128. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

69/2020 FORU AGINDUA, ekainaren 11koa, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak emana, zeinaren bidez aldatzen baita maiatzaren 20ko 61/2020 Foru Agindua, Nafarroako Gobernuko herritarren arretarako bulegoak irekitzea onesten duena.

Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez alarma egoera deklaratu zen Espainiako lurralde osoan, osasun krisiari aurre egiteko; alarma egoera hori sei aldiz luzatu da, azkena ekainaren 5eko 555/2020 Errege Dekretuaren bidez, 2020ko ekainaren 21eko 00:00ak arte, arau horretan adierazitako baldintzetan.

Koronabirusaren (COVID-19) pandemiak eragin duen osasun krisiaren ondoriozko egoera ez-ohikoa dela eta, alarma egoera deklaratzeaz gain hainbat motatako neurriak hartu dira zenbait esparrutan.

Neurri horien artean nabarmendu beharra dago Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren martxoaren 30eko 54/2020 Foru Agindua, zeinaren bidez bertan behera uzten baita lantokietako jarduera presentziala Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileentzat, funtsezko zerbitzu publikoentzat izan ezik, koronabirusaren (COVID-19) bilakaera epidemiologikoaren ondorioz. Horrenbestez, Nafarroako Gobernuko Erregistroaren bulegoak itxi ziren herritarrentzako arreta presentzialerako, birusaren hedapena ekiditeko prebentzio neurri gisa.

Normaltasun Berrirako Trantsizio Planean aurreikusitako neurrien barruan, maiatzaren 9ko SND/399/2020 Aginduaren bidez malgutu ziren Espainia mailako zenbait murrizketa, alarma egoeraren deklarazioaren ondotik ezarritakoak, eta ezarri zen Nafarroako Foru Komunitatea 1. fasera pasatzea.

Herritarren arretarako bulegoak berriz irekiko direla aurreikusita, Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuko Herritarren Arretarako Atala lanean ari da ebaluatzeko zein diren arreta presentziala berriz ematen hasteko baldintzak. Hauek dira, funtsean, kontuan hartu beharrekoak: herritarrei arreta ematea, langileen nahiz herritarren segurtasuna, eta herritarren arretarako erregistroen arteko koordinazioa Nafarroako Gobernuaren barruan.

Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak 59/2020 Foru Agindua eman zuen maiatzaren 14an, haren bidez arautzeko nola itzuliko diren, urratsez urrats, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile publikoak aurrez aurre lan egitera lantokietan, Normaltasun Berrirako Trantsizio Planaren esparruan; foru agindu horren 12. puntuan aurreikusten da 2. fasean hasiko direla lanean, urratsez urrats, herritarrentzako arreta emateko zerbitzuetan aritzen diren ezinbesteko langileak, besteak beste.

Martxoaren 14ko 59/2020 Foru Aginduaren 8. puntuan ezartzen denez, jendeari arreta emateko lehenetsiko dira bide telefonikoa eta telematikoa. Aurrez aurreko arreta soilik emanen da ezinbestekoa denean, eta, horrelakoetan, jende kopurua mugatuko da eta aurretiko hitzordua beharko da. Horrez gain, aukera ematen du jendeari arreta emateko tokiak mugatzeko, langileen eta erabiltzaileen segurtasuna eta osasuna babesten direla bermatuta egon dadin.

Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren maiatzaren 20ko 61/2020 Foru Aginduaren bidez, onetsi zen Nafarroako Gobernuko herritarren arretarako bulegoak irekitzea. Foru agindu horren 1. apartatuan jasotzen zen bulegoetako batzuk irekitzea, eta 6. apartatuan, berriz, aurreikusten zen beste bulego batzuk irekitzen joanen zirela ezarritako segurtasun eta prebentzio neurriak bete ahala. Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren maiatzaren 28ko 63/2020 Foru Aginduak aldatu zuen foru agindu hori, irekitako bulegoen kopurua handiagotzeko.

Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusiak, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuarekin adostuta, proposatu du orain organismo autonomo horretako egoitza nagusia irekitzea (Iruñeko Leire kaleko 15. zenbakian dagoena), lehen aipatutako maiatzaren 20ko 61/2020 Foru Aginduan ezarritako betebeharrak betetzen baititu.

Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorraren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen ekainaren 24ko 137/2002 Foru Dekretuak ezartzen du Lehendakaritza Departamentuko kontseilariaren eskumena dela Erregistroaren bulego berriak irekitzea eta ixtea (2.4 artikulua), denak daudelako, eginkizunen aldetik, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorraren menpe, erregistro bakarra den aldetik.

Horiek horrela, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusiak egindako eskaera ikusirik, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Aldatzea Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren maiatzaren 20ko 61/2020 Foru Agindua, Nafarroako Gobernuko herritarren arretarako bulegoak irekitzea onesten duena, ekainaren 15etik aurrera Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko herritarren arretarako bulegoa irekitzeko (Iruñeko Leire kaleko 15. zenbakian dagoena).

2. Bulego hori aurreko apartatuan aipatzen den foru aginduaren 3., 4. eta 5. puntuetan ezarritako baldintzak beteta irekiko da.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2020ko ekainaren 11n.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2005940