169. ALDIZKARIA - 2020ko uztailaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

3E/2020 EBAZPENA, ekainaren 22koa, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Gazteen Entitateen Erroldan inskribaturik dauden entitateei eta Nafarroako gazteen beste entitate batzuei dirulaguntzak emateko deialdia, gazteriaren arloko programak garatzeko eta ekipamendua erosteko 2020an. DDBN identifikazioa: 512060.

Nafarroako Gazteriaren Institutuak (NGI) eskumena du gai honetan, eta modu espezifikoan hel diezaioke gazteriaren arloari; halaxe xedatu baita azaroaren 15eko 327/2019 Foru Dekretuan, zeinaren bidez sortzen baita Nafarroako Gazteriaren Institutua eta onesten baitira haren estatutuak. Haren xede orokorra da herritar gazteen eskubideak babestea, gazteek garapen politikoan, sozialean, ekonomikoan eta kulturalean askatasunez eta eraginkortasunez parte hartuz eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko erakundeetan zeharka jardunez.

Bere eskumenak garatzeko, Nafarroako Gazteriaren Institutuari dagokio programak eta dirulaguntzak zuzendu eta kudeatzea, besteak beste. Eginkizun hori Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoaren babesean gauzatuko da; izan ere, haren xedea da Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen araubide juridiko orokorra arautzea.

Halaber, Nafarroako Gazteriaren Institutuak gazteen elkartegintza sustatzea du helburu, bide ematen baitu gazteak gizarte-bizitzan integratu daitezen eta parte har dezaten. Horretarako, laguntza eman nahi zaie entitate horiei, gazteentzako programak presta ditzaten eta ekipamendua eskura dezaten beren egoitza eta jardueretarako.

Horrenbestez, Nafarroako Gazteriaren Institutua erakunde autonomoa sortzen duen eta haren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 327/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea Nafarroako Gazteen Entitateen Erroldan inskribaturik dauden entitateei eta Nafarroako gazteen beste entitate batzuei dirulaguntzak emateko deialdia, gazteriaren arloko programak garatu eta ekipamendua eros dezaten 2020an.

2. Dirulaguntza emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honi aurre egiteko, 150.000,00 (ehun eta berrogeita hamar mila) euroko gastua baimentzea. Dirua partida hauei egotziko zaie:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

090002-09120-4819-232100: (E) Gazte elkarteen programetarako dirulaguntzak

2020

140.000,00

090002-09120-7819-232105: Gazte elkarteen ekipamenduetarako dirulaguntza

2020

10.000,00

4. Ebazpen eta oinarri arautzaile hauen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.

5. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2020ko ekainaren 22an.–Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Carlos Amatriain Busto.

I. ERANSKINA

Oinarriak

1. Xedea.

Deialdi honen xedea da Nafarroako Gazteen Entitateen Erroldan inskribaturik dauden entitateei eta Nafarroako gazteen beste entitate batzuei gazteriaren arloko programak garatzeko eta ekipamendua erosteko 2020ko dirulaguntzak emateko araubidea ezartzea.

Deialdi honen aurrekontuari dagokionez, proiektuen atalera 140.000 euro bideratuko dira, gehienez ere, “Gazte elkarteen programetarako dirulaguntzak” izeneko 090002-091204819-232100 partidaren kargura; eta ekipamenduak erosteko atalera 10.000,00 euro, “Gazte elkarteen ekipamendurako dirulaguntza” izeneko 090002-09120-7819-232105 partidaren kargura. 2020ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretakoak dira bi partida horiek.

2. Helburua.

Deialdi honetako dirulaguntzen helburua da Nafarroako Gazteen Entitateen Erroldan inskribaturik dauden entitateei eta Nafarroako gazteen beste entitate batzuei laguntzea 2020an gazteriaren arloko programak gauzatzeko eta ekipamendua erosteko, gastuen finantzaketa partzialaren bitartez.

Deialdiak onura publikoa dakar, gazteen elkartegintza sustatzea interesgarria delako gizartearentzat, eta bide bat sortzen duelako gazteek beren bizi-kalitatea hobetuko duten proiektuetan parte har dezaten.

3. Entitate onuradunak.

Honako hauek aurkezten ahalko dituzte eskaerak deialdi honen babesean:

3.1. Nafarroako Gazteen Entitateen Erroldan inskribatuta dauden entitate guztiek. Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteriako kontseilariaren irailaren 18ko 73/2002 Foru Aginduak arautzen du errolda hori.

3.2. Gazteriaren arloko programak garatzen dituzten Nafarroako gazteen elkarteek, baldin eta legez eraturik eta, indarreko araudiak eskatuz gero, kasuan kasuko erregistroan inskribaturik badaude eskaera aurkezten dutenean, eta baldintza hauek betetzen badituzte:

3.2.1. Irabazi-asmorik ez izatea (irabazi-asmoa duten entitateak berariaz baztertzen dira) eta irabazi-asmoa duten entitate baten mende ez egotea, ekonomikoki zein instituzionalki.

3.2.2. Estatutuetan, gazteriarekin lotutako eta gazteei zuzendutako jarduerak egitea erakundearen xedea dela agertzea.

3.2.3. Egoitza soziala (edo egoitza) eta egoitza fiskala Nafarroako Foru Komunitatean izatea.

4. Proiektu diruz lagungarrien eta ekipamendu gastuen kontzeptu diruz lagungarriak.

4.1. Proiektu diruz lagungarrien edukia:

A.–Proiektuak hamalautik eta hogeita hamar urtera bitarteko gazteentzat izan beharko du, Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legearen 2. artikuluari jarraituz.

B.–Proiektu diruz lagungarriak batasun bat duten zenbait jardueraz osatuko dira, helburuak lortzera bideraturik plan egituratu bati jarraikiz.

C.–Gazteen bizi garapenean laguntzen duten eta/edo gazteek gizartean parte-hartze aktiboa izatea sustatzen duten proiektuek jasoko dute dirulaguntza. Genero perspektiba kontuan hartu behar dute proiektuek.

Aipatu diren proiektuei dagokienez, era honetako ekintzak lagunduko dira diruz:

a) Gazteek prestakuntza eta enplegua izan dezaten laguntzen duten jarduketak.

b) Osasun-hezkuntzako jarduketak.

c) Indarkeria, arrazakeria, xenofobia, sexismoa, homofobia eta intolerantzia prebenitzen duten jarduketak.

d) Emakumeen eta gizonen aukera berdintasunaren aldeko jarduketak.

e) Gazteen parte-hartze solidarioa bultzatzen duten jarduketak, boluntariotzaren, hezkuntzaren eta garapenerako lankidetzaren bidez.

f) Gazteen aisia eta astialdi osasungarria bultzatzen dituzten jarduketak.

g) Gazte elkarteen jarduketak bultzatzen dituzten ekintzak, ingurumenaren kontserbazioan eta aisiaren kultura berri baten erabileran.

h) Gazteen arte eta kultura arloko promozioa dakarten jarduketak.

i) Gazteen parte-hartzea bultzatzen duten ekintzak, herritartasun aktiboa sustatzeko.

j) Gazteen aisialdiko eta astialdiko proiektuak, non baztertzeko arriskuan dauden gazteek eta/edo desgaitasuna duten gazteek parte hartzen baitute.

D.–Deialdi honetatik kanpo daude publizitate kanpainak, dokumentalak, argitalpenak eta gidak sustatzen dituzten proiektuak, bai eta aurreikusitako jarduerak egiteko obrak egitea edo material informatikoa eskuratzea helburu dutenak ere.

E.–Proiektu horiek gauzatu beharko dira 2020ko urtarrilaren 1etik irailaren 30era bitarteko epean.

4.2. Ekipamendu gastuak.

Nafarroako Gazteriaren Institutuan erroldatutako entitateek eta Nafarroako beste gazte entitate batzuek, ebazpen honetan ezarritako baldintzak betetzen dituztenean, dirulaguntzak lor ditzakete ekipamenduaren gastuetarako, baldin eta gazteen jardueren atalerako eskatzen badute dirulaguntza, eta haren onuradun badira. (4.1 oinarria).

Nafarroako Gazteriaren Institutuan erroldatutako entitateek eta Nafarroako beste gazte entitate batzuek eska dezakete dirulaguntza, entitatearen jarduerak egiteko beharrezkoak diren ekipamendua erosteko gastuetarako, 2020ko urtarrilaren 1etik irailaren 30era bitartekoetarako.

5. Kontzeptu eta gastu diruz lagungarriak.

5.1. Proiektuak egiteko dirulaguntza jasotzen ahal duten gastutzat jotzen dira, oro har, proiektuak gauzatzearekin zuzeneko lotura dutenak, hala nola:

–Garraioko gastuak; halakotzat joko dira garraio kolektiboak, publikoak nahiz pribatuak, erabiltzearen ondorioz sortutakoak.

–Mantenu eta ostatu gastuak irtenaldietan. Irtenalditzat joko dira egoitzatik kanpo gutxienez ere bi gaueko ostatua behar duten jarduerak.

–Dirulaguntzaren xedeko proiektua gauzatzeko beharrezko material suntsigarrian egindako gastuak.

–Proiektuaren publizitatean eta hedakuntzan egindako gastua.

–Egoitzaren barnean zein kanpoan jarduerak egiteko behar diren aseguruen ordainketa (erantzukizun zibila eta istripuak).

–Zerbitzu profesionalen ordainketa, halako proiektuetan non, beren berezitasunengatik, kontratatu behar diren gauzatuko den proiektuaren arloan adituak diren teknikari profesionalak.

–Askotariko gastuak, dirulaguntzaren xedeko jarduerarekin zalantzarik gabeko lotura dutenak.

5.2. Ebazpen honetan ezartzen diren baldintzak betetzen dituzten Nafarroako Gazteriaren Institutuan erroldatutako entitateek eta Nafarroako beste gazte entitate batzuek ekipamenduaren (altzari, tresna eta material inbentariagarrien) erosketa-gastuen kontzeptuengatik eskuratzen ahalko dituzte dirulaguntzak.

Ekipamendurako gastutzat jotzen dira jarduera egiteko beharrezkoa den materiala eskuratzekoak: altzariak eta tresnak, esate baterako: mahaiak, aulkiak, apalategiak, armairuak, kanpadendak eta abar.

Halaber, material inbentariagarrien gastutzat hartuko dira ondasun ez-suntsikorrak, esate baterako: orriak josteko makinak, arbelak, plastifikagailuak, birringailuak, kanpaldi eta zeharkaldietarako materiala: etxetresna elektrikoak, su txikiak, hozkailuak, sukaldeko tresnak eta abar. Ondasun inbentariagarriak erostean bete beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.4 artikuluan ezarritakoa:

“4. Ondasun inbentariagarriak eskuratu, eraiki, zaharberritu edo hobetzen direnean, ondoko arauak beteko dira:

a) Oinarri arautzaileetan zehaztuko da onuradunak noiz arte erabili beharko dituen ondasunok dirulaguntzaren xederako. Gutxienez zazpi urte iragan arte erabili beharko ditu xede horretarako, erregistro publikoan inskribatu ahal diren ondasunak badira, edo bi urte iragan arte, bestelako ondasunak badira.

Erregistro publikoan inskribatzen ahal diren ondasunak izanez gero, eskrituran adierazi beharko da inguruabar hori, bai eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa ere; halaber, erregistro publikoko inskripzioan zehaztasun horiek jasoko dira.

b) Aurreko letran ondasunen xedeari buruz ezarri den baldintza betetzen ez bada, eta, betiere, ondasuna besterentzen bada edo kargaren bat ezartzen bazaio, dirulaguntza itzuli beharko da, foru lege honen II. tituluko I. kapituluan ezarritako moduan. Ondasuna itzulketaren ordainketari atxikita egonen da, zein ere den haren edukitzailea, salbu edukitzaile hori erregistroko fede publikoak babesturiko hirugarren bat denean edo frogatzen denean ondasunak fede onez eta titulu justuz eskuratu direla edo merkataritza- zein industria-establezimendu batean eskuratu direla, ondasun higigarri inskribaezinen kasuan”.

Bi urteren ondoan, elkarte onuradunek erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dute, baieztatzeko betetzen dutela, oraindik ere, 28.4 artikuluan xedatutakoa.

Diruz lagungarriak izateko, altzariak, tresneria eta material inbentariagarria erostearen ondoriozko gastuak 2020ko urtarrilaren 1etik irailaren 30era bitarte egin beharko dira.

Deialdi honen esparrutik kanpo gelditzen dira ekipamendu informatikoa erostearen ondoriozko gastu guztiak (ordenagailuak, inprimagailuak, ekipamenduen eguneratzea, softwarea, gailu mugikorrak, telefonoak, GPSak, argazki eta bideo makinak, USBak eta beste gailu digital batzuk).

Gastu diruz lagungarrien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

6. Dirulaguntzetatik kanpo geratzen diren kontzeptuak eta gastuak.

Hurrengoak deialdi honen esparrutik kanpo geldituko dira:

–Irakaskuntzako jarduerak, indarra duten ikasketa planetan aurreikusitakoak, edo hezkuntza formalaren xedea edo edukiak dituztenak.

–Kirol kluben jarduerak eta, oro har, lehiaketako kirol jarduerak.

–Inauteriak, dantzaldiak, txuliaketak, antzezkizunak, kontzertuak, tokian tokiko jaiak, desfileak, lehiaketak eta gainerako jaialdiak, eta ekintza horietan sortutako gastuak.

–Ikasleen entitateen berezko jarduerak.

–Beste deialdi berariazkoago baten helburu diren jarduerak.

–Bazkari, hamaiketako, askari eta horrelakoen gastuak, irtenaldietako mantenu gastuak izan ezik.

–Elkartetik kanpoko monitoreen ordainsariak eta elkarteetako langileen ordainsariak, horrelakorik badago.

–Gazte elkartearen berezko jarduerak antolatzeko eta gauzatzeko zerbitzu profesionalak kontratatzea.

–Gazte elkartearen erabilera gainditzen duten funtzionamendu gastuak, garatutako jarduerei dagokienez.

–Jarduerarekin zerikusi zuzena ez duten gastuak.

–Gasolinak eta kotxeen alokairuak sortutako gastuak, kanpalekuetara edo zeharkaldietara joateko ez badira.

–Aldizkari, egunkari, telebista-kanal eta abarren harpidetzak.

–Entitatearen ibilgailuen aseguruen ordainketa.

–Sariak eta opariak.

–Kirol ekipamenduak, jantziak, mozorroak eta abar eskuratzeko gastuak.

–Dirulaguntzatik kanpo daude gauzatu beharreko proiektuarekin zuzenean lotu gabeko gastuak, hala nola, opariak edo zeinahi motatako eskersari edo erregaliak edozein parte-hartzaileri (erabiltzaileak, proiektuak garatzen dituztenak, hizlariak eta abar).

7. Dirulaguntzen gehieneko zenbatekoak.

7.1. Proiektuak.

Xede honetarako gehieneko kreditua 140.000,00 eurokoa izanen da, guztira. Eskaera guztiei ezin bazaie gehieneko zenbatekoa eman, banaketa proportzionala eginen da.

7.1.1. Aurkeztu eta onartzen den aurrekontuaren %66,66koa izanen da entitateentzako dirulaguntza, eta 8.000,00 euroko muga izanen da proiektu bakoitzeko.

7.1.2. Lehen fasean, proiektu batek bakarrik izanen du dirulaguntza entitate bakoitzeko, 11.1.2 oinarriaren araberako gutxieneko puntuazioa lortu badu.

Kasu horretan, kreditua nahikoa ez bada aipatu puntuazioa lortzen duten guztiei aurreikusitako gehieneko kopurua emateko, hainbanaketa eginen da.

Aurreko ebaluazioa eginik, nahikoa kreditu bada proiektu gehiago diruz laguntzeko, bigarren proiektuari helduko litzaioke, eta behar gutxieneko puntuazioa lortzen dutenean, puntuazio handienetik txikienerako ordenan onartuko dira, deialdiaren gainerako zuzkidura agortu arte.

7.1.3. Gastu diruz lagungarrietarako honako muga hauek jarri dira, 4.1 oinarrian aipatzen diren proiektuak gauzatzeari dagokionez:

a) Joan-etorrietako gehieneko gastua 1.500 eurokoa izanen da, joan-etorri bakoitzeko. Banakako txartelen bidezko garraio gastuetarako, tarifa arrunt merkeenaren prezioa ordainduko da (turista maila).

b) Egoitzatik kanpora egiten diren jardueretan, gaua kanpoan ematea beharrezkoa denean, ostatu eta mantenu gastu gehienekoak 29 eurokoak izanen dira, parte-hartzaile eta egun bakoitzeko.

c) Hala behar duten proiektuentzat, profesionalen zerbitzuak kontratatzeko gastuetan, kontratazio horretan egiten den gastua proiektuaren kostuaren %40 izanen da, gehienez ere.

7.2. Ekipamendua.

Xede honetarako gehieneko kreditua 10.000,00 eurokoa izanen da, guztira. Eskaera guztiei ezin bazaie gehieneko zenbatekoa eman, banaketa proportzionala eginen da.

7.2.1. Ekipamendua erosteko dirulaguntzaren ehunekoa aurkeztu eta onartzen den aurrekontuaren %75ekoa izanen da gehienez (1.000,00 euro gehienez ere).

8. Eskaerak aurkezteko tokia eta epea.

8.1. Dirulaguntzarako eskaerak eta hasierako agiriak NGIri zuzenduko zaizkio, eta telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, dagokion esteka erabiliz Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariaren izapideen katalogoan (www.nafarroa.eus).

Eskaera NGIri zuzendu beharko zaio eta horretarako ezarritako eredu ofizialaren araberakoa izanen da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoarekin bat.

8.2. Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

8.3. Deialdi honetan eskatzen diren eranskin guztiak NGIren bulegoetan eta Nafarroako Gobernuaren atarian (www.nafarroa.eus) dagoen izapideen katalogoaren berariazko fitxan jaso daitezke.

9. Eskaera eta dokumentazioa.

9.1. Dirulaguntzarako eskaerak, xedea edozein izanik ere, aurkezteko, Nafarroako Gazteriaren Institutuak emanen dituen ereduak erabiliko dira, edo www.juventudnavarra.es web-orrian eta Nafarroako Gobernuko Atariko Zerbitzuen Katalogoan eskura daudenak (II. eranskina - 1-5 fitxak), entitateko legezko ordezkariak sinatuak, agiri hauekin batera:

a) Nafarroako Gazteen Entitateen Erroldan inskribatuta ez dauden gazteen entitateen kasuan:

1.–Elkartearen edo entitatearen estatutu indardunak.

2.–Elkarteak edo entitateak dagokion erregistroan inskribaturik dagoela egiaztatzeko agiria, araudi indardunaren arabera baldintza hori eskatzekoa denean.

3.–Azken zuzendaritza batzordearen erregistroko idatzoharra.

4.–Elkartearen edo entitatearen identifikazio fiskaleko agiria (IFZ).

5.–Elkartearen edo entitatearen legezko ordezkariaren NANa, eskatzailea denean; bestela, eskabidea sinatzen duenaren NANa eta ordezkaritza frogatzen duen agiria.

6.–Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, dirulaguntza eskatzen den lehenengo aldia baldin bada edo datuak aldatu baldin badira.

b) Eskaera guztiekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

9.1.1. Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren ziurtagiria, frogatzen duena Foru Ogasunarekiko zerga betebeharrak egunean dituela. Ziurtagiri horrek hilabeteko antzinatasuna izanen du gehienez. Ez da dokumentazio hori aurkeztu beharko baldin eta baimena ematen bada NGIk egiaztapen hori zuzenean egiteko Ekonomia eta Ogasun Departamentuan.

9.1.2. Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrak egindako ziurtagiria, gehienez hiru hilabeteko antzinatasuna izanen duena, entitate eskatzaileak Gizarte Segurantzarekiko betebehar guztiak egunean dituela egiaztatzen duena. Ez da dokumentazio hori aurkeztu beharko baldin eta baimena ematen bada Nafarroako Gazteriaren Institutuak egiaztapen hori zuzenean egiteko Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrean.

9.1.3. Entitatearen ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, azaltzen duena entitateak ez duela urratzen Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan dirulaguntza publikoen onuradun izateko ezarritako debekurik. II. eranskina - 1. fitxa.

9.1.4. Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiko ziurtagiri negatiboak (Adingabeen Babes Juridikoari buruzko 1/1996 Lege Organikoaren 13.5 artikulua), baldin eta egin beharreko jarduerek adingabeekin harremana izatea badakarte. Hori guztia adingabeekin harremana duten boluntario eta/edo profesional guztiei eskatuko zaie.

Ziurtagiri horrek deialdiaren urte natural berekoa izan beharko du.

9.1.5. Behar bezala prestatutako eta ekonomikoki baloratutako proiektua. Proiektu horiek jasoko dituzte, gutxienez ere, helburuak, hartzaileak, metodologia, jardueren deskripzioa, garatu beharreko ekintzen banaketa geografikoa, jardueren egutegia eta aurrekontu zehaztua. (II. eranskina - 1-4 fitxak).

9.1.6. Elkarteak proiektuak prestatzen eta/edo jarduerak eta programak planifikatzen daukan esperientzia jasotzen duten agiriak.

9.2. Ekipamendua erosteko eskaerekin batera aurkeztuko dira, batetik, enpresa hornitzaileen aurrekontua(k), non azalduko baita zer material erosi nahi den, eta, bestetik, 9.1.3 oinarrian adierazitako erantzukizunpeko adierazpena. (II. eranskina - 5. fitxa).

9.3. Eskaerak hobeki ebaluatzen laguntzeko, entitate eskatzaileei aurkeztutako proiektuetako informazioa argitzeko eskatzen ahalko die NGIk.

10. Antolamendua eta instrukzioa.

10.1. Dirulaguntzak emateko eta ordaintzeko prozedura antolatzeko eta instruitzeko eskumena duen organoa Gazteentzako Programen eta Entitateekiko Harremanen Atala da.

10.2. Eskaerak hobeki ebaluatu ahal izateko, aurkeztutako edo eskatutako dokumentuetako informazioa handitzeko edo hobetzeko eskatzen ahalko die Gazteentzako Programen eta Entitateekiko Harremanen Atalak entitate eskatzaileei.

Aurkeztutako dokumentazioa osorik ez badago edo deialdiko betebeharrak betetzen ez badira, entitate interesdunari errekerimendua eginen zaio dokumentazioa osatu edo akatsak zuzendu ditzan 10 egun balioduneko epean, eta, halaber, ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, bere eskaerari uko egin diola ulertuko dela, bidezkoa den ebazpena emanda, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluari jarraikiz.

10.3. Gaitutako helbide elektronikora jakinarazpen elektronikoa igorriz eginen da dokumentazioa osatu edo zuzentzeko errekerimendua, aurreko paragrafoan ezarri dena.

10.4. Baztertu eginen dira epez kanpo aurkezten diren eskaera guztiak, baita datu faltsutuekin igortzen direnak ere. Datu faltsuak dituztenean, bidezko erantzukizuna eska daiteke.

11. Balorazio irizpideak.

11.1. Proiektuak.

Eskaerak baloratzeko, Ebaluazio Batzorde bat eratuko da, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea buru duela, eta honako hauek kide: Gazteentzako Programen eta Entitateekiko Harremanen Ataleko burua, Toki Entitateen eta Gazte Entitateen Bulegoko burua eta Nafarroako Gazteriaren Kontseiluko burua edo hark eskuordetutako kontseilukidea. Batzordeak eginiko ebaluazioa ikusirik, zeina loteslea izanen baita, instrukzio organoak ebazpen proposamena eginen du.

Ebaluazio Batzordeak arrazoietan oinarrituz baloratuko ditu dirulaguntzak emateko eskaerak, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideei jarraikiz.

11.1.2. Proiektuak honako irizpide hauei jarraikiz eginen dira, eta denak batera baloratuko dira:

a) Proiektua zenbateraino egokitzen zaien deialdi honetako helburuei (35 puntu gehienez).

b) Proiektuaren kalitatea (35 puntu gehienez):

–Jardueren plangintza (10 puntu gehienez).

–Helburu, ekintza eta aurrekontuen arteko koherentzia (10 puntu gehienez).

–Proiektuaren izaera berritzailea (10 puntu gehienez).

–Emaitzen adierazleak (5 puntu gehienez).

c) Proiektuaren onura zenbat bazkidek jasotzen duten (10 puntu gehienez).

–Bazkideen %71 - %100: 10 puntu.

–Bazkideen %41 - %71: 7 puntu.

–Bazkideen %21 - %41: 4 puntu.

–Bazkideen %1 - %21: 1 puntu.

–Parte hartzen duen bazkiderik ez, edo bazkideen %1etik beherako parte hartzea: 0 puntu.

d) Proiektua gauzatzeko, gazte elkarteak jartzen dituen baliabideak (20 puntu gehienez).

70 puntu baino gutxiago lortzen dituzten proiektuek ez dute dirulaguntzarik jasoko.

11.2. Ekipamendua erosteko eskaerak deialdi honen 4.2 eta 7.2.1 oinarrietan ezarritako baldintzen arabera baloratuko dira.

12. Dirulaguntza ebatzi, justifikatu eta ordaintzea.

12.1. Dirulaguntza ebaztea.

12.1.1. NGIko zuzendari kudeatzaileak ebazpena emanen du, behin ikusita instrukzio organoaren proposamen txostena eta espedientea eta Ebaluazio Batzordearen erabakiak, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 3 hilabetean, gehienez ere. Epe horretan ebazpen espresik eman eta jakinarazten ez bada, eskaera ezetsitzat jo beharko da.

Dirulaguntza eskuratzen duten entitate eskatzaileen zerrenda eta ezesten diren eskaeren zerrenda agertuko dira ebazpenean. Arrazoietan oinarrituz sartuko dira eskatzaileak bi zerrendetan.

12.2. Dirulaguntza justifikatu eta ordaintzea.

12.2.1. Dirulaguntza justifikatzeko agiriak Nafarroako Gazteriaren Institutuari zuzenduko zaizkio, eta telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) izapideen katalogoan dagokion esteka erabiliz. (III. eranskina).

Egiaztagiria NGIri zuzendu beharko zaio eta horretarako ezarritako eredu ofizialaren araberakoa izanen da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoarekin bat.

12.2.2. Diruz lagundutako gastu guztia justifikatu beharko da. Justifikazioak aurkezteko epea 2020ko urriaren 9an bukatuko da. Epez kanpo aurkezten diren frogagiriak ez dira onartuko, ez eta datu faltsutuak dituztenak ere.

12.2.3. Deialdi honetan eskatzen diren eranskin guztiak NGIren bulegoetan eta Nafarroako Gobernuaren atarian (www.nafarroa.eus) dagoen izapideen katalogoaren berariazko fitxan jaso daitezke.

Justifikatzeko, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

12.2.4. Proiektuak.

a) Proiektuaren memoria orokorra, proiektuaren helburu nagusiei eta horien betetze mailari buruzko informazioa ekarriko duena, proiektuaren ebaluazioa eta programaren diru-sarreren eta gastuen balantze ekonomikoa (III. eranskina - 1. fitxa).

b) Jarduera bakoitzaren amaierako memoria, informazio deskriptibo hau ekarriko duena: jardueraren emaitzak, jarduera zer tokitan gauzatu den, zer egunetan, parte-hartzaileak, jardueraren ebaluazioa (erabiltzaileek egindakoa eta monitoreek egindakoa), ondorioak, etorkizunean egin daitezkeen jarduketetarako oharrak eta gomendioak; eta ekintza bakoitzaren diru-sarreren eta gastuen balantze ekonomikoa, jarduerak banakaturik. (III. eranskina - 2. fitxa).

12.2.5. Ekipamendua.

a) Ordaindutako gastu guztietatik dirulaguntzaren xede diren horien fakturen eta frogagirien zerrenda zehatza eta zenbakitua, 7.2 oinarrian adierazitakoari jarraikiz. Honako hauek sartuko dira: hartzekoduna, fakturaren/frogagiriaren zenbakia eta data, kontzeptua, zenbatekoa eta ordaindu den eguna. (III. eranskina - 3. fitxa).

12.2.6. Kasu guztietan (12.2.4 eta 12.2.5 oinarriak):

a) Gastuak justifikatzeko, jarduera antolatu eta dirulaguntza eskatzen duen elkartearen aldeko fakturak aurkeztuko dira.

Fakturak indarra duen legediari jarraikiz jaulkiko dira, honako datu hauek jarrita: fakturatzen duen enpresaren izena edo sozietate-izena eta IFZ, faktura egiten deneko eguna, zenbakia, kontzeptua, zenbatekoa eta fakturatutako objektu edo kontzeptu bakoitza, zigilua, ordaintzeko modua eta aplikatu den balio erantsiaren gaineko zerga (BEZa). Faktura jaulkitzen duen entitatea BEZatik salbuetsirik dagoenean, organo eskudunak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da, kasuan kasuko salbuespena egiaztatu eta horretaz fede emateko.

Fakturak egin behar izatetik salbuetsirik egon arren ziurtagiriak egiten dituzten entitateek, ziurtagirian berean adierazi beharko dute zer arauren arabera dauden salbuetsirik, modu frogagarrian.

Faktura guztiek ordainketaren frogagiria izan beharko dute.

Honako hauek ez dira inolaz ere onartuko: ordainagiri hutsak, kutxako tiketak, albaranak, dohaintzak, emate-orriak, autofakturak eta froga-baliorik, merkataritzako trafiko juridikoan baliorik eta egindako gastua frogatzeko administrazio eraginik ez duten ziurtagiriak.

Agiriak honela aurkeztuko dira:

Karpeta batean, justifikazioan eskatzen diren agiri guztiak, eta ekintzen fitxak, dataren arabera ordenatuak, fakturekin eta dagozkien ordainagiriekin batera. Fakturak eta beren ordainagiriak ordenan egonen dira, eta zenbakiak izanen dituzte Excel orriaren arabera (fakturak eta ordainagiriak, baldin horrelakorik bada, zenbaki bera izanen dute ). Aurki eta ordenatuak (), aurkibide batekin, jarduera zehatz bakoitzerako.

b) Egindako gastuen zerrenda, jarduerak sortutako fakturak xehakaturik. Dokumentu hori Excel formatuan aurkeztu beharra dago. (III. eranskina - 4. fitxa).

c) Dirulaguntzaren xede den jarduera egiteko zer beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo norberaren baliabide lortu diren, zehaztuta zer kopuru eskatu den, entitateen izena eta onartutako zenbatekoa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 16. artikuluarekin bat (III. eranskina).

d) Faktura guztiak ordaindu izanaren frogagiria.

12.2.7. Dirulaguntza Nafarroako Gazteriaren Institutuaren zuzendari kudeatzailearen ebazpen bidez ordainduko da, behin proiektu teknikoa justifikatu eta, hala dagokionean, diruz lagundutako ekipamendua erosi ondoren.

a) Gastu diruz lagungarriaren %100 justifikatzen ez bada, burutu den gastua zenbatean murriztu den, proportzio berean gutxituko da dirulaguntza. Horretarako, entitate onuradunak edo, hala dagokionean, entitate laguntzaileak betebeharrak ia osorik bete behar ditu, eta bere konpromisoak zalantzarik gabe betetzeko jarrera frogatu.

Onuradunak edo, halakorik egonez gero, entitate laguntzaileak lortutako betetze-maila nahiko hurbil badago erabateko betetze-mailatik, eta ezbairik gabe erakusten badute beren konpromisoak betetzen ahalegindu direla, foru lege honen 14. artikuluko 1. apartatuko p) letran aipatutako irizpideak eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.3 artikulua erabiliko dira itzuli behar duten zenbatekoa zehazteko.

b) Gastuen justifikazioan, fakturen bidez egindakoa, proiektu teknikoan aurkeztu eta onartutako jarduera guztiak adierazi beharko dira.

c) Eskatutako dokumentuak Nafarroako Foru Administrazioan lehenago aurkeztu badira, haien ordez erantzukizunpeko adierazpena aurkezten ahalko da, eta bertan adieraziko, noiz eta zein organotan edo bulegotan aurkeztu edo eman ziren, eman baziren, edo zeinetan dauden jasota, betiere bost urte baino gehiago igaro ez badira dagokien prozedura bukatu zenetik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko 11/2019 Foru Legearen 9.4 artikuluan xedatutakoarekin bat.

12.7. Dirulaguntzen deialdi honetan egiten diren ebazpen guztiak gaitutako helbide elektronikora jakinarazpen elektronikoa igorriz jakinaraziko dira.

Hala ere, horiek guztiak Nafarroako Gobernuaren izapideen katalogoan kontsultatzen ahalko dira (www.nafarroa.eus).

13. Betebeharrak.

13.1. Xedea bete, proiektua gauzatu eta material inbentariagarria erostea, dirulaguntza emateko arrazoia baita.

Diruz lagundutako proiektuaren garapena edo gastua aldatzen bada, horren berri eman beharko zaio Nafarroako Gazteriaren Institutuari, behar den denboraz, hark jakin dezan eta, bidezkoa bada, aginduzko baimena eman dezan.

13.2. Dirulaguntzen entitate onuradunak dirua nahitaez dirulaguntzaren helburuetan erabili beharko du, eta hala egin dela justifikatu dokumentuen bidez. Gainera, NGIk eskatzen dituen egiaztapen guztiak onartu eta erraztu beharko ditu, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeari jarraituz.

13.3. Egiaztatu eta kontrolatzeko lanak bermatzeko, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta behar bezala auditaturiko bestelako agiriak eduki beharko dituzte, indarra duten legeetan xedatu bezala. II. eranskina.

13.4. Halaber, entitate onuradunek erantzukizunpeko adierazpen bat eginen dute azaltzeko ezen konpromisoa hartzen dutela diruz lagundutako jardueraren publizitatean Nafarroako Gobernuaren marka (anagramaz eta logotipoz osatua) edo zehaztuko diren beste batzuk erabiltzeko; Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuari jarraikiz (foru dekretu hori aldatzen duen urtarrilaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuak emandako testuaren arabera). III. eranskina.

13.5. Erantzukizunpeko adierazpena aurkeztea, non adieraziko baita hornitzaileak eragimen eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu direla, aholkularitza edo laguntza enpresek 12.000 eurotik gorako ekipamendu ondasunen horniketa egin edo zerbitzuak ematen dituztenean. III. eranskina.

Kasu horietan, elkarte onuradunak helburua lortzeko gai diren hiru enpresarekin edo gehiagorekin kontsultatu eta negoziatu beharko ditu kontratuaren baldintzak, eta eskaintzarik hoberena egiten duenarekin sinatuko du. Kontsulta-tramitearen gaineko dokumentazioa eta eskaintzak gorde egin beharko ditu entitate onuradunak. Kontu horiek agiri bidez frogatu beharko ditu dirulaguntza ematen duen organoaren aurrean, kontratua sinatu bezain laster. Agiri horiekin batera, enpresa hautatzeko arrazoiei buruzko txosten labur bat aurkeztuko da.

Ez da beharrezkoa izanen enpresa bati baino gehiagori kontsulta egitea, gastu diruz lagungarrien ezaugarrien berezitasunagatik, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori ematen duten enpresak behar adina ez direnean.

13.6. Generoaren ikuspuntuaren tratamenduari dagokionez, hizkuntza berdinzalea erabiltzea komunikazio, argitalpen, programa eta antzeko guztietan; emakumeenganako bereizkeria islatzen duen irudi oro saihestea eta berdintasunari, aniztasunari, rolen pluraltasunari eta ardurakidetzari lotutako baloreak sustatzea.

13.7. Antolatzen diren jardueretan, Nafarroako 2017-2027ko Hondakinen Plana bete behar da. Plan horretan, hondakinen kudeaketa plana eta prebentzio programa aipatzen dira, eta bertan ezartzen da zein diren hartu beharreko neurri zehatzak, besteak beste hondakinen gaikako bilketa eta bereizketa sustatzea.

13.8. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, dirulaguntzen onuradun diren entitateek jasotako funtsak itzuli beharko dituzte.

14. Bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak jasotzen dituzten entitateek beste administrazio, entitate eta erakunde publiko edo pribatu batzuen laguntzak eta dirulaguntzak hartzen ahalko dituzte helburu eta xede beretarako, baina haiek, guztira, ezin izanen dute proiektu bakoitzaren gastuaren %100 gainditu, barnean dela deialdi honetan oinarrituta emandako zenbatekoa.

Entitate onuradunek, helburu berbera duten beste dirulaguntza, laguntza, dirusarrera edo baliabide batzuk lortuz gero, horren berri eman beharko diote organo emaileari edo entitate laguntzaileari. Jakin bezain laster emanen da horren berri eta, betiere, hartutako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritakoari jarraituz. III. eranskina.

15. Onarpena.

Deialdi honetan parte hartzeak berarekin dakar oinarri guztiak onartzea.

16. Ez-betetzeak.

Deialdi honen oinarrietan ezarritakoa ez betetzeak, eman zen xederako ez erabiltzeak, laguntzak zertan erabili diren ezarritako modu eta epeetan ez justifikatzeak, gezurrezko datuak emateak edo Nafarroako Gazteriaren Institutuaren baimenik gabe dirulaguntzaren helburuak aldatzeak dirulaguntza galtzea eta jasotako dirua itzuli beharra ekarriko dute, baita ordainketaren dataz geroztikako berandutze-interesa ordaintzea ere, hala badagokio, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 18. artikuluan finkatutakoari jarraikiz kalkulatuta, ezertan galarazi gabe Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluaren arabera eskatzen ahal diren gainontzeko erantzukizunak.

Nolanahi ere, entitate onuradunak betebeharrak ia osorik betetzen dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak betetzeko jarrera frogatzen duenean, itzuli beharreko zenbatekoa proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da.

17. Gardentasun betebeharrak.

17.1. Entitate onuradunek bete beharko dute Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean xedatutakoa.

17.3. Atal honetan aipatzen den informazioa dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean aurkeztu beharko da. Telematika bidez aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, NGIri zuzendua.

17.4. Onuradunak informaziorako betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, atal honetan agindutako informazioa ez aurkezteak onetsitako dirulaguntza ez ordaintzea ekarriko du berekin, eta, bidezko bada, kobratutako zenbatekoak itzuli beharra, Dirulaguntzei buruzko Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

17.5. Nolanahi ere, entitate onuradunek dokumentuak ez aurkezteko eskubidea izanen dute baldin eta haiek dagoeneko Foru Komunitateko Administrazioaren esku badaude (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.3 artikulua).

17.7. Entitate onuradunek ematen duten informazioa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gobernu Irekiaren Atariko webgunean argitaratuko da. Informazio hori urtebetez egonen da ikusgai argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

18. Errekurtsoak.

Deialdi honen eta beronen oinarri arautzaileen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluarekin.

19. Aplikatzekoa den legedia.

Ebazpen honetan ezarrita ez dagoen orotan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoa aplikatuko da.

II. ERANSKINA

Dirulaguntza eskabidea (PDFa).

III. ERANSKINA

Justifikazioa (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2006888