168. ALDIZKARIA - 2020ko uztailaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BERA

Herri-lurren aprobetxamenduak arautzen dituen udal ordenantza. Behin betiko onespena

Berako Udalak, 2020ko otsailaren 19ko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Herri-lurren aprobetxamenduak arautzen dituen udal ordenantza.

Ordenantza hori 2020ko 46. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 6an, baita Udalaren ediktu oholean paratu ere, eta espedientea 30 egunean egon da jendaurrean.

Jendaurreko epean ez da erreklamaziorik aurkeztu eta, beraz, aipatu osoko bilkuraren akordioaren 3. puntuari jarraikiz, hasierako onespen erabakia behin betikoa izatera iragan da eta ondorio juridikoak sortzeko, inguruabar hori, behin betiko testuarekin batera, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen da.

Beran, 2020ko uztailaren 9an.–Alkatea, Aitor Elexpuru Egaña.

BERAKO HERRI-LURREN APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUEN UDAL ORDENANTZA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honek arauak ezartzea du xede, Berako udal-mugarteko herri-lurretako ondasunen administrazioa, erabilera, defentsa, berreskuratzea eta aprobetxamendua egiteko.

Udalak mugarri lerroa jarri zuen 1981eko abenduaren 14an, bai eta orduko herritar zaharrenak guztiz konforme gelditu ere, herri-lurrak eta jabetza pribatukoak bereizteko, herri-lurrak lerro hartatik kanpo daudelarik. Herri-lurren barrenean ez da jabetza pribatuko lurrrik onartuko, Katastroak halakotzat jotzen dituenak izan ezik.

2. artikulua. Herri-lurretako ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herri-lurretako ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira, eta ez dute beren gain tributurik izango.

Haien izaerak eta tratamendu juridikoak ez dute aldaketarik izango, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Herri-lurretako ondasunen gaineko arauak hauek dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; Herri-lurretako ondasunen ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren apartatuan xedatutakoaren kalterik gabe.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen egintzak

5. artikulua. Berako Udalari dagokio herri-lurretako ondasunen gainean xedatu, administratu, antolatu eta haien aprobetxamendua arautzeko ahalmena, ordenantza honetan azaltzen den moduan.

Herri-ondasunen gainean Berako Udalak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aurretik, Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Berako Udalak justifikatu beharko du dagoen asmoa ez dela beste bide batzuen bitartez lortzen ahal, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiek lehentasunezko aukerak baitira.

Herri-lurretako ondasunak desafektatu ondoren beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan itzultze klausula bat sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatzen bada, lur horiek Berako Udalaren ondarera itzuliko dira herri-lurretako ondasun gisa.

Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 140. artikuluan eta harekin bat datozen arauetan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

III. TITULUA

Herri-lurretako ondasunak defendatu eta berreskuratzea

7. artikulua. Berako Udala herri ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da, eta haiek defendatzeko behar diren ekintzak gauzatu beharko ditu.

8. artikulua. Berako Udalak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri-lurretako ondasunen jabetza, aurretik idazkariaren, aholkularitza juridikoaren edo, hala bada, legelariaren txostena ikusi eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezkoa denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri ondasunak berreskuratu eta defendatzeko. Herri-lurretako ondasunak Jabetza Erregistroan inskribatzen direnean, ezaugarri hori adierazi beharko da.

9. artikulua. Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emango dio Nafarroako Gobernuari Berako Udalak, lursailen inmatrikulazioa edo herri-lurrekin mugakide diren lursailen gehiegizko hedadura dela eta. Udalak osoko bilkuran hartu beharko du jakinarazpen horiei buruzko erabakia.

10. artikulua. Berako Udala herri-lurren gaineko jabariari eta gainerako eskubideei eragiten dieten demanden gainetik egongo da, eta ez die haiei amore emango, non ez duen Udalbatzak osoko bilkuran hala erabakitzen, kideen legezko kopuruaren erabateko gehiengoz. Gainera, Nafarroako Gobernuaren onespena beharko da aurretik.

11. artikulua. Berako Udalak administrazio bidea erabiliko du beti, baimen, emakida edo beste zernahiren kariaz herri-lurretako ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, ahalmen hertsagarriez baliatuz. Aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izango da.

12. artikulua. Berako Udalak, herri-lurretako ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu egingo ditu, eta haiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, eta ez dute galaraziko kontratistek bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.

13. artikulua. Berako Udalak herri ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena zilegi izango da, hain zuzen ere Toki Entitateen Ondasunen Erregelamenduko 26. artikuluan xedatzen den moduan. Ekintza horrek aurrera eginez gero, Berako Udalak itzuli beharko dizkie herritarrei sortutako gastuak.

IV. TITULUA

Herri-lurretako ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua. Hauek dira ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduak:

a) Herri-larreen aprobetxamendua.

b) Iralekuen aprobetxamendua.

c) Etxerako egurraren aprobetxamendua.

d) Borden aprobetxamendua aziendak babesteko.

e) Herri-lurretako bestelako aprobetxamenduak.

15. artikulua. Berako Udala ahaleginduko da herri ondasunen ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta ahalik eta egokien aprobetxatzen.

16. artikulua.

1. Orokorrean, Berako Udaleko herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, honako baldintza hauek bete beharko dituzte familia unitateen titularrek:

a) Adinez nagusia edo adingabe emantzipatua edo judizialki gaitua izatea.

b) Biztanleen Udal Erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea, gutxienez urtebeteko antzinatasunez.

c) Beran urtean bederatzi hilabetez gutxienez jarraian bizitzea.

d) Zerga betebeharrak eguneratuak izatea Udalarekin.

e) Aziendak Berako Udalean inskribaturik edukitzea, nagusiki bazka ekoizten duten herri-lurretako aprobetxamenduen onuradunentzat (larreen onuradunak).

f) Ezarpen berriko abere ustiategi baten titularrek, erroldako antzinatasunaren baldintza betetzen ez badute, jarduera berria egiaztatzen duen proiektu bat aurkezten ahalko dute Udalean, lehenengo kontzesioaren ondorioetarako baloratzeko.

2. Familia unitateko kidetzat hartuko dira etxe berean bizi diren guztiak. Hala ere, familia unitate independentetzat hartuko da guraso erretiratuek osatua, familiakoekin bizi arren, baldin eta haien diru-sarrerak lanbidearteko gutxieneko soldata baino txikiagoak badira.

3. Artikulu hau interpretatzean sor daitezkeen zalantzak kasuan-kasuan argituko ditu Berako Udalak osoko bilkuran batzarturik, Mendiko Batzordeak txostena egin ondoren.

17. artikulua. Aprobetxamenduak esleitzeko prozedura orokorra.

1. Artikulu honek esleitzeko prozedura orokorra arautzen du, eta berariazko prozedurarik ez duten aprobetxamendu guztiei aplikatuko zaie.

2. Kontuan izanda auzotarrek, ahal den neurrian, lehentasuna izango dutela herri-ondasunen aprobetxamendu ezberdinetan, haiek esleitzeko prozedura hauetako bati jarraituko zaio, ezarritako ordenari jarraituz:

a) Herritarrendako esleipen zuzeneko aprobetxamenduak.

b) Toki-erakundeak zuzenean ustiatzea edo enkante publikoaren bidezko esleipena.

3. Auzo-aprobetxamenduak zuzenean esleitzeko prozedura 15 egun balioduneko epea zabaltzearekin hasiko da, eskubideduntzat jotzen diren familia-unitateetako titularrek aprobetxamendua esleitzeko eska dezaten. Horretarako, Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udaletxeko iragarki-taulan jarriko da iragarkia.

Eskabideekin batera zinpeko aitorpena edo behar adinako frogagiria aurkeztuko da, besteak beste, honako puntu hauekin:

a) Ordenantza honetako 16. artikuluko baldintzak betetzea.

b) Familia-unitatea osatzen duten kideak eta horietako batek ezintasun aitortua baduen adieraztea.

c) Familia-unitatea osatzen duten kide guztiek jabetzan edo usufruktuan Beran eta beste udalerri batzuetan duten lur-azalera.

d) Familia-unitatea osatzen duten kide guztiek errentan edo jabetzakoa ez den beste titulu baten bidez udalerri honetan eta beste batzuetan lantzen dituzten lurrak.

e) Familia-unitatea osatzen duten kide guztiek udalerri honetan eta beste batzuetan esleituta dituzten herri-lurrak, esleipen-mota berariaz adierazita.

f) Hiri-aberastasunaren kapital zergagarriak, familia-unitateko kide bakoitzaren etxebizitza propioari dagokiona izan ezik, bai Beran, bai beste udalerrietan, eta familia-unitateko kide bakoitzak dituen abelburuak eta azienda mota.

g) Familia-unitateko kide bakoitzaren diru-sarrerak, bai nekazaritza, abeltzaintza, industria edo zerbitzuen sektorekoak, bai Gizarte Segurantzako pentsiodunenak edo beste errenta batzuenak ere.

Zinpeko aitorpen hori egiaztatzeko, Berako Udalak ahalmena izanen du beharrezkotzat jotzen dituen agiriak eskatzeko errenta mailak egiaztatzeko, agiri eta datu objektiboetan oinarrituta.

4. Berako Udalbatzaren osoko bilkurak, Mendi Batzordeak proposatuta, onartuen zerrenda eta haien puntuazioa onartuko ditu. Zerrenda hori formula baten bidez ezarriko da. Formula hori diru-sarrerekiko alderantziz proportzionala izango da, eta familia-unitateko kideen kopuruarekiko zuzenki proportzionala. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da.

5. Onartuen behin-behineko zerrenda Udaletxeko iragarki-taulan jarriko da jendaurrean, 15 egun balioduneko epean, eta interesdunei jakinaraziko zaie, egokitzat jotzen diren alegazioak aurkez ditzaten. Alegaziorik aurkezten ez bada, behin-behineko zerrenda behin betiko bihurtuko da automatikoki.

6. Alegazioak egon badira eta akatsak zuzendu badira, horiei buruzko ebazpena emango da eta bizilagun eskatzaileen behin betiko zerrenda ponderatua onartuko da.

7. Adjudikataria ezin izango da aldatu, baldin eta Udalbatzak berariaz jakinarazten eta baimentzen ez badu; betiere esleipena egiteko geratzen den denborarako eta haren baldintzak aldatu gabe.

8. Hilez gero, familia-unitate bereko beste pertsona batek eskatu ahal izango du herri-lurren aprobetxamendua egiten segitzeko, betiere onuradunak 6/1990 Foru Legearen 142. artikuluan jasotako baldintzak betetzen baditu.

Familia-unitate bereko interesdunik ez badago, hildakoarekin odolkidetasuneko hirugarren mailara arteko edo ezkontza-ahaidetasuneko bigarren mailara arteko ahaidetasuna duen edozein pertsonak eskatu ahal izango du herri-lurren aprobetxamenduarekin jarraitzea, betiere onuradunak 6/1990 Foru Legearen 142. artikuluan jasotako baldintzak betetzen baditu.

18. artikulua. Berako Udalak esleitutako lur guztien erregistroa izanen du, onuradunen izen eta datu pertsonalekin, aprobetxamenduaren hedadura, kokalekua eta izandako aldaketak adierazita.

19. artikulua. Berako Udalak urteko kanona ezarriko du aprobetxamendu mota bakoitzerako, eta urtero zehaztuko da.

Aprobetxamenduak urtebete baino gehiago irauten badu, ezarritako kanona urtero eguneratuko da, erakunde ofizial eskudunak Nafarroarako onetsitako kontsumorako prezioen igoeraren arabera.

20. artikulua.

1. Herri-lurren aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki egingo da, eta ez da azpierrentamendurik edo lagapenik onartuko.

2. Berako Udalak egokiak iruditzen zaizkion egiaztapenak egin ahal izango ditu edozein unetan, herri-lurrak zuzenean eta pertsonalki aprobetxatzen direla ziurtatzeko.

3. Herri-lurrak zuzenean eta pertsonalki aprobetxatzen ez dituztela ulertuko da:

a) Mendi Zaintzako Zerbitzuaren txostenaren arabera, lurrak ez dituztenean zuzenean eta pertsonalki erabiltzen.

b) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Aitorpenean nekazaritzako etekinik aitortzen ez dutenean, horretara behartuta daudenean.

c) Nekazaritzako lurrak jabetzan izanda, hirugarrenei errentan emanak dituztenean.

d) Bazka ekoizten duten herri-lurrak esleituta izanda, Nafarroako Gobernuaren abeltzaintza-erroldan edo/eta Udalean egin beharreko urteko aitorpenean azienda baja ematen dutenean.

21. artikulua. Onuradunak behartuak daude herri-lurren aprobetxamendu egokira eta, hala denean, hesia zaindu eta mantentzera.

22. artikulua. Onuradunek ezin izanen dituzte herri-lurrak esleitu ziren aprobetxamenduez bestelako aprobetxamenduetarako erabili, Udalaren aldez aurreko baimenik gabe.

23. artikulua. Herri-lurrak aprobetxatzen dituen aziendak gai hau arautzen duen legeria indardunean eskatutako osasun baldintzak betetzen dituela frogatzen duen ziurtagiria izan beharko du.

24. artikulua.

1. Esleitutako herri-lurretan egiten diren itxiturek Berako Udalaren baimena beharko dute, eta Hirigintzako Udal Planeko zehaztapenak bete beharko dituzte.

2. Pasabideak eta bideak errespetatu beharko dira. Atakak jartzeko baimena ematen ahalko da, interesdunak aldez aurretik eskatuta eta beharra justifikatuta eta Mendi Batzordeak txostena eginda.

3. Herri-lurrak eta jabetza pribatukoak ezin izango dira batera hesitu.

25. artikulua. Herri-lurren aprobetxamendua ezin izanen da onuradunen artean trukatu alderdi interesatuek aldez aurretik eskatu eta Berako Udalak baimendu ezean.

26. artikulua. Berako Udalak indarrik gabe uzten ahalko ditu aprobetxamenduen esleipenak, arboladiak landatzea edo herri-lurretan bestelako hobekuntzak egitea sustatzen duenean, onuradunei urte bat lehenago jakinarazita. Aurreabisu-epe hori murriztu ahal izango da behar bezala justifikatutako beharrizana dagoenean.

27. artikulua. Aprobetxamenduen onuradunek beren eskubideak galduko dituzte eta lurra udalerrira itzuliko da kasu hauetan:

a) Ordenantza honetako 16. artikuluan ezarritako baldintzak ez betetzeagatik.

b) Ondoz ondoko bi urtez jarraian edo 5 urteko aldian txandakako bi urtez aprobetxamenduaz modu frogagarrian ez baliatzeagatik.

c) Gozamena saldu edo lagatzeagatik.

d) Kanona ez ordaintzeagatik.

e) Iraleku edo lurren produkzio ahalmenaren galtze edo jaitsiera nabarmena, Berako Udalak estimatutakoa mendi zaindariak txostena egin ondoren, otadia, beste sastrakadi bat edo landare espezieak inbaditzearen ondorioz aprobetxamendua zaildu delako.

f) Herri-ondasunak zuzenean eta pertsonalki ez aprobetxatzeagatik.

g) Mendian baimenik gabe erretzeagatik.

h) Abereei baja emateagatik, aprobetxamendua bazka sortzen duten herri-lurren gainean egiten denean.

i) Herri-lurretan legez bazkatzen duten beste artzain batzuen azienda uxatzeagatik edo haiei kalte egiteagatik.

28. artikulua. Onuradunek ez dute inolako kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik izanen herri-lurretan egindako gastuengatik, aprobetxamenduaren epea bukatzen denean edo eman ziren baldintzak ez betetzeagatik aprobetxamendua baliogabetzen denean.

II. KAPITULUA

Herri-larreen aprobetxamendua

1. ATALA

Xedapen orokorrak

29. artikulua. Berako Udalaren herri-larreak herri-lurraren titulartasunekoak dira eta honela sailkatzen dira: luberriak, larratzak, artzaintzako lurrak eta neguko aparteko larreak. Aipatutakoez gain, fazeriako kontratupeko artzaintza ere gehitu behar da.

2. ATALA

Luberriak

30. artikulua.

1. Luberri deritzo herri-lurretan Nafarroako Gobernuaren inbertsio publikoen bidez larreak sortzeko programetan egiten diren luberritzeei, bai eta herritarrek berek Udalaren baimen edo zuzeneko esleipenaren bidez egiten dituztenei ere.

2. Udalak baimendutako onuradunek egingo dute aprobetxamendua Ordenantza honen arabera. Aziendak gai hau arautzen duen indarreko legeriak eskatzen dituen abereen osasun baldintzak beteko ditu.

3. Onuradunek ekoizpen egoera onean mantendu beharko dituzte larreak, eta horretarako behar diren lanak egin beharko dituzte. Halaber, onuradunak Udalari jakinarazi beharko dio aprobetxamendua ez duela erabiltzen. Aprobetxamendua erabiltzen ez bada, esleipena iraungi eginen da, kalte-ordainik eman gabe.

4. Hiru abeltzaintzako úntate (UGM) baino gutxiago dituzten pertsonek ez dute aukerarik luberritze horien aprobetxamendua eskatzeko.

31. artikulua. Larreetarako luberriketa berriak prozedura honi jarraikiz emanen dira:

a) Eskaera idatziz egin behar da, eta aprobetxamendua egingo den tokia, katastroko erreferentzia (poligonoa eta lurzatia) eta luberritu nahi den metro kopurua zehaztu behar dira.

b) Mendi zinegotziak eta basozainek eskabideari buruzko txostena egin eta Udalak onetsi ondoren, mugaketa-akta eta memoria teknikoa egiteko aginduko da. Akta horretan eta planoan mugaketa-mugarri guztiak argi eta garbi agertuko dira (ETRS89 eta 30 UTM koordenatuak). Agiri horiek euskarri digitalean ere aurkeztuko dira.

c) Espedientea Nafarroako Gobernuari igorriko zaio, behin betiko onets dezan.

d) Goian adierazitako lanen ondorioz sortutako gastu guztiak emakidadunaren kontura izango dira.

e) Aprobetxamenduaren iraupena 12 urtekoa izanen da, eta gehienez 4 denboraldirako berritu ahal izango da (48 urte guztira). Aprobetxamendua berritzeko, onuradunak aldez aurretik eskatu beharko du aprobetxamenduaren epearen bukaeran, eta Udalak espresuki baimendu beharko du.

f) Emakidadunak ordaindu beharko du Udalak ezartzen duen urteko kanona. Kasu horietan, Berako Udalak onuradunari kanona gutxitzen ahal dio, esleipen osorako nahiz zati baterako, hobekuntza amortizatzeko kontzeptu gisa. Esleipen epearen gainerakoagatik ezarritako kanona ordaindu beharko da.

32. artikulua. Edozein arrazoirengatik luberri bati baja ematen zaionean, herritarrendako esleipen zuzeneko prozedura honi jarraituko zaio:

a) Udalak aprobetxamenduaren baja emango du.

b) Urtero, urtarrilean, hilabeteko epea irekiko da, aurreko urtean baja emandako luberrien zerrenda udaleko webgunean eta iragarki-taulan iragarriz, horiek aprobetxatzeko interesa duten pertsonek beren eskabideak aurkez ditzaten. Eskatzaileek ordenantza honetako 16. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

c) Eskatzaileek ezin izango dute 30 hektareatik gorako larre-aprobetxamendurik izan pertsona fisikoak badira; 35 hektarea gehienez ere bi kideko pertsona juridikoak badira; eta 40 hektarea gehienez, hiru kide edo gehiagoko pertsona juridikoak badira. Aprobetxatzen diren lurren hektareen kopurua azken NPBan aitortutakoaren bidez egiaztatuko da.

d) Eskaera bat baino gehiago aurkeztuz gero, lehentasun hauek ezartzen dira esleipenerako:

1. Lehentasunezko ustiategiak

2. Nagusiki nekazariak.

3. Gainerakoak.

e) Eskatzaile fisiko edo juridiko bat baino gehiago dagoenean. kategoria berean puntu gehien lortzen dituenari emanen zaio, ondoko puntuazio sistemaren arabera:

–Azken 10 urteetan ordenantzaren aurkako arau-hausterik egin ez duen pertsona fisikoa edo pertsona juridikoetako kideak: 10 puntu.

–Eskatzaileak ez badu herri-luberritzerik bere izenean edo pertsona juridikoko kideen izenean: 15 puntu.

–Eskatzaile guztiek herri-luberritzeak badituzte, azalera gutxien duenak 10 puntu lortuko ditu.

–Eskatzaileak ustiapen ekologikoan lan egiten badu: 15 puntu.

–Pertsona fisiko eskatzaileak edo pertsona juridikoko kide guztiek 40 urte edo gutxiago badituzte: 10 puntu.

–Eskatzailea lehen instalazioko kategorian badago: 10 puntu.

–Eskatzaileak zuzeneko salmenta soilik egiten badu: 10 puntu.

–Diru-sarrera gutxien dituen familia unitatea: 10 puntu.

–Nekazaritzako ekoizpen jarduerak: 20 puntu.

f) Esleipen-ebazpenak zehaztuko ditu aprobetxamendu-epea eta ordaindu beharreko kanona.

3. ATALA

Artzaintza

33. artikulua. Berako Udalaren herri-larreen aprobetxamendua, larratze librerako, herritarren arteko zuzeneko esleipenaren bidez egingo da.

34. artikulua. Larreen aprobetxamenduaren herritarrendako zuzeneko esleipenaren onuradunak izango dira Ordenantza honetako 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten eta azienda Nafarroako Abeltzaintzako Ustiategien Erregistroan alta emanda duten familia unitateen titularrak.

35. artikulua. Esleitzeko epea zortzi urtekoa izanen da.

36. artikulua. Esleipenaren prozedura ondoko hau izango da:

–Herri-lurretara azienda atera nahi duten artzainek, urte hasieran, Udalean egin beharreko abeltzaintzako zentsuaren aitorpenarekin batera, herri-lurretan zenbat abelburu bazkatuko diren adierazi beharko dute, baita urteko zein aldi edo alditan egonen diren ere.

–Larreen esleipena Berako Udalak egingo du behin-behinean, jasan dezaketen abeltzaintza kargaren arabera.

–Behin-behineko esleipena eginik, hamabost eguneko epea emanen da erreklamazioak aurkezteko. Epe hori iraganik, erreklamaziorik aurkezten ez bada, behin betiko onetsitzat joko dira.

–Azienda aprobetxamenduaren titularraren ustiategitik hurbil dauden larre komunaletan bazkatuko da.

–Herrilarreetan bazkatzen duten buruen kopurua hartuko da NPBren diru-laguntzetarako erreferentziatzat.

37. artikulua.

1. Udalak finkatzen duen abere bakoitzeko urteko kanona ordaindu beharko da larreak aprobetxatzeko.

2. Lehen urteko kanonaren zenbatekoa 6 hilabeteko epean ordainduko da, esleitzen den egunetik hasita.

3. Bigarren urteko eta hurrengoetako kanona kalkulatzeko, abeltzainak urtearen hasieran egindako aitorpena hartuko da kontuan.

38. artikulua. Berako Udalak larre guztien bostena gordeko du urteko esleipenerako, baldin eta onuradun berririk balego.

39. artikulua.

1. Debeku da ahuntz azienda larratzea, Udalak baimendutako eremuetan izan ezik. Hauek dira baimendutako eremuak:

–Endarlatsa inguruan, Biriatuko mugatik Montoiako errekaraino.

–Larungo harmasetan, Zizkuitz eta Urkilla artean.

2. Erregimen estentsiboko zerri-aziendaren kasuan, Animalien Osasunari buruzko 11/2000 Foru Legearen 30.2 artikuluan ezarritako aurretiko administrazio-baimena beharko da.

4. ATALA

Larreen aprobetxamendua fazeria kontratuaren bidez

40. artikulua. Fazerietako kontratuari lotua dagoen Berako, Sarako, Askaingo, Urruñako, Biriatuko eta Etxalarko herri-lurretako larreen eta uren aprobetxamendua usadiozkoa izango da, eta 1899-05-04ko Nazioarteko Akordioaren 1. artikuluan oinarritzen da, muga-tratatuen interpretazioan (1856-12-02, 1862-04-14 eta 1966-05-26).

41. artikulua. Fazeria kontratua bost urtean behin berrituko da.

42. artikulua. Aipatutako fazerien kontratu eta akordioen arabera, Bera, Sara, Askain, Urruña, Biriatu eta Etxalarko bizilagunei dagokie herri-lur horietako larre eta urei probetxua ateratzea.

43. artikulua. Herri-larreen aprobetxamendua zuzenean esleituko zaie baldintza hauek betetzen dituzten familia unitateko titularrei: ordenantza honetako 16. artikuluan ezarritako baldintzak bete eta AKITE (Bera, Sara, Askain, Urruña, Biriatu eta Etxalarko herri-lurretan bazkatzeko eskubidea egiaztatzen duen agiria) aurkezten dutenei. hain zuzen..

44. artikulua. Herri-larre hauen esleipenean ordenantza honetako 36. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

45. artikulua. Herri-lur hauetan larratu beharreko azienda motak fazerien kontratuan ezarritakoak izanen dira.

46. artikulua. Esleipen epeei eta kanonari dagokienez, ordenantza honetako 35. eta 37. artikuluetan ezarritakoari jarraituko zaio.

5. ATALA

Larratzea landaketen itxituretan

47. artikulua. Udalak azienda bazkatzeko aprobetxamenduak baimendu ahal izango ditu landaketetako itxituren barruan, esleipen bakoitzean ezarriko diren epe eta baldintzetan.

48. artikulua. Espedientea abeltzain interesdunak eskatuta hasiko da. Espedientea izapidetzean, baldintza-agiri bat onartuko da, eta, behin behin-behineko esleipena eginda, jendaurrean jartzeko epe bat irekiko da, hamabost egun baliodunekoa, erreklamazioak aurkezteko. Erreklamaziorik aurkezten ez bada, esleipena behin betiko bihurtuko da automatikoki.

6. ATALA

Larratzea lugorrietan

49. artikulua. Lugorria esaten zaio herr-ilur ez-emankorrari, sasiak eta, batzuetan, zuhaizti apur bat duenari.

50. artikulua. Udalak azienda bazkatzeko aprobetxamenduak baimendu ahal izango ditu lugorrietan, esleipen bakoitzean ezarriko diren epe eta baldintzetan.

51. artikulua. Esleipena Ordenantza honetako 48. artikuluan ezarritakoaren arabera egingo da.

III. KAPITULUA

Iralekuen aprobetxamendua

52. artikulua. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 173. artikuluan ezarritakoa betez, Berako Udalak, hemendik aurrera, ez die iralekuen aprobetxamendurik emango herritarrei.

53. artikulua.

1. Gaur egun iralekuen emakida duten bizilagunen aprobetxamendua errespetatuko da, zuzenean aprobetxatzen badute eta beren abeltzaintzako ustiategirako bada, eta onuradunek ezin izango dute hesirik jarri iralekuaren inguruan, ez eta ira aprobetxatzea ez den bestelako erabilerarik egin ere.

2. Ondorio horietarako, iralekuak aprobetxatzen dituzten bizilagunek horien aprobetxamendua eskatuko diote Berako Udalari, Ordenantza honek indarra hartu eta hilabeteko epean, adieraziz parajea eta gaur egun erabiltzen diren iralekuen hedadura. Iralekuen aprobetxamendua berresteko erabakia hartuko du Berako Udalak, 16. artikuluko baldintzak beteta artikulu honen aurreko paragrafoan xedatua ere frogatzen dutenei; Udalak bere egiten du iralekuen kokapena aldatzeko edo azalera urritzeko eskubidea, justifikatuz gero.

3. Hamabi urtean behin onuradunak iralekuen aprobetxamendua berresteko eskaera egingo du, eta egun iralekuak aprobetxatzen dituzten bizilagunen aprobetxamendua berretsiko du Berako Udalak.

54. artikulua. Herri-lurretako iralekuen aprobetxamenduaren lehen eta ondoz ondoko berrespenetan, Berako Udalak onuraduna aldatzea baimendu ahalko du, onuradun berriak betetzen baditu aurreko artikuluan ezarritako baldintzak eta, legez baliozkoa den agiri baten bidez frogatzen badu aldatuko den iralekuaren aprobetxamenduaren jatorrizko abeltzaintzako ustiategiaren titulartasuna duela.

55. artikulua. Iralekuen aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki egingo da, eta ez da baimenik emango azpierrentamendua egiteko edo beste batzuei lagatzeko.

56. artikulua. Aprobetxamenduaren titularrak eskubideak galduko ditu, eta iralekuaren aprobetxamendua udalerriari itzuliko zaio, Ordenantza honen 27. artikuluan ezarritako kasuetan.

57. artikulua. Iralekuen aprobetxamenduagatik ordaindu beharreko urteko kanona Berako Udalak finkatuko du urtero.

IV. KAPITULUA

Etxerako egurraren aprobetxamendua

58. artikulua. Mendian aski izan eta, Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Zerbitzuak markatu ondoren, Berako Udalak etxerako egur loteak banatuko dizkie Ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateei.

59. artikulua. Berako Udalak urtero finkatuko du familia unitateei adjudikatu beharreko egur loteen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada eten egingo da aprobetxamendu hori, Udalari egoki iruditzen zaion denborarako.

60. artikulua. Egur loteak Udalak eskatutako pertsona edo enpresak emanen dizkie eskatzaileei, haiek atera eta gero. Zuzenean erabili beharko dira eta ezin izango dira saldu.

61. artikulua. Egurra banatzerakoan, Berako Udala irizpide sozialetan oinarrituko da, ekonomikoki apalenak diren familia unitateei lehentasuna emanez.

62. artikulua. Etxerako egurraren aprobetxamenduagatik ordaindu beharreko kanona Udalak finkatuko du loteak markatzearen, bideak konpontzearen eta lanak eragindako bestelako gastuen kostuak aintzat hartuz, betiere behar bezala justifikatuta eta loteei zuzenean egozteko modukoak badira.

63. artikulua.

1. Zuahitzak erori direnean, bizilagunek Udalari jakinarazi eta horiek aprobetxatzeko eskaera egin ahalko diote.

2. Horrelakorik gertatuz gero, Udalak behar den ebazpena emanen luke eta, beharrezkoa izanen balitz, Nafarroako Gobernuko Mendi Zerbitzuari markazioa eskatuko lioke, eta horren ondotik zuhaitzak interesatuari adjudikatu tasatutako prezioan. Aprobetxamendua eskaera-ordenaren arabera emanen zaie interesdunei.

3. Egur lote horiek urteko lote arruntekin bateragarriak izan daitezke, egurren baliabideek horretarako aukera ematen badute.

4. Onuradunek, egurra bildu ondoren, gelditzen diren hondarrak bildu eta pilatu behar dituzte, hondar horiek ezin baitira metatu bideetan, mendiko pistetan edota bertatik igarotzea galarazten duten tokietan; gainera, zehatz-mehatz bete beharko dira landazainek agindutako jarraibideak. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei aprobetxamendua urtebeterako ukatuko zaie.

5. Onuradunak izanen dira aprobetxamendu honen ondorioz mendian sortzen diren kalte eta galeren erantzuleak, eta ordaintzera beharturik egonen dira, baita dagokien zehapenak ordaintzera ere.

V. KAPITULUA

Aziendak gordetzeko borden aprobetxamendua herri-lurretan

1. ATALA

Herri-lurren gaineko antzinako bordak

64. artikulua. Aziendak gerizatzeko herri-lurretan dauden borda zaharren erabilpena, Berako Udalak behar bezala baimendu baldin bazuen haiek eraikitzea, haiek eraikitzeko emandako baimenaren arauei egongo da lotua.

65. artikulua.

1. Borda zaharrak erabiltzen jarraitzeko, Ordenantza honetako 16. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte onuradunek.

2. Pertsona horiek bordak eraikitzeko baimena eman zen helbururako behar bezala mantendu behar dituzte. Bestela, Udalaren alde itzuliko dira, hark administratzeko.

66. artikulua. Aprobetxamendua 12 urtetik behin berritu beharko da, onuradunak aldez aurretik eskatuta eta Udalak baimena emanda

67. artikulua. Udalak urteko kanona ezarriko du metro karratu bakoitzeko, eraikuntza horiek aprobetxatzeko.

68. artikulua. Aurreko artikuluetan ezarritakoaren arabera onuradunik ez duten borda zaharretan, Berako edozein bizilagunen azienda sartu ahalko da, Ordenantza honetako 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen baditu. Eraikin horiek irekita egon beharko dute.

2. ATALA

Eraikuntza berriko bordak

69. artikulua. Aziendak gordetzeko borda berriak eraikitzeko eskaerak Berako Udalak baimendu beharko ditu. Aldez aurretik tramitatu beharko dira: behar den obra lizentzia; jarduera sailkatua, bidezkoa bada; eta, lurzoru urbanizaezineko eraikuntza balitz, Nafarroako Gobernuaren baimena. Gainera, Nafarroako Gobernuko Herri-lurren Atalari igorriko zaio espedientea, txostena egin dezan.

70. artikulua. Bordak eraikitzeko baimena ematen bada, aurreko artikuluan adierazitakoaren arabera, ezin izango dira erabili azienda gordetzeko ez den beste xede baterako. Berako herri-lurraren onurarako geratuko da eraikuntza emakida iraungitzen denean, eta onuradunak ez du kalte-ordainerako eskubiderik izango.

71. artikulua. Herri-lurretan egindako borda berri horiek dituzten pertsonek baldintza egokietan mantendu beharko dituzte, haiek eraikitzea baimendu zen xedeari dagokionez.

72. artikulua. Baimendutako borda berriei probetxua ateratzeko epea 12 urtekoa izango da, eta gehienez 4 denboraldirako berritu ahal izango da (48 urte guztira). Aprobetxamendua berritzeko, onuradunak aldez aurretik eskatu beharko du aprobetxamenduaren epearen bukaeran, eta Udalak espresuki baimendu beharko du.

73. artikulua.

1.–Udalak urteko kanona ezarriko du metro koadro bakoitzeko, eraikuntza horiek aprobetxatzeko.

2.–Berako Udalak kanona murriztu ahal izango du aprobetxamenduaren lehen bost urteetan, borda berria eraikitzeagatik onuradunari sortutako gastuen ordain gisa.

VI. KAPITULUA

Herri-lurretako bestelako aprobetxamenduak

1. ATALA

Xedapen orokorrak

74. artikulua. Herri-lurrak sartuz eraturiko barrutietako ehizaren aprobetxamendua dagokion araudian ezarritakoari jarraikiz eginen da.

75. artikulua. Herri-lurren okupazioa, herri-lurretan harrobiak ustiatzea eta herri-lurretan egin nahi den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza kasu bakoitzerako Udalak prestatzen dituen baldintza agirien arabera egingo da. Gainera, jendaurrean eduki beharko dira 15 egunez gutxienez, eta Nafarroako Gobernuak onespena eman beharko du.

2. ATALA

Herri-lurren okupazioa erlauntza-ustiategietarako

76. artikulua. Erlauntzak herri-lurretan jartzeko baimena eman ahalko zaie erle-ustiategi bat abian jarri nahi duten pertsonei, edozein dela ere haien izaera (profesionala, ez profesionala, autokontsumokoa).

77. artikulua.

1. Erlauntza-ustiategiak arautzen dituen 209/2002 Errege Dekretuaren 8. artikuluan ezarritakoa betez, ustiategiek, oro har, honako tarte hauek gorde beharko dituzte:

a) Establezimendu kolektibo publikoak, eta hirigune eta biziguneak: 400 metro.

b) Bizilekuak diren landa eremuko etxebizitzak eta abeltzaintzako instalazioak: 100 metro.

c) Errepide nazionalak: 200 metro.

d) Eskualdeko errepideak: 50 metro.

e) Auzobideak: 25 metro.

f) Mendiko pistak: erlauntzak alboetan, pasabidea oztopatu gabe eta 5 metrora jarriko dira.

2. d) eta e) apartatuetan ezarritako tartea %50 murriztu ahalko da, erlauntza malda batean eta haien horizontaletik 2 metroko garaieran edo desnibelean badago.

3. Erlauntzek baldin badute gutxienez bi metro garai den hesia, eta erleek haren gainetik atera behar badute aipatu errepide, bide edo establezimenduaren aldera jotzen duen aurrealdean, ezarritako tarteak %75 murriztu ahalko dira kasu guztietan.

4. Erlezaintzako asentamenduen arteko gutxieneko distantziei eta erlauntzen dentsitateari dagokionez:

a) Erle-egonleku batek 26 erlauntz baino gehiago dituenean, ezingo da 26 erlauntz baino gehiagoko beste bat jarri kilometro bateko erradioan, planoan neurtuta.

b) 1,5 km-ko erradioan jarri ahal izango den erlauntzen gehieneko dentsitatea 60koa izango da.

78. artikulua. Erlauntz multzoa dagoela azaltzen duen seinalea jarri behar da ikusteko moduko tokian eta irakurtzeko moduan; han azalduko da zer ustiategitakoa den, eta erleak dabiltzala ohartaraziko da.

79. artikulua. Prozedura.

1. Interesdunak herri-lurra okupatzeko eskabidea aurkeztu behar du. Harekin batera aurkeztu behar ditu krokis bat, ustiategiaren kokapen zehatza azaltzen duena (poligono, partzela, UTM koordenatuak), erlauntz kopurua, ustiategiaren erregistroaren ziurtagiria, bai eta dagokion osasun dokumentazioa ere. Ustiategia abian ez badago, lursailaren lagapenari lotuta dagoela dioen zinpeko aitorpena, eta adierazitako dokumentazioa 3 hilabeteko epean aurkeztuko duela, Udalak adostutako okupazioari Nafarroako Gobernuak baimena ematen dionetik hasita.

Hala ere, Udalak xedatuko du kokapena eta okupazioak hartuko dituen metro kopurua, kontuan hartuta aurretik adjudikatu dituen aprobetxamenduak, inor kaltetu gabe edo inorekin gatazkarik sortu gabe.

2. Dokumentazio hori aurkeztu ondoren, Udalaren osoko bilkurak erabaki ahalko du okupazioa arautzen duen agiria hasiera batez onestea, eta espedientea jendaurrean jarriko da 15 egunez, Nafarroako Aldizkari Ofizialean iragarkia argitaratu ondoren.

3. Jendaurrean egoteko aldia iraganik, espedientea Nafarroako Gobernuari igorriko zaio, baimena eman dezan.

80. artikulua. Udalak urtero finkatuko du aprobetxamendu horrengatik ordaindu beharreko kanona.

81. artikulua.

1. Erlategiek ezinbestean bete beharko dute indarreko legeria, eta, zehazki, Erlategiak antolatzeko arauak ezartzen dituen otsailaren 22ko 209/2002 Errege Dekretuan edo haren ordez edo haren osagarri etortzen diren xedapenetan ezarritakoa.

2. Ordenantza honetan edo aplikatzekoa den legerian jasotako arauak betetzen ez dituenak erlauntzak berehala kendu beharko ditu, eta zigorra jasoko du.

3. ATALA

Nekazaritza eta abeltzaintzako eraikuntzak Igentzi, Otxanda eta Ameltziagan.

82. artikulua. Igentzi, Otxanda eta Ameltziagan dauden nekazaritza eta abeltzaintzako eraikuntzak, jabetza komunala izanik, Udalak esleituko dizkie hala eskatzen duten eta Ordenantza honetako 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateen titularrei.

83. artikulua. Nekazaritzako eta abeltzaintzako eraikin horien aprobetxamendua esleitzeko, Ordenantza honen 17. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

84. artikulua. Eraikinak aprobetxatzeko esleipen epea 4 urtekoa izanen da, eta gehienez 3 denboraldirako berritu ahal izango da (12 urte guztira). Aprobetxamendua berritzeko, onuradunak aldez aurretik eskatu beharko du aprobetxamenduaren epearen bukaeran, eta Udalak espresuki baimendu beharko du.

85. artikulua. Kanona urtero finkatuko du Udalak.

86. artikulua. Berako Udalak ahalmena du nekazaritzako eta abeltzaintzako eraikin horiek noiznahi erabiltzeko, udalerriko aziendaren onurarako egokitzat jotzen diren jarduketak egiteko (osasun kanpainak, txertaketak, etab.).

V. TITULUA

Hobekuntzak herri-lurretako ondasunetan

1. ATALA

Xedapen orokorrak

87. artikulua. Udalak indarrik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, lur horiek honako xede hauek baldin badituzte:

a) Haien gaineko kargak kentzea.

b) Herri-lurra hobetzea.

c) Gizarterako proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio beharrean daudela justifikatzen duten herritarrei laguntzeko.

88. artikulua. Proiektu horiek Udalak nahiz herritar interesdunek susta ditzakete eta lehentasuna izango dute.

89. artikulua. Hona hemen halako kasuetan jarraitu beharreko bidea:

a) Udalaren erabakia, proiektua eta ukitutako herri-lurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua onesten dituena.

b) Hilabeteko epean jendaurrean jartzea, eta, Udalaren erabakia, aurkezten diren alegazioei buruzkoa.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

90. artikulua. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri-lurretan diren adjudikazioak, eta titularrei sorrarazten zaizkien kalte eta galerak, baita lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, ordaindu egingo zaizkie, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

91. artikulua. Aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak onetsiko ditu toki entitateak; aldez aurretik, 15 egunean egongo dira jendaurrean eta, alegaziorik aurkeztuz gero, Udalak ebatzi beharko ditu.

2. ATALA

Herri-lurrak hobetzeko proiektuak, fruta-arbolak landatuz

92. artikulua. Berako Udalak herri-lurretan fruta-arbolak landatzea onartu ahal izango du, herri-lurrak hobetzeko proiektuen bidez, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 174. artikuluarekin bat etorriz; Lege hori Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Erregelamendua onetsi zuen 280/1990 Foru Dekretuaren 217-221. artikuluek garatzen dute. Aurretik, herri-lurrak hobetzeko proiektuarekin lortu nahi diren eta laborantzako herri-lurren galera konpentsatzen duten gizarte helburuak justifikatu eta arrazoitu behar dira.

Herri-lurra hobetzeko proiektu horiek Udalaren ekimenez edo interesa duten bizilagunek sustatu ahalko dira.

93. artikulua. Hobekuntza proiektuarekin batera onetsi behar den araudia berekin ekartzen duen proiektuaren xede eta ezaugarrietara egokituko da, eta proiektuak lortu nahi dituen helburuak betetzeko behar den eperako balioko du.

94. artikulua. Aprobetxamendu hau arautzen duen proiektuan eta erregelamenduan, gutxienez, puntu hauek jaso beharko dira:

a) Herri-lurrak Hobetzeko Proiektuarekin lortu nahi diren justifikazioa, xedea eta helburu sozialak.

b) Herri-lurren hobekuntza honen xede diren lurzatiak (poligonoa, lurzatia, azalera), ukitutako azalera osoa eta esleitu beharreko lote bakoitzaren gutxi gorabeherako azalera adierazita.

c) Ezartzeko baimendutako laborantza, gomendatutako labore-sistema eta erabilera, lurzoruaren emankortasuna mantentzea eta hobetzea bermatuko duten laborantza-teknikak, lurzorua eta nahitaezko baliabide hidrikoak babesteko teknikak, etab.

Erabat debekaturik dago herri-lurrak esleituak izan diren erabilera, aprobetxamendu edo laboreetarako ez beste batzuetarako erabiltzea.

d) Era berean, Hobekuntza Proiektuaren indarraldia amaitzen denean edo lehengoratzera emanez gero, partzelek zer egoeratan egon behar duten arautu beharko da. Azken egoera horrek bat etorri behar du hobekuntza proiektuarekin lortu nahi diren helburuekin.

Halaber, hobekuntza proiektuaren indarraldia bukatu ondoren fruta-arbolekin landatutako lurren herritarrendako aprobetxamendu sistema eta prozedura aurreikusi beharko dira.

e) Nolanahi ere, “baso-erabileratik” lurra “labore-lurretara” edo “laborantza-lurretara” sailkatuz gero, lursaila lehengoratzeko legezko eta administrazio-prozedura aurreikusi behar da.

Era berean, lurzorua hasierako baldintzetara itzultzeko proiektua eta kostuaren kalkulua egin behar dira. Lurra behar bezala uzteko erauzketa eta destokonatze, materiala kentze eta prestatze lanen kostua estali beharko da gutxienez.

95. artikulua. Proiektua eta erregelamendua onesteko prozedura hau jarraituko da:

a) Udalbatzaren osoko bilkuraren erabakia, kasuan kasuko proiektua eta ukitutako herri-lurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua onartzen dituena.

b) Jendaurrean egongo da hilabetez, eta Udalbatzaren osoko bilkurak aurkeztutako alegazioei buruzko erabakia hartuko du.

c) Nafarroako Gobernuak onartzea, 280/1990 Foru Dekretuaren 221. artikuluak ezarritako edukia duen espedientea bidali ondoren.

96. artikulua. Esleipenaren iraupena.

1. Esleipenaren edo errentamenduaren iraupenari dagokionez, arrazoizkoa izan behar du xedea betetzeko eta hobekuntzarekin lortu nahi diren helburu sozialak betetzeko. Ez da inolaz ere 24 urtetik gorakoa izango, ezin izango delarik luzapenik ezarri.

2.–Hala ere, esleipenak edo errentamenduak irauten duen bitartean alokatutako lurrak edo horietako batzuk beharrezkoak badira beste erabilera batzuetarako erabiltzeko, eta toki-erakundeak egokitzat jotzen badu, gizarte-interesekoa delako, Udalbatzaren osoko bilkuraren erabakiaren bidez esleipendunari kenduko zaio errentan hartutako lur osoa edo zati bat, eta kalte-ordaina emango zaio egindako inbertsioen zenbatekoarekin.

97. artikulua. Berako Udalak urteko kanona ezarriko du. Kanon hori kalkulatzeko, alde batetik, lagatako herri-lurretako lurzatietatik ohiko erabilerarik ez izateagatik toki entitatearen errenten galera hartuko da kontuan (nekazaritzako, abeltzaintzako eta abarreko aprobetxamenduak); gainera, kontuan hartuko da bizilagun guztiei denbora luzez kentzen zaiela herri-lurren erabilera (hori baita erabilera modu nagusia). Kanonak alderdi horiek konpentsatu behar ditu. Gainera, kontuan hartu behar da jarduerak esleipen-hartzaileari dakarkion errentagarritasuna, hura ezartzeko dirulaguntzak barne. Kanonak espero den errentagarritasun horrekin ere bat etorri behar du.

98. artikulua. Hobekuntza Proiektuko loteak esleitzeko prozedura.

1. Kontuan izanda auzotarrek, ahal den neurrian, lehentasuna izango dutela herri-ondasunen aprobetxamendu ezberdinetan, fruta-arbolak landatzeko helburua duten laborantzako herri-lurrak esleitzeko prozedura hauetako bati jarraituko zaio, ezarritako ordenari jarraituz:

a) Herritarrendako esleipen zuzeneko aprobetxamenduak.

b) Toki-erakundeak zuzenean ustiatzea.

2. Auzo-aprobetxamenduak zuzenean esleitzeko prozedura 15 egun balioduneko epea zabaltzearekin hasiko da, eskubideduntzat jotzen diren familia-unitateetako titularrek fruta-arbolak landatzeko lote bat esleitzeko eska dezaten. Horretarako, Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udaletxeko iragarki-taulan jarriko da iragarkia.

Eskabideekin batera zinpeko aitorpena edo behar adinako frogagiria aurkeztuko da, besteak beste, honako puntu hauekin:

a) Berako bizilaguna izatea, gutxienez urtebeteko antzinatasunarekin eta udalerrian urtean bederatzi hilabetez bederen bizitzea.

b) Berako Udalarekin zerga betebeharrak egunean izatea.

c) Familia-unitatea osatzen duten kideak eta horietako batek ezintasun aitortua baduen adieraztea.

d) Familia-unitatea osatzen duten kide guztiek jabetzan edo usufruktuan Beran eta beste udalerri batzuetan duten lur-azalera.

e) Familia-unitatea osatzen duten kide guztiek errentan edo jabetzakoa ez den beste titulu baten bidez udalerri honetan eta beste batzuetan lantzen dituzten lurrak.

f) Familia-unitatea osatzen duten kide guztiek udalerri honetan eta beste batzuetan esleituta dituzten herri-lurrak, esleipen-mota berariaz adierazita.

g) Hiri-aberastasunaren kapital zergagarriak, familia-unitateko kide bakoitzaren etxebizitza propioari dagokiona izan ezik, bai Beran, bai beste udalerrietan, eta familia-unitateko kide bakoitzak dituen abelburuak eta azienda mota.

h) Familia-unitateko kide bakoitzaren diru-sarrerak, bai nekazaritza, abeltzaintza, industria edo zerbitzuen sektorekoak, bai Gizarte Segurantzako pentsiodunenak edo beste errenta batzuenak ere.

Zinpeko aitorpen hori egiaztatzeko, Berako Udalak ahalmena izanen du beharrezkotzat jotzen dituen agiriak eskatzeko errenta mailak egiaztatzeko, agiri eta datu objektiboetan oinarrituta.

3. Berako Udalbatzaren osoko bilkurak, Mendi Batzordeak proposatuta, onartuen zerrenda eta haien puntuazioa onartuko ditu. Zerrenda hori formula baten bidez ezarriko da. Formula hori diru-sarrerekiko alderantziz proportzionala izango da, eta familia-unitateko kideen kopuruarekiko zuzenki proportzionala. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da.

4. Onartuen behin-behineko zerrenda Udaletxeko iragarki-taulan jarriko da jendaurrean, 15 egun balioduneko epean, eta interesdunei jakinaraziko zaie, egokitzat jotzen diren alegazioak aurkez ditzaten. Alegaziorik aurkezten ez bada, behin-behineko zerrenda behin betiko bihurtuko da automatikoki.

5. Alegazioak egon badira eta akatsak zuzendu badira, horiei buruzko ebazpena emango da eta bizilagun eskatzaileen behin betiko zerrenda ponderatua onartuko da.

6. Familia-unitateko titularren behin betiko zerrenda eta fruta-arbolak landatuz hobetzeko proiektuan baimendutako azalera osoa ikusita, loteak diseinatu eta esleituko dira.

7. Loteen esleipena amaitu ondoren, 15 egunez jarriko da jendaurrean iragarki-taulan onuradunen zerrenda eta bakoitzari dagozkion herri-loteak.

8. Esleipenaren aurkako alegazioak eta akatsen zuzenketa ebatzi ondoren, behin betiko bihurtuko da herri-lurretan fruta-arbolak landatzeko aprobetxamenduen esleipena, hobekuntza proiektuarekin bat.

99. artikulua.

1. Adjudikataria ezin izango da aldatu, baldin eta Udalbatzaren osoko bilkurak eta Nafarroako Gobernuak berariaz jakinarazten eta baimentzen ez badute; betiere esleipena egiteko geratzen den denborarako eta haren baldintzak aldatu gabe.

2. Hilez gero, familia-unitate bereko beste pertsona batek eskatu ahal izango du herri-lurretan hainbat urtetarako laborantza egiten segitzeko, betiere onuradunak 6/1990 Foru Legearen 142. artikuluan jasotako baldintzak betetzen baditu.

Familia-unitate bereko interesdunik ez badago, hildakoarekin odolkidetasuneko hirugarren mailara arteko edo ezkontza-ahaidetasuneko bigarren mailara arteko ahaidetasuna duen edozein pertsonak eskatu ahal izango du herri-lurren aprobetxamenduarekin jarraitzea, betiere onuradunak 6/1990 Foru Legearen 142. artikuluan jasotako baldintzak betetzen baditu.

3. Halaber, debekatuta dago esleitu beharreko lursail guztiak edo batzuk errentan ematea, azpierrentatzea, partzuergoan ematea edo lagatzea, eta hori esleipena baliogabetzeko arrazoia izango da.

100. artikulua.

1. Adjudikatariak landaketa eta laborantza ezartzeko eta kudeatzeko beharrezkoak diren eskubide eta baimen guztiak eskuratu beharko ditu.

2. Landaketa edo obra lizentzia eman aurretik, fidantza jarri beharko du edo abala osatu, lursaila hasierako egoerara itzultzeko proiektuaren zenbatekoaren adinakoa.

101. artikulua.

1. Ezarritako esleipen- edo errentamendu-epea amaituta, edo aldez aurretik amaituz gero, lursailak herri-ondarera itzuliko dira, Hobekuntza Proiektuan aurreikusitako moduan, eta ez da egindako landaketa, obra eta instalazioengatik inolako kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik izango.

2. Fruta-arbolen landaketaren egoera kontuan hartuta, Berako Udalak erabakiko du lurra hasierako egoerara itzuliko den edo landaketaz arduratuko den, bi kasuetan inolako kalte-ordainik eman gabe.

3. Lehenengo kasuan, lurrak esleipenaren unean zegoen bezala geratu beharko du, landareak sustraitik atera eta ipurdiak kenduta, beharrezko legezko eta administrazioko baimen guztiak lortu ondoren, landare-hondakin eta beste material guztiak kenduta eta ondorengo laboreak instalatzeko lanak eginda.

4. Bigarren kasuan, lur guztia, landaketa barne, toki-erakundearen esku egongo da berriro, beste auzotar batzuei beste esleipen bat egiteko edo zuzenean ustiatzeko. Aurreko esleipen-hartzaileak ez du inolako eskubiderik izanen landaketaren gainean. Ezin izango du ere landaketaren ondorioz sortu diren beste erabilera edo eskubide batzuk eskatu.

Kasu horretan, esleipen-hartzaileak tokiko erakundeari eskualdatuko dio une horretan indarrean dagoen legediaren arabera fruta landu eta ustiatzeko behar den edozein eskubide edo baldintza, bai eta herri-lur horiek landatu eta erabiltzeagatik sor litekeen beste edozein laguntza-eskubide edo bestelako eskubide ere.

102. artikulua.

1. Ordenantza honetako 26. artikuluan aipatzen diren herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko baldintzak galduz gero, lurra itzuli egingo da eta aurreko artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.

2. Era berean, herri-ondarera itzuliko dira, inolako kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik gabe, eta herri-lurrentzat geratuko dira, landaketa eta egindako hobekuntza guztiak, esleitu ziren xederako erabiltzen ez badira edo esleipenerako ezarritako baldintzak betetzen ez badira.

103. artikulua. Bai esleipena amaitzen denean, bai Ordenantza honetan aurreikusitako arrazoiengatik kontratua amaitu eta baliogabetzen denean, esleipen-hartzaileak ordaindu beharko ditu herri-lurrei edo hirugarrenen jabegoko ondasunei eragin ahal izan zaizkien kalte eta galerak; baita lurzatia laborantza-baldintza egokietan ez uzteagatik ere.

104. artikulua. Adjudikatari bakoitzak eta udalburuak hitzarmen bat sinatuko dute, aprobetxamenduaren alderdi guztiak bilduko dituena. Udalak osoko bilkuran berretsiko du hitzarmena.

105. artikulua. Herritarrendako esleipen prozesuaren ondoren herri-lurra hobetzeko xede den lurra sobratzen bada, toki entitateak zuzenean ustiatuko du.

VI. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

106. artikulua. Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:

a) Aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Aprobetxamenduen kanonak Udalak finkatzen dituen epeetan ez ordaintzea.

c) Herritarren arteko aprobetxamendua nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea.

d) Herri-lurra zertarako adjudikatzen den, beste zerbaitetarako erabiltzea.

e) Lurrak lantzea udal adjudikaziorik gabe, nahiz eta landu gabeko lurrak edo larre utziak izan.

f) Laborantza iraunkorrak (fruta-arbolak) Udalaren baimenik gabe landatzea.

g) Adjudikazioetan adierazitako epeak ez errespetatzea.

h) Herri-larreetan bazkatzen duen aziendaren osasuna zaintzeari buruzko Foru Legean eta hori garatzen duen Erregelamenduan xedatua ez betetzea.

i) Animalia hilak lurperatu gabe uztea.

j) Larratzeko eremuak ez errespetatzea.

k) Ordenantza honetan xedatuari kontra egiten dioten egitate edo egintza guztiak.

107. artikulua. Arau-hauste horiek zehapen hauek izango dituzte:

-a), b), c), d), f) eta h) apartatuetako arau-hausteengatik emakida kenduko da, nahiz eta horrek ez dituen galaraziko Nafarroako Gobernuaren organo eskudunen zehapenak.

-g) apartatuko arau-haustearengatik, herri-lurren edo herri-larreen adjudikazio-hartzailea izateko eskubidea galduko da.

-Gainerako arau-hausteengatik, egindako kaltearen balioa halako bost gutxienez eta halako hamar gehienez ordainduko da, zehapen gisa. Balio hori zehazterik ez badago, 60 eurotik 1.200 eurora bitarteko zehapena ezarriko da.

XEDAPEN IRAGANKORRA.

Ordenantza honek indarra hartzean gozatzen ari diren herri-lurretako aprobetxamenduak, behar bezala baimenduta ez badaude edo emandako epea bukatuta badute, 6 hilabeteko epean berritu beharko dira, Ordenantza honek indarra hartzen duenetik hasita. Bestela, baliorik gabe geldituko dira.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe gelditzen dira Berako herri-lurretako ondasunen administrazioa, erabilera, babesa eta aprobetxamendua arautzen dituen Ordenantza (1988ko ekainaren 27ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua) eta Ordenantza honen aurkako udal xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.–Ordenantza honetan ezarri gabeko alderdi guztietarako, honako hauetan zehaztutakoa aplikatuko da: 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa; 280/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa, Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamendua, eta Ordenantza honen goragoko xedapen guztiak, bere helburuari eragiten badiote.

Bigarrena.–Ordenantza honek ez du ondorio juridikorik izango harik eta testua osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamabost eguneko epea iragan arte, epe hori baitute Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateen egintza edo erabakiak indargabetzen dituen ahalmena erabiltzeko.

ERANSKINA

Urteko aprobetxamendu-kanonaren zenbatekoen.

a) Herri-larreen aprobetxamendua.

–Luberriak: 0,0071 euro metro koadroko.

–Artzaintza askea (belarrak).

0,31 euro ardi-buru bakoitzeko.

1,15 euro behi- edo zaldi-buru bakoitzeko.

–Artzaintza fazeria kontratuaren bidez.

0,31 euro ardi-buru bakoitzeko.

1,15 euro behi- edo zaldi-buru bakoitzeko.

–Larratzea landaketen itxituretan.

0,31 euro ardi-buru bakoitzeko.

1,15 euro behi- edo zaldi-buru bakoitzeko.

–Larratzea lugorrietan.

0,31 euro ardi-buru bakoitzeko.

1,15 euro behi- edo zaldi-buru bakoitzeko.

b) Iralekuen aprobetxamendua: 6,745 euro hektareako.

c) Etxerako egurraren aprobetxamendua: loteak markatzearen, bideak konpontzearen eta lanak eragindako bestelako gastuen kostuak, zuzenean haiei egotz dakizkiekeenak.

d) Aziendak gordetzeko borden aprobetxamendua herri-lurretan:

–Antzinako bordak: 0,899 euro metro koadroko.

–Eraikuntza berriko bordak: 0,899 euro metro koadroko eraikuntzaren seigarren urtetik aurrera.

e) Herri-lurretako bestelako aprobetxamenduak.

–Ehiza barrutia: 2.688,77 euro gehi BEZa.

–Tiro-eremua: 14,840 euro.

–Erlauntza-ustiategiak: 0,35 euro erlauntza bakoitzeko.

–Nekazaritza eta abeltzaintzako eraikuntzak Igentzi, Otxanda eta Ameltziagan: 0,892 euro metro koadroko.

–Fruta-arbolen landaketa: 120,00 euro hektareako.

Iragarkiaren kodea: L2007389