127. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

149/2020 EBAZPENA, maiatzaren 25ekoa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, Proeducar-Hezigarri programaren deialdia arautzen duena. Programa horren xedea da hezkuntza-inklusioa eta eskola-arrakasta hobetzea Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan eta bigarren hezkuntzako ikastetxeetan, 2020-2021 ikasturtean, Europako Gizarte Funtsaren Hezkuntzaren aurrerapen eta sostengurako orientazio eta errefortzu programaren esparruan.

COVID-19ak eragin duen osasun publikoko larrialdi egoeraren ondorioz, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretua eman zen, alarma egoera deklaratzen duena. Aipatu errege dekretuak, hirugarren xedapen gehigarrian, xedatu du sektore publikoko prozedurak tramitatzeko epeak etetea eta mugaegunak bertan behera uztea.

Aurrekoa gorabehera, hirugarren xedapen gehigarriaren 4. puntuak honako hau xedatzen du: “Deusetan galarazi gabe aurreko ataletan ezarritakoa, errege dekretu honek indarra hartzen duen unetik sektore publikoko entitateek ahalmena izanen dute alarma egoera justifikatzen duten egitateei zuzen-zuzenean lotutako egoerei buruzko prozedura administratiboei jarraipena emateko, behar bezala arrazoituta, baita, interes orokorra babesteko edo zerbitzuen oinarrizko funtzionamenduari begira, ezinbestekoak diren prozedurei ere”.

Proeducar-Hezigarri programaren xedea da hezkuntza-inklusioa eta eskola-arrakasta hobetzea Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan eta bigarren hezkuntzako ikastetxeetan, 2020-2021 ikasturtean, Europako Gizarte Funtsaren Hezkuntzaren aurrerapen eta sostengurako orientazio eta errefortzu programaren esparruan. Programa horren deialdia funtsezkoa da interes orokorra babesteko eta oinarrizkoa da hezkuntzaren zerbitzu publikoak funtzionatzeko.

Europako Batzordeak honela definitzen du eskola-arrakasta: eskola-uzte tasak jaistea, derrigorrezko ez den bigarren hezkuntza bukatzea eta goi mailako hezkuntzan parte hartzea. Esparru horretako desberdintasunek zerikusi handia dute familien jatorri sozialarekin eta haien baldintza ekonomikoekin. Horregatik, Hezkuntza Departamentuak orientabideak proposatu eta baliabideak jarri behar ditu hezkuntza etapen kalitatea jaisten eta ekitatea kaltetzen duten oztopoak desagerrarazten laguntzeko eta Nafarroako ikasle guztien hezkuntza-bikaintasuna sustatzeko.

Hezkuntza eskubidea legez bermatua dagoen arren, horrek ez du ziurtatzen denek garatuko dituztela gizarte eta lan bizitzan beharrezkoak diren gaitasunak. Izan ere, eskola-porrotak, eskola-uzteak eta gizarte eta hezkuntza bazterketak mugatu egiten dute hezkuntzaren gaitasuna, gizarte sustapenerako eta berdintasuna lortzeko tresna den aldetik. Horrenbestez, ikasle guztiek hezkuntza-arrakasta lortzeko aukera berak izan ditzaten, hezkuntza sistema osoaren gainean egin behar da lan, hezkuntza etapen kalitatea jaisten eta ekitatea kaltetzen duten oztopoak desagerraraziz, bai eta hezkuntza prozesuaren beraren zenbait elementu ere, zeinek areagotu egiten baitituzte hasierako desparekotasunak, hezkuntza sistemarekiko lotura haustea bultzatzen baitute eta, azken finean, eskola-porrota izateko eta eskola uzteko arriskuak handitzen baitituzte, batez ere egoera ahuleneko gizarte taldeen artean.

Nazioarteko ikerketek eta ikastetxeetako praktika askok argitu dute zein hezkuntza estrategia diren onak eskola-arrakasta lortzeko, desparekotasunak gainditzeko eta kohesio soziala sustatzeko, eta zeintzuek sortzen duten gizarte bazterketa. Hala ere, estrategia eta praktika positiboak ikastetxeetako eskola bizitzan txertatzea ez da erraz eta azkar egiten den zerbait.

Proeducar-Hezigarri programaren helburua da ikastetxeei bide bat eskaintzea, ikerketa eta praktika horiek kontuan hartuta, ikastetxe bakoitzak bere proiektu malgua egin dezan ikasleen aniztasun osoari erantzuteko, hezkuntza komunitatearen parte-hartze eta konpromisoarekin eta Hezkuntza Departamentuak lagunduta.

Komenigarria da Nafarroako Foru Komunitatean hezkuntza-inklusioa sustatzea, eta, horregatik, Hezkuntza Departamentuak deialdi publiko hau egiten du programan parte hartu nahi duten ikastetxeetan printzipio hori garatzeko.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Proeducar-Hezigarri deialdia onestea, eskola porrotaren eta eskola-uzte goiztiarraren aurka borrokatzeko, eta Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan hezkuntza-inklusioa eta eskola-arrakasta hobetzeko.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau eta bere eranskinak Hezkuntza Departamentuko iragarki-taulan argitaratzea.

5. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzura, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzura eta Prestakuntza eta Kalitate Atalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2020ko maiatzaren 25ean.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

I. ERANSKINA

Proeducar-Hezigarri deialdiaren oinarriak, zeinak helburu baitu hezkuntza-inklusioa eta eskola-arrakasta hobetzea Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan

Lehena.–Deialdiaren xedea.

Proeducar-Hezigarri programaren helburu orokorra da eskola-porrota desagerraraztea eta garaia baino lehen eskola utz ez dadin lortzea, eta ikasle guztien hezkuntza-inklusioa eta eskola-arrakasta sustatzea, hobetzeko proiektu bat ezarriz eta gauzatuz, ikastetxe bakoitzaren eta Hezkuntza Departamentuaren arteko lankidetza hitzarmen baten bidez. Kontratu horretan, ikastetxeak konpromisoa hartzen du ikasleen inklusioa eta eskola-arrakasta hobetzeko neurriak hartzeko, eta administrazioak konpromisoa hartzen du prozesu horretan laguntzeko, aholkularitza eta prestakuntza emanez, bai eta proiektua garatzeko behar diren baliabideak ere.

Programak ikastetxeen autonomia aitortzen du, eta hezkuntza administrazioak hezkuntza praktikak bideratzeko duen betebeharra ere bai, ikasle guztiei kalitatezko hezkuntza bermatzea helburu. Horregatik, programa honen esparruan ikastetxeek prestatuko dituzten hobekuntza planetako jarduketek helburu hauek sustatuko dituzte: hezkuntza inklusiboa, ikasleen eta familien parte-hartze proaktiboa, ikastetxeetako bizikidetza, berrikuntza metodologikoa gaitasunen arabera lan egiteko, eta, azkenik, prestakuntzako ebaluazioa.

Bigarrena.–Hartzaileak.

Deialdi honen hartzaileak Nafarroako Foru Komunitateko Haur eta Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxe publikoak dira.

Hirugarrena.–Helburuak.

Proeducar-Hezigarri programaren helburuak honako hauek dira:

1. Baldintzak sortzea bermatua egon dadin ikasleek hezkuntza sisteman jarraituko dutela eta eskola-arrakasta izanen dutela, batez ere egoera ahulean dauden ikasleen kasuan.

2. Antolaketa, metodologiko eta ebaluazio aldaketak sustatzea, baita aldaketa komunitarioak ere, ikasle guztien hezkuntza premiak asetzeko, ikuspuntu inklusibo batetik.

3. Ikasle guztien ikaskuntza eta eskola-errendimendua hobetzea erraztea.

4. Ikasleak beren ikaskuntza-irakaskuntza prozesuan era proaktiboan inplikatzea bultzatzen duten hezkuntza-egoerak sustatzea, ikasleek hezkuntza proposamenetan eta erabakietan parte har dezaten.

5. Profesionalak sentsibilizatzea eta prestatzea, talde-lanaren bidez ikasle guztiekin esku hartzeko gauza izan daitezen, bereziki hezkuntza goiz uzteko arrisku egoeran daudenekin.

6. Ikastetxeen sareko lana garatzea, ezagutzak eta esperientziak truka ditzaten, eta ikastetxeen jardunbide egokiak eta hezkuntza-arrakasta lortzeko jarduketak zabaltzea.

7. Familiek eta gizarte inguruak ikastetxearen bizitzan parte har dezaten sustatzea.

8. Gelan eta ikastetxean bizikidetza positiboaren garapenean aurrera egitea.

Laugarrena.–Programaren garapena.

Programa 2020ko irailean hasiko da, eta elkarren segidako hiru ikasturtetan garatuko da.

Proeducar-Hezigarri programan parte hartzen duten ikastetxeek bi modalitate hauetako bat aukeratuko dute:

–A modalitatea:

Ikastetxea ikaskuntza-komunitate bihurtzea. “Ikaskuntza-komunitateak” ikastetxea eta bere ingurunea eraldatzeko proiektua da, Proeducar-Hezigarri programaren helburuak bere egiten dituena.

Eraldaketa horren faseak hauek dira:

1. fasea. Klaustroa eta hezkuntza komunitate guztia prestatzea eta sentsibilizatzea. Proiektua eta esperientziak azaltzea hezkuntza-erkidegoko kide guztiei.

2. fasea. Komunitate guztiak erabakiak hartzea.

3. fasea. Ametsaren fasea: guztiendako nahi dugun eskolari buruz pentsatzeko aldia.

4. fasea. Eraldaketaren plangintza egitea, batzorde mistoen bidez (irakasleak, familiak, ikasleak, komunitateko beste kide batzuk), eta arrakasta duten 6 hezkuntza-jarduketa hauek abian jartzea:

  • Talde interaktiboak.
  • Solasaldi dialogikoak.
  • Senideak prestatzea.
  • Irakasleen prestakuntza dialogikoa.
  • Gatazkak prebenitzeko eta konpontzeko eredu dialogikoa.
  • Tutorepeko liburutegia.

–B modalitatea:

Ikastetxea eraldatu eta hobetzeko plan bat garatzea, ikastetxean berean sorturiko lan-ildoei jarraikiz.

Programa hiru fasetan ezarriko da, hiru ikasturteri dagozkienak gutxienez:

1. fasea. Ikastetxearen barne azterketa: Non gaude? Ekintza plan bat prestatzea: Nora iritsi nahi dugu?

–Programa bultzatzeko batzordeak sortzea eta lan sareak eratzea.

–Ikastetxearen egoeraren analisia honako gai hauei dagokienez, besteak beste: hezkuntza-inklusioa, estrategia metodologikoak, laguntzen antolaketa, ebaluazioaren prestakuntza-orientazioa, irakaskuntza partekatua eta familien eta komunitatearen parte-hartzea.

–Prestakuntza, arlo hauetan:

  • Ikastetxearen barne-baloraziorako estrategiak eta tresnak.
  • Ikastetxeen eraldaketa prozesuak.
  • Metodologiak eta curriculuma eguneratzea, gaitasunen ikuspegitik.
  • Absentismoaren eta eskola-porrotaren prebentzioa.
  • Ikastetxearen eta gelaren antolaketa eta kudeaketa.
  • Irakaskuntza partekatua.
  • Prestakuntzako ebaluazioa.
  • Hobekuntza ildoak identifikatzea eta hezkuntza eraldaketako esperientzia pilotuak praktikan jartzea.

2. fasea. Ekintza plana garatzea, gako diren alderdiak kontuan hartuta, hauek besteak beste:

–Absentismoa eta garaia baino lehen eskola uztea prebenitzeko neurriak.

–Taldeko kide izatea eta gelako giro positiboa sustatzea.

–Aniztasunari erantzuteko moduaren antolaketa inklusiboa: laguntza inklusiboak, irakaskuntza partekatua, etab.

–Gelan metodologia aktibo, parte-hartzaile eta inklusiboak erabiltzea edo orokortzea. Horietako batzuk hauek izaten ahal dira: ikaskuntza kooperatiboa, talde interaktiboak, literatura eta pedagogia solasaldiak, familiako kideen prestakuntza, berdinen arteko tutoretza, proiektuetan oinarritutako ikaskuntza, zerbitzu-ikaskuntza...

–Ikastetxeko profesionalen koordinazioa eta talde-lana.

–Familien eta gizarte inguruaren parte-hartze aktiboa.

–Espazioak, materialak, taldekatzeak eta ordutegiak.

3. fasea. Klaustroak adostu dituen eta balorazio positiboa izan duten aldaketa proposamenak sistematizatzea eta finkatzea:

–Aurreko fasean hartutako antolaketa, curriculum eta metodologia erabakiak abian jartzea. Ikasturtea bukatutakoan, praktika hori baloratzea.

–Prozesuaren eta ikasleen emaitzak baloratzea.

–Proposamenak eta erabakiak ikastetxearen hezkuntza proiektuan eta urteko programazio orokorrean jasotzea.

Bi modalitateetako (A eta B) ikastetxeek aholkularitza ematen ahal diete programaren aurreko faseetan dauden ikastetxeei, aholkuak eta laguntza emanez barneko balorazio prozesua gauzatzeko, hobekuntza plana diseinatzeko eta jarduketak zehazteko.

Bosgarrena.–Sareak. Eraketa eta funtzionamendua.

Programan parte hartzen duten zentroak sareetan eratuko dira, eta sare bakoitza 5 ikastetxekoa izanen da, gutxienez.

Sare hauek edukiko dute eraldaketa-prozesuari buruzko aholkuak emanen dituen pertsona bat. Aldian behin, sareek topaketak egiten ahal dituzte, esperientziak trukatzeko eta prestakuntza elkarrekin jasotzeko.

Proeducar-Hezigarri sareetan parte hartzen duen ikastetxe bakoitzak batzorde bat izendatuko du, zeina zuzendaritza taldeko kide batek, orientazio departamentuko edo HLUko (Hezkuntzarako Laguntza Unitatea) kide batek eta hezkuntza mailetako ordezkariek osatuko baitute. Batzorde horretako kide bat edo kide gehiago koordinatzailea izanen da edo dira, ikastetxearen tamainaren arabera, eta prozesua gidatuko du bere ikastetxean; sarearen bileretan parte hartuko du, eta bere ikastetxeko batzordea dinamizatuko du.

Sarea gutxienez ere hilabetean behin bilduko da. Bilerotan hezkuntza-praktika egokietan eta ikastetxeen eraldaketan sakonduko da. Proposamenak ikastetxe bakoitzaren klaustroan aurkeztuko ditu koordinatzaileak, batzordearen laguntzarekin.

Seigarrena.–Aldeen konpromisoak.

Ikastetxeak konpromiso hauek hartuko ditu bere gain:

1. Batzorde edo talde gidari bat eratzea programa dinamizatu eta sustatuko duena eta haren jarraipena eginen duena. Zuzendaritza taldeko kide batek, orientazio departamentuko edo HLUko kide batek eta hezkuntza mailetako ordezkariek osatuko dute.

Batzordeko kide bat edo bi programaren koordinatzailea izanen dira. Ikastetxeari astean hainbat ordu esleituko zaizkio, zuzeneko irakaskuntza moduan hartuko direnak, ikastetxe bakoitzeko koordinatzailea/ak lan egiteko.

Aste horiek esleituko zaizkie ikastetxeei matrikulatuta daukaten ikasle kopuruaren arabera, ondoko taula honi jarraiki:

IKASLE KOPURUA

KOORDINAKETARAKO ORDUAK

500 baino gehiago

7 ordu

300 eta 500 artean

5 ordu

100 eta 300 artean

4 ordu

100 baino gutxiago

3 ordu

Esleitutako orduak batzordeak Proeducar-Hezigarri programa garatzeko egiten duen lana bultzatu eta koordinatzeko erabiliko dira.

Halaber, batzordeko kide bakoitzak irakaskuntza zuzenekoak ez diren 2 ordu izanen ditu, astean, norberaren eskola-ordutegian kontatuko zaizkionak.

Ikastetxeak batzordeko kideak direnen ordutegiak egokituko ditu, astero bilduko direla eta koordinatzailea/ak astearte goizeko koordinazio bileretara joanen dela/direla bermatzeko, baita adituekin egiten diren topaketetara ere. Gomendatzen da batzordeko kideak KPBkoak (Koordinazio Pedagogikorako Batzordea) ere izan daitezen.

2. Hasieran egin beharreko balorazioak:

–Ikastetxearen egoera:

  • Praktika inklusiboak eta orientatzaileak.
  • Metodologia.
  • Ebaluazioaren funtzioa eta ebidentzien bilketa.
  • Lidergoa eta prestakuntza-antolamendua.

–Eskolako bizikidetza.

–Ingurunea.

–Prestakuntza beharrak.

–Potentzialtasunak.

–Nahiak-ametsak.

–Familien eta komunitatearen parte-hartzea.

Barne balorazio horri esker, ikastetxeek beren indarguneak identifikatzen ahalko dituzte, bai eta hobetu beharreko alderdiak ere absentismoa eta eskola-porrota murrizte aldera eta ikasle guztiei kalitatezko hezkuntza eskaintze aldera.

Barne ebaluazio horren emaitzak erabiliko dira ikastetxean egiten ari diren jarduketak baloratzeko, eta oinarri izanen dira gerora hobekuntza planean sartuko diren proposamenak egiteko.

3. Adosturiko ekintza plana ezartzea.

4. Koordinatzaileak Proeducar-Hezigarri programak astearte goizean antolatzen dituen hezkuntza topaketetara joatea.

5. Bigarren urtetik aurrera, eskola ordutegiaren barruan arreta ematea beste ikastetxe batzuen eskaerei. Ikastetxeak Proeducar-Hezigarri sarekoak izanen dira, eta eskaerak ikastetxea bisitatzeko eta egiten ari den eraldaketa prozesua ezagutzeko izanen dira, “Etorri eta partekatu” planaren barruan.

6. Ikastetxean bertan prestakuntza proiektu bat garatuko da deialdiari lotutako irakasle guztiendako, programako jarduketak ardatz hartuta.

7. Ekintza plana jasotzea eta horren ondoriozko jarduketak erregistratzea ikastetxearen agiri instituzionaletan, hezkuntza komunitateak partekatzen eta bere egiten duen proiektu bat baita, eta programatutako jarduketa guztiak biltzen dituen proiektu bateratzaile gisa hartzea.

8. EGIFerako (Europako Gizarte Funtsak) justifikazioan eskatzen diren informazio inprimakiak, parte-hartzaileei buruzkoak, betetzea.

9. Egindako jarduketak eta EGIFek ikastetxearen komunikazio tresnetan eman duen laguntza zabaltzea.

Hezkuntza administrazioak konpromiso hauek hartzen ditu:

1. Ikastetxeei tresnak eskaintzea, gai hauek lantzeko: ikastetxearen barne balorazioa, kudeaketa eta antolaketa ereduak, jarduketa plan koordinatuen garapena eta ezarpena, eta prozesu osoaren balorazioa.

2. Ikastetxeetako prestakuntza plan berekien garapena erraztea, deialdi honen eraginpeko esparruetan.

3. Kanpoko adituen laguntza eta aholkularitza ematea, prozesuaren fase batean edo programaren garapenari lotutako gai batean beharrezkoa bada. Aurreko puntuak gauzatzeko, Departamentuak prestakuntza talde bat izendatuko du, ikastetxeei prozesu osoan laguntza eta aholkuak emateko.

4. Parte hartzen duten ikastetxeetako irakasleak programako beste zentro batzuetara eta jardunbide egokien eredu direnetara joan eta bertan egon daitezen sustatzea eta erraztea.

5. Asteko ordu batzuk ematea (irakaskuntza zuzenekoak edo eskola-ordukoak) koordinatzaileei eta batzordeko kideei (seigarren oinarria, 1. puntua).

6. Parte-hartzaile guztiei egiaztatzea jaso duten prestakuntza, eta berrikuntza proiektuan koordinatzaile gisa (batzordekideei) edo parte-hartzaile gisa (parte hartzen duten gainerako irakasleei) egindako ekarpena ofizialki aitortzea.

7. Ikastetxeen sareko lana sustatzea, ezagutzak eta esperientziak truka ditzaten, eta ikastetxeen jardunbide egokiak zabaltzea.

Zazpigarrena.–Batzordeen osaera.

Batzordea edo talde eragilea zuzendaritza taldeko kide batek, orientazio departamentuko edo HLUko kide batek eta hezkuntza mailetako ordezkariek osatuko dute.

Osaera, ikastetxean (edo, hala bada, proiektuaren hasieran dauden maila edo etapetan) matrikulatutako ikasleen kopuruaren araberakoa izanen da:

IKASLE KOPURUA

BATZORDEKIDEAK

500 baino gehiago

7 lagun

300 eta 500 artean

5 lagun

100 eta 300 artean

4 lagun

100 baino gutxiago

2-3 pertsona

Ahalegina eginen da batzordean bloke bakoitzeko ordezkari bat egon dadin eta familien eta komunitatearen (auzoa edo herria) ordezkariak sar daitezen prozesuaren faseren batean, eta bileretan parte har dezaten, ahal den neurrian.

Haur hezkuntza, lehen hezkuntza eta bigarren hezkuntza dituzten ikastetxeetan, ahal den neurrian bi batzorde eratuko dira: batzordeetako baten koordinatzailea haur eta lehen hezkuntzako sarearen bileretara joanen da, eta beste batzordekoa bigarren hezkuntzako sarearen bileretara joanen da.

Zortzigarrena.–Eskaerak aurkeztea.

Proeducar-Hezigarri programaren deialdian parte hartu nahi duten ikastetxeek 2020ko ekainaren 8a baino lehen aurkeztu beharko dituzte eskaerak.

Eskaerak Hezkuntza Departamentuko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean ezarritako edozein bulegotan, edo Nafarroako Foru Komunitateko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan ezarri bezala. Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuari zuzenduko zaizkio.

Ikastetxe eskatzaileek eskaera posta-bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko dute, postako langileek data eta zigilua jar diezaioten, ziurtatu aurretik.

Zortzigarrena.–Ikastetxeen aukeraketa.

1. 2020-2021 ikasturtean aukeratzen ahal diren ikastetxe berriak 20 izanen dira. Kopuru hau zabaltzen ahalko da, eskaeren eta baliabideen arabera.

2. Zentro berriak hautatzeko irizpideak honako hauek dira:

a) Ikastetxean dauden egoera ahuleko ikasleen kopurua eta/edo portzentajea (EDUCAko erroldan erregistratuak).

b) Dagoeneko Proeducar-Hezigarri programan dauden ikastetxeei atxikitako beste ikastetxe batzuk, programari segida emateko.

c) Ikastetxean programa sostengatzen duten irakasleen portzentajea (edo, bigarren hezkuntzan, programa martxan hasiko den mailetan).

Bozketa eginen da klaustroan, eta emaitza jasotzen duen akta Hezkuntza Inklusioaren Bulegora bidaliko da (II. eranskina). Programan parte hartzeko, emandako botoen %70ek programan sartzearen aldekoak beharko dute izan.

d) Programaren hartzaile diren ikasleen kopurua.

Programan parte hartzeko eskaerak, halaber, zentroko eskola kontseiluaren babesa izanen du, gehiengo soilez.

II. ERANSKINA

Proeducar-Hezigarri 2020-2021 programarako eskaera (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2005197