167. ALDIZKARIA - 2020ko uztailaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

152E/2020 EBAZPENA, ekainaren 30ekoa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez aldatzen baita honako instalazio honen ingurumen baimen integratua: landare olioen eta animalia koipeen hondakinak kudeatzeko instalazioa. Instalazioa Los Arcosko udal mugartean dago, eta Gestion de Recursos y Soluciones Empresariales SL da haren titularra.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abenduaren 17ko 2354/2008 Ebazpenaren bidez emana, gero eguneratua Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren ekainaren 19ko 174E/2017 Ebazpenaren bidez eta aldatua Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariaren abenduaren 3ko 341E/2019 Ebazpenaren bidez.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 104.c artikuluan eta ingurumen baimen integratuan berean ezarritakoarekin bat, titularrak 2020ko urtarrilaren 8an jakinarazi zuen instalazioa behin betiko uzten zuela, partez; zehazki, biodiesela fabrikatzeko lerroari uko egin zion.

Titularrak 2020ko martxoaren 23an aurkeztu zuen dokumentazio teknikoa, eta hartan azaldu zuenez, biodiesela fabrikatzeko lerroa osatzen duten lau unitateak ez daude gainerako ekoizpen prozesuekin batera. Horrek esan nahi du posible dela landare olioen eta koipeen hondakinak kudeatzeko jarduerarekin segitzea, biodieselaren fabrikazioa eteteak ez baitio eragiten.

Halaber, dokumentazio tekniko horretan deskribatzen da zer baldintzatan eginen den gelditze teknikoa eta nola zigilatuko diren biodiesela ekoizteko dauden lau unitateak, ziurtzat jo ahal izateko ezin dela biodieselik fabrikatu.

Biodieselaren fabrikaziorako lerroa behin betiko etetearen ondorioz, aldaketa garrantzitsuak gertatzen dira instalazioaren funtzionamenduan, eta horiek oraingo ingurumen baimen integratuan agertu behar dute; hortaz, baimena aldatu behar da.

Espedientea tramitatu da bat etorriz martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurarekin (foru lege hori Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzkoa da). Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

COVID-19aren ondoriozko osasun krisia kudeatzeko xedez alarma egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriarekin bat, espediente hau instruitu eta tramitatu da epeen etendura aplikatu gabe, fase guztietan, interesdunari kalte larriak saihesteko, interesdunak berak berariazko adostasuna eman baitzuen 2020ko maiatzaren 18an.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamar egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Aldatzea honako instalazio honen ingurumen baimen integratua: landare olioen eta animalia koipeen hondakinak kudeatzeko instalazioa. Instalazioa Los Arcosko udal mugartean dago, eta Gestion de Recursos y Soluciones Empresariales SL da haren titularra. Aldaketaren xedea da baldintzak ezartzea biodiesela fabrikatzeko lerroa behin betiko ixteko. Hortaz, bete beharko dira administrazio espedientean jasotako dokumentazio teknikoan ezarritako baldintzak, bai eta ebazpen honen eranskinetan jasotako baldintzak eta neurriak ere.

Bigarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina-neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsia), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Bosgarrena.–Ebazpen hau igortzea Gestion de Recursos y Soluciones Empresariales SLra eta Los Arcosko Udalera, behar diren ondorioak sor ditzan.

Iruñean, 2020ko ekainaren 30ean.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuan, eta Nafarroako Gobernuaren webgunean, helbide honetan:http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/

Iragarkiaren kodea: F2006993