131. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

25E/2020 FORU AGINDUA, ekainaren 2koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita “Arte eszenikoen eta ikus-entzunezkoen elkarte profesionalentzako dirulaguntzen deialdia 2020rako”. DDBN identifikazioa: 508621.

Kultur Ekintza Zerbitzuak egin duen txostenean proposatu du onets daitezela arte eszenikoen eta ikus-entzunezkoen elkarte profesionalei dirulaguntzak emateko deialdia eta haren oinarri arautzaileak 2020rako, baimendu dadila 40.000,00 euroko gastua eta, azkenik, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela foru agindu hau eta eranskinak; eta kontuan harturik betetzen direla hala helburua nola gastua baimentzeko legeak ezartzen dituen betebeharrak eta baldintzak, eta ikusirik kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna ageri dela espedientean.

Horrenbestez, Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Arte eszenikoen eta ikus-entzunezkoen elkarte profesionalei dirulaguntzak emateko deialdiaren oinarri arautzaileak 2020rako.

2. Onestea deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen eranskinean jaso direnak.

3. Deialdi honen konpromisoak betetzeko, aurrekontuko kreditu hauek baimentzen dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20002-A2530-4816-334103: Arte eszenikoen eta ikus-entzunezkoen elkarte profesionalentzako dirulaguntza

2020

40.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

6. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2020ko ekainaren 2an.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

ARTE ESZENIKOEN ETA IKUS-ENTZUNEZKOEN ELKARTE PROFESIONALEI DIRULAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK 2020RAKO

1.–Dirulaguntzen xedea, helburua eta aplikazio esparrua.

1.1. Deialdiaren xedea da Nafarroako arte eszenikoen eta ikus-entzunezkoen elkarte profesionalen funtzionamendu- eta jarduera-gastuei sostengua emateko oinarri arautzaileak ezartzea.

Deialdiaren helburua da arte eszenikoen eta ikus-entzunezko arteen arloko elkarte profesionalen funtzionamendua eta jarduna sustatzea, bai eta prestakuntza, berrikuntza eta hobekuntza profesionalerako proiektuak ere, hain zuzen ere 2019ko abenduaren 1etik 2020ko azaroaren 30era bitarte egiten direnak.

Ez dira deialdi honen xede izanen ikuskizunen edo ikus-entzunezko obren produkzioa, ezta jaialdien edo programazio zirkuituen programazioa ere.

2.–Eskatzaileek bete beharrekoak.

2.1. Oro har, hemen araututako laguntzak eskatzen ahalko dituzte aurreko klausulan aipatutako elkarteek, baldin eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean honako baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Legez eraturik egotea, gutxienez 2020ko urtarrilaren 1etik.

b) Helbide soziala eta fiskala Nafarroan izatea.

c) Arte eszenikoen eta ikus-entzunezkoen sektoreko pertsona fisikoen eta juridikoen elkartegintzari lotutako helburu sozial bat izatea.

d) Jarduteko lurralde eremua Nafarroako Foru Komunitate osoa izatea.

e) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

2.2. Ezin izanen zaie dirulaguntzarik eman Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan ezarritako egoeraren batean dauden entitateei.

2.3. Onuradun izateko ezinbestekoa da eskatzailea ez egotea zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen, edo, hala bada, ez egotea zehapen eta kondena-epai bat bete zain, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik.

3.–Aurrekontu egozpena eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

3.1. Laguntza hauek (40.000 euro gehienez) Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren 2020ko gastu-aurrekontuaren kargura finantzatuko dira, zehazki, A20002 A2530 4816 334103 partidaren kargura.

3.2. Proiektu bakoitzerako laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izanen onartutako aurrekontuaren %70 baino handiagoa.

Onartutako aurrekontua entitateak aurkeztutako aurrekontua izanen da, baina diruz lagungarriak ez diren gastuei dagozkien diru kopuruak kenduta, deialdi honen 6. oinarrian ezarritakoarekin bat.

3.3. Gainera, entitate eskatzaile bakoitzarentzako laguntzaren zenbatekoa 30.000 eurokoa izanen da gehienez ere.

4.–Proiektu diruz lagungarriak.

4.1. Entitate bakoitzak proiektu bakarra aurkez dezake, hain zuzen ere elkartearen urteko jarduera plana, non jasoko baitira sektorearen interesak defendatzearekin eta ordezkatzearekin lotutako ekintzak. Plana 2019ko abenduaren 1etik 2020ko azaroaren 30era bitarte gauzatuko da, eta honako hauek jasotzen ahal ditu, besteak beste:

–Arte eszenikoak eta ikus-entzunezkoak sustatzeko eta hedatzeko jarduketak.

–Arte eszenikoetako eta ikus-entzunezkoetako profesionalen sektorearen errealitatea ezagutzeko eta lehiakortasuna hobetzeko behar diren azterketak, kontsultak eta txostenak.

–Elkartekideentzako prestakuntza jarduerak.

–Aholkularitza profesionala eta intereseko informazioa elkartekideentzat.

–Espainiako estatuan eta Europan dauden antzeko beste elkarte batzuekin elkarlanean aritzeko lagungarri diren proiektuak egitea edo horietan parte hartzea.

–Sektorea zabaltzen laguntzen duten proiektu edo jardueretan parte hartzea.

4.2. Proiektuan honako hauek jasoko dira:

–Garatu beharreko jardueren deskribapen zehatza: Atal honetan, proiektuaren helburuak, horiek lortzeko eginen diren ekintzak neurtzeko eta ebaluatzeko adierazleak, eta deialdi honetan baloratuko diren gainerako alderdiak zehaztuko dira.

–Zabalkunde plana: atal honetan, proiektuaren sustapena, komunikazioa eta publizitatea egiteko jarduerak zehaztuko dira.

–Proiektuaren aurrekontu osoa, non argi gelditu beharko baita honako hauen arteko koherentzia: entitateak proiektua aurrera eramateko dituen baliabide ekonomikoak (diru-sarrerak eta gastuak), giza baliabideak (bazkideak, boluntarioak eta kontratatutako langileak) eta baliabide materialak (azpiegiturak). Aurrekontuaren deskribapena III. eranskineko ereduarekin bat etorriko da.

5.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

5.1. Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkezteko epea 20 egun naturalekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5.2. Eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez (www.navarra.es). Identifikatzeko, ziurtagiri digitala edo NAN-PINa eduki beharko da.

Eskabide eredua eta aurkeztu beharreko gainontzeko agiriak deialdi honetako eranskinetako ereduen araberakoak izanen dira, eta Tramiteen Katalogoko fitxan egonen dira eskuragarri:

(http://www.navarra.es/home_es/Servicios/).

5.3. Eskaeraren berariazko inprimakiari erantsi behar zaion dokumentazioa ondotik zehazten dena da. Eskaneatuta aurkeztuko dira agiri hauek, bereizita eta behar bezala identifikatuta:

a) Entitatearen estatutuak.

b) Legez eratutako entitate bat dela frogatzen duen agiria.

c) Helbide soziala eta fiskala Nafarroan dituela frogatzen duen dokumentua.

d) Proiektuaren deskripzio-memoria, gehienez ere 20 foliotan idatzia; horren barrenean, zabalkunde planaren deskribapenak 4 folio hartuko ditu gehienez, DIN A-4 formatuan, alde batetik idatziak, ohiko tipografian, gutxienez 11 puntuko letra mota erabilita, II. eranskinean jasotzen den ereduaren arabera. Muga horietatik ateratzen den informazioa ez da baloratuko.

e) Proiektuaren datu ekonomikoak laguntza-fitxan eskuragarri dagoen III. eranskineko ereduaren arabera bete beharko dira, eta nahitaezko baldintza izanen da aurkezten den aurrekontuan gastuak eta diru-sarrerak berdinduta izatea.

5.4. Dirulaguntzarako eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1 artikuluan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez bada, entitateari eskatuko zaio, posta elektronikoaren bidez, hamar egun naturaleko epean okerra zuzendu edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

5.5. Prozesuko edozein unetan, informazio osagarria eskatzen ahalko zaie entitate eskatzaileei.

6.–Gastu diruz lagungarriak.

6.1. Deialdi honetan aurreikusitako ondorioetarako, honako gastu hauek izanen dira diruz lagungarriak:

–Zuzeneko kostuak:

a) Ikasketak, prestakuntza jarduerak eta jarduera esperimentalak egitekoak, betiere helburua izanik arte eszenikoen eta ikus-entzunezkoen sektorearen jarduera eta baldintza sozioekonomikoak sustatzea eta hobetzea.

b) Helburu dutenak beren elkartekideen jarduera sustatzea eta arte eszenikoetako eta ikus-entzunezkoetako azokak eta beste ekitaldi batzuk antolatzea eta/edo horietan parte hartzea, dela autonomia erkidegoen mailan, dela estatukoetan edo nazioartekoetan.

c) Elkartearen jarduerak eta bi sektoreekin lotutako albisteak sustatzeko eta hedatzeko elementuetarako direnak.

d) Jarduera plana egitearen ondoriozko gastu orokor hauek, guztirako gastuaren %70 gainditzen ez badute:

–Kontratatzen diren langileen soldata-kostuak eta gizarte segurantzakoak, hain zuzen, proiektua abian jartzeko behar diren sostengu eta koordinazio lanak egiten dituen entitate onuradunak kontratatzen dituenak, betiere langile bakoitzaren arduraldiaren arabera.

–Prestatzaileen, aholku-emaileen eta antzekoen ostatu gastuak, mantenu gastuak (bazkaria/afaria) eta joan-etorrietakoak. Gastu hauek behean azaltzen diren mugak izanen dituzte, eta, kasu guztietan, zerbitzua egiten duen enpresak emandako faktura aurkeztu beharko da, salbu eta norberaren ibilgailua erabiltzen bada, kasu horretan behean azaltzen den irizpidea aplikatuko baita:

a) Ostatu gastuak: bakarrik Nafarroaz kanpotik etortzen badira; gau bakoitzeko, 60 euro ordainduko dira gehienez.

b) Mantenu gastuak: otordu bakoitzeko (bazkaria eta afaria) 20 euro ordainduko dira.

d) Joan-etorrietako gastuak: norberaren autoa erabiliz gero, 0,30 euro ordainduko dira kilometro bakoitzeko, gehi autobideko gastuak, bidesariak eta aparkalekuetakoak. Hegazkina, trena edo beste garraio publikoren bat erabiliz gero, gehienez ere turista klaseko txartel arruntaren zenbatekoa ordainduko da.

–Proiektua gauzatzeko beharrezkoak diren elkarteko juntakideen bidai, ostatu eta mantenu gastuak (bazkari eta afarietakoak), aurreko puntuan adierazitako irizpideak erabiliz.

–Kanpoko baliabideak kontratatzearen ondoriozko gastuak, hala nola lokalak, ekipoak eta baliabide materialak alokatzea.

–Zerbitzu profesional independenteak, entitate eskatzaileko organoetako kide ez direnek emandakoak.

–Aseguruak eta hornidurak.

–Proiektuan sartutako jardueren zabalkunderako eta merkaturatzeko gastuak.

–Bulegoko materiala, fotokopiak eta inprenta.

–Beste entitate batzuetan parte hartzeko kuotak.

–Diruz laguntzen den proiektuan aritzen diren profesionalak babesteko asmoz, osasun arloko agintariek nahitaezkotzat jotzen dituzten norbera babesteko ekipamenduak erosteko gastuak.

Dirulaguntzaren xedeko proiektua gauzatzeko ekipamenduko ondasun inbentariagarriak erosiz gero, gastu diruz lagungarritzat hartuko da haien amortizazioa, proiektuari egozten ahal zaion proportzioan, kontabilitateko irizpide orokorren arabera (abenduaren 20ko 114/2017 Foru Dekretua).

–Zeharkako kostuak.

–Zeharkako kostuen barrenean daude bai gastu orokorrak, onuradunak egiten dituen jardueretako batzuei egozten ahal zaizkienak, bai gastu finkoak, jarduera zehatz bati egotzi ezin zaizkionak baina beharrezkoak direnak diruz lagundutako jarduera gauzatzeko. Hori Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.9 artikuluan ezarritakoaren arabera aplikatuko da.

–Proiektu bakoitzerako zeharkako kostu diruz lagungarriek proiektuaren aurrekontuan sartuta egon beharko dute, eta ez dira izanen proiektuaren kostu osoaren %15 baino gehiago.

6.2. Elkarteek beste jarduera batzuk egiten badituzte, sektorearen interesak defendatzeko eta ordezkatzeko jarduera planean ez daudenak, horiei egotzitako gastu orokorren portzentajea ez da dirulaguntzen xede izanen.

6.3. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Ondasun higiezinen eta azpiegituren erosketarekin, erabilerarekin eta finantzaketarekin lotuta dauden guztiak. Kasu honetan, salbuetsita dago 6.1 oinarrian ezarri dena dirulaguntzaren xedeko proiektua gauzatzeko ekipamenduko ondasun inbentariagarriak erosteari buruz.

b) Zentzuz jokatuta proiektua gauzatzeko beharrezkoak ez diren gastuak, edo zenbatekoa modu fidagarrian zehaztu gabe dutenak.

c) Balio erantsiaren gaineko zerga, baita antzeko beste zerga batzuk ere, entitateak berreskura ditzakeenak.

d) Entitatearen nominapeko langileen ordainsariak, baldin eta lanbide arteko gutxieneko soldata halako 3 baino gehiago badira.

e) Proiektua gauzatzeko kontratatzen diren artista edo hizlariak alde batera utzita, beste pertsona batzuen ostatu, mantenu (bazkaria/afaria) eta joan-etorrietako gastuak.

f) Ordezkaritza, protokolo eta luxuzko gastuak, ez eta elikagaiak, edariak eta antzekoak erostekoak ere.

7.–Tramitazioa eta ebaluazioa.

7.1. Eskaerak Kultura eta Kirol Departamentuko Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalak tramitatuko ditu, norgehiagokako araubidean.

7.2. Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak ebazpen bidez izendatuko duen ebaluazio batzorde batek baloratuko ditu eskaerak. Ebazpen hori Nafarroako navarra.es web-orrian argitaratuko da, eta honako hauek izanen dira batzordekideak:

a) Batzordeburua: Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria, edo, hura izan ezean, zuzendaritza horretako beste zerbitzu bateko zuzendaria.

b) Idazkaria: Programa Artistikoen eta Hedapenaren Ataleko teknikari bat, hitzarekin baina botorik gabe.

c) Mahaikideak: Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Ataleko burua, edo, hura izan ezean, Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Ataleko burua, eta Kultur Ekintza Zerbitzuko teknikari bat.

7.3. Balorazio eta adjudikazio prozesua.

a) Batzordekideek proiektuei buruzko dokumentazioak jasoko dituzte horiek baloratzeko.

b) Batzordeak, edozein unetan, entitate eskatzaileen agerraldia eska dezake, aurkeztutako proiektuaren gaineko zalantzak argitzeko edo alderdiren bat berresteko.

c) Onetsitako aurrekontuak ezarrita daudela, ebaluazio batzordeak proiektuen puntuazioa zehaztuko du, 8. oinarrian ezarritako irizpideei jarraikiz.

d) Batzordeak irizpen loteslea emanen du, lortutako emaitzak bilduko dituena.

e) 8. oinarrian ezarritako gutxieneko puntuaziora iristen diren proiektuei dagokien zenbatekoa zehazteko, irizpide hauek erabiliko dira, betiere kontuan harturik 3. oinarrian finkatutako diru-muga:

–Proposatutako laguntza guztien baturak deialdiko kreditua gainditzen ez badu, eskatutako zenbatekoa emanen zaio eskatzaile bakoitzari.

–Proposatutako laguntza guztien baturak deialdiko kreditua gainditzen badu, entitate onuradunen artean hainbanatuko da (lortutako puntuazioaren arabera).

Horretarako, gutxienez 50 puntu lortu dituzten entitate guztien puntuak batuko dira.

Erabilgarri dagoen kreditua zenbateko horretaz zatituko da, eta, hala, puntu baten balioa lortuko da. Eskatzaile bakoitzak jasoko duen zenbatekoa kalkulatzeko, balio hori lortutako puntuez biderkatuko da.

7.4. Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalak, ebaluazio batzordeak sinatutako akta ikusita, deialdiaren gaineko ebazpen proposamena eginen du.

8.–Proiektuen balorazioa.

Proiektuen balorazioa errazteko asmoz, entitate eskatzaileak deialdi honen II. eranskinean ageri den deskripzio-memoriaren ereduaren araberako eskaera aurkeztu beharko du; eranskin horretan zehatz-mehatz jasotzen dira irizpide bakoitzaren barrenean baloratu beharreko alderdiak.

Informazio ekonomikoa III. eranskineko inprimakian aurkeztuko da.

Oinarri honetan ezarritako irizpideak aplikatuta, gehienez ere 100 puntu emanen zaizkio proiektu bakoitzari.

Dirulaguntza jasotzeko, eskaerek 50 puntu eskuratu beharko dituzte gutxienez; horietatik 25 puntu, gutxienez, “Elkartegintzaren arloan proposatutako jardueren interesa” atalean lortu behar dira.

Oker betetzen diren datuak edo ausartegiak direnak baloraziotik kanpo geldituko dira.

8.1. Proiektuak baloratzeko, irizpide eta haztapen taula hauek erabiliko dira:

8.1.1. Proposamenaren kalitatea: 65 puntu.

a) Elkartegintzaren arloan proposatu diren jardueren interesa. Horretarako, kontuan hartuko dira, besteak beste, ikastaroen, ikasketen, jardunaldien eta azoka eta lehiaketetan izandako parte-hartzeen kopurua eta horien garrantzia (50 puntu gehienez).

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Oso ongi

50

Ongi

35

Nahikoa

25

Ez da nahikoa

10

Urriegia

0

b) Sektorea sustatu eta garatzeko ekintzak (10 puntu gehienez).

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Oso ongi

10

Ongi

6,5

Nahikoa

5

Ez da nahikoa

3

Urriegia

0

c) Elkartekideei ematen zaizkien zerbitzuak (5 puntu gehienez).

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Oso ongi

5

Ongi

3,5

Nahikoa

2,5

Ez da nahikoa

1,5

Urriegia

0

8.1.2. Proposamenaren eragina (zeharkako irizpideak): 15 puntu.

a) Euskara erabiltzea proiektuan (5 puntu gehienez).

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Altua

5

Ertaina

2,5

Urriegia

0

b) Jarduera programaren barruko helburu eta ekintzen artean eta/edo entitatearen funtzionamenduan aintzat hartzea genero berdintasuna eta aniztasun funtzionala duten pertsonen irisgarritasuna (10 puntu gehienez).

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Asko

10

Nabarmenki

7

Nahikoa

5

Ez da nahikoa

2

Urriegia

0

8.1.3. Proposamenaren kudeaketa (kaudimena eta bideragarritasun ekonomikoa): 20 puntu.

a) Elkartearen ibilbidea (5 puntu arte).

–Entitateak jardueran emandako urte osoak (2,5 puntu gehienez).

  • 5 urtetik gora: 2,5 puntu.
  • 3 urtetik 5 urtera bitarte: 1,5 puntu.
  • Urte 1etik 3 urtera bitarte: 1 puntu.

–Elkartearen ordezkagarritasuna (2,5 puntu gehienez):

–Bere sektorean kide gehien duen elkartea (arte eszenikoak edo ikus-entzunezkoak) (puntu 1).

–Gainerako 1,5 puntuak zati berdinetan banatuko dira sektore horretako elkarteen artean.

b) Proiektuaren bideragarritasuna eta koherentzia ekonomikoa (15 puntu gehienez). Aurrekontuetan jasotako partidak egokiak eta zehatzak izatea baloratuko da, eta aurrekontua prestatua izatea ekonomia eta efizientzia irizpideei jarraikiz; horrez gainera, baloratuko da jarduera gauzatzeko behar diren partida guztiak ekonomikoki ongi mugatuak izatea, eta, azkenik, eskatutako dirulaguntzak zenbat egiten duen proiektuarentzat aurreikusitako guztizko gastuarekin alderatuta.

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Oso ongi

15

Ongi

10

Nahikoa

7,5

Ez da nahikoa

3

Urriegia

0

9.–Dirulaguntza emateko ebazpena.

9.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita hiru hilabeteko epean gehienez, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du laguntzak esleitzeko.

Epe hori iraganik berariazko ebazpenik argitaratu gabe, eskaera ezetsitzat joko da.

9.2. Dirulaguntza hau emateko prozeduran egiten diren ebazpen guztiak Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuz jakinaraziko dira:

http://www.navarra.es/home_es/servicios.

Gainera, eskabidean adierazitako helbide elektronikoa baliatuko da eskatzaile bakoitzari jakinarazteko.

Kultura eta Kirol Departamentuko iragarki-taulan ere argitaratuko da deialdiaren ebazpena (Navarrería kalea 39, Iruña).

9.3. Berariazko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hilabete bateko epean, administrazio prozedurari buruzko legerian xedatuari jarraikiz. Ustezko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, isiltasun administratiboak ondorioak izan eta biharamunetik hasita noiznahi, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

9.4. Deialdi honi buruz edozein kontsulta egiteko, hura kudeatzen duen organora jo daiteke, posta elektronikoko helbide honen bidez: iniciativacultural@navarra.es.

10.–Diruz laguntzen diren proiektuen interes soziala, Kultur Mezenasgoaren ondorioetarako.

10.1. Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 5.1.b) artikuluan xedatutakoarekin bat, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuak interes sozialekotzat hartuko dira. Ondorio horretarako, eskatzaileek IV. eranskina beteko dute.

10.2. Kultur mezenasgoaren arloko zerga-pizgarriak aplikatzeko, onuradunek maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legean eta Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22.2 artikuluan ezarritako baldintzak eta betebeharrak bete beharko dituzte. Foru agindu horren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen.

10.3. Orobat, beren proiektuak gauzatzen laguntzeko mezenasgo eta babesletza ekarpenak jasotzen dituzten onuradunek amaierako txosten batean zehaztu beharko dituzte mezenasgo eta babesletza modalitate guztien bidez jasotako ekarpenak, eta ebaluatu laguntza horiek diruz lagundutako proiektua gauzatzeari begira izan duten eragina.

11.–Elkarte onuradunen betebeharrak.

11.1. Dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean, dirulaguntzen elkarte onuradunek gardentasunari buruz duten betebeharraren aitorpena aurkeztu beharko dute, eta, hala badagokio, eskatzen zaien dokumentazioa ere bai, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoari jarraituz, dekretu horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen baititu.

Aitorpen eredua eta nahitaezko dokumentazioa Nafarroako Gobernuaren web-orriaren bitartez kontsultatu, bete eta tramitatzen ahalko dira: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/, edo deialdi hau kudeatzen duen Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalaren bidez.

Izan daitezkeen zehapenak galarazi gabe, onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

11.2. Deialdi honen bidez diruz laguntzen den programarako baizik ez da erabiliko laguntza, eta, oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak beteko dira.

11.3. Kultura eta Kirol Departamentuko Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalean justifikatzea diruz lagundutako programa gauzatu dela eta zer gastu egin den.

11.4. Elkarte onuradunak laguntza jasotzen duten proiektuei buruzko ahozko edo idatzizko informazio edo komunikazio guztietan adierazi beharko du proiektu horiek Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza jaso dutela.

11.5. Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalari jakinaraztea proiektuaren garapenean gertatzen den edozein gorabehera, gertatzen den unean berean, baldin eta proiektua aldatzea ekartzen badu.

Proiektuan edozein aldaketa egiteko, Kultur Ekintza Zerbitzuaren adostasuna beharko da aurretik; zerbitzu horrek baimena emanen du baldin eta aldaketak onetsitako proiektua funtsean aldatzen ez badu, ebaluazio batzordearen ustean.

11.6. Diruz lagundutako proiektuen argitalpen guztietan zehaztu beharko da Nafarroako Gobernuaren finantzaketa jaso duela.

Diruz lagundutako proiektuaren egitarauan, afixetan, iragarkietan edo edozein motatako publizitatean Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabili beharko dute, eta hori deskribatzen duen testu bat erakutsi (Finantzatzen du, Laguntzen du:...).

Logotipoa erabiltzeko jarraibideak Nafarroako Gobernuaren web-orrian kontsulta daitezke: http://www.navarra.es/home_eu/Gobierno+de+Navarra/Simbolo+oficial/ eta/edo haren Argitalpen Atalaren bidez.

Ekitaldia dirulaguntza eman aurretik egin bada, ez da nahitaezkoa izanen logoa jartzea inprimatutako materialean (esku-orriak, kartelak).

Hala ere, zabalkunde telematikoan, web-orrian eta aldaketa egiteko aukera ematen duen edozein baliabidetan, dirulaguntza eman bezain laster aldatuko da, eta Nafarroako Gobernuaren logoa sartuko, arestian deskribatutako baldintzei jarraituz.

11.7. Noiznahi ere onartzea Kultura eta Kirol Departamentuko Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalak proiektua gauzatzen ari dela ziurtatzeko egiten dituen egiaztapen lanak.

11.8. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

11.9. Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak erabili ahal izan daitezen, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak eduki beharko dira, behar bezala ikuskatuak, onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritzako legeetan eta lege sektorialetan agindutako moduan. Halaber, dirulaguntzen oinarri arautzaileetan berariaz eskatzen diren kontabilitate orriak eta erregistro berariazkoak eduki beharko dira.

11.10. Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

11.11. Elkarte onuradunak memoria bat aurkeztu beharko du proiektua bukatzen duenean. Honako hau sartuko da aipatu memorian:

–Proiektuan egindako jardueren ebaluazio txostena, eskabidearekin batera aurkeztutako deskripzio-memorian jasotakoarekin alderatuta. Helburuak noraino bete diren aztertuko da, proposatutako adierazleei jarraikiz.

–Masa soziala osatzen duten pertsonen banaketa sexuen arabera (emakumezko eta gizonezko bazkideen kopurua); orobat, entitateko zuzendaritza-taldearena, talde artistikoarena eta kudeaketa taldearena.

11.12. Deialdi honen dirulaguntzaren xedeko jarduerek, bai eta horien zabalkundeak ere, aintzat hartu beharko dituzte Nafarroako Berdintasunerako Institutuak generoaren aldetik baztertzailea ez den hizkerari buruz argitaratutako gomendioak: https://www.navarra.es/NR/rdonlyres/30B6ABA1-F8D6-468F-8CBB-D5808B5F6575/118955/GUIADECOMUNICACION1213.pdf.

12.–Ordaintzeko moduak.

Ordaintzeko moduak hauek izanen dira:

12.1. Oro har.

Oro har, behin entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren ordainduko dira laguntzak.

Proiektua bukatutakoan egin daiteke justifikazio hori, edo partzialki, proiektuaren %25, %50 eta %75 gauzatu ahala.

Entitateak dokumentazio hau aurkeztuko du justifikazio partzialean:

a) Eskaera-idazkia, ordainketa modua (justifikazio partziala) eta eskatzen den zenbatekoa adierazita. Horrekin batera, diruz lagundutako jarduera dela-eta izandako gastuen fakturen zerrenda zehaztua aurkeztuko da, behar bezala zenbakitua, edo, fakturak izan ezean, merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten frogagirien zerrenda, baita egindako ordainketen frogagiriena ere, honako hauek adierazita: hornitzailearen/emailearen izena, IFZ, kontzeptua, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa (BEZarena, PFEZarena eta guztirakoa) eta ordainketaren data; zerrenda hori Excel formatuan igorriko da.

b) Orobat, aurkeztuko dira egindako gastuen fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten bestelako agiriak, eta egindako ordainketen frogagiriak, dirulaguntzaren helburua bete dela frogatzeko.

c) 100 eurotik gorako gastuen ordainketak bankuko ordainagirien bidez frogatuko dira. Zenbateko horretakoak edo txikiagoak diren gastuak, berriz, fakturen bidez edo froga balio bera duten beste dokumentu batzuen bidez justifikatzen ahalko dira, kasu bakoitzeko ordainagiriak erantsita, hots: bankuko frogagiriak, “ordainduta” zigilua daramaten fakturak (hornitzaileak sinatuak eta zigilatuak), edo faktura edo gastua ordaindu dela frogatzen duen beste edozein dokumentu.

d) Jarduerak, deialdi honetako laguntzez gain, norberaren edo besteren baliabideekin edo beste dirulaguntza batzuekin finantzatu direnean, horien zenbatekoa eta jatorria frogatu beharko dira (horien zerrenda zenbakitu eta zehaztua aurkeztuz) eta, orobat, funtsak diruz lagundutako jarduerei aplikatu zaizkiela.

e) Egindako jarduerak azaltzen dituen memoria laburra.

f) Proiektuari lotutako eta kontabilizatutako gastu eta diru-sarreren zerrenda.

Dokumentazio hori eskabidearekin batera aurkeztuko da, ordainketa partzial bakoitza baino lehen edo ordainketa osoa eskatzean.

Kultur Ekintza Zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren eginen da ordainketa.

12.2. Konturako ordainketa.

Konturako ordainketak egiten ahalko dira, entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren. Konturako azkeneko ordainketa egiteko muga-eguna 2020ko urriaren 15a izanen da.

Entitateak dokumentazio hau aurkeztuko du justifikazioetan:

a) Eskaera-idazkia, ordainketa modua (konturako ordainketa) eta eskatzen den zenbatekoa adierazita. Horrekin batera, gastuak justifikatzeko fakturen edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten beste agiri batzuen zerrenda zenbakitu eta zehaztua aurkeztuko da, honako hauek adierazita: hornitzailearen/emailearen izena, IFZ, kontzeptua, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa (BEZarena, PFEZarena eta guztirakoa) eta ordainketaren data; zerrenda Excel formatuan igorriko da.

b) Orobat, aurkeztuko dira egindako gastuen fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten bestelako agiriak, dirulaguntzaren helburua bete dela frogatzen dutenak.

c) Jarduerak, deialdi honetako laguntzez gain, norberaren edo besteren baliabideekin edo beste dirulaguntza batzuekin finantzatu direnean, horien zenbatekoa eta jatorria frogatu beharko dira (horien zerrenda zenbakitu eta zehaztua aurkeztuz) eta, orobat, funtsak diruz lagundutako jarduerei aplikatu zaizkiela.

d) Egindako jarduerak azaltzen dituen memoria laburra.

Dokumentazio hori eskabidearekin batera aurkeztuko da, ordainketa partzial bakoitza baino lehen edo ordainketa osoa eskatzean.

Kultur Ekintza Zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren eginen da ordainketa.

12.3. Salbuespenez.

Salbuespenez, jarduera gauzatu aurretik ordaintzen ahalko dira laguntzak, emandako dirulaguntzaren %50 aurreratuz, gehienez ere.

Horretarako, entitateak Kultur Ekintza Zerbitzuari eskatu beharko dio, aurrerakina ordaintzeko eskabide berariazko baten bidez, eta dirulaguntzaren helburuak betetzeko funtsik ez duela frogatzeko dokumentazio egokia aurkeztu (egoeraren balantzea edo diruzaintzako egoera-orria, ordaintzeko eta kobratzeko dituen diru-kopuruen zerrenda, hilabetez hilabete aurkeztua).

Aurrerakina eskatzeko epea bi hilabetekoa izango da, laguntza eman dela jakinarazten denetik hasita.

13.–Justifikatzeko epea eta modua.

13.1. Aurreko atalean aipatutako ordainketa moduen artean edozein aukeratzen dela ere, dirulaguntzaren likidaziorako, elkarte onuradunek honako frogagiri hauek aurkeztu beharko dituzte 2020ko abenduaren 1a baino lehen, egun hori barne:

–12.1 oinarrian eskatutako dokumentazioa.

–Proiektuaren azken memoria, 11.11 oinarrian zehazten den moduan.

–Elementu inprimatuak eta publizitatekoak, eta/edo zabalkundea egiteko erabili diren web-orrietarako estekak.

Kultur Ekintza Zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren eginen da ordainketa.

Hala ere, konturako ordainketaren bat egin bada, elkarte onuradunek frogagiriak hiru hilabeteko epean aurkezten ahalko dituzte, diruz lagundutako jarduerak gauzatzeko epea bukatzen denetik hasita, baldin eta horietan agertzen bada gauzatze epe horren barnean dauden gastuei dagokien ordainketa dela (fakturak eta merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten agiriak). Agiri horiek jaso eta aztertu ondoren, organo kudeatzaileak espedientea ixteko txostena eginen du, edo, bestela, oker kobratutako kopuruak itzultzeko espedientea hasiko du.

Ordainketa partzialen edo konturako ordainketaren bat egin bada, ez da beharrezkoa izanen aurkeztutako dokumentazioa berriz aurkeztea.

13.2. Justifikazioa ezarritako epean edo zuzenketak egiteko ematen den epean aurkeztu ezean, galduko da justifikatzen ez diren gastuetarako dirulaguntzak kobratzeko eskubidea.

13.3. Laguntza ematea onartzen den unean jarduera egina duten proiektuen kasuan, laguntza eman zaiela jakinarazi eta bi hilabeteko epean aurkeztu beharko dute dokumentazio hori.

13.4. Diruz lagundutako proiektuaren gastu guztia justifikatu beharko da. Laguntzaren azken likidazioa egiteko, laguntza ematean zehazten den portzentajea aplikatuko zaie jarduera egin eta gero onartutako gastuen frogagiriei, baldin eta ordainketaren frogagiria badute.

14.–Dirulaguntzen pilaketa eta bateragarritasuna.

14.1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren dirulaguntzarekin batera, helburu bera duten beste batzuk ere jaso daitezke, beste administrazio publiko batzuenak, beste entitate pribatu edo publiko batzuenak edo partikularrenak.

Dena dela, bateraezina izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta Nafarroako enpresa-sektore publikoak proiektu bererako ematen duten beste edozein dirulaguntzarekin.

14.2. Dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

15.–Laguntza itzultzea.

Onuradunak proiektua gauzatu dela behar bezala justifikatu ezean, ordaindutako laguntza osorik edo hein batean itzul dezala eskatuko zaio, bai eta dirulaguntza ordaindu zenetik dirua itzultzen duen egunera arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko ere, proportzionaltasun irizpideari jarraituz eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluarekin bat.

Erakunde onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino bete diren dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.

16.–Hornitzaileak kontratatzea.

Gastu diruz lagungarria 12.000 eurotik gorakoa bada (BEZa kanpo), ekipamenduko ondasunen horniduren kasuan edo aholkularitza eta laguntza enpresek emandako zerbitzuen kasuan, onuradunak frogatu beharko du organo emailearen aurrean hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu duela.

Baldintza hori betetzen dela ulertuko da baldin eta hiru eskaintza edo gehiago eskatu, eta jasotako proposamenetatik onena hautatu bada, salbu eta, gastu diruz lagungarrien ezaugarri bereziengatik, ez badago merkatuan hura hornitu edo ematen duten entitate aski, edo gastua dirulaguntza eskatu aurretik egina bada.

17.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenetarako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedaturikoa aplikatuko da.

Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen V. tituluan ezarritakoa izanen da.

18.–Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.

19.–Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

I. ERANSKINA

Eskaera eredua.

II. ERANSKINA

Proiektuaren deskripzio-memoria.

III. ERANSKINA

Aurrekontua.

IV. ERANSKINA

Kultur mezenasgoari lotutako erantzukizunpeko adierazpenak.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F2005464