169. ALDIZKARIA - 2020ko uztailaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

18/2020 FORU AGINDUA, ekainaren 30ekoa, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak emana, esku-hartze orokorreko proiektu bat onesten duena Tuterako Lourdes auzoko 27 ataritarako.

Irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuak, Nafarroan etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak arautzen dituenak, VI. kapituluko 4. atalean bizitegi multzoen berroneratze alorrean egin beharreko esku-hartze orokorreko proiektuak arautzen ditu.

Proiektu horien helburua da hiri finkatuko atari, etxe-sail edo eremu batzuk birgaitzea, modu koordinatuan eta aurretik programatuta, eta horrela atari bakar baten esparrua gainditzea. Horrekin bilatzen da eskalako ekonomiak lortzea, bai ikuspuntu ekonomikotik (lizitazio bateratuak egiteko aukera, kudeaketa gastu txikiagoak), bai administratibotik (espediente bateratuak aurkezteko aukera, tramitazio azkarragoa), eta, aldi berean, eraikuntzako eta arkitekturako konponbide homogeneoagoak eskaini ahal izatea (tratamenduari, kalitateari eta akaberei dagokienez) hiri-bilbearekin harreman estua duten etxe-sail edo eremuetan.

Aipatutakoarekin bat, esku-hartze orokorreko proiektu bat onesteko eskaera egin da 374 etxebizitzarentzat, 27 ataritan banatuak, Tuterako Lourdes auzoan. Hauek dira:

–Entrefuertes kalean, 1, 3, 5, 7, 9, 11 eta 12 zenbakiak.

–Balsa del Pulguer kalean, 1, 3 eta 5 zenbakiak.

–Estanca kalean, 1, 2, 3, 4 eta 5 zenbakiak.

–Paloteado kalean, 1, 3, 5, 7 eta 9 zenbakiak.

–Ador kalean, 48, 50 eta 52 zenbakiak.

–Aguas de Abril kalean, 2 zenbakia.

–Munillo ibaia kalean, 1, 3 eta 5 zenbakiak.

Etxe sail horiek 60ko eta 70eko hamarkadetan eraiki ziren. Antzeko egitura dute denek: lau solairu, eta bi edo hiru etxebizitza solairu bakoitzean; beheko solairuak etxebizitza gisa, merkataritzako lokal gisa eta biltegi gisa erabiltzen dira.

Fatxadek ez dute inolako isolamendu termikorik. Etxeko ur beroa eta berokuntza sortzeko sistema indibiduala da. Atari batzuek gas instalazioa dute, zenbait etxebizitza hornitzen dituena.

Jatorriz, atari bakar batek ere ez zeukan igogailurik. Gaur egun, irisgarritasuna konponduta dago, edo konpontzeko bidean, 13 ataritan. Lau atarik egina dute inguratzaile termikoa, edo proiektu fasean daukate.

Gaur egun, eraikinek zenbait patologia dituzte.

Aurreikusitako jarduketen bidez, instalazioak eta inguratzaile termikoa hobetuko dira, eta irisgarritasun unibertsalari buruzko berariazko araudira egokitzeko zenbait lan eginen dira. Jarduketa horiek guztiak babesgarriak dira. 18 atarik atxikitzeko konpromisoa eman dute, eta hala dago jasota. Honako hauek ez dira atxiki: Entrefuentes kalea 3, Estanca kalea 1, Paloteado kalea 1 eta 7, Ador kalea 48 eta 50, Aguas de Abril kalea 2, eta Munillo ibaia kalea 3 eta 5.

Espedientean Etxebizitza Zerbitzuaren txostenak jaso dira, non adierazten baita espedientea aztertu dela eta zuzen dagoela: betetzat jotzen dira herritarren parte-hartzearen betebeharra eta Tuterako Udalaren parte-hartzearen betebeharra, eta proposatutako konponbide teknikoa birgaitzearen arloko jarduketa babesgarri gisa kalifika daiteke behin-behinean.

Aipatutako irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuaren 83.3 artikuluak ezartzen du proiektuak etxebizitza arloan eskumena duen kontseilariak onetsi behar dituela foru agindu baten bidez.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Onestea Tuterako Lourdes auzoko 27 atari hauetarako esku-hartze orokorreko proiektua:

–Entrefuertes kalean, 1, 3, 5, 7, 9, 11 eta 12 zenbakiak.

–Balsa del Pulguer kalean, 1, 3 eta 5 zenbakiak.

–Estanca kalean, 1, 2, 3, 4 eta 5 zenbakiak.

–Paloteado kalean, 1, 3, 5, 7 eta 9 zenbakiak.

–Ador kalean, 48, 50 eta 52 zenbakiak.

–Aguas de Abril kalean, 2 zenbakia.

–Munillo ibaia kalean, 1, 3 eta 5 zenbakiak.

Proiektua atari horiei guztiei aplikatuko zaie, hauei izan ezik: Entrefuentes kalea 3, Estanca kalea 1, Paloteado kalea 1 eta 7, Ador kalea 48 eta 50, Aguas de Abril kalea 2, eta Munillo ibaia kalea 3 eta 5. Izan ere, atari horiek ez dira proiektura bildu. Dena dela, esku-hartze orokorreko proiektuaren indarraldian zehar, noiznahi jakinarazten ahalko diote etxebizitzaren arloan eskumena duen departamentuari proiektura bildu nahi direla, eta hori nahikoa izanen da proiektua atari horietan ere aplikatzeko.

Ondorioak erabatekoak izan daitezen, beharrezkoa izanen da proiektuak aurkeztea dagokion birgaitze bulegoan, eta jabeen erkidegoek eskatzea (eta lortzea) proiektu horiek behin-behinean kalifika daitezela birgaitze jarduketa babestu gisa. Hasierako lau urteko epea beste lau urtez luzatzen ahal da, jabeen erkidego onuradunak hala eskatuta.

2. Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen. Interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindu hau jakinarazi eta biharamunetik hasita. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Foru agindu hau igortzea ukitutako jabeen erkidegoei, esku-hartze orokorreko proiektua idatzi duen arkitektura estudioari, Tuterako Udalari, Etxebizitzako zuzendari nagusiari, Etxebizitza Zerbitzuari eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, baita etxebizitzaren arloko argibideak ematen dituen webgunean ere (www.vivienda.navarra.es), behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko ekainaren 30ean.–Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilaria, José María Ayerdi Fernández de Barrena.

Iragarkiaren kodea: F2006925