141. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

475E/2020 EBAZPENA, ekainaren 9koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, ingurumen txosten estrategikoa egiten duena Urdazubiko Hirigintzako Udal Plana 4. poligonoko 5. eta 199. lurzatietan aldatzeari buruz.

Aldaketa txikia da honako hau, Ingurumen Ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen 5. artikuluaren arabera; hortaz, haren 6.2.b artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura bete behar du. 2019ko abuztuaren 9an, Urdazubiko Udalak eskatu zuen hasiera ematea ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuari.

Aldaketa 2019ko maiatzaren 17an hasiera batez onetsi ondoren, jendaurrean egoteko epea ireki zen, iragarki bat argitaratuz 2019ko 121. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 24koan.

Aldaketaren helburua da behar diren hirigintza-determinazioak ezartzea egoitzarako egokitzeko “Konbentu Zaharra” deitzen den eraikina, Urdazubiko lehengo monasterioaren parte zena eta orain erabilerarik ez duena.

Aldaketaren eremuak 4.085,61 m²-ko azalera du, eta lurzati hauetan banatzen da: hiri-lurzoruko 5A azpilurzatia eta lurzoru urbanizaezineko 5B azpilurzatia eta 199. lurzatia (zati batean). Hirigunetik hegoaldera dago, Ugarana errekako eskuineko ertzearen eta aparkaleku publikoaren artean. Topografia laua da ia guztiz belardietarako diren lur horietan.

Ingurumen-azterketa estrategikoan dagoen ingurumen azterketak erakusten du jarduketa eremuan ez dagoela ingurumen arloko baliorik duen elementu aipagarririk. Hala ere, Ugarana erreka du mugakide, sartuta dagoena “Orabideko erreka eta Arxuriko zohikaztegia” izeneko kontserbazio bereziko eremuan (KBE), zeina 199. lurzatian barna zabaltzen baita. Lurzatiaren eta errekaren arteko muga perimetroko horma batek zehazten du; hartara, erreka ertzeko landareak, Natura 2000 Sareko funtsezko elementuak direnak, errekatik hurbilen dauden tokietara mugatzen dira. Bestalde, eremuaren antolamenduan, berdeguneak errekaren inguruan daude kokatuta; hortaz, ez da ukipen aipagarririk sortzen KBEko funtsezko elementuetan. Hala ere, KBEko eremuak barnean hartzen ditu jabari publiko hidraulikoko 5 metroak, eta hartan aplikagarriak dira ekainaren 11ko 48/2014 Foru Dekretuaren araudia eta jarraibideak (foru dekretu horren bidez, kontserbazio bereziko eremu deklaratu zen Orabideko erreka eta Arxuriko zohikaztegia).

Urak har ditzakeen eremuei dagokienez, informazioa ematen da uholde arrisku nabarmena duten zonaldeei buruz; hala, eremua bitan banatzen da: arrisku gutxiko zonaldeak (lehengo komentua) eta arrisku ertain eta handiko zonaldeak (aparkalekuak, bideak eta berdegunea). Informazio hori oinarri hartuta, aldatuko den landa lurrean, berdeguneak, bideak eta aparkalekuak paratuko dira, eta erabilera horiek bateragarriak dira arrisku horiekin eta ohiko ubidearen eremuarekin. Arriskuak prebenitzeko neurriak araudira erantsi dira, batetik determinazio batek ezarri duelako 96,75 metroko kotatik gora kokatu behar dela etxebizitzetako beheko solairua, Kantaurialdeko Konfederazio Hidrografikoaren txostenak jaso bezala, eta bestetik, berdeguneak antolatu direlako ohiko ubidearen eremuan.

Ingurumen-azterketa estrategikoak, 9. kapituluan, zenbait neurri dakartza, prebentzio, zuzenketa eta konpentsaziokoak, aplikatu beharrekoak aldaketaren proposamenak garatzean. Horietatik, besteak beste nabarmentzen dira KBEari ukipena egitea saihestuko duten neurriak, material bigun drainatzaileekin diseinatzea aparkalekuen eremua eta zuhaitzak landatzea aparkalekuen eremuan, zonalde biogeografikoko zuhaitzekin eta zuhaixkekin tratatzea berdegunea (espezie exotikorik gabe) eta gaueko ingurumenaren babesari buruzko araudia betetzea.

Aldaketaren ezaugarriak ikusirik eta jarduketaren eremua azterturik, ondorioztatu da aldaketak ez duela ondorio nabarmenik izanen ingurumenean. Biodibertsitatearen Zerbitzuak adierazi du bete dela ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura, eta aldeko txostena eman du.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua.

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen txosten estrategikoa egiten da Urdazubiko Hirigintzako Udal Plana 4. poligonoko 5. eta 199. lurzatietan aldatzeari buruz, ez baitu ingurumen ukipen nabarmenik sortzen. Sutatzailea Justo Arrechea Bidaur da. Hirigintzako Planaren aldaketak prebentziozko neurriak eta neurri zuzentzaileak aplikatuko ditu, ingurumen-azterketa estrategikoaren 9. kapituluan aurreikusita daudenak, baita Ingurumen Zaintzarako eta Segimendurako Plana ere.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. COVID-19aren ondoriozko osasun krisia kudeatzeko xedez alarma egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriarekin bat, espediente hau tramitatu da epeen etendura aplikatu gabe, fase guztietan, interesdunaren adostasunarekin.

4. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Urdazubiko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko ekainaren 9an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2005886