131. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MENDABIA

2020ko karga-tasak, tasak eta prezio publikoak

Mendabiako Udalak, 2020ko maiatzaren 21ean egin osoko bilkura berezian, xedapen zatian honela dioen erabakia hartu zuen aho batez:

Lehena.–2020ko ekitaldirako karga-tasei buruzko erabakia aldatzea, COVID-19aren pandemiak sorturiko egoera berezia eta pandemia ez hedatzeko hartu diren prebentziozko neurriak bitarteko direla (erabakia 2020ko azaroaren 28an egin osoko bilkuran hartu zen, eta urtarrilaren 1ean sartu zen indarrean). Zehazki, alderdi hauek aldatuko dira, eta 2020ko abenduaren 31ra arteko indarraldia izanen dute:

–Eremu publikoa beladoreekin okupatzea (tabernen mahai-aulkiak): COVID-19aren pandemiari aurre egiteko neurriak direla eta, ez da eman jabari publikoa erabili edo aprobetxatzeko eskubidea, eta, hortaz, zerga-egitatea ez dela sortu irizten zaio.

–Herri-larreetako aprobetxamendua: zezenketa-ikuskizunetarako bakarrik diren abere suharren kasuan (behi-azienden ustiapen estentsiboa), Mendabian aprobetxamendu horien titular diren subjektu pasiboek aprobetxamendu-kanona %75 beheratzeko eskubidea izanen dute, baldin ezin izan badute zezenketa-ikuskizunik bat ere egin, agintariek COVID-19ari aurre egiteko hartutako neurrien ondorioz. Interesdunak justifikatu egin beharko du egoera hori, abenduaren 15a baino lehen, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztuz.

–Eremu publikoa merkatu txikiarekin okupatzea: postu finkoentzat, urtean 18,80 euro metro koadro bakoitzeko (%20ko beherapena aurreko 23,50 euroen aldean); aldi baterako postuentzat, egunean 0,56 euro metro koadro bakoitzeko (%20ko beherapena aurreko 0,70 euroen aldean).

Bigarrena.–Erabaki hau argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren gardentasun atarian eta iragarki-taulan, orok jakin dezan, eta aditzera ematea erabaki honen aurka, behin betikoa baita administrazio bidean, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 21. artikuluari jarraikiz, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dela, zuzenean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegi edo Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, aldez aurretik eta hautara, gora jotzeko errekurtsoa, hilabeteko epean, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, aipatu argitalpenaren biharamunetik hasita. Orobat, hautara eta beste zernahi errekurtso jarri aurretik, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, egintza honen organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik.

Aditzera ematen da, orok jakin dezan.

Mendabian, 2020ko maiatzaren 28an.–Alkate udalburua, María Josefa Verano Elvira.

Iragarkiaren kodea: L2005354