141. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

209/2020 EBAZPENA, ekainaren 16koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez jarraibideak ematen baitira 2020-2021 ikasturteko eskola egutegia prestatzeko, Zubiarte euskaltegi publikoan helduei euskara irakasteko ikasketa ez-arautuei dagokienez.

Hezkuntza eta Kulturako kontseilareiaren uztailaren 5eko 365/2002 Foru Aginduak arautzen du Zubiarte euskaltegia, helduei euskara irakasteko ikastegia. Foru agindu horren bidez onetsi zen antolamendu eta funtzionamendurako Erregelamendua Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren mendeko “Zubiarte euskaltegia” helduak euskalduntzeko ikastegi publikorako.

Ikusirik Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuko Euskara Atalak aldeko txostena eman duela jarraibideak onets daitezen 2020-2021 ikasturteko eskola egutegia prestatzeko, Zubiarte euskaltegi publikoan helduei euskara irakasteko ikasketa ez-arautuei dagokienez.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Jarraibideak onestea 2020-2021 ikasturteko eskola egutegia prestatzeko, Zubiarte euskaltegi publikoan helduei euskara irakasteko ikasketa ez-arautuei dagokienez. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

2. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

3. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau eta eranskina igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzura, Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Langileriaren Araubide Juridikoaren Zerbitzura, Euskara Atalera, Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegora eta Zubiarte euskaltegi publikora.

Iruñean, 2020ko ekainaren 16an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

ERANSKINA

2020-2021 ikasturteko eskola egutegia egiteko arauak, Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuaren mendeko Zubiarte euskaltegi publikoan helduei euskara irakasteko ikasketa ez-arautuetarako

1.–Egutegia.

Baldintza hauei lotuko zaie 2020-2021 ikasturteko eskola egutegia, Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuaren mendeko Zubiarte Euskaltegian helduei euskara irakasteko ikasketa ez-arautuei dagokiena:

1.1. Ikasturtea 2020ko irailaren 1ean hasiko da, eta 2021eko ekainaren 30ean bukatuko.

1.2. Egutegian 160 eskola egun izanen dira gutxienez, eta bi lauhileko izanen dira. Eskolak goizeko, arratsaldeko eta gaueko saioetan emanen dira.

1.3. Saioak, oro har, 2020ko irailaren 14a eta 16a bitartean hasiko dira, eta ez dira bukatuko 2021eko ekainaren 4a baino lehen. Kanpoko taldeen saioak urriaren 1ean hasiko dira, eta maiatzaren 28an bukatu. Barnetegi bat izanen da 2021eko maiatzaren 28tik 30era.

Ekainaren 7tik 11ra bitarteko astean eginen dira ekaineko ziurtapen probak. Gehienez ere hiru egun iraunen dute, eta eskola egun gisa hartuko dira.

2020-2021 ikasturteko matrikula 2020ko ekainaren 1etik 19ra bitartean eginen da, eta matrikulatik ateratako taldeen osaera Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari jakinaraziko zaio ikasturtea bukatu baino lehen. Halaber, irailean beste epe bat egonen da matrikula egiteko, Hezkuntza Departamentuak baimendutako taldeak osatzeko, 2020ko irailean saioak hasi baino lehenago. Eta 2021eko urtarrilean beste matrikulaldi bat izan daiteke, Hezkuntza Departamentuak baimendutako taldeetako postuak osatzeko.

1.4. 2020ko irailaren 1etik saioak hasi bitarteko aldia, oro har, hauek egiteko izanen da: ikastaro espezifikoak, azterketak (halakorik egonez gero), prestakuntza jarduerak, programazio lanak, zikloko bilerak, klaustroak eta ikasturtearen antolaketarekin zerikusia duen beste edozein jarduera. Irailaren 2an eta 3an eginen dira iraileko ziurtapen probak, eta eskola egun gisa hartuko dira bi egun horiek.

1.5. Saioak bukatzen direnetik 2021eko ekainaren 30era bitartean, irakasleak nahitaez egon beharreko orduak zehaztuko ditu euskaltegiko zuzendaritzak, lan hauek egin daitezela bermatzeko: azterketak, ikasturtea berrikusteko eta ebaluatzeko berariazko lanak, klaustroak, programazioak eta ikasmaterialak, mailako memoria didaktikoak, bukaerako memoria eta behar diren egintza administratibo guztiak.

1.6. Ikastalderen batek orokorrean finkatutako eguna baino lehen bukatzen baditu klaseak, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak aurretik horretarako baimena emanda, euskaltegiko zuzendaritzak agindutako lanak egiteko erabiliko dute laneguna irakasleek.

1.7. Egutegia aldatu behar izanez gero, hasierako egutegia prestatzeko prozedura berari jarraituko zaio, betiere gutxieneko eskola egunen kopurua errespetatuz.

1.8. Eskola egunetan saioak ezin izanen dira modu orokorrean eten azterketa edo ebaluazio garaiak finkatzeko, ezta ebaluazio bilerak edo klaustroak egiteko ere. Eskola eguntzat hartuko da ikasturtearen aurkezpen eguna; hau da, tutoreak, irakasleak, programak, helburuak, ordutegiak eta abar aurkezteko erabiltzen dena. Eskola egun gisa kontatuko dira mailakatze probak egiteko ekainean erabilitako egunak.

1.9. Hauek izanen dira jaiegunak, Nafarroako lan egutegi arruntaren arabera: 2020ko urriaren 12a, abenduaren 3a, 7a eta 8a eta 2021eko maiatzaren 1a. Gainera, martxoaren 19a jaieguntzat hartuko da, printzipioz, 2021eko jaiegunen egutegi ofiziala onetsi bitarte. Egun hori, azkenean, laneguna bada, euskaltegiak eskola egutegia egokituko du, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuak emanen dituen jarraibideekin bat. Zerbitzu horrek, halaber, beharrezko jarraibideak emanen ditu erabakitzen bada beste jaiegunen bat ezartzea eta, horrenbestez, eskola egutegia aldatzea.

Euskaltegiak finkatuko ditu herriko zaindariari eskainitako jaieguna eta hezkuntza mailaren zaindariari eskainitakoa.

Ez dira eskola egunak izanen 2021eko inauterietako asteko egunak.

1.10. Neguko oporrak, hots, Eguberrietakoak, 2020ko abenduaren 23an hasi eta 2021eko urtarrilaren 8an bukatuko dira, biak barne.

1.11. Udaberriko oporrak, hots, Aste Santukoak, 2021eko apirilaren 1ean hasi eta apirilaren 11n bukatuko dira, biak barne.

Neguko eta udaberriko oporraldiak (Gabonetakoak eta Aste Santukoak) ezin izanen dira luzatu inola ere.

1.12. Aurreko edozein atalen gaineko salbuespenak, zeinak, betiere, aparteko arrazoiengatik izanen baitira, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari eskatu beharko zaizkio, onets ditzan.

2.–Tramitazioa.

2.1. Zuzendaritzak, Eskola Kontseiluari entzun ondoren, 2020-2021 ikasturterako egutegi eta ordutegi proposamena bidaliko du Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, EDUCA kudeaketa programaren bidez. Horretarako azkeneko eguna 2020ko ekainaren 17a izanen da.

Gainera, epe berean, kopia sinatu eta zigilatu bat igorriko dio euskaltegiko ikuskatzaileari.

2.2. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak egutegia eta ordutegia onetsi edo ukatuko ditu, aztertu ondoren. EDUCA kudeaketa programak ematen duen informatikako euskarriaren bidez iritsiko zaio euskaltegiari Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren jakinarazpena.

2020ko ekainaren 26rako inolako jakinarazpenik jasotzen ez duten ikastetxeen egutegiak eta ordutegiak onetsitzat joko dira.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak egokia ikusten badu, EDUCAz beste bide bat erabiliko da jakinarazpen hori egiteko.

2.3. Euskaltegiak ez badu epean igortzen egutegirako bere proposamena, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ofizioz ezarriko du egutegia, 1. puntuan (egutegia) jaso diren baldintzak betez.

2.4. Egutegia, behin onartu eta gero, nahitaez bete beharrekoa izanen da. Euskaltegiko zuzendaritzaren ardura da egutegia betetzea eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari dagokio betetzen den ikuskatzea eta kontrolatzea.

2.5. Eskola egutegia ikusgai izanen da euskaltegiko iragarki-taulan. Ezin izanen da inolaz ere aldatu baldin eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak idatziz baimena eman ez badu, euskaltegiko zuzendaritzak eskatuta.

Iragarkiaren kodea: F2006175