168. ALDIZKARIA - 2020ko uztailaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BERA

Mugikortasun eta trafikoko udal ordenantza.
Behin betiko onespena

Berako Udalak, 2020ko otsailaren 19ko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi Mugikortasun eta trafikoko udal ordenantza.

Ordenantza hori 2020ko 46. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 6an, baita Udalaren ediktu oholean paratu ere, eta espedientea 30 egunean egon da jendaurrean.

Jendaurreko epean ez da erreklamaziorik aurkeztu eta, beraz, aipatu osoko bilkuraren akordioaren 3. puntuari jarraikiz, hasierako onespen erabakia behin betikoa izatera iragan da eta ondorio juridikoak sortzeko, inguruabar hori, behin betiko testuarekin batera, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen da.

Beran, 2020ko uztailaren 9an.–Alkatea, Aitor Elexpuru Egaña.

BERAKO MUGIKORTASUN ETA TRAFIKOKO UDAL ORDENANTZA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.

1. Ordenantza honen xedea da Berako udal mugarteko bideetan zirkulazioa arautzea.

2. Ordenantza honetako aginduak Berako udal mugarte osoan aplikatuko dira, eta behartuko dituzte zirkulaziorako on diren bide eta lur publikoen titularrak eta erabiltzaileak, horretarako on ez izan arren erabilera komunekoak diren bide eta lurren titularrak zein erabiltzaileak eta, bertze araurik ezean, erabiltzaile multzo zehaztugabe batek erabiltzen dituen bide eta lurren titularrak ere bai.

2. artikulua. Udalaren eskumena.

Berako Udalaren eskumena da:

a) Trafikoaren antolamendua eta kontrola bere udal mugarteko hiri bideetan, baita haren zaintza ere udal agenteen bitartez, bide horietan egiten diren arau-hausteen salaketa eta beren zehapena, lan hori espresuki bertze administrazio baten eskuetan ez dagoenean.

b) Xedapen orokorren bitartez hiri bideen erabilerak arautzea, bateragarri eginez aparkalekuak erabiltzaile guztien artean zuzen banatzea, ibilgailuen trafikoak behar duen arintasuna eta oinezkoak karriketan ibiltzea.

c) Ibilgailuak hiri bideetatik kentzea eta gero altxatzea, araudiak horrela jasotzen duenean.

d) Kirol proben baimena, oso-osorik Berako udal mugartean barna baizik pasatzen ez direnean.

e) Bide segurtasunaren zaintza eta kontrola atxikirik dituen tokietan, erregelamenduak ezarritako probak egitea bide horietan barna dabiltzan gidarien intoxikazio maila zehaztu beharrez, dela alkoholak, dela sorgorkariek, dela substantzia psikotropikoek edo dela estimulatzaileek ekarria.

f) Bideak ixtea, beharrezkoa denean.

g) Pasabideak eta espazioen erreserbak baimentzea, hala aldi baterakoak nola iraunkorrak, eta trafiko murriztuko eremuetan sartzeko baimenak ematea, udal agentearen txostena eta Hirigintza sailaren balorazioa jaso ondoren.

3. artikulua. Aparkatzea eta zirkulazioa antolatzea.

1. Udal agintaritzari dagokio, eta hari baizik ez, erabilera publikoko bideetan, jabetza pribatukoak izanik ere, aparkatzearen eta zirkulazioaren antolamendua baimentzea.

2. Horren ondorioz, Udalaren baimena izan ezean partikularrek debeku dute aparkatzea antolatzea, espazioak erreserbatzea, zirkulazioa moztea eta seinaleak paratu edo kentzea, arau-hauste larritzat hartuko baitira.

3. Udal agenteek eskumena izanen dute herriko eremuren bateko zirkulazioaren antolamendua aldi baterako aldatzeko edo/eta pertsonak edo ibilgailuak tokiren batera sartzea debekatzeko; horretarako, behin-behinean dagozkion seinaleak paratzen edo kentzen ahalko dituzte, eta beharrezko neurriak hartu, segurtasuna eta zirkulazio egokia bermatzeko.

4. Udal agintaritzak aldi baterako debekatu ahal izanen du ibilgailuak aparkatzea jarduera baimenduek okupatu beharreko eremuetan eta konpondu, seinalatu, mantendu edo garbitu behar diren tokietan. Halako kasuetan eremu horiek mugatuko dira, debekua 24 ordu lehenagotik adieraziz, neurriari hasiera noiz emanen zaion adierazten duten seinaleen bidez.

II. TITULUA

Zirkulazioko portaera arau orokorrak

4. artikulua. Gidarien betebeharrak.

Ibilgailu baten gidariak, ziklista barne, izan behar du mugitzeko aisetasuna eta behar den ikus eremua, eta gidatze lanera jarria izan behar du gogoa, etengabe izan ere, bere segurtasuna eta bidearen bertze erabiltzaileena bermatu beharrez. Alde horretatik, kasu handia eman beharko du behar den jarreran egoteko, bai bera, bai gainerako bidaiariak ere, eta garraiatzen diren gauzak eta animaliak ere behar den tokian egoteko, gidariari trabarik egin ez diezaioten.

1. Espresuki debeku da:

a) Gidatze lanera etengabe gogoa jartzearekin bateraezinak diren ikusizko pantailak erabiltzea, eta orobat telefonia mugikorreko tresnak edo komunikatzeko bertze edozein baliabide edo sistema, salbu eta komunikazioa eskuez, kaskoz, entzungailuz edo gisako tresnez baliatu gabe egiten denean.

Alde horretatik salbuetsirik dago gidariak ikuspegian dituen monitoreak erabiltzea, haren erabilpena beharrezkoa bada oinezkoen sarrera edo jaitsiera ikusteko, edo gibeleko maniobrak ikusteko kamerak dituzten ibilgailuetakoak badira, eta GPS gailua ere bai, baina hura gidariaren lagunek baizik ez dute erabiliko edo aparkaturik egotean bakarrik.

Agintaritzako agenteak ere salbuetsirik daude baliabide horiek erabiltzeko debekutik, manaturik dauzkaten egitekoetan ari direnean.

Halaber, taximetroen edo flotak kudeatzeko sistemen erabilera ere salbuetsirik dago, taxien kasuan.

b) Ibilgailua gidatzean, hotsa hartu edo berriz sortzen duen aparaturen bati loturiko kasko edo aurikularrak jarrita edukitzea.

c) Ibilgailua gidatzean, edozein arrazoirengatik bidea garbi ikusten uzten ez duten kristalak izatea.

d) Ibilgailuko ateak irekitzea arruntik gelditu baino lehen, edo ateak irekitzean bideko bertze erabiltzaileei traba egitea edo arriskua sortzea.

e) Bidezainen zaintza saihesteko erabil daitezkeen sistema edo gailuak instalatzea.

f) Bidearen bertze erabiltzaile batzuei seinaleak egitea, bidezainen zaintza saihets dezaten.

5. artikulua. Garraio publikoa.

1. Haien jarduera gauzatzen ari direla, garraio publikoko ibilgailuak seinalatutako geralekuetan soilik gelditzen ahal dira, bidaiariak jaitsi edo igo daitezen.

Geralekuak seinalaturik egonen dira eta esklusiboak izaten ahalko dira, edo bertzenaz bateragarriak turismoekin edo zamalanekin.

2. Geralekuetan bidaiariek igotzeko edo jaisteko behar duten denbora baino gehiago ez daitezke geratu, salbu eta lineako abiapuntu edo helmuga badira.

3. Taxiendako geralekuetan, ibilgailu horiek bidaiarien esperoan daudela bakarrik gelditu ahal izanen dira.

4. Geralekuan pausa daitezkeenak baino ibilgailu gehiago ez dira han inola ere geratuko.

6. artikulua. Kutsadura eta zarata eragiteko eta ibilgailuak eraberritzeko debekua.

1. Ibilgailuak ez dira ibiltzen ahalko ordenantza honetan arautzen diren bideetan, ateratzen duten zarata eta aireratzen dituzten gas eta keak indarra duen legeriak ezarritako mugak baino handiagoak badira.

2. Debeku da ibilgailuek eta ziklomotoreek ihes-hodi librea edo ez-eraginkorra delakoarekin zirkulatzea.

3. Ibilgailuen soinu-alarmak arrazoirik gabe pizteagatik zehapena ezarriko da.

4. Baimendu gabeko eraberritzea izan duten ibilgailuak ere ez dira bide horietan ibiltzen ahalko.

5. Ibilgailuen gidari guztiak beharturik daude aipatu akatsak egiaztatzeko egiten diren erregelamenduzko detekzio frogetan laguntza ematera.

6. Lehentasunik ez duten ibilgailuek debeku dute hots seinaleak erabiltzea. Hona hemen salbuespenak:

–Gertazen ahal den istripua galarazteko.

–Inguruabar bereziki larriak gertaturik, normalean lehentasuna duten ibilgailuek egin beharreko zerbitzua egitera beharturik daudenean.

7. Debeku da bozgorailuak dituzten ibilgailuak ibiltzea, Udalak baimendutako kasuetan izan ezik; horrelakoetan, ordutegiak zehaztu beharko dira, baita zarata mailaren muga eta zirkulazio murriztuko aldea ere, halakorik dagoenean.

7. artikulua. Larrialdiko zerbitzuan ari diren ibilgailuak.

1. Larrialdiko zerbitzuko ibilgailu publiko nahiz pribatuek, gisa horretako zerbitzuetan ari direnean, bide lehentasuna izanen dute bertze ibilgailuen eta bideko bertze erabiltzaileen aldean. Abiadura mugen gainetik ibiltzen ahalko dira eta, gidaria erantzule, bertze arau eta seinale batzuk betetzetik salbuetsirik egonen dira erregelamenduz zehazten diren kasu eta baldintzetan.

2. Zerbitzu hauetarako ibilgailuen gidariek araudi berezi honen erabilera zuhurra eginen dute larrialdiko zerbitzu batean dabiltzanean, eta saiatuko dira bideen gurutzaguneetan bide lehentasuna ez urratzen, lehenago behar diren ardurak hartuta, oinezkorik harrapatzeko arriskurik ez dela eta bertze ibilgailuen gidariak gelditu direla edo bide emateko prest daudela egiaztatu arte. Larrialdiko zerbitzu batean aritzean baizik ez dira erabiltzen ahalko lehentasuneko argi eta soinuak.

3. Agintaritzako agenteek behar den bide atalean erabiltzen edo uzten ahalko dituzte beren ibilgailuak, haren erabiltzaileak sorosten ari direnean edo zerbitzuak edo zirkulazioak hala behar dutenean.

4. Larrialdiko zerbitzuetan ari diren ibilgailuek, argi seinalea eta hots seinale bereziak egiteko gailua erabiliz iragarriko dute heldu direla. Ibilgailu mota honen gaineko arauek aipatzen dituzte bata nahiz bertzea.

5. Lehentasuna duen ibilgailu bat hurbiltzen ari dela ohartarazten duten seinale bereziei erreparatuta, gainerako gidariek behar diren neurriak hartuko dituzte, non noiz eta horrela, hari bide eman ahal izateko, eta baztertu edo gelditu eginen dira, beharrezkoa bada.

8. artikulua. Larrialdietan nola jokatu.

1. Bideen erabiltzaileak, trafiko istripu batean nahasirik aurkitzen badira, halakorik ikusten badute edo horren berri badute, beharturik daude biktimak sorostera edo sorospena eskatzera, biktimarik bada, eta laguntza eman beharko dute, arrisku edo kalte handiagoak eragozteko, zirkulazioaren segurtasuna ahal dela berrezartzeko, eta gertatuak argitzeko, hori guztia Zirkulazioaren Erregelamendu Orokorraren 129. artikuluan ezarritakoarekin bat.

2. Istripua edo matxura dela-eta, ibilgailuak edo haren kargak bidean traba egiten badute, gidariek, ibilgailua edo sortutako oztopoa behar bezala seinalatu ondoan, behar diren neurriak hartuko dituzte ahalik eta azkarren ken dadin. Ahal dela, zuzen aparkatu beharko da edo behar diren neurriak hartu beharko dira ibilgailua eta karga ahalik eta azkarren ken dezaten bidetik.

9. artikulua. Bideko elementuei eta ibilgailuei egiten zaizkien kalteak.

1. Zirkulazioa arautzen duten seinaleei edo eremu publikoko bertze edozein elementuri kalte egiten dien gidariak Berako Udalari eman beharko dio horren berri, ahalik eta lasterren eman ere.

2. Gidaririk gabe aparkaturiko ibilgailu bati kalte egiten dion gidaria ibilgailuaren titularra aurkitzen ahalegindu beharko da eta egin dion kaltearen berri eman beharko dio, baita nor den adierazi ere.

3. Aurkitzea posible ez bada, agintaritzako agente hurbilenari emanen dio aditzera, edo bertzenaz, Udaltzaingoko zentralari.

10. artikulua. Ziklomotor eta motozikletak.

1. Ziklomotorrek betiere pizturik izan beharko dituzte gurutzatze-argiak.

2. Hiru gurpileko motozikletak bi gurpilekoen maila berean daude ondorio guztietarako, baldin eta motozikleta gisa homologatuta badaude.

11. artikulua. Oinezkoen zirkulazioa.

1. Oinezkoak oinezkoendako eremuetan ibiltzen ahalko dira: espaloiak, pasealeku eta parkeak eta bizitegi-kaleak.

Galtzadak eta bidegorriak gurutzatuko dituzte seinalatutako pasabideetatik.

2. Oinez doazenak bizikleta alboan daramatelarik, oinezkotzat joko dira ondorio guztietarako.

3. Mugikortasun murriztua duten pertsonek, aulkietan edo trizikloetan doazelarik, lehentasuna izanen dute gainerako oinezkoen aldean eta, gainerako oinezkoendako lekuetan ez ezik, bidegorrietan barna ere ibiltzen ahalko dira, eta hor ere lehentasuna izanen dute.

4. Orokorrean, obren kontratistek, espaloia okupatu behar badute, horretarako baimena eskatu beharko dute, eta hartan sartuko dira oinezkoak arriskurik gabe pasatu ahal izateko hartuko diren segurtasun neurriak, ordezko espaloiak, etab. Udalaren baimen espresa beharko da, eta hark ezartzen ahal dituen neurri zuzentzaileak bete.

5. Oinez dabiltzan pertsonek aintzat hartu beharko dituzte honako arau hauek:

a) Bidea erabiltzen ari diren gainerako pertsonei trabarik ez egiteko maneran zirkulatzea.

b) Autobusak eta zerbitzuko publikoko gainerako ibilgailuak horretarako ezarri diren tokien barnean itxarotea, eta ez galtzadan sartzea geldi daitezela eskatzeko.

c) Espaloietan gelditzean taldeak ez eratzea, gainerako erabiltzaileen joan-etorria zailtzen edo eragozten badute.

d) Ibiltzen ari diren ibilgailuetara ez igotzea edo horietatik ez jaistea.

e) Galtzadan eta bidegorrietan ez sartzea, ezta horietan gelditzea ere.

6. Berako Udalak, segurtasuna bermatzeko, oinezkoen mugikortasuna hobetzeko edo bertze xede baterako, sarbide mugatuko eremuak ezartzen ahal ditu, ibilgailuekin zirkulatzea eta aparkatzea arruntik edo hein batean murrizteko aukera ematen dutenak. Horretarako, eremu horretan zirkulatzeko baldintza zehatzak ezarri beharko ditu. Oinezkoendako eremuetan zirkulatzeko eta aparkatzeko debekuak ez du eraginik izanen ibilgailu motordun hauen kasuan:

1.–Suteei aitzintzeko eta itzaltzeko zerbitzukoak.

2.–Segurtasun indar edo kidegokoak.

3.–Zabor bilketakoak.

4.–Osasun garraioko ibilgailuak.

5.–Hileta zerbitzuetako ibilgailuak.

6.–Udal zerbitzuak edo kontratak, esleitu zaizkien lanak egiten ari badira.

7.–Berariaz baimendutako ibilgailuak.

12. artikulua. Patin, patinete eta monopatinen zirkulazioa.

1. Patin, patinete, monopatin edo antzeko gailuak toki hauetan ibil daitezke:

a) Oinezkoendako eremuak.

b) Espaloiak.

c) Bidegorriak.

d) Bizikleta-bidexkak.

e) Parke eta pasealekuak.

2. Patinak, monopatinak, patineteak edo antzeko aparatuak ezin izango dira inola ere galtzadatik ibili, berariaz seinaleztatutakoetan edo berariaz seinaleztatutako lekuetan gurutzatzeko izan ezik.

3. Patinatzaileek, bidegorrietan barna doazenean, bizikleten abiadurara egokituko dute berea. Espaloietan barna doazenean, berriz, ez dute oinezkoen abiadura gaindituko eta egokituko dituzte beren mugimenduak oinez dabiltzanen mugimenduen arabera, betiere haiei trabarik edo arriskurik eragin gabe.

4. Patin, monopatin, patinete edo antzeko gailuetan doazen pertsonak oinezkotzat joko dira, ordenantza honetan ezarritako baldintzekin.

5. Monopatinak eta gisako tramankuluak horretarako berariaz seinalatu diren eremuetan baizik ez dira erabiltzen ahalko, kirol moduan erabili ere.

6. Ezin dira ezein kasutan ere bertze ibilgailuei lotuta edo atoian eraman.

7. Artikulu honetan ezarritakoa ez zaie aplikatuko 168/2013 (EB) Erregelamenduko araudiaren arabera “mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak” izenekoei. Ibilgailu horiek ibilgailu gisa hartuko dira, eta horiek erabiltzen dituztenak gidari gisa, trafikoari buruzko araudiaren ondorioetarako.

13. artikulua. Bizikleten zirkulazioa.

1. Zirkulazioko Erregelamendu Orokorrarekin bat:

a) Ezin da bizikletarik gidatu, ezta bertze ezein ibilgailu, patin, monopatin edo gisakorik ere, soinua jaso edo erreproduzitzen duten gailuei lotutako kaskoak edo aurikularrak jarrita.

b) Ezin da bizikletarik gidatu, ezta bertze ezein ibilgailu, patin, monopatin edo gisakorik ere, telefono mugikorra edo gidatzeari eman behar zaion arretarekin bateraezina den bertze edozein gailu eskuez erabiltzen bada.

c) Edari alkoholdunak, sorgorgarriak, psikotropikoak, estimulatzaileak edo gisako bertze gai batzuk hartzeari dagokionez, gainerako gidariek dituzten betebehar eta muga berberak dituzte ziklistek.

2. Ziklistek, ahal izanez gero, galtzadaren eskuineko erreitik zirkulatu beharko dute, edozein errei erabiltzen ahalko dutelarik bidearen ezaugarriek hala eskatzen badute edo ezkerraldera biratu behar badute.

3. Ibilgailu motordunek bizikleten zirkulazioa erraztuko dute eta ondoko arau hauek beteko dituzte:

a) Bizikleten eta zikloen abiadurara egokituko dute haien abiadura.

b) Ezin dute maniobrarik egin bizikleta, ziklo edo mugikortasun murriztua duten pertsonendako ibilgailu bat aitzinatzeko zirkulazio-errei berean.

c) Ez dituzte jazarriko bizikleta, ziklo edo mugikortasun murriztua duten pertsonendako ibilgailuen gidariak.

4. Bizikleta bat aitzinatu nahi duten ibilgailu motordunek zirkulazio-erreiz aldatu beharko dute edo, betiere, gutxienez 1,5 metroko tartea mantendu, maniobrak irauten duen bitartean. Orobat, bizikleta baten atzetik doazenean zuhurtziazko segurtasun tartea mantenduko dute, haren abiaduraren heinean.

5. Bizikletak hiri barneko bideetan barna dabiltzanean, seinaleak, oro har, eta araudia -trafiko, zirkulazio eta bide-segurtasunari buruzkoa- bete beharko dituzte, bai eta udal agintariek horretarako ezartzen duten bertze edozein arau ere.

6. Bizikletak paraleloan edo zutabean binaka ibiltzen ahal dira errei beretik, bertze ibilgailu mota batzuendako gordetako erreia izan ezean. Halakoetan, ibilgailu bakartzat hartuko da ziklista talde osoa, semaforoak gurutzatzeari, gurutzaguneei, pasatzeko lehentasunari eta aitzinamenduei dagokienez.

14. artikulua. Motorrik gabeko ibilgailuentzako lehentasunezko zirkulazio-bideak.

1. Motorizatu gabeko ibilgailuentzat lehentasunezko zirkulazio-bideak ezarri ahal izango dira. Horietan, zirkulatzeko baimena duten motordun ibilgailuek aipatutako ibilgailuen lehentasuna errespetatu beharko dute, eta abiadura ibilgailu haietara egokitu, haien segurtasuna bermatuz.

2. Udalak, beharrezkotzat jotzen dituen bideetan, espaloiaren edo bidearen eskuineko muturraren ondoan errei bat mugatu ahal izango du, motorizatu gabeko ibilgailuek lehentasuna izan dezaten. Errei hori behar bezala seinaleztatuta egongo da, eta ibilgailu horiek zirkulatzeko behar den zabalera izango du. Motordun ibilgailuek errespetatu egin beharko dituzte bertatik zirkulatzen ari diren motorrik gabeko ibilgailuak, haien abiadura egokitu beharko dute eta aurreratzeak erreitik kanpo egin beharko dituzte, eta, halaber, zirkulazioaren kontrako noranzkoan zirkulatzen ari diren ibilgailuen lehentasuna errespetatu beharko dute.

15. artikulua. Zamalanak.

Merkataritzako gaien zamalanak horretarako jarritako tokietan bakarrik egin ahalko dira.

16. artikulua. Edukiontziak

1. Altzariak edo etxeko tresnak, eta berebat obra eta etxeko hondakinak biltzeko edukiontziak, udal organo eskudunak erabakita, bide publikoko puntu jakin batzuetan paratu beharko dira.

2. Horretarako egokituriko tokietan ezin izanen da, inolaz ere, aparkatu.

17. artikulua. Abiadura murriztapena oinezkoen etorri handiko lekuetan.

Errei bakar batetik zirkulatzen den kaleetan eta oinezkoen etorria handia den guztietan, bai eta ikastetxeak diren kaleetan ere, ibilgailuek abiadura egokia eramanen dute eta behar diren neurriak hartuko dituzte.

III. TITULUA

Aparkamendua

I. KAPITULUA

Aparkatzeko arau orokorrak

18. artikulua. Ibilgailuak aparkatzea.

Ibilgailuak aparkatzeko arau hauek bete behar dira:

1. Ibilgailuak ilaran aparka daitezke, hau da, espaloiarekiko paraleloan; baterian, hots, espaloiarekiko perpendikularrean eta erdibaterian, zeharka.

2. Aparkatzeko modua zehazten duen seinalerik ez bada, ilaran aparkatu behar da.

3. Zoladuran seinaleztaturik, aparkamendutako moldatutako lekuetan, ibilgailuak seinalatutako perimetroaren barnean utziko dira.

4. Ibilgailuak aparkatzean, espaloitik ahal den hurbilena jarriko dira, baina tartetxo bat utziz, galtzadaren zati hori ere garbitu ahal izateko.

5. Nolanahi ere, gidariek beren ibilgailuak aparkatu beharko dituzte berez ez abiatzeko moduan.

19. artikulua. Debekuak.

Guztiz debekatua dago baldintza hauetan aparkatzea:

1. Behar den seinalez debekaturik dagoenean.

2. Zirkulazioa trabatzen edo oztopatzen den tokietan.

3. Beste gidariak erregelamenduaren aurkako maniobrak egitera behartzen direnean.

4. Bigarren lerroan, lehenbiziko lerroan ibilgailua nahiz edukiontzia dagoenean, baita beste objekturen bat edo babeseko beste elementuren bat dagoenean ere.

5. Aparkatzeko lekua ez den galtzadako beste edozein tokitan.

6. Norabide bakarreko karriketan, galtzadaren zabaleragatik ibilgailu-lerro bat pasatzea ezinezkoa egiten denean.

7. Norabide biko karriketan, galtzadaren zabaleragatik bi ibilgailu-lerro pasatzea ezinezkoa denean.

8. Kale-kantoietan, beste ibilgailuren bati biratzea eragozten edo trabatzen zaionean.

9. Erregelamenduaren arabera aparkatutako beste ibilgailuei aterabidea oztopatzen zaienean.

10. Oinezkoen pasabide diren galtzada-tokietan.

11. Espaloietan, kaietan, babestokietan, erdiko nahiz alboetako pasealekuetan eta zolan zerrendaz margotutako eremu seinaleztatuetan, okupazioa osoa izan nahiz zati batean izan.

12. Kaien, babestokien, erdiko edo alboetako pasealekuen eta zolako zerrendaz seinaleztatutako lekuen ondoan.

13. Garraio publiko, eskola-garraio, taxi, zamalan, ibi eta, oro har, erreserbako leku izateko seinaleztatu eta mugatutako geralekuetan.

14. Toki berean 30 egun edo gehiago jarraian.

15. Aldi batez jarduera baimenduek okupatu beharreko eremuetan, eta konpondu, seinaleztatu edo garbitu behar diren tokietan. Kasu horietan debekua behar bezala eta nahikoa garaiz seinaleztaturik egonen da.

16. Aurreko 14. apartatuan xedatutakoa ez betetzeagatik, antolamendu edo norabide nahiz seinaleztapen aldaketaren batengatik, eta orobat obrak edo beste edozein aldaketa egin behar delakoz, ibilgailu bat aparkatua dagoen tokitik udal altxatokira edo, horren ordez, baimendutako beste edozein aparkalekutara eraman beharra gertatuz gero, gidaria izanen da arau-hauste horren erantzule.

20. artikulua. Norabide bakarreko karrikak.

Gehienez ere bi ibilgailu-lerro eduki eta zirkulazioa norabide bakarrekoa duten kaleetan, ibilgailuak kalearen alde batean bakarrik aparkatuko dira, udal agintaritzak zehaztutako aldean.

II. KAPITULUA

Aparkamenduaren zonabatzea

21. artikulua. Aparkaleku eremuak.

Ondoko aparkaleku eremu bereiztuak ezartzen dira:

–1. gunea: aparkaleku librea.

Edonork aparka dezake. Gehienez ere 3.500 kiloko pisua duten ibilgailuentzat.

–2. gunea: bertakoentzat gordetako aparkalekuak.

Herrian bizi diren pertsonentzat gordetako eremuak dira. Gune honek Kanttonberri karrikako eta Eztegara aldera dauden Toki Onako aparkalekuak hartuko ditu bere baitan. Udalak bertze gune batzuk ere gorde ahal izanen ditu, Udalbatzak onartu eta herritarrei jakinarazi ondoren.

Edonork aparkatu ahal izanen du leku horietan astelehenetik larunbatera 20:00etatik 08:00ak arte, eta egun osoan igande eta jaiegunetan. Gehienez ere 3.500 kiloko pisua duten ibilgailuak aparkatu ahalko dira soilik. Aparkalekuak bertikalean eta horizontalean seinaleztatuko dira.

–3. gunea: ordutegi mugatuko gunea.

Udalak ezarri ahalko ditu ordutegi mugatuko aparkatzeko guneak, aurretik Osoko Bilkuran onartu eta herritarrei jakinarazita. Aparkamendu mugatze honek indarra izanen du 08:00etatik 20:00ak arte, igande eta jaiegunetan izan ezik. Ordutegi mugatuko aparkalekuak bertikalean eta horizontalean kolore urdinez seinaleztatuko dira.

Ordutegi mugatuko aparkalekuak aldi berean egonen dira libreekin eta zehaztapen hauen menpe egonen dira:

1. Ordutegiaren frogagiria jarri beharko da aparkatzeko. Udalak adostuko ditu frogagiriaren egitura eta ezaugarriak.

2. Ibilgailuaren gidaria behartua dago frogagiria haren aurreko haizetakoan jartzera, barruko aldean eta kanpotik ongi ikusteko moduan.

4. gunea: zamalanak.

Leku hauek merkataritza-jarduerei zerbitzua ematen dieten ibilgailuentzat gordeta daude, igande eta jaiegunetan izan ezik, 08:00etatik 20:00ak arte.

–Mugikortasun urriko pertsonentzat gordetako aparkalekuak.

Desgaitasuna duten pertsonentzako Europako Aparkatzeko Txartela duten ibilgailuek bakarrik aparka dezakete leku hauetan. Plazak bertikalean eta horizontalean seinaleztatuko dira.

22. artikulua. Bertakoen bereizgarria.

1. Oro har, egoiliar-txartel bat eman ahal izango da ibilgailu bakoitzeko. Hala ere, Udalak mugikortasun urria edo bestelako arazo bereziak direla-eta bertakoentzat aparteko bereizgarriak eman ditzake.

2. Bereizgarriaren balioa urtebetekoa izango da, eta hori duten ibilgailuek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Ibilgailuaren jabea Beran erroldatutako pertsona fisikoa izatea eta herrian bizitzea benetan edo izatez. Probintziako Trafiko Buruzagitzak emandako zirkulazioko baimenean agertzen den pertsona hartuko da ibilgailuaren jabetzat.

b) Ibilgailua Berako Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zergaren erroldan alta emanda egotea eta zerga hori ordainduta edukitzea.

c) Berako Udalak jarritako trafiko isunik izanez gero, hori ordainduta izatea.

d) Dagokion ordenantza fiskalean egoiliarrentzako bereizgarria lortzeko jarritako tarifa ordaintzea, hala badagokio.

23. artikulua. Bereizgarriaren erabilera eta indarraldia.

1. Bereizgarrien onuradunek aparkaleku libre zonako plazetan ere aparkatu ahal izanen dute, edo ordutegi murriztuko plazetan, horietako baldintzak betez.

2. Bereizgarria ibilgailuaren haizetakoaren barrualdean jarri beharko da, kanpotik ongi ikusteko moduan. Bereizgarria urte natural batez erabili ahal izango da, eta eskatzailearentzat eta eskatutako ibilgailurako bakar-bakarrik izanen da. Bereizgarria jaso duten eskatzaileak izanen dira horien erantzule, eta etxebizitza edo ibilgailua edo bereizgarria eduki ahal izateko edozein baldintza aldatzen dutenean, Udalari jakinarazi beharko diote gehienez ere astebeteko epean. Hala, bertze bereizgarri bat emanen zaie, horretarako eskubiderik izanez gero edo, bertzela, lehendik zutena baliogabetuko zaie. Bi kasuetan bereizgarria itzuli beharko dute.

3. Bereizgarria lapurtu edo galtzen bada Udalari lehenbailehen jakinaraziko zaio.

4. Bereizgarria indarrean izanen da, ekitaldi fiskalaren barruan bereizgarriari eman zaion denboraldian. Epealdi hori amaituta, ez du baliorik izanen. Hala ere, Udalak, dagozkion egiaztapenak egin eta gero, ofizioz automatikoki berrituko du. Titularrak bereizgarria berritu nahi ez badu, kudeaketa-organoari jakinarazi beharko dio urteko denboraldi berria hasi baino lehen, eta bereizgarria dagokion bulegora eraman beharko du. Bereizgarria ekartzen ez bada, titularra bidegabe erabiltzen ari dela ulertuko da, eta ordenantza honetako 24. artikuluaren araberako ondorioak izanen ditu jokabide horrek.

24. artikulua. Arau-hausteak bertakoentzat gordetako aparkalekuan.

Hauek izanen dira bertakoentzat gordetako aparkaleku motaren kontrako arau-hausteak:

1.–Gordetako aparkalekuetan aparkatzea, beharrezko bertako bereizgarririk gabe.

2.–Bereizgarri aldatuak, indargabetuak edo erabil ez daitezkeenak paratzea.

25. artikulua. Arau-hausteak ordutegi mugatutako aparkamendu gunean.

Hauek izanen dira ordutegi mugatutako aparkamendu gunearen kontrako arau-hausteak:

1. Ordutegiaren frogagiria ez paratzea.

2. Frogagiri aldatuak edo erabil ez daitezkeenak paratzea.

3. Frogagirian azaldutako denbora baino gehiago egotea.

26. artikulua. Ordutegiaren frogatze lanak.

Ordutegiaren frogatze lanetan Udaleko langileak aritzen ahalko dira. Hori horrela izanik ere, aparkalekuen inguruan langile hauek egoteak ez du ekarriko, halabeharrez, han dauden autoak zaindu eta gorde beharra.

27. artikulua. Erreserba desgaitasun fisikoa duten pertsonentzat.

1. Desgaitasun fisikoa duten pertsonentzako erreserbatutako lekuetan aparkatzeko udal-baimena duten titularrek, denbora mugarik gabe aparkatzen ahalko dituzte beren ibilgailuak, bai haiendako tokietan, bai eta denbora mugatuko aparkalekuetan ere.

2. Aipatu gidari horien helmugatik hurbil desgaitasun fisikoa duten pertsonak aparkatzeko leku erreserbaturik ez balitz, udal agenteek baimena eman lezakete zirkulazioari trabarik txikiena egiten zaion lekuetan aparkatzeko, baina inoiz ere ez aparkatzeko debekuak, ordenantza honetan aurreikusitakoaren arabera, ibilgailua erretiratzea eskatzen duen lekuetan.

IV. TITULUA

Seinaleztapena

28. artikulua. Seinaleak.

1. Aginduzko seinaleztapena ezarriko da bereziki, udalerriko bide-sarearen tarte konkretu batzuetan, edo orokorrean, herri osoan, azken kasu honetan seinaleak herriko sarrera guztietan paratuko direlarik.

2. Zirkulazio murriztuko eremuaren sarreran diren seinaleek, oro har, zona horietako perimetro osoan dute indarra.

3. Udaltzainen, udal agenteen edo trafikoaren ardura dutenen seinaleek beste edozein seinalek baino indar handiagoa izanen dute.

29. artikulua. Baimenak.

1. Ezin da aginduzko seinalerik ez eta informatiborik ere paratu aurretik udal baimenik izan gabe.

2. Paratzen ahalko diren seinale informatibo bakarrak, udal agintaritzaren iritzian, benetako interes orokorra dutenak dira.

3. Debekatuta dago seinaleen gainean edo alboetan publizitatea paratzea.

4. Debekatuta dago erabiltzaileei semaforoak edo seinaleak behar bezala ikustea oztopatu edo haien arreta galaraz dezaketen panfleto, kartel, iragarki edo nolanahiko mezuak paratzea.

30. artikulua. Kentzea.

Udalak berehala erretiratuko ditu behar bezala baimendu gabe edo indarrean dauden arauak betetzen ez dituzten seinaleak.

V. TITULUA

Ekitaldi kulturalekin edo kirol-ekitaldiekin
zerikusia duten eremu publikoko jarduketak

31. artikulua. Baimenak.

Ordenantza honen xede diren bideak okupatzeko, Udalaren aldez aurreko baimena beharko da eta ezinbertzekoa izanen da Zirkulazioaren Erregelamendu Orokorraren II. Eranskinean (kirol probei, bizikleta-martxei eta bertzelako gertaerei buruzkoan) ezarritakoa betetzea, udal agintaritzak adierazitako arau propioak betetzeaz gain. Baimendutako probak bete beharreko baldintza bereziak agertuko dira baimenean, eta titularrak derrigorrez bete beharko ditu.

32. artikulua. Baimena eskatzea.

Interesdunak jardueraren aurreikusitako data baino gutxienez 2 hilabete lehenago eskatu beharko du baimena. Eskaera Udaletxera bidalitako eskabide normalizatu baten bidez formalizatuko da, eta bertan adierazi beharko da zein gertaera mota den eta zenbat iraungo duen, baita ibilbidea eta okupatu beharreko eremuak erakusten dituen plano xehatu bat erantsi ere.

33. artikulua. Baimena ematea.

Dagokion administrazio-espedientea izapidetu ostean, eskatutako baimena emanen da eta bertan adieraziko dira behar izanez gero hartu beharreko segurtasun neurriak eta eskatzaileak bete beharko dituen baldintzak.

34. artikulua. Laguntza-langileen eskakizuna.

1. Antolatzaileei laguntza-langileak izatea eskatzen zaien kirol-proben kasuan, zuzendari betearazlearen lanak eginen dituen pertsona bat izendatu beharko da, eta bide segurtasunaren arduradun bat. Azken horrek bete beharreko baldintzak eta funtzioak Zirkulazioaren Erregelamendu Orokorraren II. Eranskinean azaltzen dira.

2. Jarduera garatzen den bitartean ordena eta kontrola mantenduko duten laguntza-langileen kopurua behar adinakoa izan beharko da.

3. Proba baino lehenago, Udaltzaingoak hala udal agenteek zerbitzuaren argibideak emanen dizkiete antolatzaileei, eta bertan adieraziko dira laguntza-langileek bide-mozketen edo saihesbideen kasuan dituzten betebeharrak, baita proba behar bezala garatzeko jarraibide egokiak.

35. artikulua. Bide segurtasunaren arduraduna.

1. Bide segurtasunaren arduraduna laguntza-langile guztiez arduratuko da eta pertsona bakoitzari zehatz-mehatz adierazi beharko dio zein den egin behar duen funtzioa, udal agenteek ezarritako zerbitzuaren arabera.

2. Proba hasi aurretik, eta aurrerapen nahikoarekin, laguntza-langileek postu guztiak bete dituztela eta pertsona guztiek haien eginbeharra ezagutzen dutela ziurtatuko du. Hala bada, Udalaren operatiboaren arduradunari jakinaraziko dio eta dagokion egiaztagiria sinatuko du.

3. Udalaren operatiboaren arduradunak izanen du antolatzaileei proba hasteko baimena dutela jakinarazteko ardura; izan ere, proba ezinen baita hasi udal agenteen nahiz laguntza-langileek bete beharreko postu guztiak beteta egon arte.

36. artikulua. Fidantza.

1. Baimena emateko baldintza gisa ezartzen ahal da eskatzaileak fidantza bat jartzea utziko zaion materiala mantentzeko eta, behar izanez gero, berriak erosteko (hesiak, konoak, seinaleak...), edo hiri-altzariei edo eremu publikoari eragindako kalteak ordaintzeko.

2. Beharrezkoa izanez gero antolatzaileek galtzadan markak egitea, aglomeratu asfaltikozko zoladuraren gainean soilik eginen dira eta inoiz ez bertze mota bateko zoladuraren gainean. Halaber, egun gutxiren ondoren ezabatzen den pinturarekin egin beharko dira.

37. artikulua. Lekua erreserbatzea.

1. Beharrezkoa izanez gero lekua erreserbatzea eta, horren ondorioz, aparkatzeko eremuak okupatuko badira, hogeita lau ordu lehenago seinalatu beharko da kaltetutako eremua. Aparkatzeko debekuaren seinaleari legenda bat gehitu beharko zaio, okupazioaren arrazoia eta iraupena adieraziko dituena. Lekuaren erreserba egitea gertaeraren antolatzaileari eskatzen ahal zaio, eta haren ardura izanen da hura mantentzea.

2. Erreserba seinaleztatzean aparkatuta dauden ibilgailuek bertan jarraitzen badute 24 ordu igaro ondoren, bertze eremu batzuetara edo udal gordailura eramanen dira garabi-zerbitzuaren bidez. Baliteke baimenaren titularrari eskatzea behar izan diren zerbitzuen gastuak ordaintzeko. Horretarako, baimena eman aurretik, udal administrazioak fidantza jartzeko eskatzen ahal du, baimenean ezarritako zenbatekoan. Erabilitako garabi-zerbitzuaren gastuak aipatutako fidantzatik kenduko dira.

3. Baimenak eragiten dien eremuak garbitu eta behar bezala seinalatu ondoren, eremu horietan aparkatzen duten ibilgailuei salaketa jarriko zaie bidegabeki aparkatzeagatik eta bertatik kenduko dira garabi-zerbitzuaren bidez. Gainera, zerbitzu horren erabilerak eragiten ahal dituen gastuak ordaindu beharko ditu.

38. artikulua. Ibilbidearen seinaleztapena.

1. Ibilbidea seinaleztatzeko ardura antolatzaileak izanen du, eta berak ekarri beharko du beharrezko materiala. Seinaleztatze hori edo hesien, konoen edo bertzelako elementuen bidez balizajea udal agenteak ikuskatuko du gertaera hasi aurretik.

2. Ibilbidearen aurretik trafikoa mozteko edo saihesbideak ezartzeko beharra dagoen tokietan udal agenteek soilik jarriko dituzte seinaleak, trafikoak ez dezan ibilbidean eraginik izan.

39. artikulua. Baldintzak ez betetzea.

Baimenean ezarritako baldintzak ez betetzeak, halaber, hura kentzea eta dagokion zehapen-espedientea irekitzea ekarriko du.

VI. TITULUA

Ibilgailu abandonatuak

40. artikulua. Aplikazio eremua.

1. Abandonatutako ibilgailuak mugarik gabe kaleetan aparkatuta egotea ekiditeko, kendu eginen dira.

2. Ibilgailu bat eremu publikoan abandonaturik dagoela uste izatekoa izanen da leku berean hilabete baino gehiago aparkaturik gelditzen denean eta berez mugitzea ezinezko egiten duten hondaketak dituenean edo matrikula plakak falta dituenean.

3. Ibilgailu bat abandonaturik dagoela uste izatekoa izanen da, orobat, eremu publikotik kendu eta altxatu denetik, bi hilabete baino gehiago iragan direnean.

41. artikulua. Prozedura.

1. Ibilgailuak eremu publikoan daudenean, Berako Udalak ibilgailuaren erregistroko titularrari jakinaraziko dio hura ustez abandonatua dagoela, eta hamar egun naturaleko epea emanen dio ibilgailua dagoen tokitik kentzeko. Ibilgailuak arriskuren bat sortzen ahal badu, hortik kentzen ahalko da eta, gero, titularrari jakinaraziko zaio.

2. Aitzineko apartatuan aipatutako epean titularrak ez badu ibilgailua kentzen, udal gordailura eramanen da.

3. Abandonaturik egoteagatik edo bertze arrazoiren batengatik ibilgailu bat gordailura eramaten denetik bi hilabete iraganda, errekerimendua eginen zaio titularrari hilabeteko epean horrek eraman dezan, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egiten ez badu, hiri hondakin solidotzat hartuko dela.

4. Orokorrean eta bidezko arrazoirik izan ezean, ibilgailuak kentzeko eta gordetzeko gastuak horiek gordailutik eraman aitzin ordaindu beharko dira.

VII. TITULUA

Salgai arriskutsuen garraioa eta ibilgailu bereziak.

42. artikulua. Zirkulazioa.

1. Debeku da Salgai Arriskutsuen Errepide bidezko Garraioaren Erregelamendu Nazionalaren 1-a, 1-b, 1-c eta 2 motetan sartutako salgai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuak, Erregelamendu horren arriskuko 1 edo 2. etiketak eraman behar dituztenak, Berako udal mugartean barna ibiltzea, N-121-A errepide nazionalaren barna izan ezik, hura ez baita Berako Udalaren aginpidekoa.

2. Oro har, debekatuta dago hirigunean 7.500 kilotik gorako ibilgailuak ibiltzea.

3. Salbuespen gisa, aurreko paragrafoan adierazitako pisua gainditzen duten ibilgailuak bide batzuetan ibiltzeko baimena eman ahalko da, beren ezaugarriengatik, egin beharreko lanengatik edo bestelako baldintza bereziengatik. Baimen horiek bidaia bakarrerako edo aldi jakin baterako izan daitezke, bertan ezarriko diren baldintzetan.

43. artikulua. Aparkatzea.

Debeku da 42. artikuluan aipatu ibilgailuek Berako udal mugarte osoan aparkatzea.

44. artikulua. Ibilgailu bereziak.

Beren ezaugarri bereziengatik, neurriengatik edo zamaren antolamenduagatik Ibilgailuen Erregelamendu Orokorraren 14. artikuluan ezarritako baimenak behar dituzten ibilgailuek eskaera egin beharko diote Berako Udalari, udal agenteek eman diezaieten udalerrian barna gidatu, zaindu eta lagun egiteko zerbitzua. Dagokion tasa, Berako Udalaren behar den ordenantza fiskalean jasoa, sorraraziko da.

45. artikulua. Bertzelako ibilgailuak.

1. Debeku da Berako udal mugarteko bideetan animaliek tiraturiko ibilgailuak ibiltzea, espresuki baimena eman eta hartan zer bidetan eta zer baldintzatan ibil daitezkeen adierazi ezean.

VIII. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak. Kautelazko neurriak

I. KAPITULUA

Oztopoak bide publikoan

46. artikulua. Oztopoak bide publikoan.

1. Debekaturik dago oinezkoen edo ibilgailuen zirkulazioa eragotz dezakeen edozein oztopo edo gauza bide publikoan paratzea.

2. Aurrekoa hala izanik ere, behar bezala justifikatutako arrazoiak direnean, baimentzen ahalko da bide publikoa aldi baterako okupatzea zenbait lekutan, baldin okupazioak inolako arriskurik sortzen ez badu eta, trafikoari begira, ahal den nahasmendurik txikiena gertatzen bada.

3. Oinezkoen eta ibilgailuen zirkulazioa eragoz dezakeen edozein oztopok behar bezala seinaleztaturik egon beharko du.

4. Udal agintaritzak oztopoak erretiratzen ahalko ditu ondoko kasu hauetan:

a) Bide-erabiltzaileendako arriskutsuak badira.

b) Behar den baimenik eskuratu ez bada.

c) Oztopoak zuen justifikazioa galdu bada.

d) Baimendutako epea akitu bada edo baimenean ezarritako baldintzak betetzen ez badira.

5. Oztopoak erretiratzeagatik, bai eta haiendako seinale bereziak paratzeagatik ere, sortutako gastuak interesatuaren kontu izanen dira.

II. KAPITULUA

Ibilgailuak ez mugitzea

47. artikulua. Ibilgailuak ez mugitzea.

1. Aginpideko-agenteek ibilgailu bat ez mugitzeko agindu ahalko dute, hura erabiltzeak zirkulaziorako, pertsonendako edo ondasunetarako arrisku larria ekartzen ahal badu bide segurtasunari buruzko araudiko aginduak ez betetzeagatik, baita honelakoetan ere:

a) Istripuren edo matxuraren bat izan eta segurtasun baldintza ohikoetan bidean jarraitu ezinik gelditzen denean edo galtzada hondatzen duenean.

b) Gidaria gaizkitu eta ibilgailua normaltasunez eraman ezinean gelditzen denean.

c) Ageri denean gidaria edari alkoholdunen eraginpean dagoela, edo droga toxikoak edo estupefazienteak hartu edo bere organismoan sartu dituenean, edo botiken edo bertzelakoen eraginpean dagoenean, horiek gidatzeko behar den egoera fisikoa edo mentala bertzelakotzen badute.

d) Gidariak alkohola, estupefazienteak edo gisako bertze gai batzuk hautemateko probak egin behar baditu eta horiei uko egiten dienean edo proba horiek eginda, araudian gehienekotzat jotzen diren parametroak baino handiagoak ateratzen direnean.

e) Gidariak gidabaimenik ez duenean edo aldean duena baliozkoa ez denean.

f) Ibilgailuak ez duenean zirkulatzeko administrazio-baimenik, ez duelako lortu, baliogabetu delako edo indarra galdu duelako, edo ez direlako betetzen zirkulatzeko baimena lortzeko baldintzak.

g) Ibilgailuaren kanpo egoera dela-eta uste izatekoa denean arriskugarria dela, galtzadan kalte egiten ahal dutela edo haren kargaren parte bat eremu publikora erortzen ahal zaiola.

h) Dabilen ibilgailu baten garaiera edo zabalera handiagoak direnean Bide Segurtasunari buruzko Legeak edo haren Erregelamenduak, edo ibilgailuaren beraren baimen bereziak, halakorik badu, baimentzen dituenak baino.

i) Mugitzeko aukerak edo, kasuaren arabera, gidarien ikusmena modu arriskutsuan murrizten direnean bidaiari kopuruagatik edo haien posizioagatik, edo garraiatutako objektuen kokapenagatik, eta edozein kasutan bidaiari kopuruak erabilgarri dauden plazak % 50ean gainditzen baditu, gidaria aintzat hartu gabe.

j) Kateak edo pneumatiko bereziak erabiltzea nahitaezkoa izan eta ibilgailua horiek gabe ibiltzen denean.

k) Ibilgailuak nahitaezko asegururik ez duenean.

l) Gidariak edo bidaiariak ez dituztenean erabiltzen babeserako kaskoa edo haurrei eusteko gailuak, derrigorrezkoak diren kasuetan. Neurri hori ez zaie txirrindulariei aplikatuko.

m) Ibilgailuak ateratzen duen zarata eta aireratzen dituen gas eta keak indarra duen legeriak ezarritako mugak baino handiagoak direnean.

n) Arau-hausleak ez duenean egiaztatzen lurralde espainiarrean legezko bizilekua duela, ez badu agenteak behin-behinean ezarritako isunaren zenbatekoa gordailutu. Dena den, aintzat hartuko da hasiera batean ezarritako isuna % 50ean murriztea, ordenantza honetako 54. artikuluaren arabera.

2. Ibilgailua geldiarazteak ekartzen dituen gastuak titularraren kontura izanen dira; horrek ordaindu beharko ditu edo ordaintzea bermatu, neurri horiek kentzeko aldez aurreko baldintza gisa, ukatu gabe ere defendatzeko duen eskubidea ezta erantzukizuna erantzuleari pasatzeko aukera ere, Administrazioak harengatik hartu baitu delako neurria.

3. Udal agintaritzak adierazten duen tokian gauzatuko da ez mugitzea, eta ez da indargabetuko harik eta hura ekarri duten akatsak zuzendu edo ibilgailua agintaritza horrek zehazten dituen baldintzetan kentzen ez den arte, aitzinetik behar den tasa ordainduta, horrela ezarri bada.

III. KAPITULUA

Ibilgailuak eremu publikotik kentzea

48. artikulua. Ibilgailuak kentzea.

Ibilgailua kendu behar duenak segituan egiten ez badu, aginpideko-agenteek eremu publikotik kendu eta udal gordailura eramaten ahalko dute, kasu hauetan:

a) Arriskutsua denean, ibilgailuen edo oinezkoen zirkulazioari nahiz zerbitzu publikoen funtzionamenduari traba larria egiten dienean, ondare publikoa hondatzen duenean eta, orobat, ibilgailu hori eremu publikoan abandonatua dagoela uste denean.

b) Istripuren bat izan eta abiatu ezinik gelditzen denean.

c) Ibilgailua bera hondatu delako, ibilgetzen bada.

d) Arau-haustea dela eta ibilgailua ibilgetuta dagoenean, arau-hausleak ez badu frogatzen bere ohiko bizilekua lurralde espainiarrean duela eta isunaren zenbatekoa ez ordaintzera edo haren ordainketa ez bermatzera tematzen denean.

e) Udal agintaritzak paratzen dituen eta denbora-muga duten aparkatzeko tokietan aparkaturik gelditzen denean, gehieneko denbora gainditu ondoren.

f) Ibilgailua bide lerroetan edo zirkulaziorako edo zenbait erabiltzaileren zerbitzurako soilik erreserbatutako zatietan aparkatuta dagoenean.

g) Kontainerrak husteko lanak oztopatzen dituenean.

h) Legez ibilgailua ibilgetu behar eta hura egiteko manerarik ez dagoenean ibilgailu edo jendeen ibilia trabatu gabe.

49. artikulua. Arriskua eta trafikoa larriki trabatzea.

Aipatze aldera, honelakoetan ulertuko da ibilgailua 48. artikuluaren a) apartatuan adierazitako egoeran dagoela eta, beraz, hura kentzeko arrazoiak daudela:

a) Gelditzea debeku den toki batean aparkatuta dagoenean.

b) Ibilgailua bigarren ilaran eta gidaririk gabe aparkatuta dagoenean.

c) Kantoi baten ertzetik edo izkina baten mutur edo eskuadratik zati bat aterata, bertze gidariak maniobra arriskutsuak egitera behartzen dituenean.

d) Oinezkoen pasabide seinalatu batean edo espaloian urritu fisikoak pasatzeko oketsean aparkatua dagoenean.

e) Ordutegi erreserbatuaren barnean pasabide bat osorik edo partez okupatzen duenean.

f) Zamalanetarako tokietan aparkatua dagoenean, haiek erabiltzen diren orduetan eta halako lanak egin gabe.

g) Garraio publikorako geraleku seinalatu eta mugatu batean aparkatua dagoenean.

h) Larrialdiko edo segurtasuneko zerbitzuentzat erreserbaturiko tokietan aparkatua dagoenean.

i) Desgaitasuna dutenendako toki erreserbatuan aparkatua dagoenean.

j) Espaloi, ibiltoki, babesgune, pasabide, bidegorri edo zoladuran zerrendak pintatuta dauden tokietan aparkatua dagoenean, osorik nahiz partez, espresuki baimenduta dagoenean izan ezik.

k) Bidean doazen gainerako erabiltzaileei trafiko seinaleak ikustea eragozten dienean.

l) Biraketa eragotzi edo hura egiteko maniobrak egitera behartzen duenean.

m) Bide batetik heldu diren gidariei bertze bidea ikustea trabatzen dienean.

n) Eraikin bateko sarrera osorik nahiz zati batean oztopatzen duenean.

o) Galtzadan aparkaturik egonda zirkulazioa trabatzen duenean.

p) Bizitegi-eremuetan aparkaturik dagoenean, seinaleen edo bideko marken bidez berariaz adierazitako tokietatik kanpo.

q) Landetan aparkatua dagoenean, hara sartzeko modu bakarra espaloietan barna baldin bada.

r) Lorategien aldean aparkaturik dagoenean.

s) Taxien geralekuetan aparkaturik dagoenean.

t) Betiere, aurreko kasuetan bezala, arriskua edo zirkulazioari zein zerbitzu publikoen funtzionamenduari eragozpen larria sortzen zaienean.

Ebatsia denean edo, behar bezala frogaturik, ibilgailua titularraren borondatearen kontra bertzela erabiltzen denean izan ezik, ibilgailua kentzen bada, horren ondoriozko gastuak titularraren kontura izanen dira, ibilgailuak eremu publikotik kentzeko eta altxatokian edukitzeko zerbitzua egiteko Ordenantza fiskalaren arabera, eta horiek ordaintzea edo haien ordainketa bermatzea aldez aurreko baldintza izanen du ibilgailua itzuli ahal izateko. Horrek ez du deusetan ukatzen errekurtsoa aurkezteko duen eskubidea, ezta gastu horiek istripua eragin, ibilgailua abandonaturik utzi edo arau-haustea egin duen lagunari kobratzea ere, egitate horietariko batengatik eraman badiote ibilgailua.

50. artikulua. Bertzelako kasuak.

1. Arau-hausterik egon gabe ere, bide publikotik ibilgailuak kendu ahal izanen dituzte honelakoetan:

a) Behar bezala baimendutako ekitaldi publiko bat egiteko erreserbatua dagoen toki batean aparkaturik daudenean.

b) Bide publikoa garbitu, konpondu, kontserbatu edo hartan seinaleak jarri ahal izateko ibilgailuak kendu beharra dagoenean.

c) Larrialdietan.

2. Inguruabar horien gaztigua lehenbailehen egin beharko da, eta baimendutako tokirik hurbilenera eramanen dira ibilgailuak, edo udal gordailura, eta titularrei non dauden jakinaraziko zaie.

3. Eramateak ez du inolako ordainketarik sorraraziko, ibilgailua noranahi eramanda ere.

51. artikulua. Kentzeko lanak bertan behera uztea.

Baldin eta, dagokion tasa sortzen duten kausetako baten ondorioz, ibilgailua kentzeko lanak hasita gidaria agertzen bada, bertan behera utziko dira lan horiek, betiere kontzeptu horrengatik ezartzen den tasa ordaindu ondoren, ibilgailuak eremu publikotik kentzeko eta altxatokian edukitzeko zerbitzua egiteko Ordenantza fiskalari jarraituz.

IV. KAPITULUA

Zehapen prozedura

52. artikulua. Prozedura.

Ordenantza honetan araututako gaietan jarraitu beharreko prozedura Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuan ezarritakoa izanen da, eta, horretan aurreikusirik ez dagoen orotan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legea aplikatuko da.

53. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.

1. Arau-hauste arina izanen da ordenantza honetan xedatua ez betetzea, trafikoari buruzko araudian edo aplikatzekoa den bertze araudi batean arau-hauste larriaren edo oso larriaren kalifikazioa ez baldin badu.

2. Arau-hauste oso larritzat joko da ibilgailu bat gelditzea edo aparkatzea desgaitasuna dutenen aparkatzeko txartela behar ez bezala erabiliz.

54. artikulua. Agudo ordaintzea.

Salaketa jakinarazi ondoko hogei egun naturalean %50 merkeago ordaintzen ahalko dira ordenantza honetako arau-hausteen ondoriozko isunak.

Isuna %50 merkeago ordaintzeak berarekin dakar alegazioak aurkezteari uko egitea eta prozedura ebazpen espresik eman behar izan gabe amaitzea, errekurtsoak paratzen ahalko badira ere.

55. artikulua. Instrukzioa.

Idazkaritza arloak irekiko ditu espedienteak ordenantza honetan araututakoaren kontrako arau-hausteengatik.

Izapidetza burututa, Udaleko organo eskudunak bidezko ebazpena emanen du.

56. artikulua. Udalak eskumenik ez duenean.

Zehapena Udalaren eskumenekoa ez den arau-hausteen kasuan, udal agintaritzak salaketa eginen du, eta horren ondotik Berako Udalak berak administrazio eskudunari igorriko dio.

57. artikulua. Gidabaimena bertan behera uztea edo kentzea eta puntuak galtzea.

Diru zehapenarekin batera, gidabaimena edo gidatzeko lizentzia bertan behera utzi edo kentzeko zehapena eta puntuen galera ere jasotzen ahal duten arau-hausteengatik irekitako zehapen espedienteak, betiere zehapena Udalaren eskumenekoa duten egitateak badira, egiteko hori duten udal organoek tramitatu eta ebatziko dituzte, eta ondotik agintari eskudunari igorriko zaizkio, soilik gidabaimena edo gidatzeko lizentzia bertan behera utzi edo kentzeko edo esleituriko puntuetakoren bat galtzeko zehapena ezar dezan, hala behar badu.

58. artikulua. Jakinarazpenak egiteko helbidea.

Ibilgailuaren gidariaren eta titularraren helbidea jakinarazpenetarako izanen da, hurrenez hurren, gidarien eta arau-hausleen erregistroan eta ibilgailuenean ageri dena. Interesdunak bertze helbide bat ematen badu, aldatu eginen da, instruktorearen iritziz horretarako arrazoia prozedurari trabak jartzeko ahalegin maltzurra ez bada.

AZKEN XEDAPENA

Indarrik gabe gelditzen dira ordenantza honen aurka jotzen duten maila bereko edo txikiagoko udal arauak edo honetan araututako gaiei buruzko xedapenak dituztenak. Zehazki, ordenantza hau indarrean jartzen den unean, indargabetuta geldituko da Berako Zirkulazioari buruzko Udal Ordenantza, 1996ko 107. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, irailaren 4an argitaratu zena, baita testuari ondoren eginiko aldaketa guztiak ere.

1. ERANSKINA

Ordenantza honetan ezarritakoaren aurkako arau-hausteen eta zehapenen taula (zerrenda ez da itxia, azalpen-izaera du)

UDAL ORDENANTZAN URRATUTAKO XEDAPENA

URRATU ARAUA

ZIGOR ARAUA

Artikulua

Larritasuna

Isuna

Geldialdia

Eskatu ahalako garraioaren geralekuetan, bidaiariak jasotzeko eta uzteko behar den denbora baino gehiago pasatzea.

5.2 UO

A

80,00 euro

Aparkatzea

Behar den seinalez debekaturik dagoenean aparkatzea.

19.1 UO

A

80,00 euro

Zirkulazioa trabatzen edo oztopatzen den tokietan aparkatzea.

19.2 UO

A

80,00 euro

Beste gidariak erregelamenduaren aurkako maniobrak egitera behartzen diren tokietan aparkatzea

19.3 UO

L

200,00 euro

Bigarren lerroan aparkatzea, lehenbiziko lerroan ibilgailua nahiz edukiontzia dagoenean, baita beste objekturen bat edo babeseko beste elementuren bat dagoenean ere.

19.4 UO

L

200,00 euro

Aparkatzeko lekua ez den galtzadako beste edozein tokitan aparkatzea.

19.5 UO

A

80,00 euro

Norabide bakarreko karriketan aparkatzea, galtzadaren zabaleragatik ibilgailu-lerro bat pasatzea ezinezkoa egiten denean.

19.6 UO

L

200,00 euro

Norabide biko karriketan aparkatzea, galtzadaren zabaleragatik bi ibilgailu-lerro pasatzea ezinezkoa denean.

19.7 UO

L

200,00 euro

Kale-kantoietan aparkatzea, beste ibilgailuren bati biratzea eragozten edo trabatzen zaionean.

19.8 UO

L

200,00 euro

Erregelamenduaren arabera aparkatutako beste ibilgailuei aterabidea oztopatzen zaien baldintzetan aparkatzea.

19.9 UO

L

200,00 euro

Oinezkoen pasabide diren galtzada-tokietan aparkatzea.

19.10 UO

L

200,00 euro

Espaloietan, kaietan, babestokietan, erdiko nahiz alboetako pasealekuetan eta zolan zerrendaz margotutako eremu seinaleztatuetan aparkatzea, okupazioa osoa izan nahiz zati batean izan.

19.11 UO

L

200,00 euro

Kaien, babestokien, erdiko edo alboetako pasealekuen eta zolako zerrendaz seinaleztatutako lekuen ondoan aparkatzea.

19.12 UO

A

80,00 euro

Garraio publiko, eskola-garraio, taxi, zamalan, ibi eta, oro har, erreserbako leku izateko seinaleztatu eta mugatutako geralekuetan aparkatzea.

19.13 UO

L

200,00 euro

Toki berean 30 egun edo gehiago jarraian aparkatzea.

19.14 UO

A

80,00 euro

Aldi batez jarduera baimenduek okupatu beharreko eremuetan, eta konpondu, seinaleztatu edo garbitu behar diren tokietan aparkatzea. Kasu horietan debekua behar bezala eta nahikoa garaiz seinaleztaturik egonen da.

19.15 UO

A

80,00 euro

Ibilgailu bat gelditzea edo aparkatzea desgaitasuna dutenen aparkatzeko txartela behar ez bezala erabiliz.

53.2 UO

L

200,00 euro

Gordetako aparkalekuetan (2. gunea) aparkatzea, beharrezko bertako bereizgarririk gabe.

21 UO

A

80,00 euro

Bertako bereizgarri aldatuak, indargabetuak edo erabil ez daitezkeenak paratzea.

23 UO

A

80,00 euro

Ordutegi mugatuko aparkamendu gunean aparkatzea: ordutegiaren frogagiria ez paratzea.

21 UO

A

80,00 euro

Ordutegi mugatuko aparkamendu gunean aparkatzea: frogagiri aldatuak edo erabil ez daitezkeenak paratzea.

21 UO

A

80,00 euro

Ordutegi mugatuko aparkamendu gunean aparkatzea: frogagirian azaldutako denbora baino gehiago egotea.

21 UO

A

80,00 euro

Ibilgailua aparkatzea zoladuran seinaleztaturik aparkamendurako moldatutako lekuan, seinalatutako perimetroaren kanpoan.

18.3 UO

A

80,00 euro

Salgai arriskutsuak garraiatzen dituzten edo 7.500 kg-tik gorako pisua duten ibilgailuak aparkatzea udalerri osoan.

43 UO

L

200,00 euro

Zamalanak

Merkataritzako gaien zamalanak egitea horretarako jarritako tokietatik kanpo.

15 UO

A

80,00 euro

Zirkulatzea

Oinezkoak oinezkoendako eremuetatik kanpo ibiltzea.

11.1 UO

A

80,00 euro

Oinezkoak gurutzatzea galtzadak eta bidegorriak horretarako egokituta ez dauden lekuetatik.

11.1 UO

A

80,00 euro

Patin, patinete edo monopatinekin zirkulatzea horiek ibil daitezkeen tokietatik kanpo.

12.1 UO

A

80,00 euro

Patin, patinete edo monopatinekin gurutzatzea galtzadak horretarako egokituta ez dauden lekuetatik.

11.1- 12.4 UO

A

80,00 euro

Bizikletan zirkulatzea galtzadaren ezkerreko erreitik, ezkerrera biratzeko asmoa izan gabe eta eskuineko erreitik zirkulatzeko aukera izanda.

13.2 UO

A

80,00 euro

Salgai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuak zirkulatzea udalerrian zehar.

42.1 UO

L

200,00 euro

Hirigunean zirkulatzea 7.500 kg-tik gorako ibilgailuarekin.

42.2 UO

L

200,00 euro

Berako udal-mugarteko bideetatik animaliek tiratutako ibilgailuak zirkulatzea udal-baimenik gabe.

45 UO

A

80,00 euro

Baimenak

Aginduzko seinalea edo informazio-seinalea jartzea aldez aurreko udal-baimenik gabe.

13.2 UO

L

200,00 euro

Kultura- edo kirol-ekitaldiekin zerikusia duten jardueretarako bide publikoak okupatzea, aldez aurretik udalaren baimenik izan gabe.

31 UO

L

200,00 euro

Kultura- edo kirol-ekitaldiekin zerikusia duten jardueretarako bide publikoak okupatzeko baimenaren baldintzak ez betetzea.

31 UO

L

200,00 euro

Oinezkoen edo ibilgailuen zirkulazioa eragotz dezakeen edozein oztopo edo gauza bide publikoan paratzea, salbu eta bide publikoa aldi baterako okupatzeko baimena badu.

46 UO

L

200,00 euro

Bestelakoak

Erabiltzaileei semaforoak edo seinaleak behar bezala ikustea oztopatu edo haien arreta galaraz dezaketen panfleto, kartel, iragarki edo nolanahiko mezuak paratzea.

29.4 UO

A

80,00 euro

Klaxonak edo beste edozein hots seinale erabilita, zarata ateratzea hirigunean.

6.6 UO

A

80,00 euro

L2007388

Iragarkiaren kodea: L2007388