167. ALDIZKARIA - 2020ko uztailaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

143E/2020 EBAZPENA, ekainaren 26koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez partez onesten baita funtzionamendu baldintzak aldatzeko eskaera bat, instalazio honen ingurumen baimen integratuari dagokiona: Tuterako hondakinen tratamendu zentroa eta hondakin ez-arriskutsuen zabortegia hartzen dituen instalazioa. Erriberako Mankomunitatea da haren titularra.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak abenduaren 13ko 2549/2007 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren irailaren 23ko 73E/2015 Ebazpenaren bidez eguneratua.

2020ko otsailaren 25ean, titularrak eskatu du ingurumen baimen integratuan dauden baldintzak aldatzeko; zehazki, zenbait hondakin sartu nahi ditu instalazioan kudeatzen diren hondakinen zerrendan, zeina jasota baitago ingurumen baimen integratuaren III. eranskinean. Izan ere, eskaria dago hondakin horiek zentroan kudeatu daitezen.

Aurkezturiko dokumentazioari dagokionez, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak uste du ezin dela baimendu, egungo baldintzetan, jarraian aipatzen diren hondakinak kudeatzeko eskaera, ez baitu bat egiten instalazioak ingurumenaren aldetik eduki beharreko funtzionamendu egokiarekin. Hona hemen hondakinak eta emandako arrazoiak:

–Plastiko hondakinak (LER kodea: 020104): zabortegian onartzen ahalko lirateke soilik 19. taldeko hondakinak, baldin eta behar bezala justifikatzen bada ezin direla balorizatu.

–Gatz zikina, arrainen banaketatik heldu dena (020299): ez da justifikatu nola beteko den lixibiazioari dagokionez 1481/2001 Errege Dekretuan ezartzen den balioa.

–Ehun-zuntz prozesatuen hondakinak (040222): ez da behar bezala justifikatu ezin direla balorizatu.

–Gatz anhidroa (070212): ez da justifikatu nola beteko den lixibiazioari dagokionez 1481/2001 Errege Dekretuan ezartzen den balioa.

–Aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinak (160214, 200136): ez da aurkeztu inolako proiekturik instalazioa bilketarako egokitzeko, 110/2015 Errege Dekretuan ezartzen den bezala.

–Tratamendu instalazioetatik heldu den zur pintatua (191207): ez da behar bezala justifikatu ezin dela balorizatu eta horregatik utzi behar dela zabortegian.

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak, aurkezturiko eskaera aztertuta, ondorioztatu du onargarria dela honako hondakin hauen kasuan, bat egiten baitu instalazioak ingurumen aldetik eduki beharreko funtzionamendu egokiarekin eta teknika erabilgarri onenen aplikazioarekin:

–Arrautza azalak (020203): zabortegian botatzea.

–Plastiko-errefusak (190214): zabortegian botatzea, baldin eta behar bezala justifikatzen bada ezin direla balorizatu.

–Tratamendu instalazioetatik heldu den zura (1911207): transferentzia zentroa.

–Harea eta harriak, eraikuntza eta eraispeneko hondakinak tratatzeko instalaziotik heldu direnak (191209): zabortegian botatzea.

–Inausketa hondarrak (200201): digestatoa egonkortzea edo konpostatzea.

Kasu honetan, ikusi da gertatzen direla Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluko d) letran aurreikusitako inguruabarrak, eta, horrenbestez, bidezko da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, bat etorriz martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 28. artikuluan aurreikusitako administrazio prozedurarekin (aipatutako foru legea Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzkoa da), uste baita aldaketa espediente hau ez dela jendaurrean jarri behar.

Bat etorriz COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko alarma egoera deklaratu duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoarekin, titularrak onartu du ez etetea espediente hau ebazteko epea, eta halaxe adierazi du.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hogeita hamar egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Partez onestea funtzionamendu baldintzak aldatzeko egindako eskaera, instalazio honen ingurumen baimen integratuari dagokionez: Tuterako udal-mugartean dagoen hondakinen tratamendu zentroa eta hondakin ez-arriskutsuen zabortegia hartzen dituen instalazioa. Erriberako Mankomunitatea da haren titularra. Horren ondorioz, instalazioak eta jarduerak berak bete beharko dituzte instalazio horren ingurumen baimen integratuaren espediente administratiboetan ezarritako baldintzak, bai eta, horiez gainera, ebazpen honen eranskinean jasotako baldintzak eta neurriak ere.

Bigarrena.–Ebazpen honetan bildu diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea; hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotzen direnak (testu bategin hori abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, alarma egoeraren deklarazioa bukatu eta hurrengo egun baliodunetik hasita hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak alarma egoeraren deklarazioa bukatu eta hurrengo egun baliodunean hasiko dira kontatzen, edo jakinarazpenaren biharamunean, hura geroago egiten bada. Alarma egoera martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez deklaratu zen, COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko.

Bosgarrena.–Ebazpen hau igortzea Erriberako Mankomunitatera eta Tuterako Udalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko ekainaren 26an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuan, eta Nafarroako Gobernuaren webgunean, helbide honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/

Iragarkiaren kodea: F2006885