168. ALDIZKARIA - 2020ko uztailaren 30a

3. ESTATUKO ADMINISTRAZIOA

GOBERNUAREN ORDEZKARITZA

Politika Energetikoaren eta Meatzeen Zuzendaritza Nagusiaren Ebazpena, Sistemas Energéticos Loma del Viento SAUri eraikitzeko administrazio baimena ematen diona, Puyloboko 48,51 MW-eko parke eolikoaren aldaketarako eta energia eramateko 30 kV-eko linea elektrikoetarako, Borjako eta Mallengo udal-mugarteetan, Zaragozako probintzian, eta Corteskoan, Nafarroako probintzian; horrekin batera, haren onura publikoa zehazki deklaratzen da

Politika Energetikoaren eta Meatzeen Zuzendaritza Nagusiak Ebazpena eman zuen 2019ko apirilaren 26an, haren bidez Sistemas Energéticos Loma del Viento SAUri aurretiazko administrazio baimena emateko, Puyloboko 48,51 MW-eko parke eolikorako eta energia eramateko 30 kV-eko linea elektrikoetarako, Borjako eta Mallengo udal-mugarteetan, Zaragozako probintzian, eta Corteskoan, Nafarroako probintzian.

Halaber, Politika Energetikoaren eta Meatzeen Zuzendaritza Nagusiak ebazpen bat eman zuen 2019ko uztailaren 2an, Sistemas Energéticos Loma del Viento SAUri eraikitzeko administrazio baimena emateko, Puyloboko 48,51 MW-eko parke eolikorako eta energia eramateko 30 kV-eko linea elektrikoetarako, Borjako eta Mallengo udal-mugarteetan, Zaragozako probintzian, eta Corteskoan, Nafarroako probintzian.

2019ko ekainaren 25ean, Sistemas Energéticos Loma del Viento SAUk -hemendik aurrera, eskatzailea- eskatu zuen Puyloboko parke eolikoaren proiektuaren onura publikoa zehazki deklaratzea, eta 2019ko uztailaren 3an, berriz, eraikitzeko administrazio baimena eskatu zuen aipatutako instalazioaren aldaketarako.

Eraikitzeko administrazio baimenerako tramitatutako proiektuarekin alderatuta, hauek dira aldaketak:

–Bost haize-sorgailuren kokapena aldatzea, 2019ko apirilaren 12ko ingurumen-inpaktuaren adierazpenean ezarritako baldintzak betetzeko.

–30 kV-eko linea elektrikoen trazadura aldatzea, haize-sorgailuen kokapen berrira egokitzeko eta Enel Green Power enpresak Mallengo udal-mugartean, Zaragozako probintzian, duen parke eolikoaren gaineko ukipena ekiditeko.

Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzako Industria eta Energia Arloan eta Gobernuaren Zaragozako Ordezkariordetzako Industria eta Energia Arloko Bulegoan ireki zen espedientea.

Espedientea tramitatu zen Energia elektrikoa garraiatu, banatu eta merkaturatzeko jarduerak, haren hornidura eta haren instalazioetarako baimenen prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan aurreikusitakoarekin bat, eta kasuan kasuko txostenak eskatu ziren administrazioetan, zerbitzu publikoan edo interes orokorreko zerbitzuetan aritzen diren erakunde eta enpresetan, instalazioak horien kargurako ondasun eta eskubideei eragiten ahal dien zatian.

Era berean, eskaera jendaurrean jarri zen, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan aurreikusitakoarekin bat, 2019ko abuztuaren 2an Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta 2019ko abuztuaren 12an Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuz, eta ez da alegaziorik jaso.

Lodosako Ubidearen Ureztatzaileen Elkartearen eta Borjako eta Mallengo udalen erantzunak jaso dira, non ez duten inongo eragozpenik jartzen. Eskatzaileari igorri zaizkio erantzun horiek, eta ados dagoela jakinarazi du.

Honako hauen erantzunak jaso dira: Ebroko Konfederazio Hidrografikoa, Enagás Transporte SAU, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU, Aragoiko Gobernuko Kultur Ondarearen Zuzendaritza Nagusia eta Red Eléctrica de España SAU; erantzun horietan baldintza teknikoak ezartzen dira eta, kasu batzuetan, erakunde horiei baimena eskatu beharra ere, instalazioak haien eskumeneko ondasun edo zerbitzuak gurutzatzen baditu. Eskatzaileari igorri zaizkio erantzun horiek, eta ados dagoela jakinarazi du.

Erregelamenduari jarraituz, Cortesko Udalari eta Aragoiko Gobernuko Landa Garapeneko eta Basogintza Politikako Zuzendaritza Nagusiari errepikatu zaie eskaera, baina ez denez erantzunik jaso, ulertzen da ados daudela, halaxe xedatzen baitute abenduaren 1eko 1955/200 Errege Dekretuaren 131.2 eta 146.2 artikuluek.

Estatuaren Aragoiko Errepide Barrutiaren txostena jaso da, zeinetan adierazten baita energia ateratzeko 30 kV-eko lineak AP-68 autobidea gurutzatzen duen puntu berriak autobidearen beraren drainatze obra bat ukitzen duela, eta, beraz, beste kokapen bat proposatu beharko dela energia ateratzeko linearako, autobidearen egungo elementu, instalazio eta zerbitzuetan ukipenik eraginen ez dituena. Eskatzaileari horren berri eman ondoren, hark Puyloboko parke eolikoaren proiektuaren separata bat aurkeztu du, jasotzen duena autobidearen azpiko pasabidearen aldaketa, drainatze obraren gaineko ukipena saihesteko. Erantzun hori igorri zaio erakundeari, eta honek adierazi du ados dagoela baina baldintza tekniko batzuk bete beharko direla eta, AP-68 autobideko ukipen eremuan jarduketak egin behar izanez gero, proiektuan jasota ez daudenak, horren berri eman eta dagokion baimena eskatu beharko dutela. Eskatzaileari igorri zaio erantzuna, eta hark ados dagoela adierazi du.

Aragoiko Ingurumen-kudeaketarako Institutuaren txostena jaso da, adierazten duena eskatzaileak, Aragoiko Autonomia Erkidegoaren titularitateko abelbideetan lurrak aldi baterako okupatuko dituenez, frogatu beharko duela hori bateragarria dela basoko jabari publikoaren erabilera eta zerbitzuekin, eta zenbait baldintza (administratiboak, teknikoak, ingurumenekoak eta ekonomikoak) ezarriko direla instalazioaren okupaziorako. Horrez gain, Aragoiko Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Ingurumen Departamentuko Zaragozako Zerbitzu Probintzialean tramitatu beharko du erantzukizunpeko adierazpen bat, Aragoiko abelbideei buruzko azaroaren 11ko 10/2005 Legearen testu eguneratuko 35.3 artikuluan aurreikusi bezala. Eskatzaileari igorri zaio eta hark ados dagoela adierazi du. Geroago, Aragoiko Ingurumen Kudeaketarako Institutuak txosten bat aurkeztu zuen, parke eoliko horretako energia ateratzeko 30 kV-eko linearako aurkeztutako aldaketek izan ditzaketen ondorioei buruz; txostenean adierazten da aldaketek ez dituztela lehenago ebaluatutako ingurumen ukipenak handitzen eta ez dela beharrezkoa baldintzak aldatzea, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 44. artikuluarekin eta Aragoiko Ingurumen Kudeaketarako Institutuaren 2018ko uztailaren 3ko Ebazpenarekin bat.

Nafarroako Gobernuaren Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren aldeko txostena jaso da, adierazten duena Puyloboko parke eolikoko energia eramateko 30 kV-eko linearako proposatzen den aldaketak, autonomia erkidego horri eragiten dion neurrian, ez duela ekartzen lehenago ebaluatutako ingurumen ukipenak handitzerik.

2019ko ekainaren 28an, eskatzaileak erantzukizunpeko adierazpena izenpetu zuen, aplikatzekoa zaion araudia betetzen dela frogatzen duena, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53.1 artikuluan ezarri bezala.

Gobernuaren Zaragozako Ordezkariordetzako Industria eta Energia Arloko Bulegoak txostenak eman zituen 2019ko urriaren 16an eta azaroaren 15ean eta 2020ko otsailaren 7an. Bestalde, Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzako Industria eta Energia Arloak txostenak eman zituen 2019ko urriaren 17an eta azaroaren 20an, eta 2020ko martxoaren 2an eta apirilaren 1ean.

Puyloboko parke eolikoko bost haize-sorgailuren kokapenaren aldaketa hau ez dago sartuta ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren aplikazio esparruan, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan araututakoan, ezarrita baitago parke horri 2019ko apirilaren 12an eman zitzaion ingurumen-inpaktuaren adierazpenean.

2019ko azaroaren 27an, eskatzaileak proiektatutako aldaketen gaineko ingurumen-ukipenen azterlana aurkeztu zuen, eta bertan aztertzen da energia ateratzeko lur azpiko 30 kV-eko linearen trazaduran egin beharreko aldaketen munta; azterketaren ondorioa da ez duela kalterik eragiten ingurumenean. Idatzi horretan adierazten da ezen, energia elektrikoa ateratzeko azpiegituran egin beharreko aldaketak aztertu ondoren, ondorioa honakoa dela:

–Ez direla handitzen isuri atmosferikoak.

–Ukitutako lurzoruaren azalera txikiagoa da.

–Natur baliabideen erabilera ez da handitzen.

–Ez dago kultur ondarearen gaineko inolako ukipenik.

–Ez da aldatzen faunaren gaineko inpaktua.

Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legeak enpresa ekimen askea aitortzen du energia elektrikoaren hornidurarako jardueretan aritzeko.

Aintzat hartuz Administrazioaren jarduera zuzendu behar duten printzipioak, prozesuaren azkartasuna eta ekonomia, alegia, bidezkoa da egintza bakar baten bidez ebaztea eskatzailearen eskaera, aipatutako jarduketari proiektua eraikitzeko administrazio baimena emateari eta zehazki haren onura publikoa deklaratzeari buruzkoa.

Baimen hauek ematen badira ere, lurraldearen antolamenduari eta ingurumenari dagozkien eta beharrezkoak diren kontzesio eta baimenak beharko dira, bai eta aplikatzekoak diren xedapenek eragindako beste guztiak ere. Halaber, obra egiteko beharrezkoak diren gainerako baimen guztiak eskuratu beharko dira.

Azaldutakoaren ondorioz, Energia Politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusi honek

EBAZTEN DU:

Lehena.–Sistemas Energéticos Loma del Viento SAUri eraikitzeko administrazio baimena ematea Puyloboko 48,51 MW-eko parke eolikoaren aldaketarako, 30 kV-eko linea elektrikoak barne, ebazpen honen eranskinen bildu diren baldintza bereziak ezarrita; proiektuaren ezaugarriak zehaztuta daude 2019ko maiatzeko “Puyloboko parke eolikoaren administrazio proiektuaren aldaketa” izenekoan. Parke eolikoa Borjako eta Mallengo udal-mugarteetan dago, Zaragozako probintzian, eta Corteskoan, Nafarroan.

Parke eolikoaren ezaugarri nagusiak hauek dira:

–Teknologia mota: eolikoa.

–Instalatutako potentzia: 48,51 MW.

–Haize-sorgailuen modeloa: Gamesa G132/84.

–Haize-sorgailuen kopurua: 14 haize-sorgailu, bakoitza 3,465 MW-ekoa.

–Ukitutako udalerria: Borja, Zaragozako probintzian.

Haize-sorgailuen UTM koordenatuak, ETRS89 sisteman, 30 eremuan, hauek dira:

HAIZE-SORGAILUA

X

Y

AE-01

619.119

4.640.933

AE-02

619.960

4.640.780

AE-03

620.228

4.639.928

AE-04

620.257

4.640.238

AE-05

620.740

4.640.686

AE-07

621.240

4.640.005

AE-08

621.545

4.640.239

AE-09

621.861

4.640.473

AE-10

620.843

4.639.745

AE-11

618.791

4.640.296

AE-13

619.490

4.640.150

AE-14

619.657

4.640.440

AE-15

620.524

4.640.453

AE-18

618.896

4.640.654

30 kV-eko lur azpiko lineak 3 tartetan banatuta daude; jatorria plantako haize-sorgailuetan dute, eta bukaera 30/66 kV-eko azpiestazioan. Hona hemen ezaugarri nagusiak:

–Sistema: korronte alterno trifasikoa.

–Tentsioa: 30 kV.

–Eroaleak: RH5Z1 18/30 kV Al.

–Sekzioa: 95, 240, 400, 630 mm².

–Ukitutako udal-mugarteak: Borja eta Mallén, Zaragozako probintzian, eta Cortes, Nafarroan.

Energia berriztagarria sortzeko zenbait instalaziotako energia elektrikoa atera eta garraio sareraino eramateko azpiegitura ez dago baimen honen eremuan sartuta.

Proiektuaren aldaketaren helburua da parke eolikoko haize-sorgailuak beste kokapen batera eramatea, 2019ko apirilaren 12ko ingurumen-inpaktuaren adierazpena betetzeko. Energia ateratzeko azpiegituraren aldaketaren helburua da Ene Green Power enpresak bertan duen parke eoliko berriaren gaineko ukipenak ekiditea, eta sortutako energia sarera ateratzea.

Eskatzaileak tramitazioan onartutako baldintzak bete beharko ditu, bai eta aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzekoa emateko ebazpenean ezarri zirenak ere.

Bigarrena.–Zehazki, baimendutako instalazioaren onura publikoa deklaratzea, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan aurreikusitako ondorioetarako.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 62.2.i) artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da Energiaren estatu-idazkariaren aurrean, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Madrilen, 2020ko ekainaren 1ean.–Energia Politikako eta Meatzeetako zuzendari nagusia, María Jesús Martín Martínez.

ERANSKINA

Eraikitzeko administrazio baimena ematen da, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat eta baldintza berezi hauekin:

Lehena. Lanak egin beharko dira aurkeztu den proiektuarekin eta aplikatzekoak zaizkion erregelamenduzko xedapenekin bat, eskatu eta baimentzen diren aldaketak eginda, beharrezkoak badira.

Bigarrena. Ustiapen baimena emateko epea hamazortzi hilabetekoa izanen da, ebazpen hau eskatzaileari jakinarazten zaionetik hasita.

Hirugarrena. Instalazio horren titularrak lanen amaieraren berri eman beharko dio probintziako organo eskudunari, ustiapen baimena behin betikoz onartu eta zabaltzeko.

Laugarrena. Eraikitzeko baimen administratiboak ez du inola ere salbuesten instalazioaren titularra instalazioek behar dituzten gainerako baimen osagarriak lortzetik; besteak beste, lortu beharko ditu industria segurtasunaren arloko legeriak, sistema laguntzaileei dagokienez, horiek instalatu edo abian jarri aurretik, eskatzen dituen baimenak, autonomia erkidegoen eskumenekoak, edo bestela, kontrolerako beste formalitate guztiak bete beharko ditu.

Bosgarrena. Administrazioak ondoriorik gabe utziko du ebazpen hau ikusten bada, denboraren joanean, ebazpenean ezartzen diren eskubideen titularrak ez dituela betetzen bertan ezarritako baldintzak. Kasu horietan, Administrazioak, behar den espedientea bideratu ondoren, kasuko baimena baliogabetzea erabakiko du, horrek dakartzan ondorio administratibo eta zibil guztiekin, indarra duten lege xedapenekin bat.

Seigarrena. Instalazioaren titularrak kontuan hartuko du, exekuziorako, erakundeek ezarri dituzten baldintzak, zeinak jakinarazi zaizkion eta berak berariaz onartu dituen.

Iragarkiaren kodea: E2007394