128. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

72/2020 EBAZPENA, maiatzaren 14koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, 2020ko deialdia onesten duena Nafarroako toki entitateei dirulaguntzak emateko ehiza espezieek egindako kalteak prebenitzearren. DDBN identifikazioa: 501944.

Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez, alarma egoera deklaratu da COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko (hemendik aurrera AEED).

AEEDren hirugarren xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera, epe administratiboak eteten dira zenbait salbuespenekin. Honela dio, bada, lege testuak:

1. Bertan behera uzten dira mugaegunak, eta eten egiten dira epeak sektore publikoko erakundeen prozedurak izapidetzeko. Epeen zenbaketa berriz hasiko da errege dekretu horrek edo, hala badagokio, haren luzapenek indarra galtzen duten unean.

2. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean zehaztutako sektore publiko guztiari aplikatuko zaio epeak etetea eta mugaegunak bertan behera uztea.

3. Aurrekoagatik ere, organo eskudunak erabaki ahalko du, ebazpen arrazoitu baten bidez, antolamendu eta instrukzioko neurriak hartzea, behar-beharrezkoak baino ez direnak, kalte larriak saihesteko prozedurako interesdunaren eskubide eta interesetan, baldin eta interesdunak adostasuna adierazten badu, edo interesdunak adostasuna adierazten duenean epea ez eteteko.

4. Deusetan galarazi gabe aurreko ataletan ezarritakoa, errege dekretu honek indarra hartzen duen unetik sektore publikoko entitateek ahalmena izanen dute alarma egoera justifikatzen duten egitateei zuzen-zuzenean lotutako egoerei buruzko prozedura administratiboei jarraipena emateko, behar bezala arrazoituta, baita, interes orokorra babesteko edo zerbitzuen oinarrizko funtzionamenduari begira, ezinbestekoak diren prozedurei ere.

Bestalde, AEEDren 7.g) artikuluak ezartzen du alarma egoerak irauten duen bitartean jendea erabilera publikoko eremuetatik edo bideetatik soilik joan daitekeela ondotik zehazten diren jarduerak egiteko eta jarduera horiek banaka egin beharko direla, non ez zaien desgaitasuna duen pertsonei, adingabeei edo adinekoei laguntzen edo justifikatuko beste arrazoi batengatik: Lantokira joatea lanaldia betetzeko edo enpresa edo lanbide jarduerak egiteko.

Ildo horretan, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak informazio ohar bat plazaratu zuen azaltzeko nola aplikatu behar den AEED nekazaritzaren, abeltzaintzaren eta arrantzaren sektorean: “Elikagaien hornidura katea osatzeagatik, alarma egoeran bermatu beharreko jarduerak dira hauek: nekazaritza, abeltzaintza eta akuikultura, baita arrantza ere, nekazaritzako eta arrantzako produktuen eraldaketa, albaitaritzako zentro eta klinikak, elikagaien garraioa eta banaketa eta horiek merkaturatzea kontsumitzailearentzako txikizkako salmentaren bidez. Horrek esan nahi du nekazaritzako elikagaien arloko enpresen jarduera orokorra mantentzeaz gain, nekazaritzako, abeltzaintzako, akuikulturako ustiategiak eta arrantza barne, horien funtzionamendurako beharrezkoak diren intsumoez hornitzen dituzten enpresena ere mantendu behar dela.

Nekazariek, abeltzainek, akuikultoreek eta arrantzaleek aukera izan behar dute lanean segitzeko, jarduera mantentzea bermatzeko beharrezkoa dena egiten.

Nolanahi ere, birusaren hedapenari aurrea hartu eta hori gelditzearren, alarma egoerak irauten duen bitartean mugatu edo bertan behera utzi behar dira nahitaezkoak ez diren lanak, esate baterako, mantentze-lan osagarriak”.

Geroago, martxoaren 29ko 10/2020 Foru Lege-dekretuak, I. eranskinean, ezarri du zer sektore den funtsezko, eta haien artean hauek daude: “Merkatuaren hornidura katean parte hartzen duten zereginetan aritzen direnak, bai eta premiazko ondasun eta zerbitzuak ekoizteko zentroetako zerbitzuen funtzionamenduan parte hartzen dutenak, elikagaiak, edariak, animalientzako elikagaiak, produktu higienikoak, botikak, osasun produktuak edo osasunaren babeserako beharrezkoa den edozein produktu barne; horrekin batera, horien banaketa ere baimentzen da, jatorritik hasi eta azken destinoraino”.

Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren martxoaren 29ko 10/2020 Errege Lege-dekretuan xedatutakoarekin bat, Arrantza, Nekazaritza eta Elikadura Ministerioak informazio ohar bat argitaratu zuen martxoaren 30ean, honakoa berariaz adierazteko: “Eranskinean jasota dagoenez, arau hau ez zaie aplikatuko nekazaritzan, abeltzaintzan, akuikulturan, arrantzan eta elikagaien industrian aritzen diren langileei, ez eta horien funtzionamendua ziurtatzeko ezinbestekoak diren jarduerei ere.”

Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legea aldatzen duen apirilaren 4ko 4/2014 Foru Legeak, 52. artikuluan (“Ehiza sustatzeko neurriak”), aurreikusten du beste hainbat kontzepturen artean laguntza ekonomikoak ezartzea, ehiza espezieek egiten dituzten kalteen kontrolerako neurriak hartzeko.

Nola arazo ekonomiko eta sozial handiak izan diren azken urte hauetan ehiza espezie batzuek, hala nola untxiak, orkatzak eta basurdeak, nekazaritzako laboreetan egindako kalteengatik, komeni da toki entitateei sostengua ematea, kasuan kasuko ehiza barrutiak kudeatzeko ardura baitute, ehizari buruzko foru araudiak horretaz zehazten dituen betebeharrei aurre egiteko eta kasuan kasuko lurralde-eremuetan laboreak babesteko neurri eraginkorrak sustatzeko. Ildo horretan, adierazi behar da ehiztarien tokiko elkarteek badutela izaera berdintsuko dirulaguntzen beste lerro bat, urteroko tradizio luzea duena.

Kontuan izanik egun kalteak egiten dituzten ehiza espezieak kontrolatzeko ez dela aski ehiztarien ohiko presioa, aurreikusten da espezie horien kopuruak handituz joaten ahal direla, eta horrekin batera, nekazaritzaren gaineko kalteak ere bai. Horregatik, funtsezkoa da laboreak babestea.

Adierazitakoarekin bat, beharrezkotzat jotzen da Nafarroako toki entitateentzako laguntzen lerro bat, ehiza espezieek COVID-19a dela-eta deklaratutako alarma egoeran egindako kalteak prebenitzeko.

Basoen eta Ehizaren Zerbitzuaren txostena ikusirik.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 2020ko deialdia onestea ehiza espezieek egindako kalteak prebenitzearren Nafarroako toki entitateak diruz laguntzeko.

2. Laguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I., II. eta III. eranskinetan ageri dira.

3. 40.000 euroko gastua baimentzea, 2020ko gastuen aurrekontuko “Toki entitateentzako laguntzak habitatak hobetzeko eta ehizaren kalteak prebenitzeko” izeneko 740002 74200 4609 456309 partidaren kargura, Nafarroako toki entitateek laboreak babesten dituzten oztopo fisikoak erostearen ondoriozko gastuei erantzuteko.

4. Ebazpena eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta bere laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.

5. Oinarri arautzaile hauek eta dagokien deialdia Dirulaguntzei buruzko Datu-base Nazionalean erregistratzea.

6. Ebazpen hau jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, Foru Ogasuneko kontu-hartzailetza delegatuari, Ekonomia Aferetarako Bulegoari eta Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko Ehiza Atalari.

7. Aditzera ematea ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dutela haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, alarma egoeraren deklarazioa bukatu eta hurrengo egun baliodunetik hasita hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, bi hilabeteko epean, alarma egoeraren deklarazioa bukatu eta hurrengo egun baliodunean hasita, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan xedatutako moduan eta epeetan.

8. Bat etorriz COVID-19aren ondoriozko osasun krisia kudeatzeko xedez alarma egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriaren 4. puntuarekin, espediente hau bideratu eta tramitatuko da epeen etendura aplikatu gabe, fase guztietan arrazoi honengatik: “interes orokorra babesteko ezinbesteko jarduketak”, funtsezko prozedura baita ehiza espezieek nekazaritzan egiten dituzten kalteak prebenitzeko eta/edo murrizteko; izan ere, nekazaritza funtsezko sektorea da elikagaien hornidurarako.

Iruñean, 2020ko maiatzaren 14an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak Nafarroako toki entitateei diruz laguntzeko, 2020an ehiza espezieek egindako kalteak prebenitzearren (PDFa).

II. ERANSKINA

Laguntza eskaera Nafarroako toki entitateentzat, 2020an ehiza espezieek egindako kalteak prebenitzeko (PDFa).

III. ERANSKINA

Ehiza espezieek egiten dituzten kalteak prebenitzeko egindako lanen ziurtagiria (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2004974