167. ALDIZKARIA - 2020ko uztailaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

322/2020 EBAZPENA, uztailaren 2koa, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak emana, “Cintruenigoko (Nafarroa) Hondakin Uren Araztegia (HUA) handitzea, ur araztuak findu eta kontrolatzeko” izeneko proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideak okupatu aurreko aktak egiteko egunak finkatzen dituena.

Toki Administrazioko zuzendari nagusiak apirilaren 10ean emandako 506/2019 Ebazpenaren bidez jendaurrean jarri ziren, hamabost egunez, aipatutako proiektua eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda, eta Cintruenigoko Udala deklaratu zen desjabetze espedientearen onuradun.

Jendaurreko aldia bukatutakoan, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak abenduaren 30ean emandako 913/2019 Ebazpenaren bidez, behin betiko onetsi zen aipatutako proiektua, baita ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda ere, eta ebatzi zen aurkeztutako alegazioen gainean, ebazpen horren azalpen zatian adierazitakoaren arabera.

Nafarroako Gobernuak, 2020ko martxoaren 4ko erabakiaren bidez (2020ko 54. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baitzen, martxoaren 16an), aipatu proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa deklaratu zuen, nahitaez desjabetzeko.

Horrenbestez, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan xedatuari jarraikiz, eta Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 263/2019 Foru Dekretuan aitortutako eskudantziekin bat etorriz,

EBAZTEN DUT:

1. “Cintruenigoko (Nafarroa) Hondakin Uren Araztegia (HUA) handitzea, ur araztuak findu eta kontrolatzeko” izeneko proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen titularrei, desjabetzearen onuradunari eta Cintruenigoko alkate-udalburuari dei egitea, 2020ko abuztuaren 12an Cintruenigoko udaletxean ager daitezen, ukitutako ondasunak eta eskubideak okupatu aurreko aktak egitera, eta bidezkoa bada, baita behin betiko okupaziokoak ere.

2. Ukitutakoek berek agertu beharko dute ekitaldi horretara, edo haien izenean aritzeko behar bezala baimenduta dauden ordezkariek, titulartasuna frogatzen duten agiriak eta kontribuzioaren azken ordainagiria aldean dituztela. Halaber, nahi izanez gero, peritua eta/edo notarioa eraman ditzakete, nork bere kontura.

3. Pedro Gracia Araiz jauna eta Mariola Idoate Saralegui andrea izendatzea jarduten duen administrazioaren ordezkari, okupazioaren aurreko, adostasuneko, okupazioko eta ordainketako aktak eta bidezkoak diren gainerako agiriak bietako edozeinek sina ditzan.

4. M.ª Carmen Uriz Lusarreta andrea eta Itziar Calvo Oteiza andrea izendatzea administrazio onuradunaren peritu, bietako edozein funtzio tekniko horretan aritzeko.

5. Ebazpen hau argitara ematea Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Foru Komunitatean editatzen diren egunkari hedatuenetako bietan eta Cintruenigoko Udalaren iragarki-taulan. Halaber, ohartarazten da argitalpen hau urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 44. artikuluan xedatzen diren ondorioetarako ere egiten dela.

6. Ebazpen hau ukitutako titularrei jakinaraztea, banakako zitazio zedularen bidez.

Iruñean, 2020ko uztailaren 2an.–Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusia, Jesús M. Rodríguez Gómez.

Iragarkiaren kodea: F2007186