167. ALDIZKARIA - 2020ko uztailaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1887E/2020 EBAZPENA, ekainaren 22koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez dirulaguntzen deialdi hau onesten baita: “Prestakuntza eta enplegu programa integratuak amaitzeko dirulaguntzak, COVID-19ak eragindako krisiarengatik erabat gauzatu ezin izan direnak.” DDBN identifikazioa: 510612.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen martxoaren 8ko 41E/2019 Ebazpenaren bidez, dirulaguntzen deialdi bat onetsi zen 2019., 2020. eta 2021. urteetan langabeei zuzendutako lantegi eskoletako programak eta prestakuntzako eta enpleguko programa integratuak gauzatzeko, Nafarroako Foru Komunitateko lurralderako bakarrik.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen urriaren 11ko 2600E/2019 Ebazpenaren bidez, lehentasunez langabeei zuzendutako Programa Integratuak izeneko prestakuntza eta enplegu programen deialdia onetsi zen, Nafarroako Foru Komunitateko lurralderako bakarrik.

Alarma egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren 9. artikuluak prestakuntza presentzialeko jarduera guztiak bertan behera uzten ditu, enplegurako lanbide prestakuntza ere barne. Araudi honekin bat, deialdi haien arabera emandako prestakuntza eta enplegurako programa integratuen prestakuntza presentziala bertan behera geratu zen.

Entitate onuradunek segitu zuten orientazioa eta tutoretza lanak egiten, telefonoaren bidez, posta elektronikoaren bidez edo bideokonferentzia aplikazioen bidez, eta abar, erabiltzaileen eta entitateen posibilitateetara egokituz.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen maiatzaren 12ko 239/2020 ebazpenaren bidez, lantegi-eskoletarako eta prestakuntza eta enpleguko programa integratuetarako jarraibide bereziak onetsi ziren, koronabirusa (COVID-19) dela-eta egun dugun egoeraren ondorioz. Jarraibide hauetan malgutu ziren prestakuntza gauzatzeko baldintzak, aukera emanez prestakuntza sistema alternatibo bat ezar zezaten modalitate presentzialaren ordez, ezagutza transmititzea eta ebaluatzea bermatzen zuen sistema baten bidez, ohiz kanpoko egoera honetan eten ez zedin, ahal zen neurrian, programa horietako prestakuntza jarduera.

Hala ere, baldintza hauetan, programen edukiak berrantolatu eta prestakuntza ekintzak emateko modua malgutu den arren, ez da bideragarria izanen programa batzuk aurreikusitako datetan betetzea. Hori hala balitz, prestakuntzaren helburua gaitasun-unitateak edo/eta profesionaltasun ziurtagiriak lortzea denean, parte-hartzaileek ezin izanen lukete lortu prestakuntza ziurtagiria. Halaber, dagokion lana egin ahal izateko gaitasuna ematen dieten lan-praktikak ezin izanen lirateke egin. Horregatik, beharrezkoa da deialdi hau onestea, parte-hartzaileek programak oso-osorik egin ahalko dituztela eta kasu bakoitzean aurreikusten den lan-praktika eta prestakuntza lortuko dituztela bermatzeko.

Nafarroako Gobernuak, 2020ko ekainaren 10eko bileran, dirulaguntza hauen banakako ebaluazioaren araubidea baimentzea erabaki zuen: prestakuntza eta enplegu programa integratuak amaitzeko dirulaguntzak, COVID-19ak eragindako krisiarengatik erabat gauzatu ezin izan direnak.

Horrenbestez, azaldutakoarekin bat eta azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuen 12. artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Dirulaguntzen deialdi hau onestea: Prestakuntza eta enplegu programa integratuak amaitzeko dirulaguntzak, COVID-19ak eragindako krisiarengatik erabat gauzatu ezin izan direnak.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. 438.000 euroko gastua baimentzea dirulaguntza hauek finantzatzeko: prestakuntza eta enplegu programa integratuak amaitzeko dirulaguntzak, COVID-19ak eragindako krisiarengatik erabat gauzatu ezin izan direnak. Gastuak 2020ko gastuen aurrekontuko “INC CDTO Lantegi-eskolen programak eta programa espezifikoak. Sektoreko konferentzia” izeneko 950002 96200 4819 242202 partidaren kargura eginen dira.

4. Ebazpena eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta bere laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2020ko ekainaren 22an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

ERANSKINA

1.–Xedea eta jarduketa eremua.

Dirulaguntzen deialdi honen helburua da dirulaguntza hauek emateko baldintzak eta betebeharrak arautzea: prestakuntza eta enplegu programa integratuak amaitzeko dirulaguntzak, COVID-19ak eragindako krisiarengatik erabat gauzatu ezin izan direnak.

Aplikazio eremua Nafarroako Foru Komunitatea da.

2.–Hartzaileak.

Hartzaileak Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen martxoaren 8ko 41E/2019 eta urriaren 11ko 2600E/2019 Ebazpenen arabera gauzatutako programen onuradunak zirenak izanen dira.

3.–Entitate onuradunak.

Entitate onuradunak Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen martxoaren 8ko 41E/2019 eta urriaren 11ko 2600E/2019 Ebazpenen arabera gauzatutako programen entitate onuradunak zirenak izanen dira.

4.–Programaren iraupena.

Entitate onuradunak proposatuko du programen luzapenak zenbat iraunen duen, programen zer zati geratu den gauzatu gabe kontuan hartuta.

Edonola delarik ere, programa bat ezin izanen da luzatu bi hilabete baino gehiago, eta ez da 2020ko urriaren 31 baino geroago amaituko.

5.–Prestakuntza eta enplegu programa integratuen edukia.

Entitate onuradunek programen garapenerako proposamen bat eginen dute, ikasleen aukerak, programaren zer zati gauzatu den eta zer geratzen den gauzatzeko kontuan hartuta. Halaber, justifikatu beharko dute orain proposatzen diren ekintzak zergatik ez ziren egin programak iraun behar zuen denboraren barruan.

Proposamen honekin, entitatea saiatuko da programa oso-osorik betetzen.

Ezin izanen da programan sartu hasierako proiektuan ez zen prestakuntzarik.

6.–Onuradunak sartzea eta ordeztea.

Programan honetan ezin izanen da inor gehiago sartu.

Hala ere, entitate onuradunak proiektuan sartzen ahalko ditu hasiera batean proiektuan altan emandako pertsonak, nahiz lehen aldiz ixtean bajan egon.

Edonola delarik ere, orain amaitu nahi den proiektuan ez da gaindituko hasierako proiektuak zeukan gehieneko onuradun kopurua.

7.–Bekak.

Parte-hartzaileek ez dute bekarik jasoko deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuetan parte hartzeagatik.

8.–Eskaerak egiteko modua eta aurkezteko epea.

8.1. Eskaerak elektronikoki tramitatuko dira Nafarroako Atarian (www.nafarroa.eus), “Tramiteak” atalean dagoen deialdiaren fitxan, “Tramitatu” aukeratuz.

8.2. Eskaerak deialdi hau argitaratzen denetik aurkeztuko dira. Ez da beharrezkoa izanen Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen martxoaren 8ko 41E/2019 eta urriaren 11ko 2600E/2019 Ebazpenen arabera gauzatutako proiektua amaitua izatea. Erakundeak eskaeran adieraziko du dirulaguntzaren xede den proiektua hasteko eta amaitzeko aurreikusitako data.

8.3. Eskaera aurkeztearekin batera baimena ematen zaio Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari eskaera ebazteko behar den informazioa kontsultatzeko eta administrazio publikoek egiten edo gordetzen duten dokumentazioa eskuratzeko. Horren aurka berariaz egonez gero, dagokion dokumentazio aurkeztu beharko da.

9.–Aurkeztu beharreko agiriak.

9.1. Eskaera eta proiektuaren memoria eredu normalizatuan aurkeztu beharko dira, eta agiri hauek erantsiko zaizkie:

a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 13.2. eta 3. apartatuetan aipatutako egoera bakar batean ere ez dagoela dioen adierazpena, horrek onuradun izatea galaraziko bailuke.

b) Datuen babesari buruzko agiria.

c) Bestelako laguntza batzuei buruzko aitorpena.

d) Beste edozein dokumentu edo informazio, ustez beharrezkoa bada espedientea geroago ebazteko.

Administrazioari lehendik aurkeztutako agiriak ez dira berriz aurkeztu beharko. Kasu horretan, eskatzailea Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Foru Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoaz baliatzen ahalko da, betiere adierazten badu noiz eta zein organo administratibotan aurkeztu zituen agiri horiek.

9.2. Entitate eskatzaileek eskaera bat aurkeztu beharko dute garatu nahi duten programa bakoitzeko.

9.3. Dirulaguntzarako eskaera aurkeztuta, horrek deialdi honetan aipatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, interesdunei 10 eguneko epea emanen zaie, idatzia jaso eta biharamunetik hasita, behar diren informazioa edo agiriak aurkez ditzaten, eta adieraziko zaie, halaber, hala egin ezean eskaerari uko egin diotela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluarekin bat.

10.–Instrukzioa eta tramitazioa.

10.1. Prozeduraren instrukzioa eta tramitazioa Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuari dagozkio.

10.2. Instrukzio organoak, behar diren egiaztapenak egin ondoren eta aurrekontuan dagoen diru erabilgarriaren arabera, txostena prestatu eta dagokion ebazpen proposamena eginen du, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari igortzeko.

10.3. Eskaeren instrukzioa aurkezten diren hurrenkera berari jarraikiz eginen da.

11.–Ebazpena eta dirulaguntza ordaintzea.

11.1. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak, instrukzio organoak egindako proposamena jasorik, ebatziko du dirulaguntza eman edo ukatzen den.

Ebazpena gehienez ere hilabetean eman eta jakinaraziko da, eskaera aurkezten denetik hasita.

Epe hori ebazpen espresik jakinarazi gabe bukatzen bada, aurkeztutako eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, deusetan galarazi gabe organo eskudunak ebazpena emateko duen betebeharra.

11.2. Ebazpena entitate eskatzaileari jakinaraziko zaio, dirulaguntza eman edo ukatzearen arrazoiak adierazita.

11.3. Eskaeraren gaineko ustezko edo berariazko ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean. Ebazpena berariazkoa ez bada, noiznahi aurkezten ahalko da errekurtsoa, ebazteko gehieneko epea bukatu eta biharamunetik hasita.

11.4. Instrukzio organoak egiaztatu ondoren eskaeraren xedeko jarduketa egin dela eta enplegatzailea egunean dagoela bere zerga arloko eta Gizarte Segurantzaren arloko betebeharretan, dirulaguntza ordainduko da.

12.–Dirulaguntzak emateko prozedura.

Deialdi honetan ezarritako dirulaguntzak emateko, banakako ebaluazioaren araubidea erabiliko da. Prozedura hori Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen aurreikuspenekin eta oinarri arautzaile hauetan ezarritakoarekin bat etorriko da.

13.–Dirulaguntzen zenbatekoa.

13.1. Programa bakoitzeko eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa honako hauen batuketa eginda aterako da:

a) Orientatzeko eta laguntzeko dirulaguntza.

b) Prestakuntzarako dirulaguntza.

13.2. Orientatzeko eta laguntzeko dirulaguntza:

5.621,92 euroko dirulaguntza emanen da programak irauten duen hilabete bakoitzeko; edo, bestela, zati proportzionala.

13.3. Prestakuntzarako dirulaguntza:

Eman beharreko zenbatekoa prestakuntza sartuta dagoen lanbide arloaren araberakoa izanen da, eta, kalkulua egiteko, hurrengo taulako modulu egokia pentsatutako ordu kopuruaz eta parte-hartzaile kopuruaz biderkatu beharko da.

LANBIDE-ARLOA EUROAK ORDUKO ADMINISTRAZIOA ETA KUDEAKETA 7,62 GORPUTZ ETA KIROL JARDUERAK

8,23

NEKAZARITZA

8,00

ARTE GRAFIKOAK

7,83

MERKATARITZA ETA MARKETINA

7,69

ELEKTRIZITATEA ETA ELEKTRONIKA

9,32

FABRIKAZIO MEKANIKOA

8,22

OSTALARITZA ETA TURISMOA

7,72

INFORMATIKA ETA TELEKOMUNIKAZIOAK

8,05

INSTALAZIOA ETA MANTENTZE-LANAK

9,18

IRUDI PERTSONALA

8,08

IRUDIA ETA SOINUA

7,95

ELIKAGAIEN INDUSTRIAK

7,94

ZURGINTZA, ALTZARIGINTZA ETA KORTXOA

8,28

KIMIKA

8,72

OSASUNGINTZA

7,72

SEGURTASUNA ETA INGURUMENA

7,94

ZERB. SOZIOKULT. ETA KOMUNITATEARI EGINDAKOAK

7,38

GARRAIOA ETA IBILGAILUEN MANT. LANAK

8,05

Aurreko koadroan jasotzen ez diren lanbide arloetako gaitasun teknikoen prestakuntzaren kasuan, baita gainerako prestakuntzaren kasuan ere, modulua 8 eurokoa izanen da, parte-hartzaile bakoitzeko eta prestakuntzako ordu bakoitzeko”.

14.–Dirulaguntzaren ordainketa eta justifikazioa.

Hamar eguneko gehieneko epean, proiektua amaitu eta biharamunetik, eta 2020ko azaroaren 5a baino lehen, entitate onuradunak justifikatzeko agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

14.1. Dirulaguntza ematean ezarritako baldintzak bete direla justifikatzeko jarduketa memoria, adierazita zer jarduera egin diren, zer emaitza lortu, eta zehaztuta zer lan egin den prestakuntzan, orientazioan, ekintzailetzan eta laneratzen laguntzen, bai eta ikasleen bana-banako orientazio eta jarraipen ibilbideak ere.

14.2. Memoria ekonomiko bat, honako hauek gutxienez frogatuko dituena:

a) Onuradunak modulutzat hartzen diren unitate fisikoen kopuruaz egindako adierazpena (amaitzen duten parte-hartzaileak eta prestakuntza orduak).

b) Dirulaguntzaren zenbatekoa, jarduketa memoriako jarduera-datuetan eta oinarri arautzaileen moduluetan oinarriturik kalkulatua.

c) Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten bestelako dirulaguntzen edo diru-sarreren xehetasuna, bakoitzaren zenbatekoa eta jatorria adierazita.

Justifikazioa ezarritako epean edo zuzenketak egiteko ematen den epean aurkeztu ezean, galduko da justifikatzen ez diren gastuak eta ordainketak kobratzeko eskubidea.

14.3. Prestakuntzari dagokion dirulaguntza zehazteko, prestakuntza amaitu duten ikasleak kontuan hartuko dira, eta amaitu dutela joko da gutxienez prestakuntza ekintza osoaren ehuneko 75ean parte hartu badute. Prestakuntza ekintza proiektuan zehar emandako prestakuntza ordu guztien batura dela ulertuko da. Gainera, pertsona batzuek prestakuntza ekintza utzi behar izan badute lana aurkitu dutelako, beka bat jaso dutelako, edo lanekoak ez diren praktikak egiteko, eta prestakuntza ekintzaren ehuneko 25 egin badute, gutxienez, prestakuntza ekintza amaitu dutela joko da. Horretarako, ezin dira 5 egun natural baino gehiago pasa langabeak prestakuntza ekintza uzten duen egunetik kontratua, beka edo lanetik kanpoko praktika hasten duen egunera arte.

15.–Bateragarritasuna.

Deialdi honen babesean jasotzen diren dirulaguntzak bateragarriak dira Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek zein atzerrikoek, diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin.

Aurrekoa gorabehera, dirulaguntzen zenbatekoa inoiz ere ezinen da izan, bere soilean edo beste batzuekin batera, proiektua egiteak sortutako kostuen ehuneko ehun baino handiagoa.

16.–Onuradunek bete beharrekoak.

16.1. Onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak bete beharko dituzte.

Bereziki, hauek:

a) Programa hasten den egunean, proiektuaren xede den jarduera hasi delako jakinarazpena igortzea NL-NEZari. Ezarritako epean ez jakinarazteak penalizazio bat ekarriko du berekin, emandako zenbatekoa murriztea, hasiera jakinarazi behar zen egunetik jakinarazi gabe iragan diren egunen zati proportzionalaren baliokidea.

b) Dirulaguntzaren xedeko jarduera deialdian ezarritako moduan eta epean egitea.

c) Diruz lagundutako langileen lan-kontratuen aurkeztea.

d) Proiektua hastean, proiektuan zehar egin beharreko jarduera osoaren plangintza eta egutegi zehatza aurkeztea.

e) Lehenbailehen jakinaraztea NL-NEZari zer alta eta baja izan diren parte hartzaileen artean.

f) NL-NEZak edo beste kontrol erakunde batzuek egin beharreko egiaztapen, jarraipen eta kontrol lanak onartzea.

g) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari ezagutzera ematea beste administrazio edo entitate publiko edo pribatu batzuek, nazionalek nahiz nazioartekoek, xede bererako emandako bestelako dirulaguntzarik, laguntzarik, diru-sarrerarik edo baliabiderik jaso den, bai eta dirulaguntzak emateko kontuan hartutako xedeak edo baldintzak aldatu diren ere.

h) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordeko dira, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede izan daitezkeen bitartean.

i) Diruz lagundutako jarduerak izaera publikoa duela agerraraztea. Diruz laguntzen diren programen hedapen eta garapenarekin zerikusia duten jarduketa guztietan, gutxienez, Nafarroako Gobernuaren ikurra sartu beharko da, eta NL-NEZarekiko lankidetza aipatu. Horiek guztiak lehentasunezko tokian jarriko dira, eta ez dira inola ere entitate onuradunaren ikurra baino txikiagoak izanen. Betiere proportzioak eta jatorrizko gama kromatikoa errespetatuko dira.

Entitateak deialdi hau jakinarazi eta zabaltzeko erabiltzen dituen dokumentazio, publizitate, irudi edo material guztietan, hizkuntzaren erabilera ez-sexista egin beharko da, emakumeak diskriminatzen dituen edozein eredu edo estereotipo sexista baztertu, eta berdintasun balioetan, presentzia orekatuan eta rolen eta genero identitateen aniztasunean oinarritutako irudia sustatu.

j) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea laguntzen jarraipena egiteko behar duen informazio guztia.

k) Jarduketak SISPE/Silcoi web/Orientasare/IRISen grabatzea.

l) Parte hartzaile bakoitzari egin duen aprobetxamendua egiaztatzen duen diploma bat ematea, deialdi honetan adierazi bezala. Programan parte hartu ondoren, onuradunek erakunde onuradunak emandako ziurtagiri bat jasoko dute. Ziurtagiri horretan adieraziko da zenbat ordu iraun duen parte hartzeak, eta lortutako prestakuntza teorikoaren eta praktikoaren ebaluazioa eta egindako prestakuntza moduluak jasoko dira.

m) Istripu aseguruko poliza bat izenpetzea, proiektuak hasi baino lehen. Poliza hori gauzapen aldiari, egin asmo diren jarduketei eta eguneroko ordutegiari egokituko zaizkie. In itinere istripu gastuak eta ikasleek enpresetara eta beste establezimendu batzuetara egiten dituzten bisiten ondoriozko arriskuak estali beharko ditu, eta jarduketen garapenari euskarri eman beharko diote.

Polizak hirugarrenen aurreko erantzukizun zibila ere estali beharko du, programa gauzatu bitartean parte-hartzaileek eragindako kalteak estaltzeko eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua horren gaineko erantzukizun orotik salbuesteko. Aseguru poliza kolektibo bat sinatzen ahalko da, adierazitako baldintzekin, parte-hartzaile guztiak estaltzeko.

Parte-hartzaileek ezin izanen dute proiektua hasi istripu aseguruko poliza sinatu ez bada. Polizak, gutxienez, honako estaldura hauek izanen ditu:

–Heriotza, istripuagatik.

–Baliaezintasun iraunkorra (partziala, osoa edo absolutua) eta baliaezintasun handia istripuagatik. Baremoaren araberakoa izanen da.

–Osasun laguntza mugagabea istripuagatik.

16.2. Gardentasun betebeharrak.

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluan aipatutako entitate pribatuak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira eta, gutxienez, 5.000 euro.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan dagoena izanen da.

d) Gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio.

Entitateak ez badu gardentasun betebeharrik, aurreikusitako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira. Horretarako, entitateak identifikatu beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen, eta noiz.

Betebehar hori bete ezean, emandako dirulaguntza ez da ordainduko, ezta aurrerakinak ere, eta kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Aurrekoa galarazi gabe, errekerimendua eginez gero, entitate onuradun guztiak behartuak daude unitate kudeatzaileari behar den informazio guztia ematera hamar eguneko epean, frogatzeko betetzen dituztela Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak.

Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, hertsapen isunak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.

16.3. Proiektuaren hasierako kontzesioan zeuden zuzendaritzako kideen, irakasleen, eta orientazio eta laguntza langileen ratioei eustea.

17.–Azpikontratazioa.

Erakunde onuradunek diruz lagundutako jardueraren %60ra arte azpikontrata dezakete hirugarrenekin, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan xedatuaren arabera.

Langileen kontratazioa ez da azpikontrataziotzat hartuko, kontratazio zuzena edo autonomoena bada. Prestakuntzaren kasuan, irakasleen kontratazioa ere ez da azpikontrataziotzat hartuko.

Ezinen dira azpikontratatu zuzendaritzako lanak eta laguntza administratibokoak.

18.–Onetsiriko proiektuen aldaketak.

18.1. Proiektuak edo dirulaguntzak emateko kontuan hartutako baldintzak aldatuz gero, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinarazi beharko zaizkio aldaketak aldez aurretik, baimen ditzan.

18.2. Aldaketa egiteko eskaeretan behar bezain ongi azaldu beharko da aldaketarako arrazoia, edo zer arazo sortu den proiektua hasieran pentsatu bezala ez egiteko. Aldaketa horiek, alabaina, ezin izanen dute aldatu hasierako balorazioan emandako puntuazioa. Horrelako eskaerak proposatu nahi den aldaketa hasi baino gutxienez 5 egun natural lehenago aurkeztu beharko dira.

18.3. Funtsezkotzat joten diren aldaketen kasuan, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak ebazpen bat emanen du onartutako dirulaguntzaren zenbatekoa gutxitu edo bertan behera uzteko, sartutako aldaketen garrantziaren arabera.

19.–Jarraipena eta ebaluazioa.

19.1. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak proiektuen jarraipen eta ebaluaziorako behar den guztia eginen du. Entitate onuradunek beharrezkoak diren datu, agiri eta informazio guztiak emanen dituzte egindako jarduketa ebaluatzeko, justifikatzeko, kontrolatzeko eta haren jarraipena egiteko. Zehazki, Gizarte Segurantzan kontsulta eginda, proiektuetan parte hartu dutenak laneratu direla egiaztatuko da.

19.2. Nafarroako Enplegu Zerbitzuak laguntzaren xedeko jarduketak ikuskatzen ahalko ditu, dirulaguntzak ematean aintzat hartutako eta ezarritako baldintza eta zehaztapenetara egokitzen ote diren egiaztatzeko. Horretarako, beharrezkoak diren bisitak eginen ditu, baita dirulaguntza jaso duten jarduerak egiten diren tokietara ere beharrezkoa bada, horien betetze maila ebaluatze aldera.

19.3. Programa profesionaltasun ziurtagiriak lortzera bideratuta badago, entitate onuraduna Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Kalitatearen Jarraipenerako Planari lotuko zaio. Izan ere, planaren xedea da prestakuntza ekintzen garapenean kalitate maila onargarriak ziurtatzea, aurreikusitako lanbide gaitasunak eskuratzen direla bermatzeko.

20.–Dirulaguntzen publizitatea.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Nafar Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Nafarroako Atarian (www.nafarroa.eus), eta bertan adieraziko dira deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, onuraduna, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren xedea. Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak ere argitaratuko ditu datu horiek bere web-orrian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat.

21.–Datuen babesa.

Deialdi honek ezartzen duena betetzeko beharrezkoak diren datu pertsonalen tratamendua honako arau hauen arabera eginen da: 2016/679 Erregelamendua (EB), apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena; 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalen Bermeari buruzkoa; eta garapenerako gainerako arauak, hari aurka egiten ez dioten heinean.

Entitate onuradunen ardura izanen da programetan parte hartzen duten pertsonei aipatu Erregelamenduaren (EB) 13. artikuluan adierazitako informazioa ematea.

Halaber, organo kudeatzaileak programetako parte-hartzaileen lan bizitzak kontsulta ditzan, entitate onuradunek dagozkien baimenak eskatu behar dizkiete horiei.

22.–Betebeharrak ez betetzea eta dirulaguntzak itzultzea.

22.1. Hartutako zenbatekoa itzuli egin beharko da, osorik edo partez, baldin programa gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

22.2. Ezarritako epean justifikatu ezik, onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da eta aurreratutako zenbatekoak itzuli beharko dira, berandutze-interesak barne.

22.3. Dirulaguntza erabiltzen bada eman zen helburuetarako ez beste batzuetarako, eta aldaketa hori Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinarazten ez bazaio, dirulaguntza osoa itzuli beharko da, berandutze-interesak barne, ezar daitekeen zehapena galarazi gabe.

Entitate onuradunak dirulaguntza emateko aintzat hartutako baldintzen edo proiektuen aldaketa jakinarazi eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak onartu badu, dirua itzultzea beharrezkoa bada, ez da berandutze-interesik eskatuko.

22.4. Entitate onuradunak ia baldintza guztiak betetzen dituenean eta konpromisoak betetzeko jarrera garbia duela egiaztatzen duenean, itzuli beharreko zenbatekoa proportzionaltasun irizpideari jarraikiz zehaztuko da, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak zenbateraino eta noraino bete ez diren ikusita. Deialdi honen ondorioetarako, “esanguratsutzat” joko da onetsitako proiektuaren %75 betetzea.

22.5. Entitate onuradunak organo kudeatzaileari eskatzen ahalko dio dirulaguntzaren zati bat bere borondatez itzultzeko. Entitateak bere borondatez itzultzen badu dirua eta, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, bidezkoa bada beranduntze-interesak aplikatzea, horiek kalkulatuko dira dirua itzultzen duen arte.

23.–Zehapen araubidea.

Arau-hauste eta zehapenen araubideari dagokionez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedaturikoa aplikatuko da.

Iragarkiaren kodea: F2006625