128. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 15a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

TUTERA

Deialdia, oposizio-lehiaketa bidez eratu daitezen herri-lanetako ingeniari tekniko edo ingeniari zibil lanpostuan (B mailaren/taldearen parekoa) aritzeko izangaien bi zerrenda, bata prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko eta bestea aldi baterako kontratuarekin aritzeko, sortzen diren beharrei erantzutearren

Maiatzaren 19ko Alkatetzaren 739/2020 Ebazpenaren bidez, deialdia eta oinarriak onetsi ziren oposizio-lehiaketa bidez eratzeko herri-lanetako ingeniari tekniko edo ingeniari zibil lanpostuan (B mailaren/taldearen parekoa) aritzeko izangaien bi zerrenda, bata prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko eta bestea aldi baterako kontratuarekin aritzeko, Tuterako Udalean sortzen diren beharrei erantzutearren.

Deialdi hau eginen da aplikatu beharreko araudian xedatuari eta honako oinarri hauetan ezartzen denari jarraikiz:

OINARRIAK

I.–Deialdiko lanpostuaren izaera eta ezaugarriak:

1.–Izaera: prestakuntzarako zerbitzu berezietan arituko diren langileak/aldi baterako kontrataturik arituko diren langileak.

2.–Izena: Herri-lanetako ingeniari teknikoa (B mailarekin/taldearekin parekatua).

3.–Kokapena egitura organikoan: Hiri Garapen Jasangarriko Alorrean (Hirigintza, Bulego Tekniko eta Osasunaren Administrazio Unitatea).

4.–Laneko baldintzak:

Lan eta enplegu baldintzei buruz, oinarri hauetan agertzen ez badira, eta udal honi dagokionez, egungo indarreko akordioari jarraikiko zaio, hots, Tuterako Udaleko funtzionarioen eta lan-kontratudun finko nahiz aldi baterakoen lan baldintzen gainean indarrean dagoen akordioari.

Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara egokituko da eta noiznahi aldatzen ahalko dute administrazio organo eskudunek, horretarako ezarritako prozedurari jarraikiz.

Bete beharreko eginkizunak izanen dira helburutzat dutenak bere eskumeneko eremuari dagozkion azterketez, txostenez eta aholkularitza teknikoaz arduratzea, herri-lanen arloan; zehazki, honako hauek (bai eta ezarritako helburuak lortu beharrez agintzen zaion bestelako eginkizun oro ere, lanpostuari loturiko gaitasun eta ahalmen profesionalekin bat etorriz, betiere):

II.–Deialdia, izangaien zerrenda bat eratu dadin, Tuterako Udalaren zerbitzuan herri-lanetako ingeniari tekniko gisa prestakuntza izateko.

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa bidez izangaien zerrenda bat eratzea, herri-lanetako ingeniari tekniko lanpostuan prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko, Tuterako Udalean sortzen diren beharrei erantzutearren.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

A) Tuterako Udalaren, Ur Batzordea erakunde autonomoaren edo Tudela-Cultura enpresa-entitate publikoaren zerbitzuko langile finkoa izatea, C, D edo E mailakoa.

B) Ez egotea borondatezko edo nahitaezko eszedentzian.

C) Herri-lanetako ingeniari tekniko titulua edo ingeniari zibil titulua edukitzea, edo bakoitzari dagokion gradu-titulua, edo baliokidetzat jotzen den beste titulu bat, edo eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean eskuratzeko moduan egotea (hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina aurkeztuz).

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

2.2. Oinarri honen 2.1.C) apartatuan eskatzen den tituluaren betebeharra agiri bidez frogatu beharko dute hautatzen direnek, horretarako ezartzen zaien unean, prestakuntzarako zerbitzu berezien ebazpena formalizatu aurretik. Kopia konpultsatuak aurkeztuko dira horretarako.

Agiri horiek aurkezten ez dituzten izangaien jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira eta, gainera, parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik dagokien erantzukizuna leporatzen ahalko zaie, salbu eta behar bezala justifikatzen diren ezinbesteko kasuetan.

2.3. Baldintza guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira, bai eta hautapen-prozesuak eta aldi baterako lanpostuak iraun bitartean ere.

3.–Hautapen-prozesuaren bilakaera eta balorazioa.

Hautapen-prozesua gauzatuko da Alkatetzaren ebazpen honen bidez onetsitako bi deialdietarako balio duten arauetan xedatuarekin bat. Arau horiek IV. apartatuan zehazten dira, hain zuzen.

4.–Prestakuntzarako izangaiei dei egitea.

Probak gainditzen dituzten izangaiei dei eginen zaie, Tuterako Udalean sortzen diren beharren arabera, oinarri hauetan ezarritakoarekin bat etorriz. Halaber, beteko dira Tuterako Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileak aldi baterako kontratatzeko irizpideak, 2004ko azaroaren 29an Osoko Bilkurak onetsiak (2005eko 10. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 24koa).

Hautatutakoak zerbitzu berezietako egoeran deklaratuko dira, Osoko Bilkurak hartutako erabaki horretan ezarritakoari jarraikiz, bai eta abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan (haren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina) eta aplikatzekoa den gainerako araudian ezarritakoari ere jarraikiz.

III.–Deialdia, Tuterako Udalaren zerbitzuan, aldi baterako kontratuarekin, herri-lanetako ingeniari tekniko lanpostuan aritzeko izangai zerrenda bat eratzeko.

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da herri-lanetako ingeniari tekniko lanpostuan aldi baterako kontratuarekin aritzeko izangai zerrenda bat eratzea, oposizio-lehiaketa bidez, Tuterako Udalean sortzen diren beharrei erantzutearren.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

A) Espainiako edo Europar Batasuneko kide den beste estatu bateko nazionalitatea izatea, edo Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako Nazioarteko Itunen arabera Europako Erkidegoa Eratzeko Tratatuan zehazten diren baldintzetan langileen joan-etorri librea aplikatzekoa den edozein estatutako nazionalitatea.

Espainiarren eta lehen aipatu diren estatuetako herritarren ezkontideek edo legez eraturiko izatezko bikotekideek ere hartzen ahalko dute parte, zuzenbidez bananduak ez badaude, bai eta haien ondorengoek eta haien ezkontideenek ere, baldin eta bi ezkontideak zuzenbidez bananduak ez badaude eta ondorengoak 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanez gero, haien bizkar bizi badira.

B) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina ez gainditzea.

C) Herri-lanetako ingeniari tekniko titulua edo ingeniari zibil titulua edukitzea, edo bakoitzari dagokion gradu-titulua, edo baliokidetzat jotzen den beste titulu bat, edo eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean eskuratzeko moduan egotea (hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina aurkeztuz).

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

D) Bete behar diren eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea.

E) Eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizi gabea izatea.

2.2. Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek zinpeko deklarazioa edo hitzematea aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik, beren estatuko funtzio publikoan sartzea galarazten dienik.

2.3. Baldintza horiek agiri bidez frogatu beharko dituzte hautatu eta kontratatzen direnek, horretarako ezartzen zaien unean, kontratuak formalizatu aurretik. Kopia konpultsatuak aurkeztuko dira horretarako.

Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan salbu, aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira kontratatu, eta haien jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira; horrez gain, parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik dagokien erantzukizuna leporatzen ahalko zaie.

2.4. Baldintza guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira, bai eta hautapen-prozesuak eta kontratazioak iraun bitartean ere.

3.–Hautapen-prozesuaren bilakaera eta balorazioa.

Hautapen-prozesua gauzatuko da Alkatetzaren ebazpen honen bidez onetsitako bi deialdietarako balio duten arauetan xedatuarekin bat. Arau horiek IV. apartatuan zehazten dira, hain zuzen.

4.–Aldi baterako kontrataziorako izangaiei dei egitea.

Probak gainditzen dituzten izangaiei dei eginen zaie, Tuterako Udalean sortzen diren beharren arabera, oinarri hauetan ezarritakoarekin bat etorriz. Halaber, beteko dira Tuterako Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileak aldi baterako kontratatzeko irizpideak, 2004ko azaroaren 29an Osoko Bilkurak onetsiak (2005eko 10. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 24koa), bai eta, orobat, aplikatzekoa den gainerako araudia ere.

Hautatutako izangaiak aldi baterako kontratatuko ditu Tuterako Udalak, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak horri buruz araututakoari jarraikiz (haren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina), bai eta aplikatzekoa den gainerako araudiari jarraikiz ere. Izangaiak Gizarte Segurantza Orokorraren araubidean sartu eta kidetuko dira.

IV.–Bi deialdietarako arauak.

1.–Eskabideak.

1.1. Deialdiko hautapen-prozesuan parte hartzeko eskabideak Tuterako Udalaren Erregistro Orokorrean (Plaza Vieja, 1 edo Frontón kalea, 1) aurkeztu beharko dira, edo urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein erabiliz (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), 30 egun naturaleko epean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da, postako langileek, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzaten.

Egungo osasun krisialdia dela eta, interesdunei eskatzen zaie bide telematikoz egin dezatela beren eskabidearen erregistroa, horretarako dauden prozeduretako bat erabiliz.

1.2. Eskabideak deialdiko eranskinetan ageri diren ereduaren araberakoak izanen dira, izangai bakoitzak aukeratu txandaren arabera (aldi baterako kontrataziorako txanda edo prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko txanda), eta Internet bidez egonen dira eskuragarri, www.tudela.es webgunean, deialdiaren aipuan.

Haietan izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bururatzen den egunerako.

1.3. Behar bezala betetako parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

1.3.3. Alegatzen diren merezimendu guztien zerrenda eta haien egiaztagirien jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak, deialdiaren 4. oinarrian ezartzen denari jarraikiz.

1.3.4. Desgaitasun aitortua (%33koa edo handiagoa) duten izangaiek, ariketak egin ahal izateko denbora edo baliabideetan egokitzapenik behar badute, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea eta, horretarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako minusbaliotasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, legeen arabera desgaituak direla frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana.

1.4. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

1.5. Eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahalko dira, noiznahi.

2.–Izangaien onarpena.

2.1. Onartu eta baztertuen zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, Tuterako Udaleko alkate udalburuak onartu eta baztertuen zerrenda onesten duen ebazpena emanen du, eta aginduko du argitara dadila udaletxeko iragarki-taulan (Plaza Vieja, 1) eta Udalaren www.tudela.es webgunean. Izangai bazterturik egonez gero, 3 egun baliodun emanen zaizkio akatsak zuzentzeko eta, ondotik, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko da aipatutako tokietan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Izangai bazterturik ez bada, onartuen zerrenda zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda gisa.

2.2. Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski onartutzat emateko deialdietan eskatutako baldintzak betetzen direla. Aurkeztu behar duten dokumentazioa edo administrazioak bere eskuetan daukana aztertutakoan, baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek galdu eginen dituzte deialdian parte hartzearen ondoriozko eskubide guztiak.

3.–Kalifikazio epaimahaia.

3.1. Kalifikazio epaimahaiko kideak hauek izanen dira:

Epaimahaiburua: Zeus Pérez Pérez, Tuterako Udaleko zinegotzia.

Ordezko epaimahaiburua: Verónica Gormedino López, Tuterako Udaleko zinegotzia.

Epaimahaikidea: José Manuel Fernández Echávarri, Tuterako Udalaren Ur Batzordeko ustiapen arduraduna.

Ordezko epaimahaikidea: José Ignacio Fernández Burgaleta, Tuterako Udaleko arkitekto teknikoa.

Epaimahaikidea: Juan Pablo Galán García, Tuterako Udaleko arkitektoa.

Ordezko epaimahaikidea: Esther González Benavente, Tuterako Udaleko arkitekto teknikoa.

Epaimahaikidea: Estefanía Arrondo Sangüesa, Tuterako Udalaren Ur Batzordeko herri-lanetako ingeniari teknikoa.

Ordezko epaimahaikidea: Fernando Nebreda Lucea, Tuterako Udaleko Kontratazio Publikoko teknikaria.

Epaimahaikidea: Tuterako Udaleko Langileen Batzordeak izendatutako ordezkaria.

Ordezko epaimahaikidea: Tuterako Udaleko Langileen Batzordeak izendatutako ordezkaria.

Mahaikide-idazkaria: Ana Cristina Martínez Cisneros, Tuterako Udaleko erdi mailako teknikaria.

Ordezko idazkaria: Miriam Mendoza Jiménez, Tuterako Udaleko Giza Baliabideetako goi mailako teknikaria.

3.2. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea). Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, aipatu diren egoera horietakoren bat gertatzen denean (urriaren 1eko 40/2015 Lege horren 24. artikulua).

3.3. Kalifikazio epaimahaia probak egin baino lehen eratu beharko da eta, ondoren, probak egiteko eguna, ordua eta tokia ezarriko ditu, eta behar den denboraz argitara emanen.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta aritu ere, bertan kideen gehiengo osoa izan ezean. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jarduketek balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek egon beharko dute bertan.

3.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak.

3.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza jasotzen ahalko du proba guztietan edo haietakoren batean. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

4.–Hautapen sistema: oposizio-lehiaketa.

4.1. Alkatetzaren ebazpen honen bidez onetsitako bi deialdi hauetako hautapen-prozesua bi urratsetan gauzatuko da hurrenez hurren, lehenbizi lehiaketaldia, eta, bigarrenez, oposizioaldia:

4.1.1. Lehiaketaldia:

4.1.1.1. Merezimendu guztiak agiri bidez frogatu beharko dituzte izangaiek, deialdian parte hartzeko eskabidea aurkeztean, 1.5 oinarrian jasotzen den bezala, jatorrizko agiriak edo behar bezala konpultsaturikoak erabiliz horretarako. Bestela, ez dira kontuan hartuko.

4.1.1.2. Alegatu eta frogatutako merezimenduak deialdiaren II. eranskineko baremoaren arabera kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak.

4.1.1.3. Aipatu baremoa aplikatzeak eskatzen duen informazio guztia izan beharko dute agiriek. Ez dira kontatuko justifikatzen ez diren merezimenduak. Oroitarazten da ezen, II. eranskinean ezarri bezala, a) apartatuko (Egindako zerbitzuak) merezimenduak baloratzeko, lan egindako denboraren ziurtagiriaz gain aurkeztu beharko dela beste ziurtagiri bat, non zehaztuko baita zer lanpostu bete den eta zer eginkizun bete diren.

Izangaiek alegatutako merezimenduen gaineko argibideak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu epaimahaiak noiznahi.

4.1.1.4. Lehiaketaldiak 25 puntuko balorazioa izanen du gehienez ere. Deialdiaren II. eranskinari jarraikiz banatuko dira puntuak, honako apartatu hauetan:

a) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak eta esperientzia profesionala: 20 puntu gehienez.

b) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta beste merezimendu batzuk: 5 puntu gehienez.

4.1.1.5. Epaimahaiak modu arrazoituan baloratuko ditu izangai bakoitzaren merezimenduak. Epaimahaiak ez du inoiz aintzat hartuko izangaiak alegatu eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du gehieneko puntuazioa baino handiagorik eman.

4.1.1.6. Lehiaketaldia ez da baztertzailea izanen.

4.1.1.7. Merezimenduen balorazioa egindakoan, epaimahaiak emaitzak udaletxeko iragarki-taulan jarriko ditu ikusgai, eta Interneten, www.tudela.es webgunean, “Lan eskaintza” atalean.

4.1.2. Oposizioaldian ariketa hauek izanen dira:

–Lehen ariketa: teoriko-praktikoa. Gai zerrendako gaiei buruzko 40 galderari idatziz erantzutea (deialdiaren III. eranskina). Zenbait erantzun emanen dira aukeran galdera bakoitzean, baina bat bakarra izanen da zuzena. Erantzun okerrak zigortu eginen dira.

Lehen ariketa egiteko gehieneko denbora bi ordu izanen dira.

–Bigarren ariketa: teoriko-praktikoa. Kalifikazio epaimahaiak proposatutako bi kasu ebaztea, deialdiaren III. eranskineko gai zerrendako gaiei buruzkoak (ez da beharko, ez kalkulagailu programagarririk, ez zientifikorik).

Bigarren ariketa egiteko gehieneko denbora 2 ordu izanen dira.

–Hirugarren ariketa: proba psikoteknikoak egitea. Helburua izanen da zehaztea izangaiak zer neurritan egokitzen diren deialdiaren xede den lanpostuaren profil profesiografikoaren eskakizunetara. Proba hori Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Zerbitzuaren laguntzaz eginen da.

4.1.2.1. Oposizioko ariketen balorazioan 85 puntu ematen ahalko dira gehienez ere, honela banatuak:

–Lehen ariketa: 30 puntu gehienez.

–Bigarren ariketa: 40 puntu gehienez.

–Hirugarren ariketa: 15 puntu gehienez.

4.1.2.2. Oposizioko ariketak baztertzaileak izanen dira. Bazterturik geldituko dira ariketa bakoitzean gehieneko puntuazioaren erdia gutxienez lortzen ez duten izangaiak.

4.1.2.3. Lehen eta bigarren ariketak plika sistemaren bidez eginen dira, salbu eta epaimahaiak bigarren ariketarako erabakitzen badu jendaurrean irakur dadila hura egindakoan.

4.1.2.4. Epaimahaiak erabakitzen ahalko du lehen eta bigarren ariketak saio bakarrean egitea. Hala izanez gero, bi ariketak batera eginen dira; lehenbizi, test motako zatia zuzenduko da, eta bigarrenik, test motako ariketa hori gainditu duten izangaien kasu praktikoen zatia. Ez da zuzenduko pliketako kasu praktikoen zatia, ez bada test motako zatia gainditu.

4.1.2.5. Lehen ariketaren kalifikazioa bukatutakoan, epaimahaiak kalifikazioen zerrenda eta esleitutako plika zenbakia argitaratuko ditu udaletxeko iragarki-taulan eta webgunean, eta eguna, ordua eta tokia adieraziko ditu, plikak jendaurrean irekitzeko ekitaldia egiteko. Ekitaldiaren ondoren, izangaien zerrenda argitaratuko da, lortutako kalifikazioekin, eta, era berean, oposizioaren hurrengo ariketa non, noiz eta zer ordutan eginen den adieraziko da, gutxienez 48 ordu lehenago, aurreko apartatuan (4.1.2.4) adierazitakoa salbu, eta plikak lehen adierazi bezala irekiko dira. Zerrenda www.tudela.es webgunean ere kontsultatzen ahalko da, lan eskaintzen atalean deialdiari buruz ageri den aiputik abiatuta.

4.1.2.6. Ariketa bakoitzerako dei bakarra eginen da. Izangaiek nortasun agiri nazionala eraman beharko dute edo, bestela, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiaren iritziz izangaia nor den frogatzen duen beste nortasun agiriren bat. Oposiziotik kanpo geldituko dira agertzen ez direnak edo aipatutako agirien bidez nor diren frogatzen ez dutenak.

4.1.2.7. Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenendako, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean bertan azaldutakoaren arabera.

4.1.2.8. Azken kalifikazio edo balorazioa aterako da oposizioaldiko hiru ariketen puntuazioak eta lehiaketaldiko puntuazioa batuz.

5.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta lanean hasteko deia.

5.1. Azken ariketaren kalifikazioa eman ondotik, epaimahaiak honako hauek jarriko ditu jendaurrean, bereizirik, udaletxeko iragarki-taulan, udal webgunean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean:

–Aldi baterako kontratazioak egiteko izangaien zerrenda, lortu duten puntuazioaren hurrenkeran, hautaproben eta lehiaketaldiaren emaitzak baturik.

–Prestakuntzan aritzeko izangaien zerrenda, lortu duten puntuazioaren hurrenkeran, hautaproben eta lehiaketaldiaren emaitzak baturik.

5.2. Zerrenda bakoitzean, gainditu duten izangaien artean puntu berdinketarik izanez gero, halakoak ebatziko dira 2004ko azaroaren 29ko osoko bilkuran Udalak hartu zuen erabakian arautu irizpideari jarraikiz (2005eko 10. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 24koa); hau da, probaren osotasunean ponderazio gehien duen puntuazioaren arabera eta, berdinketak irauten badu, zozketa publikoa eginez.

5.3. Ondotik, epaimahaiak Alkatetzari igorriko dizkio hautaprobak gainditu dituzten izangaien bi zerrendak –aldi baterako kontratazioak egitekoa eta prestakuntzakoa–, lanean hasteko deia egin dezan, Tuterako Udalean sortzen diren beharren arabera.

7.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta dagozkion oinarrien nahiz deialdia aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:

A) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

B) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

C) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Oharra: Deialdi honetan eta beronen eranskinetan egiten diren aipamenetan, gaztelaniaz maskulino generikoa erabiltzen denean, gizonezkoei zein emakumezkoei dagokiela ulertu behar da.

Tuteran, 2020ko maiatzaren 13an.–Tuterako Udaleko alkate udalburua, Alejandro Toquero Gil.

II. ERANSKINA

Merezimenduen baremoa (Lehiaketaldia)

a) apartatua: Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak eta esperientzia profesionala herri-lanetako ingeniari tekniko gisa.

–Administrazio publikoetan herri-lanetako ingeniari tekniko gisa edo horren baliokidea den postuan (B maila) egindako zerbitzuak, edo bide, ubide eta portuetako ingeniari gisa edo horren baliokidea den postuan (A maila) egindakoak: 2 puntu urteko.

–Sektore pribatuan herri-lanetako ingeniari tekniko gisa edo horren baliokidea den postuan egindako zerbitzuak, edo bide, ubide eta portuetako ingeniari gisa edo horren baliokidea den postuan egindakoak: 1,25 puntu, egin eta frogatutako zerbitzu urte bakoitzeko.

Oharrak a) apartatu osorako:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.

2. Apartatu honi dagokion puntuazioa gehienez ere 20 puntukoa izanen da.

3. Arlo pribatuko esperientzia profesionalaren merezimenduak frogatzeko, aurkeztu beharko da edo enpresaren ziurtagiria, bertan jasota betetako eginkizunak, edo lan-kontratua, kategoria profesionala adierazita, edo biak.

b) apartatua: Prestakuntza.

–Goi mailako titulua edukitzea (lizentzia edo baliokidea): 3 puntu.

–Erdi mailako titulua edukitzea (diploma edo baliokidea): 2 puntu.

–Lanpostuaren eginkizunekin zerikusia duen masterra edo graduondoko titulua edukitzea: 2 puntu.

–Erdi mailako edo maila aurreratuko prestakuntza-ziurtagiria edukitzea Autocad-en: 0,10 puntu kredituko (10 eskola-ordu).

–Erdi mailako edo maila aurreratuko prestakuntza-ziurtagiria edukitzea Presto-n: 0,10 puntu kredituko (10 eskola-ordu).

–Berdintasunari edo generoari buruzko prestakuntza-jardueretan parte hartu izana: 0,10 puntu kredituko (10 eskola-ordu).

Oharrak:

1. Ez dira atal honetan baloratuko titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak, hala unibertsitatekoak nola unibertsitatekoak ez direnak. Era berean, ez da baloratuko deialdian parte hartzeko ezinbesteko baldintza den titulua.

2. Apartatu honetan aipatutako merezimenduak deialdiko lanpostuarekin ikustekorik izanez gero baizik ez dira baloratuko.

3. Autocad eta/edo Presto programei buruzko eta generoari buruzko tituluei dagokienez, ziurtagirietan ez bada ageri eskola-ordutan zenbaturiko iraupenik, kreditu baten balorazioa emanen zaie, eta ageri den iraupena ikasturte batekoa bada, 12 kredituren balorazioa emanen zaie.

4. Gehienez ere 5 puntu emanen dira b) apartatu honetan.

III. ERANSKINA

I. zatia (zati orokorra).

1.–Tuterako Udalaren Erregelamendu Organikoa.

2.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa.

3.–Tuterako Udalaren aurrekontua betearazteko oinarriak.

4.–1/2017 Legegintzako Foru Dekretua, uztailaren 26koa, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duena.

II. zatia (berariazko zatia).

5.–Agindu teknikoen agirien egitura eta edukia, obra lineal bat eraikitzeko proiektua prestatzeko.

6.–Obren plangintza: obretako zuzendaritzaren prozedurak eta antolaketa, jarraipena egiteko kalitatearen, diruaren, epeen, eta segurtasun eta osasunaren kontrolari, bai eta ingurumen-inpaktuaren adierazpeneko zehaztapenen kontrolari ere.

7.–Herri-lanen sektoreko segurtasuna eta osasuna. Indarra duen araudia. Eraikuntza lanetako segurtasun eta osasun azterlanak: Helburua, edukia. Laneko segurtasun eta osasun plangintza. Segurtasun eta osasun koordinatzailea, eginkizunak, betebeharrak eta erantzukizunak.

8.–Eraikuntzako hondakinak kudeatzea eta tratatzea. Bereziki, hondakinak birziklatuz lortutako materialak bide eta azpiegiturak egiteko erabiltzea. Bereziki, eraikuntzako eta eraispeneko hondakinetatik ateratako materialei dagokienez.

9.–Uholdeen kontrako babeserako lan estrukturalak. Ibaien bideratzea, bazterrak babestea.

10.–Hiri zerbitzuak eta garraio zerbitzuak. Bide-proiektuak eta espazio publikoak. Hiri barneko eta oinezkoen guneetako zoladurak. Bide-segurtasuna eta hiri barneko espazioen seinaleztatzea. Hiri barneko azpiegiturak eta zerbitzu sareak.

11.–Hornidura-sare motak eta sareak kalkulatzeko irizpideak. Erabiltzaileendako ur-harguneak, neurrien ezarpena eta diseinua. Suteetako ur-harguneak.

12.–Sareen elementuak, bentosak, hustubideak, presioa erregulatzeko balbulak, erregistroa. Diseinurako irizpideak. Sareetako materialak, tipologia. Erabiltzeko irizpideak. Zenbait materialen korrosioa. Babesak.

13.–Argiteria publikoko instalazioak: zimendatzeak, kutxatilak, eta kanalizazioak. Diseinurako irizpideak. Kalkulu elektrikoak eta luminoteknikoak. Obretako proiektuak, materialak eta unitateak. Lanparak eta lanpara motak. Instalazioak egikaritzea eta haien harrera. Argiteria publikoko instalazioak ustiatzeko irizpideak. Mantentze eta zaintze lanak.

14.–Hormigoizko eta metalezko egiturak. EHE-08 eta EAE 2011.

15.–Errepide eta zubietako lanetarako baldintza tekniko orokorren agiria. (PG-3).

IV. ERANSKINA

Aldi baterako kontrataziorako izangaiak

Eskabide orriak (PDFa).

Prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaiak

Eskabide orriak (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L2005142