168. ALDIZKARIA - 2020ko uztailaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TAFALLA

Alkatetzaren eskumenak Tokiko Gobernu Batzarraren esku uztea

Alkatetzaren uztailaren 1eko 1/2019 Dekretuaren bidez, Tokiko Gobernu Batzarreko kideak izendatu ziren eta eskumenak eskuordetu ziren. Ondoren, urriaren 23ko 15/2019 Dekretuaren bidez, eskuordetutako eskumen batzuk galdekatu ziren, eraginkorrago eta azkarrago izapidetzearekin lotutako arrazoiengatik.

Azkenik, ikusirik COVID-19 birusaren zabalkundea dela eta bizi dugun larrialdi egoera, eta kontuan hartuz haren hedapenari eusteko prebentzio neurriak hartu direla, besteak beste bilerak eta elkarretaratzeak mugatzea, ez soilik herritarren artekoak baizik eta Udalaren lantokietako langileenak ere, martxoaren 17ko 3/2020 Dekretuaren bidez, Tokiko Gobernu Batzarraren esku utzitako eskumenak galdekatu ziren.

Alkatetzaren eskudantziak edo eskumenak Tokiko araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21. artikuluan ezartzen dira, baita berariazko arau sektorialetan ere, hala nola 2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa; 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Administrazio Lokalari buruzkoa; edo Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legearen bigarren xedapen gehigarria, besteak beste.

Toki Entitateen Antolamenduaren eta Funtzionamenduaren gaineko Erregelamendua onesten duen azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuaren 43.1 artikuluari jarraikiz, alkatetzak bere eskudantziak eskuordetzen ahal dituela, baina ez guztiak: apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.3 eta 71. artikuluetan aipatutakoak ez.

Eskudantzia horiek Tokiko Gobernu Batzarrari eskuordetuz gero, kide anitzeko organo gisa, eta aipatutako Erregelamenduaren 43.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, horren erabakiek alkateak emandako ebazpenen balio bera dute.

Eskudantziak Tokiko Gobernu Batzarrari eskuordetzeko, Alkatetzaren Dekretu baten bidez egin behar da. Bertan aipatu behar dira aipatutako Erregelamenduko 44.1 artikuluan aurreikusitako zehaztapenak, hots, eskudantzia zer alorri dagokion zehaztu behar da, zer eskumen eskuordetzen diren adierazi behar da eta eskumen horiek gauzatzeko berariazko baldintzak zehaztu behar dira.

Interes publikoaren alde eta udalbatzako kideek Udalaren Gobernuan parte har dezaten, komenigarri egiten dute Alkatetza honek zenbait eskudantzia Gobernu Batzarraren esku uztea, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.3 artikuluan aurreikusitako aukerarekin bat.

Horren ondorioz eta kontuan izanik, besteak beste, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 9. artikulua, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21. artikulua, Sektore Publikoko kontratuei buruzko urriaren 30eko 30/2007 Legearen bigarren xedapen gehigarria eta Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua onesten duen azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuaren 43, 44, 53.2 eta 114. artikuluak, eta egungo legediak Alkatetza honi ematen dizkion eskumenak erabiliz,

DEKRETATZEN DUT:

Lehena.–Tafallako Udalaren Tokiko Gobernu Batzarren esku uztea honako eskudantzia hauek:

1. Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean aipatutako mota guztietako kontratazio eta kontzesioak, haien zenbatekoa aurrekontuko baliabide arrunten % 10 baino gehiago ez bada, ezta, betiere, sei milioi euro baino gehiago ere; haien artean urte anitzetakoak ere sartzen dira, lau urte baino gehiago iraun behar ez badute, balizko luzapenak barne, betiere urteko guztien zenbateko metatuak aipatu ehunekoa gainditzen ez badu, lehen ekitaldiko aurrekontuko baliabide arrunten gainean, ezta aipatu zenbatekoa ere. Eskuordetzatik kanpora gelditzen dira Kontratu Publikoei buruzko 2/2018 Foru Legean jasotzen diren kasuak, baldin eta faktura eta/edo kredituaren erreserba baizik eskatzen ez bada (zerbitzuak eta hornidurak 15.000 euro bitarte, BEZa kanpo), eta obren kontratuei dagokienez, eskuordetzatik kanpora gelditzen dira 40.000 eurora (BEZa kanpo) iristen ez diren kontratuak. Zenbateko horiek aldatuko balira edo kontratu publikoei buruzko ondorengo foru legeetan handiagoak izanen balira, oraingoan zehaztutako zenbatekoak muga berrietara egokituko dira.

2. Kudeaketa ekonomikoa gauzatzea, onartutako aurrekontuaren eta gastu xedapenaren arabera, Alkatetzaren eskumeneko mugen barnean, Nafarroako Toki Ogasunen araudian xedatutakoarekin bat etorriz (gastua baimentzea eta xedatzea). Eskuordetzatik kanpo gelditzen dira aurreko apartatuan adierazitako salbuespenak.

3. Zerbitzuen eta obren proiektuak onestea, haien kontratazio edo kontzesio Tokiko Gobernu Batzarrari eskuordetu zaionean eta aurrekontuan sartuta daudenean.

4. Lan eskaintza publikoa onestea, aurrekontuari eta plantilla organikoari buruz Osoko Bilkurak onetsitakoari jarraikiz, eta langile finkoak hautatzeko proben eta lehiaketen bidez lanpostuak betetzeko oinarriak onestea.

5. Plangintza orokorra garatzeko tresnen onespenak, Osoko Bilkurari berariaz ez dagozkionean, baita hirigintzaren kudeaketarako proiektuena eta urbanizazio proiektuena ere.

6. Udalaren xedeetarako behar diren ondasun higiezinak kostu bidez eskuratzea, zenbatekoak aurrekontuaren baliabide arrunten % 5etik goiti eta zuzeneko kontratazioari aplikatzen zaion % 50eko muga orokorretik goiti egiten ez badu.

7. Doako ondasunak eskuratzea, kostubidezko baldintza edo modalitaterik gabe.

8. Udalaren xedeak betetzeko beharrezkoak ez diren ondasun higigarri eta higiezinen besterentzea zenbatekoa lehen ekitaldiko aurrekontuen baliabide arrunten % 5 baino gehiago ez bada.

9. Jabari pribatuko ondasunak kostu bidez erabiltzea, epea bost urtetik gorakoa ez bada, ez eta zenbatekoa lehen ekitaldiko aurrekontuko baliabide arrunten % 5etik gorakoa ere.

10. Ondare erantzukizuneko espedienteak amaitzeko ebazpena.

Bigarrena.–Tokiko Gobernu Batzarraren egintzen kontra aurkezten diren berraztertzeko errekurtsoak organo eskuordetzaileak ebatziko dituela erabakitzea, Toki Entitateen Antolamenduaren eta Funtzionamenduaren gaineko Erregelamenduaren 115.c) artikuluan eta Sektore Publikoko Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 9.2.c) artikuluan xedatutakoaren arabera.

Hirugarrena.–Dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin adintzea, Toki Entitateen Antolamenduaren eta Funtzionamenduaren gaineko Erregelamenduaren 44. artikuluaren 2. apartatuaren arabera, sinatzen den unetik indarrean egotearen kalterik gabe.

Laugarrena.–Dekretu honen berri ematea Tafallako Udaleko unitate organiko guztiei, Tokiko Gobernu Batzarrak eskuordetutako eskudantziak erabiliz hartutako erabakietan egoera hori idatziz jaso behar dela adierazita.

Bosgarrena.–Dekretu honen berri ematea Osoko Bilkurari eta Tokiko Gobernu Batzarrari, beharrezko ondorioak izan ditzan.

Tafallan, 2020ko urtarrilaren 8an.–Alkatea, Jesús Arrizubieta Astiz.

Iragarkiaren kodea: L2007490