128. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 15a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARAKIL

Ordenantza, Herri-lurrak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Arakilgo Udalak, 2019ko abuztuaren 26an egin bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Herri-lurrak arautzen dituen ordenantza, eta erabaki hori jendaurrean jarri zen, iragarkia argitara emanik 2019ko 190. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, irailaren 25ekoan, bai eta Udalaren iragarki-taulan ere.

Jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, behin betiko onetsitzat jotzen da, eta testu osoa argitaratzen, eraginkortasun juridikoa izan dezan; hori guztia, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin (maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez aldatua).

Arakilen, 2020ko maiatzaren 5ean.–Alkatea, Oihana Olaberria Jaka.

ORDENANTZA, ARAKILGO UDALAREN HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAK ETA UDALAREN BIDEAK ARAUTZEN DITUENA

Ordenantza honen xede diren herri-lurretako aprobetxamenduak Aizkorbeko kontzeju azkenduaren barnean daude, eta gaur egun Arakilgo Udalaren jabetzakoak dira.

Arakilgo Udalak, 2016ko abuztuaren 24an egin osoko bilkuran, erabaki zuen Herri-basoko aprobetxamendu eta hobekuntza plan berezia onestea, eta gero hura berretsi eta onetsi egin zen, Ingurumeneko eta Lurraldearen antolamenduko zuzendari nagusiaren 2016ko irailaren 15eko 699/2016 Ebazpenaren bidez.

Plan horretan egin zen azterketa xehearen ondoren, eta herri-lurretako aprobetxamenduen gaineko araurik ez zegoenez, udal ordenantza hau onestea proposatu zen.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea, erregula daitezen Arakilgo Udalaren herri-ondasunen administrazioa, xedapen-egintzak, defentsa, berreskurapena eta aprobetxamendua.

2. artikulua. Herri-ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herri-ondasunak dira besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak, eta ez dute beren gain tributurik izanen.

4. artikulua. Herri-ondasunen gaineko arauak hauek izanen dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboko gainerako arauak, herri-lurrei buruzko ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuko arauak.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen-egintzak

5. artikulua. Udalari berari dagozkio Arakilgo Udalaren herri-ondasunen gainean xedatu, administratu, aprobetxamendu-araubidea ezarri eta antolatzeko ahalmenak, ordenantza honetan azaltzen den eran.

6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aurretik, Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Arakilgo Udalak justifikatu egin beharko du dagoen asmoa ezin dela lortu beste bide batzuk baliatuz, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek baitira lehentasunezko aukerak.

Herri-ondasunak desafektatu ondoren, beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula bat jasoko da betiere, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertzen edo betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Arakilgo Udalaren ondarera itzuliko lirateke herri-ondasun gisa.

III. TITULUA

Herri-ondasunak defendatu eta berreskuratzea

7. artikulua. Arakilgo Udala herri-ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da, eta aurka eginen dio haien kalterako pribatizazio saio edo ekintza orori.

8. artikulua. Arakilgo Udalak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri-ondasunen jabetza, aurretik legelariak txostena egin eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezkoa denean, akzio zibilak sustatuko ditu herri-ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. artikulua. Baimen, emakida edo beste zernahiren kariaz herri-ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, Arakilgo Udalak administrazio bidea erabiliko du beti, ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

10. artikulua. Arakilgo Udalak herri-ondasunei buruzko kontratuetan parte hartzen duenean, berak interpretatuko ditu kontratu horiek, eta berak ebatziko ditu, halaber, haiek betetzean sortzen diren zalantzak.

11. artikulua. Arakilgo Udalak herri-ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, posible izanen da herritarren ekimena, horretarako ezartzen den eran. Ekimen horrek aurrera eginez gero, sortutako gastuak itzuli egin beharko dizkie herritarrei Udalak.

IV. TITULUA

Herri-ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

12. artikulua. Ordenantza honek aprobetxamendu hauek arautzen ditu:

1. Herri-larreen aprobetxamendua.

2. Etxerako egurraren aprobetxamendua.

3. Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk.

13. artikulua. Oro har, herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia-unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adin nagusikoa izatea, edo adingabe emantzipatua, edo judizialki gaitua.

b) Arakilgo Biztanleen Udal Erroldan bizilagun gisa inskribatuta egotea urtebeteko antzinatasunez.

c) Arakilgo Udaleko kontzeju eta herrietan bizitzea urtean bederatzi hilabetez jarraian gutxienez.

d) Arakilgo Udalarekin zerga betebeharrak egunean izatea.

Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia-unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatua, familiakoekin bizi arren, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.

Artikulu hau eta aurrekoa interpretatzerakoan sortzen diren zalantzak Arakilgo Udalak argituko ditu, kasuz kasu.

II. KAPITULUA

Herri-larreen aprobetxamendua

1. ATALA

Larreen aprobetxamendua

14. artikulua. Arakilgo herri-lurretako aprobetxamendu eta hobekuntza plan bereziaren arabera, azienda 46,10 hektareako herri-baso guztian ibil daiteke bazkan. Abere-zama potentziala 45-50 behi edo 300-360 ardi edo 40-50 behorrekoa da. Gomendioa da herri-lur horietan 30 bat behi bazkatzea ekainetik irailera, 70 ardi ekainetik urriaren bukaerara bitarte eta 20 behor neguan, belarra ere emanik osagarritzat. Hona hemen azienda gobernatzeko jarraibideak:

–Lehenik eta behin, herri-larreak neurriz aprobetxatu behar dira, gehiegizko nahiz gutxiegizko larratzea saihestuz.

–Gomendatzen da bazkalekuari pausaldi bat emateko, eta martxo-apiriletan azienda sartzea debekatzeko.

–Festua rubra gr. eta Agrostis capillaris belarrak dituzten larreetan, Brachypodium rupestre espeziea, orrea eta otea daudenean, larratze intentsiboa egin behar da (0,7-1 AzLU/ha), sastraka-estaldura murrizteko eta larrearen bazka-kalitatea hobetzeko.

–Koeleria vallesiana belarra duten larreetan, Festuca ovina gr. dagoenean, neurrizko larratzea gomendatzen da (0,3-0,5 azienda larriko unitate (AzLU)/urte), oso azaleko belardiak direlako eta, beraz, lurren higadura gerta daitekeelako. Horrelako bazkalekua aukerakoa da behi azienda larratzeko, belarra motza denez, abere horien ahokadarako aproposa delako. Gomendatzen da udan erabil daitezela.

–Brachypodium rupestre espeziea duten larreetan, harria dagoenean, neurrizko larratzea gomendatzen da (0,4-0,6 AzLU/urte), lur-galera gerta daitekeelako. Zorua sakonago den aldeetan, abere-zama areagotu egin daiteke.

–Gomendatzen da larratze mistoa egiteko, eta abereak alde jakin batzuetan biltzea saihesteko, zorua ez narriatzeko, askak dauden hariztian gertatzen den bezala.

–Ardiek, udan, herri-lurren goialdean bazkatu beharko lukete, Ergako Trinitatearen baselizako larreetan. Behiek, aldiz, zuhaiztiko eremu lauenetan eta Mugazorrotz aldeko bazkalekuan (ekain, uztail eta abuztuan). Behorrek, bazkaleku guztian barna (ekain, uztail, abuztu, irail eta urrian).

15. artikulua. Herri-larreen aprobetxamendua modalitate hauen arabera eginen da, eta lehentasun honetan:

a) Herritarrendako zuzeneko adjudikazioaren bidez.

b) Aizkorben dagoen abeltzaintzako ustiategiaren titularrarendako zuzeneko adjudikazioaren bidez.

c) Enkante publikoan adjudikatuz.

Bazkalekuen aprobetxamendua haien azaleraren %95ean gauzatuko da, eta %5 erreserbatu eginen da, ingurumenarekiko errespetuagatik bereizten diren nekazaritzako eta abeltzaintzako jardunbideak aurrera eramateko. Azaleraren %5 hori Udalaren erabakiz adjudikatuko da.

–Herritarrendako zuzeneko aprobetxamendua.

Ordenantza honen 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateetako titularrak izanen dira onuradunak herri-larreen aprobetxamenduaren herritarrendako zuzeneko adjudikazioan. Horretarako, aziendak Arakilgo Udalaren katastroan izan beharko dituzte, eta horiek urte osoan udal mugartean egon beharko dute; halaber, alta emanda eduki beharko dituzte Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Azienden Erroldaren Erregistroan, eta erregistro hori ustiapen liburuan jaso. Horrez gain, titularrak toki entitatearen baimena beharko du, bere aziendari dagokion jardueran aritzeko.

16. artikulua. Herriko abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak, eta ez da zilegi haien azpierrentamendua edo lagapena.

Herritarrei zuzenean adjudikatzeko epea zortzi urtekoa izanen da.

Azienda moten arteko baliokidetasun hauek ezartzen dira:

a) Behi bat, zaldi-abelburu baten baliokide.

b) Behi bat, zortzi ardi-abelbururen baliokide.

Herri-larreak erabiltzen dituen aziendak bete beharko du Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legea, herri-larreak aprobetxatzen dituen abereen osasun babesari dagokionez. Aipatu legean eta bere erregelamenduetan ezarritako baldintza guztiak bete beharko dira.

Azienda larria identifikatzeko (zaldi eta behi aziendak), markatu eginen dira kanpaina bakoitzaren hasieran, Udalak ezartzen dituen egunetan.

17. artikulua. Debeku da ahuntz eta txerri aziendak larratzea.

18. artikulua. Azienda mota bakoitza larratzeko, urteko tarifa hauek ezartzen dira:

1. Zaldi azienda, urtebetetik gorakoa, 16 euro buruko; behi azienda, urtebetetik gorakoa, 13 euro buruko, eta 3 euro ardi aziendako buruko.

Ordenantza honetan ezarritako larratze kuotak aldatzen ahalko dira Udalak egoki deritzonean, teknikari eskudun batek balorazioa egin ondoren larreen benetako balioari buruz eta egiten diren azpiegitura edo hobekuntzak amortizatzeko kostuari buruz, halakoak egiten direnean. Kuotak betiere aldatuko dira aldaketa egitea erabaki den urte naturala bukatu baino lehen, tarifa berriak hurrengo urtearen hasieran jar daitezen indarrean. Nolanahi ere, kanona benetako balio horren %80tik %90era bitartean egonen da, 6/1990 Foru Legearen 150. artikuluak adierazten duenaren arabera.

Aipatutako kuoten ordainketa urte bakoitzaren akaberan egiaztatuko da, egiaztatu beharreko herri-lurren aprobetxamenduen gainerako ordainketekin batean.

Urtero berrikusiko da adjudikazioaren prezioa, abeltzainek jasotzen dituzten prezioen aldaketetara egokitzeko, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 27. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Abeltzainek ez dute ordaindu beharko baldin eta, osasuneko kutsadura arriskuagatik, larreak aprobetxatzeko eskubidea kentzen bazaie, edo istripuz hildako abere bat ez badute beste batekin ordezten. Udalaren aldetik, albienteak izanen du bere gain herri-larreetako abelburuen kontrola eta jarraipena egiteko ardura.

19. artikulua. Herri-larreen azalera abeltzain adjudikaziodunak diren herritarren artean banatuko da, bakoitzaren abere saldoak duen tamainaren arabera. Herri-lurretako aprobetxamendu eta hobekuntza plan berezian ezarririko irizpidearen arabera banatuko da larre-eremua, abere-zama onargarritzat zehazturik dagoen mugara iritsi arte.

Soberako azalerarik geratzen bada zuzeneko adjudikazioa egin ondoren, Udalak enkante publikoa egiten ahalko du.

2. ATALA

Larreak herritarrei adjudikatzeko prozedura

20. artikulua. Toki korporazioaren erabaki baten bidez, eta iragarkia argitaratu ondoren Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki-taulan, epe bat jarriko da eskubidea dutela uste dutenek larreen zuzeneko adjudikazioa eska dezaten. Interesdunek, orotara, bazkalekuen %95 erabiltzeko aukera izanen dute.

21. artikulua. Eskabideekin batera aurkeztuko dira 15. artikuluak aipatzen dituen agiriak, abelburu kopurua frogatzeko zerga-eskakizunaren ziurtagiria, eta indarreko araudiak –azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legeak– aipatzen duen osasun ziurtagiria. Horretaz gain, eskatzaileak erabili nahi dituen tokien zerrenda bat aurkeztuko da.

22. artikulua. Udalak behin-behinekoz eginen du adjudikazioa, gorabehera hauek kontuan harturik:

a) Lehentasuna emanen zaie guztira diru-sarrera txikienak dituzten familia-unitateei.

b) Lurrak adjudikatuko dira bazkan jasan dezaketen abere-zamaren arabera.

23. artikulua. 1. Behin-behineko adjudikazioa eginik, iragarkia jarriko da entitatearen taulan, eta epe bat emanen da erreklamazioak aurkezteko.

2. Adierazi epea iragandakoan erreklamaziorik jaso ezean, behin-behineko adjudikazioa behin betikoa izanen da.

Bestela, toki entitateak aurkeztu diren erreklamazioak ebatziko ditu eta bidezkoa dena erabakiko du behin betiko adjudikazioari buruz.

3. ATALA

Aizkorben dagoen abeltzaintzako ustiategiaren titularrarendako zuzeneko adjudikaziorako prozedura

1. Herritarrendako zuzeneko adjudikazioa egin ondoren, Aizkorben dagoen ustiategiaren titularrak bazkalekuaren zuzeneko aprobetxamendua eskatu ahalko du 15 eguneko epean, behin betiko adjudikazio horren egunetik zenbatzen hasita. Eskuragarri dagoen azaleraren %95era mugaturik egonen da aprobetxamendu hori.

2. Ez badu bere eskabidea aurkezten 15 eguneko epean, Aizkorben dagoen ustiategiaren titularrak enkante publikoan parte hartzen ahalko du, Udalak halakoa sustatzen badu eskuragarri dagoen azalerarekin, herritarrendako zuzeneko aprobetxamenduak estali ondoren.

4. ATALA

Larreak enkante publikoan adjudikatzeko prozedura

Behin estalirik herritarrendako zuzeneko aprobetxamenduak eta Aizkorben dagoen abeltzaintzako ustiategiaren titularrarendako zuzeneko adjudikazioa, soberako azalerarik geratzen bada, enkante publikoa eginen da, errespetatuz, betiere, 15. artikuluan aipatzen den %5eko azalera-erreserba.

Hona hemen enkantearen prozedura:

1. Udalak, osoko bilkuran, enkantea arautuko duen klausula-agiria onetsiko du.

2. Enkantea egiteko eguna argitara emanen da kontratazio-atarian, Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta iragarki-taulan.

3. Enkantea egin eta gero, behin-behineko adjudikazioa onetsiko da, eta hura sesta emanez hobetzeko aukera egonen da, honako arau hauen arabera:

–Hobekuntza eskaini beharko da behin-behineko adjudikazioa egin ondoko 6 egun naturaletan (jaiegunak barne).

–Legezko gaitasuna duen nornahik eskaini ahalko du hobekuntza hori, hasierako enkantean parte hartu ez badu ere.

–Hobekuntzak idatziz proposatu beharko dira.

–Sesta emateko epea bukatu, eta beste enkante bat eginen da, hurrengo 4 egunen barnean, eta lehen enkanteko behin-behineko adjudikaziodunari jakinarazi egin beharko zaio. Bigarren enkantean, hasierako prezioa eskaini den hobekuntzarena izanen da.

–Bigarren enkantea egin ondoren, behin betiko adjudikazioa eginen da. Ondoko hiru egunetan, idatziz, nornahik alegatzen ahalko ditu izapidetze-akatsak, eskaintzailea izan ez bada ere.

III. KAPITULUA

Etxerako egurraren aprobetxamendua

24. artikulua. Mendian nahikoa izan eta, Nafarroako Gobernuak baimendu ondoren, Arakilgo Udalak epaitzak banatuko dizkie ordenantza honen 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateei. Horretarako, basogintzako administrazioak epaitzak seinalatuko ditu jasotako eskabide kopuruaren arabera, eta adjudikazioa interesdunen artean zozketatuko da.

25. artikulua. Arakilgo Udalak urtero ezarriko du familia-unitateei adjudikatu beharreko epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada, eten eginen da aprobetxamendu hori, Udalari egoki iruditzen zaion denborarako.

26. artikulua. Epaitzak zuzenean erabili beharko dira, eta onuradunak ezin izanen ditu saldu.

Etxerako egurraren aprobetxamendua ateratzeko epeak iraunen du entregatzeko egunetik urte bereko abenduaren 31ra arte, eta betiere gutxienez 4 hilabetekoa izanen da. Udalak, klimatologia dela eta, badu eskubidea epe hori luzatzeko, bai eta epaitzak entregatzeko eguna aldatzeko eta egokiak iruditzen zaizkion beste aldaketa batzuk egiteko ere. Epealdi hori iraganik, epaitzak aztertuko dira. Udalak zehapena ezarriko du aprobetxamendurik ez egiteagatik edo zati batean soilik egiteagatik.

27. artikulua. Etxerako egurraren aprobetxamenduarengatik ordaindu beharreko kanona urtero ezarriko du Arakilgo Udalak aurrekontu arruntean.

28. artikulua. Onuradunak behartuta daude egurra bildu ondoren hondarrak jaso eta pilatzera. Hondar horiek ezin izanen dira pilatu ez bideetan, ez mendiko pistetan, ez eta oztopo izan daitezkeen lekuetan ere. Betiere, kasu eginen diete Udaleko basozainek eta/edo basogintzako administrazioko langileek ematen dizkieten jarraibideei. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei hiru urtez ukatuko zaie aprobetxamendu hau.

29. artikulua. Epaitzan seinalatutako zuhaitz guztiak aprobetxatuko dira. Epaitza behar bezala aprobetxatzeko, markatuta ez dagoen zuhaitzen bat bota behar bada, basogintzako administrazioari eta Udaleko basozainari eginen zaie kontsulta. Udalaren adostasuna beharko da, ez bada zehapenik nahi.

30. artikulua. Haizeak botatako zuhaitzak, zuhaitz ihartuak edo obren ondorioz eraitsitakoak egurretarako aprobetxatzen ahalko dira salbuespen gisa, baldin eta irizten bazaio zur egiteko aprobetxatzerik ez dagoela. Betiere beharko dira basogintzako administrazioaren berariazko baimena eta Udalaren onespena, eta azken horrek udal basozainaren txostena edukiko du horretarako. Eskaeren ordenaren arabera eman eta banatuko da aprobetxamendua herritar interesdunen artean, balorazio kanona ordaindu ondotik. Epaitza horiek bateragarriak izaten ahal dira urteko epaitza arruntekin, baldin eta nahikoa egur badago. Ezin izanen dute etxerako egurraren aparteko aprobetxamendu hori egin oraindik aurreko urteetako egurra atera gabe duten herritarrek.

31. artikulua. Udalak urtero epaitzak eskatzeko epea irekiko du. Lehenik eta behin, aurreko urteko epaitzen nondik norakoa aztertuko da, eta dagozkien herritarrei zehapenak aplikatuko zaizkie, bidezko bada. Eskabideen eta dagoen egurraren arabera markatuko dira epaitzak mendian. Gerora, jaso diren eskabideen artean zozketatuko dira. Udalak taldeka egin ditzake zozketak, epaitzen kokapenak kontuan izanik, herriei eta herritar eskatzaileei dagokienez.

32. artikulua. Erabat debeku da zaborra, bidoiak zein hondakin oro mendian uztea.

IV. KAPITULUA

Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk

33. artikulua. Herri-lurrak hartzen dituen “Ilunbeta” izeneko ehiza-barrutiko ehizaren aprobetxamendua bat etorriko da indarreko legediarekin, Basa Fauna eta haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legearekin, kontuan harturik zer aldaketak egin zizkioten lege horri 18/2002 Foru Legean eginiko aldaketek eta xedapen osagarriek.

34. artikulua. Erle ustiategiekin okupatzea.

Herri-lurretan erlauntzak jartzeko baimena ematen ahalko zaie erle ustiategi bat jarri nahi dituztenei, autokontsumorako betiere.

Betebeharrak:

1. Irizpide orokor gisa, erle ustiategiak arautzen dituen 209/2002 Errege Dekretuaren 8. artikuluan ezarrita dagoenez, distantzia hauek gordeko dira:

a) Biztanleguneetatik: 400 metro.

b) Abeltzaintzako instalazioetatik: 100 metro.

c) Errepide nazionaletatik: 200 metro.

d) Auzo-bideetatik: 25 metro.

e) Mendiko pistetatik: erlauntzak alboetan jarriko dira, pasabidea oztopatu gabe, eta 5 metrora.

2. Erlategiaren seinalea jarri behar da ongi ikusteko moduko tokian eta irakurtzeko moduan; han, betiere, erlategiari dagokion ustiategiaren kodea azalduko da eta erleak badaudela ohartaraziko da.

3. Erle ustiategiek indarreko legedia bete beharko dute, eta, zehazki, erle ustiategiak antolatzeko arauak ezartzen dituen otsailaren 22ko 209/2002 Errege Dekretua edo haren ordez edo haren osagarri geroago ematen diren xedapenak.

4. Ordenantza honetan edo aplikatzekoa den legedian jasotako arauak betetzen ez dituenak berehala kendu beharko ditu erlauntzak eta/edo zehapena jasoko du.

V. KAPITULUA

Hobekuntza herri-ondasunetan

35. artikulua. Udalak indarrik gabe uzten ahal ditu proiektuen eraginpean dauden herri-lurren gaineko aprobetxamenduen adjudikazioak, indarreko araudian ezarrita dagoenaren arabera, zehazki Toki Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamendua onesteko urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren 217.etik 224.era bitarteko artikuluetan.

V. TITULUA

Arakilgo Udalaren bide sarea erabiltzea

36. artikulua. Arakilgo Udalaren bideen erabilera eta gozamena arautzen da. Araudi ezak eta gerta daitezkeen gehiegikeriek eta erabilera txarrek ekarri dute erregulazioa; izan ere, haiek onik zaintzea da udalaren betebeharra.

37. artikulua. Erabilera onartuak. Bideak erabil daitezke nekazaritza, abeltzaintza, basogintza, industria edo aisiako jarduera guztietarako, ordenantza honetan ezarritako mugekin, betiere.

Udalak, salbuespen gisa, baimena ematen ahal du ibilgailu motordunak erabiltzen dituzten lehiaketa ofizial nahiz turismo jardueretarako, taldeek edo entitateek antolatuak direnean.

38. artikulua. Mugak. Muga hauek ezartzen dira bideetan ibiltzen diren ibilgailu motordun guztientzat.

a) Pisua, gehienez ere: 40 tona.

b) Abiadura, gehienez ere: 40 kilometro/ordu.

Hezetasunagatik eta lurzoruaren egoeragatik, mugatu daiteke bideak zer sasoitan erabili, ez daitezen hondoratu eta desegin. Horri dagokionez, bideak erabiltzeagatik kalteak gertatzeko arriskua badago, kasu eginen zaie Udalaren jarraibideei.

39. artikulua. Erabilera debekatuak. Berariaz debeku dira erabilera hauek:

a) Ez errespetatzea bideetan ibiltzen diren ibilgailuen pisuari edo tamainari ezarritako mugak.

b) Arekak eta erabiltzen ez diren bide publikoko tarteak lantzea.

c) Nekazaritza-lanetan ezponden ondo-ondoan aritzea, lubetaren lurra erauzteraino. Ezpondatik 40 zentimetroko tartea utzi beharko da gutxienez.

d) Zuhaitzak landatzea edo finken itxiturak egitea bidearen kanpoko ertzetik 3 metroko zortasun-eremua gorde gabe, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legean xedatuarekin bat.

e) Lasto metak egitea areketatik 4 metrora baino gutxiagora edo finken sarreretatik hurbil.

f) Obra-hondakinak, harriak eta nekazaritzako hondarrak botatzea bide, areka eta erretenetara.

g) Bideetako areka eta hustubideetatik hurbil nekazaritza-lanak egitean, haietara lurra bota eta estaltzea.

h) Bidera ateratzea lurzatietako euri-uren azaleko saneamenduak; zuzenean erretenetara ateratzea baino ez da onartzen.

i) Bideetako zola kaltetzen duten lanabesak edo bestelako makineriak garraiatzea.

j) Finketako harriak arekan botatzea.

40. artikulua. Erakunde eta entitate publikoetako ibilgailuek ez dute baimenik behar, beren eginkizunak betetzen ari direnean.

41. artikulua. Jarduerarik egin nahi izanez gero, eta hori kapitulu honetan ezarritako mugen aurka baldin badoa, baimena eskatu beharko zaio Udalari. Halaber, baimena eskatu beharko du lanean bide bat era intentsiboan erabiltzekoa denak.

Kasu bakoitzean, eta aintzat hartuz dena delako jarduera, bideak erabiltzeko urte sasoia, baimendu beharreko ibilgailuak eta abar, Udalak egoki iruditzen zaizkion muga osagarriak eta fidantzak ezarriko ditu.

42. artikulua. Baimena eskatu behar duenak eskabidea bete beharko du eta bertan adierazi lana eginen duen enpresaren edo partikularraren izena, lan mota, erabili nahi dituen bideak, ibilgailuen tona gehienekoak eta batezbestekoak, eta zenbat denborarako den.

43. artikulua. Eskabideak ikusita, Udalak onartu edo ukatu eginen du baimena, erabili beharreko bideetan sortzen ahal diren arriskuen arabera.

Baimenak urtebeterako dira edo esleitutako lanak iraun bitarte.

Baimen guztiek fidantza edo abala jartzea ekarriko dute; Udalak bideen gain zenbatesten duen arriskuaren arabera kalkulatuko du, eta itzuliko da bidea kalterik gabe lehengoratu dela frogatzen denean. Pasatzeko kuota ere ezartzen ahal du Udalak, bideen erabilera eta amortizazioa kontuan hartuta, eta haren berri emanen dio, aldez aurretik, erabiltzaileari.

Ez dute berariazko baimenik beharko 12. artikuluan agertzen diren aprobetxamenduetako baten adjudikazio-hartzaileek. Dena dela, aprobetxamenduak erabiltzeko ezarri diren arauak bete beharko dituzte.

44. artikulua. Udalak urtero aztertuko ditu bide guztiak. Gainera, beharra dagoen guztietan, konpondu eta egokitu eginen ditu bere ahalen heinean.

VI. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

45. artikulua. Arau-hauste administratiboak dira jarraian adierazita dauden egitateak, eta honela zehazten diren zehapenak ezarriko zaizkie:

a) Aprobetxamendua behar den bezala, zuzenean eta pertsonalki ez erabiltzea.

Herri-larreen aprobetxamenduan: aprobetxamendu horretarako eskubidea hiru urtean galtzea.

Etxerako egurraren aprobetxamenduan: hartarako eskubidea urtebetean galtzea, baldin aprobetxamendua zati batean soilik egiten bada, eta hiru urtean galtzea, gehiegizko aprobetxamendua egiten bada. Gainera, isun ekonomikoa ezartzen ahalko da, epaitzaren balorazioa halako 5.

b) Aprobetxamenduen kanonak Udalak ezarritako epeetan ez ordaintzea.

Ordaintzeko hilabeteko epea irekitzea, %20ko errekarguarekin.

Epe horretan ordaindu ezean, aprobetxamendurako eskubidea galduko da.

Horren ondorioetarako, gordailuzainak zordunen idatzizko zerrenda bat aurkeztuko du, bai borondatez ordaintzeko aldiaren bukaeran, bai errekarguarekin ordaintzeko epearen bukaeran.

c) Herritarrek nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea dena delako aprobetxamendu mota.

Herri-larreen aprobetxamenduan: 60 euroko zehapena, inplikatutako azienda larriko buru bakoitzeko.

Etxerako egurraren aprobetxamenduan: hartarako eskubidea urtebetean galtzea, baldin aprobetxamendua zati batean soilik egiten bada, eta hiru urtean galtzea, gehiegizko aprobetxamendua egiten bada. Gainera, isun ekonomikoa ezartzen ahalko da, epaitzaren balorazioa halako 5 gehienez.

d) Azienda larriko buruek (zaldi eta behi aziendak) markarik ez izatea edo nolanahi aldatua edo faltsutua izatea:

60 euroko isuna, gehi Udaleko langileek kalkulatutako kalteen zenbatekoa, bai eta, azienda identifikatzeko, abereak biltzeak ekarritako gastuak ere. Ardi aziendaren kasuan, 6 euroko zehapena izanen da buruko, gehi aipatutako kalteak eta gastuak.

e) Adjudikazioetan zehaztutako epeak ez errespetatzea.

30 euroko isuna, epea gainditzen den egun bakoitzeko.

f) Ordenantza honen 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen ez dituen titular baten azienda larratzea.

Eskubiderik izan gabe azienda Udalaren herri-lurretan larratzen den bakoitzean, 60 euroko zehapena behi edo zaldi aziendako buru bakoitzeko, eta 30 eurokoa ardi aziendako buru bakoitzeko. Zenbateko horiei gehituko zaizkie azienda dena delako lekutik eramatearen ondoriozko gastuak (araua hautsi duen titularraren konturakoak, osorik) eta sortutako kalte eta galeren ordaina.

g) Herri-lurretan zaborra eta bestelako hondakinak uztea.

Zabor edo hondakin unitate bakoitzeko 30 euroko zenbatekoa ordaintzea. Zenbateko horiei gehituko zaizkie zaborrak jasotzearen ondoriozko gastuak (araua hautsi duen titularraren konturakoak, osorik) eta sortutako kalte eta galeren ordaina.

h) Ordenantza hau urratzen duten ekintzei buruzko txostena eginen du albienteak. Ordenantza honetan xedatuta dagoena urratzen duten edo herri jabetzetan kalteak edo gehiegikeriak ekartzen dituzten beste egitate edo ekintza guztiei eta zehapena ekartzen duten ekintza guztiei aplikatzen ahalko zaie Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 178. artikulua, zehazki hau:

Zehapenak produktuen balioa halako bost eta hamar bitartekoak izanen dira. Aprobetxatu denaren edo sortutako kaltearen balioa kalkulatu ezin denean, zehapena 60 eurotik 12.000,02 eurora bitartekoa izanen da.

Aurretik esandakoak, hala ere, ez ditu eragotziko egindako kalteen ordainketa eta kasuan kasuko erantzukizunak, edo bidegabeki eskuratutako produktuen eta arau-haustean erabilitako baliabide eta tresnen konfiskazioa.

46. artikulua. Bideei dagokienez, arau-hauste administratibotzat hartuko dira ordenantza honetan ezarritakoa urratzen duten egite edo ez-egiteak.

Arau-hausteak arinak, astunak edo oso astunak izanen dira, eragindako eragozpenaren intentsitatearen arabera eta kalteen arabera.

–Arau-hauste arintzat joko da:

a) Mota guztietako objektuak bidera botatzea.

b) Baimenik gabe zirkulatzea, ordenantza honetan onarturiko tonajea %50 bitarte gaindituz.

c) Zuzenbidearen aurkako eta ordenantza honen aurkako jokabide oro, arau-hauste astuna edo oso astuna ez dena.

–Arau-hauste astuntzat joko da:

a) Bidean objektuak instalatzea gainerako erabiltzaileek hura erabiltzea edo gozatzea oztopatuz edo zailduz.

b) Kirol-lehiaketak antolatzea, oinezkoenak zein txirrindularienak, dagokien baimena gabe, bai eta pertsonen edo ibilgailuen beste kontzentrazio masibo guztiak antolatzea ere, herri-ekitaldi tradizionalak ez direnean.

c) Bideak konpontzeko eta kontserbatzeko obrak egitean, Udalak ezarritako mugak ez errespetatzea.

d) Baimenik gabe zirkulatzea, ordenantza honetan onarturiko tonajea %50z gora gaindituz.

e) Pertsonentzat, ondasunentzat edo ingurumenarentzat arrisku larria dakarren objektu oro bidean edo haren mugetan botatzea.

f) Bidearen erabilera komun berezi oro, aldez aurretik baimenik lortu gabe.

g) Bideen mugakide diren lurretan nekazaritza-lanak egitea, lan horiek arriskua ekar dezaketenean bideen zorua galtzeko, luiziak gertatzeko edo bideak murrizteko.

–Arau-hauste oso astuntzat joko da:

a) Bidean objektuak instalatzea gainerako erabiltzaileek hura erabiltzea edo gozatzea eragotziz.

b) Udalak emaniko baimenaren baldintzak larriki urratzea.

–Zehapenen zenbatekoa

Ukatu gabe, bidezkoa denean, dagokion erantzukizun zibil edo penala eskatzea, bideen inguruko arau-hausteak honela zehatuko dira:

  • Arau-hauste arinei, 500 eurora bitarteko isuna.
  • Arau-hauste astunei, 500 eurotik 1.000 eurora bitarteko isuna.
  • Arau-hauste oso astunei, 1.000 eurotik 1.500 eurora bitarteko isuna.

Nolanahi ere, zehaturiko jokabideek kalte-galerak eragin badituzte bideetan, zehatzeko ebazpenak bidea lehengoratu beharra ezarriko dio arau-hausleari, kalte-galeren ordaina eskatzeaz gain, bidezkoa bada.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra.–Ordenantza honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

Iragarkiaren kodea: L2004868