141. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

86/2020 FORU AGINDUA, ekainaren 24koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez aldatzen baita Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren apirilaren 30eko 61/2020 Foru Agindua (foru agindu horretan 2019ko zergaldiari dagozkion Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren eta Ondarearen gaineko Zergaren autolikidazio ereduak onetsi ziren, horiek aurkezteko eta diru-sarrera egiteko arauak eman ziren eta bitarteko elektronikoen bidez aurkezteko prozedura eta baldintzak ezarri ziren).

Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren apirilaren 30eko 61/2020 Foru Aginduak 2019ko zergaldiari dagozkion Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga eta Ondarearen gaineko Zerga aurkezteko eta autolikidazioaren diru-sarrera egiteko arauak eman zituen.

Foru agindu horrek egun bat ezartzen du lehen zatia ordaintzeko edo, hala denean, ordainketa osoa egiteko. Egun hori 2020ko uztailaren 20a da. Ezartzen du, halaber, aitorpena 2020ko uztailaren 10etik 20ra egiten bada (biak barne) ezin daitekeela banku helbideratzea erabili ordainketa egiteko.

Autolikidazioa borondatezko epearen barruan aurkezten duten subjektu pasibo guztiek ordainketa helbideratzen ahal izan dezaten (baita aitorpena 2020ko uztailaren 10etik 20ra aurkezten dutenek ere), lehen ordainketa egiteko eguna (osoa izan edo zatikakoa), geroratzen da, 2020ko uztailaren 28ra arte.

Horrenbestez,

AGINTZEN DUT:

Artikulu bakarra. Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren apirilaren 30eko 61/2020 Foru Agindua aldatzea (foru agindu horretan 2019ko zergaldiari dagozkion Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren eta Ondarearen gaineko Zergaren autolikidazio ereduak onetsi ziren, horiek aurkezteko eta diru-sarrera egiteko arauak eman ziren eta bitarteko elektronikoen bidez aurkezteko prozedura eta baldintzak ezarri ziren).

Bat–6. artikulua. 1.5., hirugarren paragrafoa.

“Subjektu pasiboak ordainketa modua aldatu eta bi zatitan ordaindu beharrean zati bakarrean ordaindu nahi baldin badu, helbideratzeko kontua aldatu nahi badu edo zorraren ordainketa helbideratu nahi ez badu, honako baliabide hauek izanen ditu aldaketa horiek egiteko eta helbideratze hori deuseztatzeko: https://hacienda.navarra.es webgunea; telefonoz deitzea Nafarroako Foru Ogasunak kanpaina bitartean herritarrei kasu egiteko jartzen dituen zenbakietara (interesdunaren IFZ eta PIN zenbakiak adieraziz betiere); ziurtapen digitala, NAN digitala edo Nafarroako Foru Ogasunak egiaztapen digitalerako onartzen dituen gainerako prozedurak. Aldaketa horiek 2020ko uztailaren 18a baino lehen egin beharko dira.”

Bi.–Artikulua: 6.1.8. a), b’), eta b) a’).

“b’) Itzuli beharreko zenbatekoa jasotako itzulketa baino txikiagoa bada, subjektu pasiboak 710 ereduko ordainketa-gutunaren bidez ordaindu beharko du aldea, 2020ko uztailaren 28ra arteko epean, egun hori barne. Kasu horretan ezin da ordainketa helbideratu.”

“a´) –Subjektu pasiboak epe bakarrean helbideratzen badu ordainketa, oker egindako itzulketaren zenbatekoa gehi aurkeztutako autolikidazioan ordaintzeko ateratzen den diru kopurua kobratuko ditu tributu arloko Administrazioak, 2020ko uztailaren 28an.”

Hiru.–11. artikulua, 2. apartatua, lehen paragrafoa eta 3. apartatua.

“2. Ordainketa hori bi zatitan egin daiteke, interes eta errekargurik gabe: lehenbizikoa, zorraren %50, 2020ko uztailaren 28ra arte, eta bigarren zatia, gainerakoa, 2020ko azaroaren 20a arte, biak barne.”

“3. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren edo Ondarearen gaineko Zergaren aitorpena borondatezko epean aurkezten denean (2020ko maiatzaren 6tik uztailaren 20ra arte, biak barne) Ekonomia eta Ogasun Departamentuak zergadunen eskura jarritako prozedura automatikoak eta elektronikoak erabiliz, zerga-zorra, osorik edo zatika, ordaintzen ahalko da Nafarroako Zerga Ogasunaren diru-bilketan laguntzen duten finantza entitateetako edozeinetan irekitako kontu batean helbideratuz.

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpena, salbuespenez, aitorpenaren F-93 aitorpen-frogagiria erabiliz aurkezten denean, igorpen elektronikorik egin ez bada, honela egin beharko da diru-sarrera:

a) Bi zatitan egitea erabakitzen bada, bata 2020ko uztailaren 28ra arte, egun hori barne, ordainduko da ordainketa-gutuna (710 eredua) erabiliz, eta bestea, 2020ko azaroaren 20ra arte, egun hori ere barne, modu berean edo bankuan helbideratuz.

b) Zatitzen ez bada, ordainketa bakarra eginen da, 2020ko uztailaren 28ra arte, “710 eredua” ordainketa-gutunaren bidez bakarrik.”

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra, eta eraginen die 2019ko zergaldiari dagokion borondatezko epearen barruan aurkezten diren Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenei eta Ondarearen gaineko Zergaren aitorpenei.

Iruñean, 2020ko ekainaren 24an.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

Iragarkiaren kodea: F2006655