131. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

68E/2020 EBAZPENA, ekainaren 1ekoa, Biodibertsitatearen Zerbitzuaren zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona proiektu honi: Garesko transformazio zentrorako hargunerako 13,2 kV-eko aireko eta lurpeko linea elektrikoa egiteko proiektua, Garesko udal-mugartean. Sustatzailea Agropecuaria Leima SLU da.

2020ko otsailaren 11n, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena emateko eskaera sartu zen Biodibertsitatearen Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I) epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko duela lurzoru urbanizaezinean baimen daitezkeen jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektatu den jardueraren helburua da energia elektrikoa eramatea Agropecuaria Leima SLU gizendu aurreko zerrien haztegi baimenduari, 13,2 kV-eko linea elektriko berri baten eta transformazio zentro berri baten bidez, Garesko Elerdia alderdian, 10. poligonoko 280. lurzatian.

Linearen trazatua eta hargunea Elerdiako 1. graduko aztarnategi arkeologikoari kalterik ez egiteko moduan proiektatu dira. Linea elektriko berria 950 metro luze izanen da. Linea horrek tentsio erdiko banaketa linea baten deribazioan edukiko du jatorria, zeina Garesko 11. poligonoko 972. eta 973. lurzatietako mugan baitago, eta Load Buster ebakigailu bat izanen du. Hasieran aireko baoa edukiko du, 85 m-koa, gutxi gorabehera, lurpera sartu aurreko beste berme batera arte. Berme horrek 01 izena hartuko du, eta Erreten Handiaren eta NA-601 errepidearen ezpondaren inguruan egonen da, ingurumen aldetik balio handirik ez duen landaredi naturaleko alderdi batean (Garesko 11. poligonoko 8. eta 9. lurzatietan). Handik NA-601 errepidea lurpetik zeharkatuko da, 2 intxaurrondo hazten diren tarte batean, bat mendebaldeko ertzean, bestea ekialdekoan; gero labore batzuk zeharkatuko dira abeltzaintza ustiategiaraino. Han transformazio zentro berria jarriko da. Etxola motakoa izanen da.

Aireko tartea abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuaren aplikazio eremuaren barruan dago (dekretu horren bidez, hegaztiak goi tentsioko linea elektrikoak jo eta elektrokutatzetik babesteko neurriak ezarri ziren). Proiektuak hainbat neurri biltzen ditu, hegaztiak babesteko gurutzeta berrietan, isolagailuetan, maniobretarako elementuetan eta lurpera pasatzeko konexioetan.

Espedientean, Garesko Udalak 2020ko martxoaren 12an emandako aldeko txostena jaso da. Lurraldearen Antolamenduaren Atalak aldeko txostena egin du, zenbait baldintzarekin, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Errege Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Ingurumen Eraginaren Atalak aldeko txostena egin du, zenbait exekuzio-baldintzarekin, proiektuak uki lezakeen landarediari, ingurumena leheneratzeari eta hondakinen kudeaketari dagokienez.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea proiektu honi: Garesko transformazio zentrorako hargunerako 13,2 KV-eko aireko eta lurpeko linea elektrikoa egiteko proiektua, Garesko udal-mugartean. Sustatzailea Agropecuaria Leima SLU da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Ingurumen arlokoak:

  • Deribazio berriak eta berme berriak baso hegaztiak babesteko aurkeztu den dokumentazioko neurriak edukiko dituzte: U70YB20 AL isolagailuak loturetarako eta U70YB20P isolagailuak airean eskegita daudenetarako, eroale eta grapetarako isolagailuak, ebakigailuaren elementuak gurutzetetatik behera egotea, eta karpeta isolagailuak terminaletan eta autobalbuletan.
  • Lurpera pasatzeko bermearen fusibleak egon behar du gurutzetetan pausatzen diren hegaztiak elektrokuta daitezen galarazteko moduan. Helburu horrekin, haren konexioetan behar diren elementu isolatzaileak jarriko dira.
  • 01 bermea Erreten Handiaren ertzei eraginik egiten ez dien puntu batean kokatuko da, larreen eta sastraken gaineko afekzioa ahalik eta txikiena denean (zapatatik, obra-pilaketetatik e.a.).
  • Lurpeko lehen tartea, NA-601 errepidea zeharkatzekoa, alegia, aldatu eginen da aipatu errepide bazterreko 3 intxaurrondoei kalterik ez egiteko; hala, tartea intxaurrondoen iparraldera edo hegoaldera desbideratuko da. Nafarroako Gobernuaren Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiak uste badu zuhaitz hauek mozten ahal direla, orduan eusten ahal zaio errepidea puntu horretatik pasatzeko proposamenari, bestela ez.
  • Obrek ukitutako lurrak leheneratuko dira, eta obrak baino lehen zeukaten erabilera berreskuratuko da.
  • Obrak egitean sortzen diren hondakinak indarreko legeria betez kudeatuko dira, horien izaeraren arabera.

–Hirigintza eta lurralde arlokoak:

  • Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinean dauden edo ezarri gogo diren beste jarduera zehatz batzuk sare elektrikora konektatzea edo handik lotura-hodirik ateratzea.
  • Egin gogo den jarduerak uki ditzakeen edo horren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Bereziki txosten hauek eta beren baldintzak hartuko dira aintzat:
  • Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuaren txostena, 2020ko maiatzaren 4koa:
  • Lurzoruak nekazaritzarako duen gaitasunari ahalik eta gehien eusteko, baimena jasotzeko baldintza beharrezkoa izanen da eskatzaileak konpromisoa hartzea lurzorua berriz ere egokitzeko, behin zanga bete ondoan.
  • Herri Lan Zuzendaritza Nagusiaren txostena, 2020ko maiatzaren 5ekoa.
  • Herri-lurren Atalaren txostena, 2020ko maiatzaren 6koa:
  • Linea elektriko berria herri-jabetzako lurrak zeharkatuz egin nahi da. Hori dela eta, obrarako lizentzia eman aurretik, Garesko Udalak Nafarroako Gobernuaren baimena lortu beharko du, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Herri-lurren Atalaren bidez, herri-lur horien erabilpena lagatzeko eta/edo bide zortasun elektrikoa eta karga eratzeko, aginduzko tramiteen ziurtagiriak aurkeztuz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 140. artikuluan eta Nafarroako Toki Entitateetako Ondasunen gaineko Erregelamendua onesten duen 280/1990 Foru Dekretuaren 143. artikuluan ezarritakoarekin bat.
  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean, gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak automatikoki bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen.
  • Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak leheneratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsita eta/edo kenduta. Alde horretatik, 35/2002 Foru Legearen 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua leheneratzeko.

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 3.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu horiek leheneratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak alarma egoeraren deklarazioa bukatu eta hurrengo egun baliodunean hasiko dira kontatzen.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Garesko Udalera, Ingurumena Zaintzeko Atalera (Lizarra Iparraldeko Koordinazio Unitatea) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko ekainaren 1ean.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2005471