167. ALDIZKARIA - 2020ko uztailaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

148E/2020 EBAZPENA, ekainaren 26koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez baimentzen baita aldaketa nabarmena egitea ibilgailuetarako motelgailuak fabrikatzen dituen instalazio batean. Instalazioa Los Arcosko udal mugartean dago, eta haren titularra KYB Advanced Manufacturing Spain SAU da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren otsailaren 1eko 173/2011 Ebazpenaren bidez emana.

2020ko martxoaren 4an, titularrak instalazioa aldatzeko proiektuaren berri eman zuen, atzealdeko estalpea ixteko proiektua gauzatu nahi baitzuen. Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak 2020ko martxoaren 24an emandako irizpenaren arabera, aldaketa hori “ez funtsezkoa” da, kontuan harturik Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzen duen Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako irizpideak (erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen). Horregatik, ez da beharrezkoa ingurumen baimen integratu berria ematea. Baina aldaketa “nabarmena” ere badela zioen irizpenak, aldaketa handiak ekartzen baititu instalazioaren funtzionamendu baldintzetan. Hortaz, aldaketak jaso behar dira egun duen ingurumen baimen integratuan, eta hori aldatu.

2020ko apirilaren 23an, titularrak ingurumen baimen integratua aldatzeko eskatu zuen, dagokion proiektua gauzatu ahal izateko.

Aldaketaren xedea da plantaren iparraldeko fatxadan dagoen estalpea ixtea, biltegi gisa erabiltzeko, askotariko materialak gordetzeko. Estalpeak iparraldeko fatxada okupatzen du gaur egun, 12 metro zabal da, eta 111 metro luze. Barnealdean, 8 metroko garaiera du, eta haren teilatua da nabe industrialaren teilatuaren jarraipena. 1.520 m²-ko azalera itxiko da.

Espedientea tramitatu da Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamar egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Baimena ematea aldaketa nabarmena egiteko ibilgailuetarako motelgailuak fabrikatzen dituen instalazio batean. Instalazioa Los Arcosko udal mugartean dago, eta KYB Advanced Manufacturing Spain SAU da haren titularra. Aldaketaren xedea da atzealdeko estalpea ixteko proiektua gauzatzea. Instalazioak eta jarduerak berak bete beharko dituzte ingurumen baimen integratuaren kasuan kasuko espediente administratiboetako baldintzak, eta, horiez gainera, ebazpen honen eranskinean agertzen diren baldintzak.

Bigarrena.–Aldaketa funtzionamenduan hasi baino lehen, titularrak abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, bat etorriz Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 16. artikuluan xedatutakoarekin.

Hirugarrena.–Titularrak proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik hasiko dira aplikatzen ebazpen honetan ezarritako baldintzak, eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik. Bien bitartean, indarrean dagoen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Laugarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina-neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsia), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Seigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau igortzea KYB Advanced Manufacturing Spain SAUra, Los Arcosko Udalera eta Barne Zuzendaritza Nagusiko Babes Zibilerako Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko ekainaren 26an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuan, eta Nafarroako Gobernuaren webgunean, helbide honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/

Iragarkiaren kodea: F2006882