131. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

27E/2020 FORU AGINDUA, ekainaren 2koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, aldatzen duena uztailaren 5eko 39E/2019 Foru Agindua, zeinaren bidez oinarri arautzaile batzuk arautzen baitira Nafarroako kirol klubei eta kirol klub filialei dirulaguntzak norgehiagokako araubidean emateko, 2020ko irailaren 1etik 2020ko abuztuaren 31ra bitarte egiten diren Espainiako edo autonomia erkidegoen arteko liga ofizial ez-profesionaletan parte hartzen duten taldeengatik.

Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak uztailaren 5ean emandako 39E/2019 Foru Aginduaren bidez, 2020ko deialdia onetsi zen Nafarroako kirol klubei eta kirol klub filialei dirulaguntzak norgehiagokako araubidean emateko, hain zuzen, 2019ko irailaren 1etik 2020ko abuztuaren 31ra bitarte egiten diren Espainiako edo autonomia erkidegoen arteko liga ofizial ez-profesionaletan parte hartzen duten taldeengatik; deialdi horren oinarri arautzaileak ere onetsi ziren.

COVID-19aren ondoriozko osasun krisia kudeatzeko xedez alarma egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuan jasotako neurrietako bat da (10. art.) kirol jarduerak egiteko lokalak ixtea jendearentzat. Era berean, alarma egoera amaitzen denean, pentsatzekoa da murriztapen eta mugapen batzuk ezarriko direla COVID-19a heda ez dadin laguntzeko; neurri horien ondorioz, aurreikusitako kirol jarduerak egitea zailagoa izanen da kasu batzuetan eta ezinezkoa beste kasu askotan.

Apirilaren 6ko 7/2020 Foru Legearen 3. artikuluan aurreikusirik dago bermatuko dela irabazi-asmorik gabeko erakundeek –horien artean daude Nafarroako kirol klubak eta kirol klub filialak– jasoko dituztela Nafarroako 2020ko Aurrekontu Orokorretan aurreikusitako dirulaguntza guztiak, eta, horretarako, deialdiak egokitu eginen direla.

Aipatutako inguruabar guztiak direla eta, nabarmen aldatu dira Nafarroako kirol klubei eta kirol klub filialei dirulaguntzak emateko deialdiarekin bilatzen diren helburuak eta xedeak, uztailaren 5eko 39E/2019 Foru Aginduaren I. eranskineko 1. oinarrian jasotakoak: “Nafarroako kirol klubei eta kirol klub filialei laguntzea Espainiako eta autonomia erkidegoen arteko lehiaketetan parte hartzeak sortzen dizkien gastuak neurri batean ordaintzen”.

Kultura eta Kiroleko kontseilariaren maiatzaren 26ko 17E/2020 Foru Aginduak uztailaren 5eko 39E/2019 Foru Aginduaren I. eranskinaren 11.10 artikulua aldatu zen, lehenagoko paragrafoan aipatu diren inguruabarren ondorioz.

Geroago, oinarrietan beste aldaketa bat egiteko beharra ikusi da: dirulaguntzaren xede diren jarduerak egiteko epea aldatzea. Horrek azken justifikazioa egiteko epeari ere eragingo lioke.

Xede horiek bete ahal izateko, ordea, aldaketa batzuk egin behar dira deialdi honen oinarri arautzaileetan, sortutako egoera berriarekin bat etor daitezen. Aldaketa hauek oinarrien I. eranskinaren 1. eta 11. oinarriei eragiten diete.

–Dirulaguntzaren xede diren jarduerak egiteko epea. Foru aginduaren I. eranskineko 1. oinarrian jarduerak zer epetan diren diruz lagungarriak jasotzen da: 2019ko irailaren 1etik 2020ko abuztuaren 31 arte. Gaurko egoera den bezalakoa izanik, litekeena da alarma egoera ezarri zen aldian, baita geroago ere, eten ziren jardueretako batzuk egin ahal izatea 2020. urtean bertan, baina abuztuaren 31 eta gero. Hori hala balitz, jarduera diruz lagungarria den epetik kanpo geldituko litzateke.

Dirulaguntzaren xedea denez kirol klubek zenbait jarduera egin ahal izatea, xede horrekin bat etorriz, komenigarria da diruz lagungarritzat hartu diren jarduera horiek egiteko epea ere luzatzea, hasieran ezarri zen muga-egunaren gainetik, baldin eta eten baziren eta geroago egiten ahal zirela ikusi bada. Orain, urriaren 18a izanen da jarduerok egiteko ezarriko den muga-eguna, kontuan hartu behar baita denbora tarte bat behar dela kirol klubek beren justifikazioak aurkeztu ahal izateko, justifikazio horiek berraztertzeko eta deialdia ixteko ebazpena egiteko, dena abenduaren 31 baino lehen. Foru aginduaren I. eranskinaren 1. oinarrian beste apartatu bat (4.a) sartzea proposatzen da.

–Azken justifikazioa aurkezteko epea. I. eranskinaren 11. oinarrian epe bat ezartzen da kirol klubek azken justifikazio-agiriak aurkez ditzaten. Epe horren muga-eguna irailaren 15a da. Kontuan harturik diruz lagundutako jarduerak egiteko epea urriaren 18ra arte luzatzea proposatu dela, beharrezkoa da jardueraren justifikazo-agiriak aurkezteko epea ere luzatzea, epe berri honetan jarduerak egin nahi dituzten kirol klubentzako. Urriaren 25a da proposatzen den muga-eguna. Horrek foru aginduaren I. eranskinaren 11. oinarrian beste apartatu bat (11.a) sartzea ekarriko luke.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuan esleitu zaizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Foru agindu bat onestea, aldatzeko Kultura eta Kiroleko kontseilariaren uztailaren 5eko 39E/2020 Foru Agindua, zeinaren bidez oinarri arautzaile batzuk arautzen baitira Nafarroako kirol klubei eta kirol klub filialei dirulaguntzak norgehiagokako araubidean emateko, 2019ko irailaren 1etik 2020ko abuztuaren 31ra bitarte egiten diren Espainiako edo autonomia erkidegoen arteko liga ofizial ez-profesionaletan parte hartzen duten taldeengatik. Foru agindu horren I. eranskineko 11. oinarriaren edukia aldatzen da zati batean.

2. Uztailaren 5eko 39E/2019 Foru Aginduaren I. eranskineko 1. oinarrian apartatu bat gehitzea, honela idatzita geldituko baita:

“1.4. 2020ko urriaren 18ra arte luzatzen da diruz lagundutako jarduerak gauzatzeko epea, baldin eta jarduera horiek atzeratu edo aldi baterako eten badira alarma egoera deklaratzearen ondorioz, edo COVID-19ak eragindako osasun krisia dela-eta jarduera horien plangintzan egindako aldaketengatik”.

3. Uztailaren 5eko 39E/2019 Foru Aginduaren I. eranskineko 11. oinarrian apartatu bat gehitzea, honela idatzita geldituko baita:

“11. oinarria. Justifikazio-agiriak.

11.11.–2020ko urriaren 25era arte luzatzen da 2020ko urriaren 18ra arte egindako jardueren dokumentazioa aurkezteko epea. Jarduera horiek dira 2019-2020 denboraldiari dagozkion dirulaguntzak jasoko zituzketenak, baldin eta jarduera horiek atzeratu edo aldi baterako eten izan ez balira alarma egoera deklaratzearen ondorioz, edo COVID-19ak eragindako osasun krisia dela-eta jarduera horien plangintzan egindako aldaketengatik.”

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta adieraztea haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daitekeela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

5. Foru agindu hau Kirol Zuzendariordetzara, Administrazio eta Kudeaketa Atalera eta Gai Ekonomikoak eta Prozedurak Kudeatzeko Bulegora igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko ekainaren 2an.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

Iragarkiaren kodea: F2005477