127. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2020ko maiatzaren 27an hartua, Nafarroako Administrazio Publikoen montepioetako klase pasiboen pentsioak eguneratzen dituena 2020. urterako.

Bere 25.2 artikuluan ezartzen duenez Nafarroako administrazio publikoen montepioetako funtzionarioen eskubide pasiboen araubide iragankorrari buruzko martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legeak, pentsioen zenbatekoa urtero gaurkotuko da, hain zuzen ere, Nafarroako aurrekontu orokorrei buruzko foru legeak ekitaldi ekonomiko bakoitzerako ezartzen duen portzentajean.

Bestalde, 2020rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko martxoaren 5eko 5/2020 Foru Legearen 10. artikuluak ezartzen du, 2020ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, eguneratzeko eskubidea duten Nafarroako administrazio publikoen montepioetako funtzionarioen klase pasiboen pentsioek, indarreko araudiaren arabera eguneratzeko eskubidea dutenek, pentsio publikoek urte horretan duten igoera bera izanen dutela. Igoera horretatik kanpo gelditzen dira alargun pentsio eta zurztasun pentsio batzuk, lanbide arteko gutxieneko soldataren arabera finkatzen baititu aplikazio araudiak.

Ildo horretan, urtarrilaren 14ko 1/2020 Errege Lege-dekretuan, zeinak ezartzen baitu Gizarte Segurantzako sistemaren pentsio eta prestazio publikoak goratu eta mantenduko direla (2020ko 13. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 15ekoan), jasota dago pentsio publikoak goratuko direla 2020an, oro har, %0,9ko igoera izanen baitute, errege lege-dekretu horren 1. artikuluarekin bat.

Gutxieneko alargun pentsioen zenbatekoa lanbide arteko gutxieneko soldatari lotuta dago Nafarroako administrazio publikoen montepioetako funtzionarioen eskubide pasiboen araubide iragankorrari buruzko martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legean, bat etorriz otsailaren 4ko 231/2020 Errege Dekretuaren 1. artikuluan eta xedapen iragankor bakarreko 1.a) apartatuan xedatutakoarekin (errege dekretu horren bidez lanbide arteko gutxieneko soldata zehaztu zen 2020rako); bada, 2020. urterako, 13.300,00 eurokoak izanen dira (950 euro/hilabetea). Zenbateko bera aplikatuko zaie zurztasun pentsioei, batetik, martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legean aurreikusitako eskubide pasiboen sistemakoak direnean, baldin haien onuradunak aitarik ez amarik ez duten umezurtzak badira, eta bestetik, funtzionarioen eskubide pasiboen araubidearen babesean emandakoak direnean, baldin funtzionarioak martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen aurreko sistemari atxikita badaude, salbuespen bakarra izanik aurreikusten direnak 2020ko Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko martxoaren 4ko 5/2020 Foru Legearen 11. artikuluko 7. apartatuko bigarren paragrafoan.

Bestalde, 2020rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko martxoaren 4ko 5/2020 Foru Legearen 11. artikuluko 3. apartatuko a) letran zehazten denez, 10/2003 Foru Legearen aurreko sistemari atxikita dauden funtzionarioen eskubide pasiboen araubideari dagokionez, eskubide pasiboetan eragina duten ordainsari kontzeptuen zenbatekoak 2020. urteari dagozkionak izanen dira, hau da, 1983. urtekoei geroko aurrekontuei buruzko foru legeek finkatutako igoerak aplikatu ondoren sortzen direnak.

Bukatzeko, Foru Diputazioaren 1981eko azaroaren 16ko Erabakian aurreikusitako araubide juridikoari atxikita dauden udaleko osasun arloko funtzionarioei dagokienez, horren 7. artikuluak xedatzen du arauan ezarritako ordainsariak urtero eguneratuko direla Foru Diputazioak aurrerantzean ezartzen dituen bezala, udaleko gainerako funtzionarioen araubide orokorraren barnean. Erabaki horren bidez Nafarroako osasun arloko funtzionario titularren ordainsariak erregulatzeko araua onetsi zen.

Hortaz, bidezkoa da pentsioak eguneratzeko indizea eta gutxieneko erretiro pentsioen, alargun pentsioen eta zurztasun pentsioen zenbatekoak zehaztea 2020. urterako, bai eta eskubide pasiboetan eragina duten ordainsari kontzeptuen zenbatekoak ere, behin aplikatu ondoren Nafarroako 2020rako Aurrekontu Orokorrei buruzko martxoaren 4ko 5/2020 Foru Legeak 2020. urtean sortzen diren erretiro eta pentsioetarako finkatzen duen igoera, martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen aurreko sistemaren babesean dauden funtzionarioen eskubide pasiboen araubidean. Izan ere, martxoaren 5eko 10/2003 Foru Lege horren bidez, eskubide pasiboen araubide iragankor bat ezarri zen Nafarroako Administrazio Publikoen montepioetako funtzionarioentzat. Bidezkoa da, orobat, udaleko osasun arloko funtzionarioen eskubide pasiboak kalkulatzeko kontuan hartu behar diren ordainsari kontzeptuak eguneratzea, funtzionarioak atxikita daudenean Foru Diputazioaren 1981eko azaroaren 16ko Erabakian ezarritako araubide juridikoari.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. 2020ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, %0,9ko igoera izanen dute Nafarroako Administrazio Publikoen montepioetako funtzionarioen klase pasiboen pentsioek, eguneratzeko eskubidea dutenen kasuan.

2. Eguneratze hori ez zaie aplikatuko jadanik aitortuak dauden edo etorkizunean aitortuko diren pentsioei, baldin eta berek bakarrik nahiz onuradun berak jasotzen dituen beste pentsio publiko batzuekin batera gainditzen badute pentsio publikoetarako ezarritako urteko gehieneko zenbatekoa, hau da, 37.566,76 euro 2020. urtean.

3. Nafarroako Administrazio Publikoetako montepioen gutxieneko erretiro pentsioa, indarreko araudiaren arabera gaurkotzeko eskubidea duena, 15.239,00 eurokoa izanen da 2020. urtean, urte osoko kopurua harturik.

4. Gutxieneko alargun pentsioak eta zurztasun pentsioak lanbide arteko gutxieneko soldataren parekatzen dira 2020rako; hortaz, 13.300,00 eurokoak izanen dira urte osoko kopurua harturik; salbuespena da, zurztasun pentsioei dagokienez, 2020ko Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko martxoaren 4ko 5/2020 Foru Legearen 11. artikuluko 7. apartatuko bigarren paragrafoan ezarritakoa.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legean ezarrita dagoen eskubide pasiboen sistemako zurztasun pentsioei ere aplikatuko zaie, baldin onuradunak aitarik ez amarik ez duten umezurtzak badira (Nafarroako Administrazio Publikoen montepioetako funtzionarioen eskubide pasiboen araubide iragankorrari buruzkoa da foru lege hori).

5. Martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen babesetik aparte Nafarroako Foru Diputazioko Erretiro eta Pentsio Kutxan eta Nafarroako Udal Funtzionarioen Montepioetan sartuta dauden funtzionarioei dagokienez, haien eskubide pasiboetan eragina duten ordainsari kontzeptuen zenbatekoak honako hauek izanen dira 2020. urterako:

MAILA

SOLDATA

BIZITZA GAR. PLUSA

1

13.620,99

10.059,34

2

11.205,28

9.543,36

3

9.975,14

9.280,98

4

9.481,01

9.175,85

5

9.064,33

9.087,09

6

8.680,47

9.004,91

7

8.316,63

9.133,58

8

8.063,04

9.418,28

9

7.695,94

9.339,78

10

7.479,80

9.122,66

11

7.285,22

9.008,87

12

6.867,31

8.762,13

13

6.582,34

8.622,43

14

6.062,46

8.357,14

15

5.583,72

7.974,53

16

5.291,76

7.802,61

17

4.809,22

7.631,03

6. Foru Diputazioaren 1981eko azaroaren 16ko Erabakian ezarritako araubide juridikoari loturiko osasun arloko udal langileen eskubide pasiboak kalkulatzeko kontuan izan behar diren ordainketa kontzeptuak ondoko hauek dira 2020. urterako, ezertan galarazi gabe Nafarroako Osasun Eskualdeei buruzko azaroaren 13ko 22/1985 Foru Legearen laugarren xedapen iragankorrean dauden kasuetarako aplikagarri gerta daitezkeen gainerako kontzeptuak:

a) Medikuak, farmazialariak eta albaitariak:

SOLDATA

FAKULTATIBOAREN LANPOSTUA

8.510,61

5.561,88

b) Osasun laguntzaile teknikoak:

SOLDATA

FAKULTATIBOAREN LANPOSTUA

4.918,80

4.449,85

7. Erabaki honek 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorio ekonomikoak, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, orok jakin dezan.

8. Erabaki hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Lan Harremanen eta Prestazio Sozialen Zerbitzura.

Iruñean, 2020ko maiatzaren 27an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2005249