan aurkeztuko dira laguntzen fitxaren bidez; fitxa horretan lotura bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikora.

3. Laguntza eskabidean adierazi behar da eskatzaileak baduela gaitutako helbide elektroniko (GHE) bat eta harpidetua dagoela Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen elektronikorako prozeduretan. Gaitutako helbide elektroniko hori eskuratuko da 9. oinarrian adierazi bezala.

4. Eskaera ordezkari batek aurkezten badu, frogatu egin beharko da ordezkaritza hori. Kasu horietan, bai eskatzaileak bai bere ordezkariak, biek izan beharko dute DEHa.

5. Enpresa edo IFZ bakoitzeko laguntza eskaera bakarra onartuko da.

6. Eskabideak ez baditu betetzen Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak, Lehiakortasunaren Zerbitzuak eskatzaileari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio hala egin ezean eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

6. oinarria.–Laguntzak eskatzeko aurkeztu beharreko agiriak.

1. Eskabide telematikoarekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta egonen dira:

2. Oro har aurkeztu beharreko dokumentazioa:

a) Eskabidearen inprimakia, laguntzen fitxan eskuratu daitekeena, behar bezala beteta.

Inprimakiak badu irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan eskatzen den gardentasun aitorpena. Foru dekretu horren bidez arautzen dira Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunen gardentasunerako betebeharrak.

b) Jarduera ekonomikoen zergan alta hartuta dagoela dioen agiriaren kopia.

c) Enpresak jarduera zein udalerritan garatzen duen, bertako udalak luzatutako ziurtagiria, egiaztatzen duena eskatzaileak eguneratuak dituela zerga-betebeharrak. Ziurtagiri hori luzatuko da laguntza eskaera aurkeztu baino 10 egun natural lehenago.

d) 3. oinarrian aipatzen diren gastu diruz lagungarrien fakturen kopia eta ordainketen frogagiriak; enpresa eskatzailearen izenean egon behar dute. Ordainagiritzat hartuko da finantza entitate baten bidez egin eta eskatzailearen kontuan zordundutakoa. Enpresa hornitzailearen kontuan eskudirutan egindako diru-sarrerak ez dira onartuko.

Gainera, lokalak konpontzeko eta kontserbatzeko gastuen kasuan, alokairu kontratua edo lokalaren jabetza eskritura aurkeztu beharko da eta 2007ko Kontabilitate Plan Orokorreko 622 kontuan (“Mantentze-lanak eta konponketak”) kontabilizatuta dagoela dioten frogagiriak, edo halakorik ezean, gastuen erregistro liburuan.

e) Patenteen eta marken gastua frogatzeko, izen edo marka eskaeraren kopia aurkeztu beharko da. Eta ordainketa frogatzeko, bankuak egiaztatutako ordainketa-gutunaren kopia aurkeztuko da, edo, aurkezpen elektronikoaren kasuan, ordainketaren bankuko frogagiriaren kopia.

f) Inoiz Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzarik lortu ez bada, “Transferentzia bidez kobratzeko eskabidea” inprimakia beteta aurkeztu beharko da. Inprimaki hori Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian eskuratzen ahal da: https://www.navarra.es/home_es/Servicios/Recursos/Impresos+de+Tesoreria.htm.

3. Aurkeztu beharreko berariazko dokumentazioa:

a) Dagokion lanbide elkargoko mutualitatean alta emanda dauden banakako enpresaburuen kasuan, bertan alta emandako aldiak zehazki azaltzen dituen ziurtagiria, laguntza-eskaera aurkeztu aurreko 10 egun naturaletan luzatua.

b) Enpresa sozietarioak izanez gero: Enpresa eratzeko edo aldatzeko eskrituraren kopia, dagokion erregistroan behar bezala inskribatuta.

c) Sozietate irregularren kasuan:

I. Nafarroako Zerga Ogasuneko Entitateen Zentsuan inskribatuta egotea frogatzen duen dokumentuaren kopia.

II. Sozietate irregularraren eraketa dokumentuaren kopia, non ordezkari gisa jarduteko ahalmena dutenak izendatuko diren.

III. Dagokion lanbide elkargoko mutualitatean alta emanda dauden banakako enpresaburuen kasuan, bertan alta emandako aldiak zehazki azaltzen dituen ziurtagiria, laguntza-eskaera aurkeztu aurreko 10 egun naturaletan luzatua.

4. 4. oinarriaren c) letrako laguntza gehigarriak eskatzen badira, agiri hauek ere aurkeztu beharko dira:

a) A.2 izaera frogatzeko (%33ko edo hortik gorako desgaitasuna duen banakako enpresaburua izatea, edo %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten pertsonek enpresan %25eko partaidetza edo handiagoa edukitzea): banakako enpresaburuaren desgaitasuna frogatzen duen dokumentazioa, edo hala badagokio, enpresako bazkideena.

b) B izaera frogatzeko (enplegua sortzen duten enpresak): enpresaren lan-bizitzari buruzko txostena, kotizazio kontuko kode bati dagokiona, laguntzaren eskaera aurkeztu aurreko 10 egun naturaletan luzatua.

c) D izaera frogatzeko (Nafarroako Gobernuaren “Negozioen Errelebo Poltsa” delako programan eskaintzen den enpresa-jarduera batean segitzen duten enpresak): Nafarroako Gobernuaren Lan Zerbitzuak egindako txostena, non egiaztatuko baita egindako eskualdaketa, haren kostua, eta zer egunetan egin zen.

4.c) oinarriko gainerako baldintzak aurreko apartatuetan adierazitako agirien bidez egiaztatuko dira.

7. oinarria.–Dirulaguntza eman eta ordaintzea.

1. Dirulaguntza hauek banakako ebaluazioaren araubidean emanen dira. Hori dela-eta, eskaerak oinarri hauetan ezarritako irizpideekin bat ebaluatuko dira eta ebaluazio horren emaitzaren araberakoa izanen da dirulaguntza.

Eskaerak zein hurrenkeratan aurkezten diren, horren arabera tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuan horretarako kreditua dagoen bitartean. Aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.

2. Lehiakortasunaren Zerbitzuak eskaerak ebaluatuko ditu; horretarako, beharrezkotzat jotzen duen informazio osagarria edo argigarria eskatzen ahalko dio eskatzaileari, eta adieraziko dio ezen eskaerari ezarritako epean erantzuten ez badio eskatutako laguntzak ukatzen dituen ebazpena emanen duela.

Eskaera bakoitza aztertu ondoren, aipatu zerbitzuak ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari, eta, bertan, adierazi beharko da onuradunek laguntzak jasotzeko beharkizun guztiak betetzen dituztela.

3. Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da dirulaguntza ematea eta ordaintzea ebatziko duen organo eskuduna. Ebazpena eman eta jakinarazteko epea sei hilabetekoa izanen da gehienez ere, eskaera aurkezten den egunetik hasita.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsi direla ulertzen ahalko da. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak eman edo ukatzeko berariazko ebazpena eman eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

8. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Betetzea gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena, hots, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan dirulaguntzen onuradunentzat arautzen dena. Eskaera-inprimakian sartuta dago.

Aipatu foru dekretuaren 3. artikuluan aipatzen diren baldintzak betetzen dituzten entitateek ezin izanen dute dirulaguntza kobratu ez badute aurkezten aipatu arauaren 4. artikuluan eskatzen den informazioa eskabidearekin batera.

b) Banakako enpresaburuek eta sozietate irregularrak osatzen dituztenek Gizarte Segurantzako Langile Autonomoen Araubide berezian alta egoeran egon beharko dute, edo dagokion lanbide elkargoko mutualitatean, sei hilabetez jarraian, jardueran alta ematen den egunetik aurrera zenbatzen hasita, salbu onuradunaren heriotza, ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia gertatzen bada.

Elkargo profesionalen kasuan, onuradunak mutualitatearen ziurtagiria aurkeztu behar du, eskatzen den iraunkortasuna betetzen duela frogatzeko. Gainerako kasuetan, betebehar hori bete ote den ofizioz egiaztatuko da.

c) Behar bezala aditzera ematea dirulaguntza honen xedeko gastuen finantziazioa. Horretarako, enpresaren webgunean, ageriko lekuan eta 6 hilez (laguntza emateko eta pagatzeko ebazpenaren egunetik hasita), honako esaldi hau paratuko da: “Enpresa honek Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza bat jaso du, enpresei hasierako gastuetarako dirulaguntzak emateko 2020ko deialdian”.

d) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebehar guztiak bete ezik, dirulaguntza itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

Zehazki, aurreko apartatuko b) letrako iraunkortasun betebeharra 3 hilabetez baino gehiagoz jarraian betetzen bada, laguntzaren itzulketa partzial bat eginen da, gelditzen diren sei hilabeteak betetzeko falta denarekin proportzioan, berandutze-interesak barne.

9. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntzen eskabidea eta eman beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (http://www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoan dagoen laguntzen fitxaren bidez.

2. Laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak eta administrazio egintzen jakinarazpenak telematikoki eginen dira, eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren bidez.

Gaitutako helbide elektronikoa Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko Ministerioaren helbide honetan lor daiteke: https://notificaciones.060.es/PCPublic_publicInfo.action Horretarako, beharrezkoa izanen da ziurtagiri digitala izatea. Halaber, gaitutako helbide elektronikoa lortu ondoren, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da.

10. oinarria.–Laguntzen bateraezintasuna.

Deialdi honetako laguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, gastu beretarako emandako beste dirulaguntza batzuekin.

Bereziki, laguntza hau bateraezina da “Enplegu autonomoa sustatzeko dirulaguntzak” izena duen eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak kudeatzen duen deialdiarekin.

11. oinarria.–’’De minimis” laguntzak.

Laguntzak “de minimis” laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoarekin bat. Erregelamendu horrek hizpide du aplikatzea Itunaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei (2013ko L 352 EBAO, abenduaren 24koa). Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru zerga ekitaldiko aldian emandako de minimis laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan.

Nekazaritzako produktuen lehen mailako ekoizpenean diharduten enpresen kasuan, “de minimis” laguntzen izaera arautzen da Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1408/2013 (EB) Erregelamenduaren bidez. Erregelamendu horrek hizpide du aplikatzea Europar Batasunaren Itunaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritza sektorearentzako “de minimis” laguntzei (2013ko L352 EBAO, abenduaren 24koa). Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru zerga ekitaldiko aldian emandako de minimis laguntza guztien batura ezin da 15.000 eurotik gorakoa izan.

Horretarako, eskatzaileak behartuta daude aitortzera eskaera egiteko inprimakian kasuan kasuko zerga ekitaldian eta aurreko bi zerga ekitaldietan hartutako bestelako de minimis laguntzak.

12. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Lehiakortasunaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (https://www.pap.hacienda.gob.es/bdnstrans/es/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntzak zein aurrekontu kredituri egotzi zaizkion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

13. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F2007862