127. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

23E/2020 FORU AGINDUA, ekainaren 2koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, dirulaguntzen deialdi hau onesten duena “Enpresa eta profesionalentzako laguntzen deialdia zinematografia eta ikus-entzunezkoen arloko jaialdi, merkatu, azoka eta ekitaldi profesionaletan parte hartzeko. Generazinema Exporta 2020”. DDBN identifikazioa: 508776.

Kultur Ekintza Zerbitzuak txostena egin du, eta bertan eskatu du laguntzen deialdia onestea enpresa eta profesionalek zinematografia eta ikus-entzunezkoen arloko jaialdi, merkatu, azoka eta ekitaldi profesionaletan parte hartzeko (Generazinema Exporta 2020 izeneko deialdia), haren oinarri arautzaileak onets daitezen, 18.000 euroko gastua baimen dadin, eta foru agindu hau eta bere eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezen. Kontuan harturik hala helburua nola baldintzak betetzen direla, bai eta gastua baimentzeko legeak ezartzen dituen betebeharrak ere, eta kontuan harturik, halaber, kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna ageri dela espedientean, deialdia eta haren oinarriak onestea proposatzen du.

Gobernuak 2020ko maiatzaren 6an hartutako Erabakiaren bidez, Kultura eta Kiroleko kontseilariari baimena eman zitzaion deialdi hau onesteko, banakako ebaluazio araubidean.

Horrenbestez, Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Dirulaguntzen deialdi hau onestea: “Enpresa eta profesionalentzako laguntzen deialdia zinematografia eta ikus-entzunezkoen arloko jaialdi, merkatu, azoka eta ekitaldi profesionaletan parte hartzeko. Generazinema Exporta 2020”.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, jaso baitira foru agindu honen eranskinean.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20002-A2540-4709-334102: Generazinema: Zinemagintzarako laguntzak

2020

18.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

6. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean.

Iruñean, 2020ko ekainaren 2an.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

ERANSKINA

Zinematografia eta ikus-entzunezkoen arloko jaialdi, merkatu, azoka eta ekitaldi profesionaletan parte hartzeko enpresa eta profesionalentzako Generazinema Exporta 2020 izeneko deialdiaren oinarri arautzaileak

1. Dirulaguntzen xedea, helburua eta aplikazio-eremua.

1.1. Deialdiak xede du banakako ebaluazioaren araubidean arautzea Nafarroako ikus-entzunezkoen sektore profesionalaren film bukatuen nahiz ekoizpen fase aurreratuan daudenen sustapen eta zabalkunderako ekintzak egiteko laguntzak. Aurreikusiko da enpresek eta profesionalek zinematografia eta ikus-entzunezkoen arloko jaialdi, merkatu, azoka eta ekitaldi profesionaletan parte hartzea, hots, bai aurrez aurre bai online egiten diren haietan.

1.2. Deialdi honen xedeko jarduerak 2019ko azaroaren 1etik 2020ko urriaren 31ra bitarte eginen dira, biak barne.

1.3. Merkatu, azoka edo ekitaldi profesional baterako baino gehiagotarako laguntza eskatzen ahalko da eskabide bakar batean.

1.4. Pertsona eta entitate eskatzaileek eskabide bat baino gehiago aurkezten ahalko dute 4.1 oinarrian ezarritako eguna baino lehen, baldin eta eskatzen den laguntza merkatu, azoka edo ekitaldi profesional baterako baino gehiagotarako bada. Laguntza-eskaera guztien baturak, guztira, 3.2 puntuan eskatzaile bakoitzarentzat ezarritako gehieneko muga izanen du.

2.–Eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

2.1. Pertsona eta entitate hauek hartzen ahalko dituzte deialdi honetan ezarritako laguntzak:

a) Nafarroako Foru Komunitatekoak diren edo gutxienez 2020ko urtarrilaren 1etik Nafarroako Foru Komunitatean erroldaturik dauden pertsona fisikoak.

b) Merkataritzako sozietateak, sozietate zibilak, ondasun erkidegoak edo beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereiziko unitate, nortasun juridikorik gabea.

Entitate horiek helbide soziala Nafarroako Foru Komunitatean izanen dute, eta jarduera bertan egin, gutxienez 2020ko urtarrilaren 1etik. Gainera, haien sozietatearen helburuen artean edo estatutuen araberako xede edo helburu sozialen artean egon beharko da ikus-entzunezko edo zinema jarduerak egitea, ekoizpenaren eta/edo banaketaren arloan.

2.2. Aurreko apartatuan aipatutako pertsona edo entitateek alta emanik egon behar dute, eskaera aurkezteko unean, oinarri hauen 4.3 puntuan aipatutako ekonomia-jardueren gaineko zergaren epigrafeetako batean.

2.3. Laguntza hauetatik propio baztertzen dira honako hauek:

a) Toki entitateak, beren erakunde autonomoak eta nagusiki Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateen partaidetza duten enpresa publikoak, fundazioak eta sozietate publikoak.

b) Nafarroako Gobernuaren 2019ko aurrekontuetan partida izenduna duten entitateak.

c) Ikastetxeak edo arte irakaskuntzetako zentroak, eskolak eta/edo akademiak.

d) Irabazi-asmorik gabeko elkarteak, fundazioak eta entitateak, sindikatuak, enpresaburuen elkarteak, lanbide elkargoak eta elkarte profesionalak.

2.4. Nortasun juridikorik ez duten entitate eskatzaileek ordezkari bat edo ahaldun bakar bat izendatu beharko dute, onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko adina ahalmen dituena.

2.5. Onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak bete beharko dituzte. Ezin izanen zaie dirulaguntzarik eman aipatutako artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ezarritako egoeraren batean dauden pertsona eta entitateei.

2.6. Eskatzailea ez egotea zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen, edo, hala bada, ez egotea zehapen eta kondena-epai bat bete zain, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik.

3.–Deialdiaren diru kopurua eta laguntzen zenbatekoa.

3.1. Deialdi honek, guztira, 18.000 euroko diru kopurua izanen du, 2020. urterako onetsitako aurrekontuaren partida honen kargura: “Generazinema, Zinemagintzarako laguntzak” izeneko A20002 A2540 4709 334102 partida.

3.2. Laguntzaren zenbatekoa ez da izanen onartutako aurrekontuaren %60 baino handiagoa, eta gehienez ere 3.000 eurokoa izanen da eskatzaileko.

3.3. Onartzen den aurrekontua kalkulatzeko, aurkezten den aurrekontuari honako diru kopuru hauek kenduko zaizkio: batetik, BEZa, pertsona edo entitate eskatzaileentzat berreskuratzeko modukoa bada, eta, kasua bada, balorazio batzordearen ustez, proiektua gauzatzeko beharrezkoak ez diren edo deialdiaren xedekoak ez diren jarduerei dagozkien diru kopuruak, edo deialdi honen 5. oinarriaren arabera diruz lagungarriak ez diren gastuei dagozkien diru kopuruak.

3.4. Aipatutako mugak betetzen badira, eta, bidezko denean dagokion deskontua eginez, laguntzaren zenbatekoa enpresak edo profesionalak eskatutakoa izanen da, aurrekontuan dirua dagoen bitartean, 3.2 puntuan ezarritako mugak gainditu gabe.

3.5. Laguntzak banakako ebaluazioaren bidez emanen dira, eta espedienteak aurkezten diren hurrenkeran tramitatu eta ebatziko dira, aurrekontuan kreditua dagoen artean.

3.6. Onuradunen batek uko egiten badio laguntzari, dirulaguntzarik jaso ez duen hurrengo eskatzaileari emanen zaio, horrek deialdian eskatutako gutxienekoa gainditzen badu, betiere.

3.7. Aurrekontuko dirua deialdi honek ezarritako epeetan bukatzen bada, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak, ebazpen baten bidez, itxitzat emanen du eskaerak onartzeko epea, xede horretarako ezarritako funtsak amaitu direlako. Ebazpen hori Nafarroako Gobernuaren web-orrian (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/) argitaratuko da.

4.–Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

4.1. Oinarri arautzaile hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurkezten ahalko dira eskaerak, 2020ko urriaren 9ra arte (egun hori barne).

4.2. Eskaerak honela aurkeztuko dira:

Pertsona juridikoen kasuan, eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez (www.navarra.es/home_eu/Servicios/). Identifikatzeko, ziurtagiri digitala edo NAN-PINa eduki beharko da.

Kasu horretan, eskabidea aurkezten bada lehen esandako modua ez den beste edozein erabiliz, ez aurkeztutzat joko da, baina horrek ez du eragotziko eskabidea geroago aurkeztu ahal izatea telematika bidez. Azken kasu horretan, sarrera data baliodun bakarra aurkezpen telematikoarena izanen da.

Pertsona fisikoen kasuan, ahal dela, eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira, aurreko paragrafoan adierazitakoari jarraikiz, edo, hala ez bada, aurrez aurre Iruñeko Navarrería kaleko 39an dagoen Erregistro Bulegoan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako beste bideetako edozein erabiliz. Azken kasu horretan, eskabideari erantsiko zaion dokumentazioa formatu digitalean aurkeztu beharko da (diskoa edo USBa).

Eskabide eredua eta aurkeztu beharreko gainontzeko agiriak deialdi honetako eranskinetako ereduen araberakoak izanen dira, eta tramiteen katalogoan egonen dira eskuragarri (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/).

4.3. Eskaera egiteko berariazko inprimakiarekin batera (I. Eranskina), agiri hauek aurkeztu behar dira, agiri bereizitan eta behar bezala identifikatuak:

a) Eskaera aurkezteko unean ekonomia-jardueren gaineko zergaren epigrafe hauetako batean alta emanik egotearen frogagiria (egoki den udalak emana) edo zinemari edo ikus-entzunezko jarduerari lotutako beste batzuetan:

–1. atala (enpresa jarduerak): 96 edo 99 multzoak.

–2. atala (jarduera profesionalak): 85 edo 89 multzoak.

–3. atala (jarduera artistikoak): 1, 2 edo 3 multzoak.

b) Profesionala edo enpresa den kontuan hartuta, agiri hauetako bat:

1) Pertsona fisikoak, ondasun erkidegoak edo nortasun juridikorik gabeko beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereiziko unitate izanez gero: nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen fotokopia –edo, hala bada, nortasun txartelarena– eta pertsonaren edo pertsonen, parte-hartzaileen edo bazkideen identifikazio fiskaleko zenbakia.

2) Merkataritza sozietateen forma juridikorik hartzen ez duten eta nortasun juridikoa duten sozietate zibilak izanez gero: sozietatearen kontratuaren kopia eta identifikazio fiskaleko kodearena.

3) Merkataritza sozietateen kasuan: eraketaren edo, hala denean, aldaketaren eskrituraren kopia, estatutuena, Merkataritza Erregistroan egindako inskripzioarena eta identifikazio fiskaleko kodearena.

c) Proiektuaren deskripzio-memoria.

d) Aurrekontu ekonomiko zehatza, Excel formatuan. Nahitaezko baldintza da aurkezten den aurrekontuan gastuak eta diru-sarrerak berdinduta izatea.

e) Eskabidea telematika bidez bidali ez bada, aurreko guztiaren kopia digitala.

4.4. Kultura Zuzendaritza Nagusiaren aurreko deialdietan parte hartu duten eskatzaileek ez dituzte aurreko puntuko b).1, b).2 eta b).3 apartatuetan aipatutako agiriak aurkeztu beharko, non ez den agiri horietan aldaketaren bat izan.

4.5. Dirulaguntzaren eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66.1 artikuluan ezarritako baldintzetakoren bat betetzen ez bada, hamar egun balioduneko epean okerra zuzentzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko eskatuko zaio interesdunari, hark emandako helbide elektronikoaren bidez, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela.

4.6. Prozesuan noiznahi ere, informazio osagarria eskatzen ahalko zaie eskatzaileei.

5.–Gastu diruz lagungarriak.

5.1. Gastu diruz lagungarriak dira diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat datozenak inongo zalantzarik gabe, behar-beharrezkoak izanik, deialdian ezarritako epean egiten badira. Gastu horien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Enpresak edo profesionalak proiektua garatzean izaten dituen gastu hauek hartuko dira kontuan:

a) Ekitaldiko 2 parte-hartzaileren (gehienez) ostatu gastuak, dietak eta joan-etorrien gastuak (artistak, ekoiztetxearen eta/edo enpresa banatzailearen ordezkariak), muga hauek gainditu gabe:

–Ostatua eta dietak: Nafarroako Gobernuak 2012ko azaroaren 28an hartutako eta 2012ko 244. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 17koan, argitaratutako Erabakian jasotako baldintzetara mugatuko dira gastuak. Deialdi honen ondorioetarako, dieta gastutzat hartuko dira otordu nagusiei dagozkienak bakarrik (bazkaria eta afaria).

–Joan-etorriak: autoa erabiliz gero, hogeita hamar (0,30) euro-zentimo km bakoitzeko, gehi autobideko (bidesariak) eta aparkalekuetako gastuak. Ibilgailua alokatua denean, alokairuaren kostua, erregaia, autobideko gastuak (bidesariak) eta aparkalekua. Hegazkina, trena edo beste garraio publikoren bat erabiliz gero, gehienez ere turista klaseko txartel arruntaren zenbatekoa ordainduko da.

–Beharrezkoak diren elementuen garraioa: autoa erabiliz gero, hogeita hamar euro-zentimo (0,30 euro) km bakoitzeko, gehi autobideko gastuak (bidesariak) eta aparkalekuetakoak. Furgoneta edo zamalanetarako beste ibilgailuren bat erabiliz gero, berrogei euro-zentimo (0,40 euro) km bakoitzeko, gehi autobideko gastuak (bidesariak) eta aparkalekuetakoak. Ibilgailua alokatua denean, alokairuaren kostua, erregaia, autobideko gastuak (bidesariak) eta aparkalekuetakoak.

Kilometro kopurua kalkulatzeko, abiapuntua enpresaren egoitza soziala edo eskatzailearen helbidea izanen da.

b) Egiaztatze edo inskripzio kuotak ordaintzea.

c) Azoka eta ekitaldi profesionaletan instalatzea eta/edo erakustokia eta bestelakoak alokatzea.

d) Honako hauekin komunikazioa eta konexioa errazteko diseinatutako plataformen edo aplikazioen tasak: salmenta-agenteak, ekoiztetxeak, telebista operadoreak edo OTT zerbitzuak.

e) Bonuak jaialdietan banatzeko edo salmenta-agenteen kuotak, filmak Estatuko nahiz nazioarteko jaialdietan inskribatzeko.

f) Komunikazioa eta publizitatea: inprimatutako materialak, material digitalak, seinaleak edo online ingururako edukien sortzeko materialak, baldin eta filmak zabaltzeko badira (mailingak diseinatzea, salmenta eskuliburuak, flyerrak, etab.).

5.2. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Ekipamendu ondasunen, ondasun higiezinen eta azpiegituren erosketarekin, erabilerarekin eta finantzaketarekin lotuta dauden guztiak.

b) 5.1 puntuan adierazitako arloei ezin egotzi zaizkien gastu kontzeptuak, proiektuarentzat nahikoa beharrezkoak ez direnak edo zenbatekoa modu fidagarrian zehaztuta ez dutenak.

c) Balio erantsiaren gaineko zerga, baita antzeko beste zerga batzuk ere, entitateak berreskura ditzakeenak.

6.–Tramitazio eta ebaluazio organoak.

6.1. Kultura eta Kirol Departamentuko Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalak tramitatuko eta ebaluatuko ditu eskaerak, banakako ebaluazioko araubidean. Ebaluazio prozesu osoan zehar, eskatzaileen agerraldia eska daiteke, deialdira aurkeztutako proiektuaren gaineko zalantzak argitzeko edo alderdiren bat berresteko.

6.2. Kultura eta Kirol Departamentuko Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalak deialdian onartua izateko betebeharrei buruzko dokumentazioa aztertuko du. Eskatutako dokumentazioa aurkeztu ez bada, 4.5 puntuan zuzenketa egiteko adierazten dena eginen da.

6.3. Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalak banakako ebaluazioa prestatu, eta deialdiaren gaineko ebazpen proposamena eginen du.

7.–Beste dirulaguntza batzuk jasotzea eta haiekiko bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusten diren laguntzak bateragarriak dira helburu bera duten beste dirulaguntza batzuekin, Foru Komunitateko Administrazioarenak izan edo beste administrazio publiko batzuenak, beste entitate pribatu edo publiko batzuenak edo partikularrenak. Dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa. Gainfinantzaketa gertatzen bada, dirulaguntzaren zenbatekoa gutxituko da behar den gehieneko diru-mugaraino.

8.–Proiektuen balorazioa.

8.1. Proiektuaren ezaugarriak: (50 puntu gehienez).

a) Azokaren/merkatuaren eta/edo ekitaldi profesionalaren lurralde-eremua.

–Foru Komunitatearekin mugakide diren lurraldeak (Euskal Autonomia Erkidegoa, Errioxa, Aragoi eta Frantziako Akitania Berria): 5 puntu.

–Estatuko beste lurralde batzuk: 10 puntu.

–Nazioarteko eremua: 15 puntu.

b) Azoka, jaialdi edo ekitaldi profesional bakoitzean parte hartzeko modua (atal honen puntuazioa a) eta c) letrei gehituko zaie, eta gehienez 50 puntu emanen dira guztira).

–Filmak proiektatzea: 2 puntu proiektaturiko film bakoitzeko.

–Eguneroko bertaratzea, baina erakustokirik gabe: 5 puntu bertaratze-egun bakoitzeko, eta gehienez ere 10 puntu.

–Bertaratzea, erakustoki partekatua izanda: 10 puntu.

–Bertaratzea, norberaren erakustokia izanda: 15 puntu.

c) Ekoiztetxeen kasuan, aurkeztu beharreko salmenta eskuliburuaren lagina (15 puntu gehienez). Kasu horretan, informazio-dosierra erantsi beharko da, hauek adierazita: filmaren izena, fitxa artistikoa eta fitxa teknikoa.

Banatzaileen kasuan, txostena, merkataritza-hitzorduen deskribapena erantsita (15 puntu gehienez).

–15 puntu, 10 bilera baino gehiago baldin baditu.

–10 puntu, 6-10 bilera baditu.

–5 puntu, 0-5 bilera baditu.

8.2. Eskaera egiten duen pertsonaren, enpresa ekoizlearen edo banatzailearen ibilbidea (30 puntu gehienez):

a) Jarduera: 2 puntu, azken 5 urteetan ekoitzitako edo banatutako film bakoitzeko (10 puntu gehienez).

b) Ibilbidea: puntu bat, eskaera egiten duen pertsonak, enpresa ekoizleak edo banatzaileak jardunean egindako urte oso bakoitzeko (10 puntu gehienez).

–10 urtetik gora: 10 puntu.

–9 urte: 9 puntu.

-8 urte: 8 puntu.

-7 urte: 7 puntu.

-6 urte: 6 puntu.

-5 urte: 5 puntu.

-4 urte: 4 puntu.

-3 urte: 3 puntu.

-2 urte: 2 puntu.

–Urtebete: 1 puntu.

c) Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiaren azken 5 urteetako deialdietan Nafarroako Gobernuak diruz lagundutako proiektuak (10 puntu gehienez).

–4 puntu, eskatzaileak jasotako dirulaguntza bakoitzeko.

–2 puntu, onartu bai baina dirulaguntzarik gabe utzitako proiektu bakoitzeko (deialdian diru aski ez egoteagatik).

8.3. Proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa (15 puntu gehienez).

Ekoiztetxeentzat eta banatzaileentzat: proiektuaren aurrekontu onartu osoarekin alderatuta (BEZik gabe), eskatutako dirulaguntzaren portzentajea:

–%40 arte: 15 puntu.

–%40 baino gehiago eta %45 arte: 12 puntu.

–%45 baino gehiago eta %50era arte: 10 puntu.

–%55 baino gehiago eta %55 arte: 8 puntu.

–%55 baino gehiago eta %60 arte: 5 puntu.

8.4. Nafarroako kultura zabaltzea eta euskara erabiltzea (5 puntu gehienez).

a) Nafarroako kultura zabaltzea, egile, zuzendari edo ekoizle nafarrak sustatuz (2 puntu gehienez).

b) Euskara erabiltzea proiektuan eta/edo haren zabalkundean eta sustapenean (3 puntu gehienez).

–Euskara erabiltzea proiektuan (abestien, olerkien eta abarren bidez) edo jarduerak edozein euskarritan hedatzen direnean, elebitan izan gabe (puntu 1).

–Proiektua elebitan hedatzea (2 puntu).

–Jarduera euskaraz egitea edo euskara erabiltzea proiektuaren komunikazio-hizkuntza gisa, hala proiektua sortzean nola hedatzean (3 puntu).

8.5. Proiektuak baloratu ahal izateko, eskatzaileak proiektuaren deskripzio memoria bat aurkeztu beharko du. Informazio ekonomikoa Excel formatuan aurkeztuko da.

8.6. Aurreko irizpide horiek aplikatuta, gehienez 100 puntu emanen zaizkio proiektu bakoitzari, eta ez dira aintzat hartuko gutxienez 50 puntura iristen ez diren proiektuak.

8.7. Betetzen ez diren datuak edo oker betetzen direnak, funsgabeak direnak edo ausartegiak direnak baloraziotik kanpo geldituko dira.

9.–Laguntza emateko ebazpena.

9.1. Laguntzak emateko Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak ebazpena emanen du, gehienez ere hiru hilabeteko epean, eskaera bakoitza jaso eta biharamunetik hasita. Epe hori iraganik berariazko ebazpenik argitaratu gabe, eskaera ezetsitzat joko da.

9.2. Ebazpena eskatzaile bakoitzari jakinaraziko zaio bakoitzak eskabide-orrian adierazten duen helbide elektronikoaren bidez, eta Nafarroako Gobernuaren web-orrian jakitera emanen da (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/).

9.3. Berariazko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hilabete bateko epean, administrazio prozedurari buruzko legerian xedatuari jarraikiz.

9.4. Ustezko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, isiltasun administratiboak ondorioak izan eta biharamunetik hasita noiznahi, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

10.–Diruz lagundutako proiektuen interes soziala, kultur mezenasgoaren ondorioetarako.

10.1. Bat etorriz Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 5.1.b) artikuluan xedatutakoarekin, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuek, baldin lege horren 4.f) artikuluan aurreikusitako pertsonek egiten badituzte, interes soziala izanen dute. Ondorio horietarako, eskatzaileek III. eranskina beteko dute.

10.2. Kultur mezenasgoaren arloko zerga-pizgarriak aplikatzeko, onuradunek maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legean eta Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22.2 artikuluan ezarritako baldintzak eta betebeharrak bete beharko dituzte. Foru agindu horren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen.

10.3. Orobat, beren proiektuak gauzatzen laguntzeko mezenasgo eta babesletza ekarpenak jasotzen dituzten onuradunek amaierako txosten batean zehaztu beharko dituzte mezenasgo eta babesletza modalitate guztien bidez jasotako ekarpenak, eta ebaluatu laguntza horiek diruz lagundutako proiektua gauzatzeari begira izan duten eragina.

11.–Onuradunek bete beharrekoak.

Onuradunek betebehar hauek dituzte:

11.1. Emandako laguntza onartzea. Baldin eta dirulaguntza ematen dela jakinarazten den egunetik hasita hamabost laneguneko epean onuradun ateratzen den pertsonak ez badio berariaz eta idatziz uko egiten, ulertuko da laguntza onartzen duela.

11.2. Dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean telematikoki aurkeztu beharko da (salbu eta pertsona fisikoen kasuan), dirulaguntzen onuradunek gardentasunari buruz duten betebeharraren aitorpena, eta, hala badagokio, baita eskatzen zaien dokumentazioa ere, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoari jarraituz (dekretu horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen ditu).

Aitorpen eredua eta aginduzko dokumentazioa Nafarroako Gobernuaren web-orriaren bitartez kontsultatu, bete eta tramitatzen ahalko dira: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/, edo deialdi hau kudeatzen duen Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalaren bidez.

Izan daitezkeen zehapenak galarazi gabe, onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

11.3. Deialdi honen bidez diruz laguntzen den programarako baizik ez da erabiliko laguntza, eta, oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak beteko dira.

11.4. Kultura eta Kirol Departamentuko Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalean justifikatzea diruz lagundutako proiektua gauzatu dela eta zer gastu egin den.

11.5. Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalari jakinaraztea proiektuaren garapenean gertatzen den edozein gorabehera, gertatzen den unean berean, baldin eta proiektua aldatzea ekartzen badu. Proiektuan edozein aldaketa egiteko Kultur Ekintza Zerbitzuaren adostasuna beharko da, eta horrek baimena emanen du baldin eta aldaketak funtsean aldatzen ez badu onetsitako proiektua.

11.6. Nafarroako Gobernuak emandako dirulaguntza argi eta berariaz aipatzea honako euskarri hauetan, hura emateko ebazpena argitaratzen den egunetik aurrera: katalogoetan, egitarauetan, karteletan, argazkietan eta prestatzen den gainerako material grafiko eta entzunezkoetan. Horretarako, Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabili beharko dute, aurretik honako testu hau idatzita: “Con la ayuda de/Laguntzaile”. Logotipoa jartzeko jarraibideak Nafarroako Gobernuko Erakundeen Proiekzioaren Zerbitzuan (Argitalpen Atala) kontsulta daitezke, helbide elektroniko honetan: publicaciones@navarra.es.

Ekitaldia dirulaguntza eman aurretik egin bada, ez da nahitaezkoa izanen logoa jartzea inprimatutako materialean (esku-orriak, kartelak). Hala ere, zabalkunde telematikoan, web-orrian eta aldaketa egiteko aukera ematen duen edozein hedabidetan, diru-laguntza eman bezain laster aldatuko da, eta Nafarroako Gobernuaren logotipoa sartuko, aurreko apartatuko baldintzei jarraituz.

11.7. Kultura eta Kirol Departamentuko Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalak proiektua burutu dela egiaztatzeko noiznahi eginen dituen lanak onartzea.

11.8. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

11.9. Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak erabili ahal izan daitezen, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak eduki beharko dira, behar bezala ikuskatuak, onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritzako legeetan eta lege sektorialetan agindutako moduan. Halaber, dirulaguntzen oinarri arautzaileetan berariaz eskatzen diren kontabilitate orriak eta erregistro berariazkoak eduki beharko dira.

11.10. Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

11.11. Enpresak edo profesionalak ebaluazio txosten bat aurkeztu beharko du proiektua amaituta. Txosten horretan, proiektuaren alderdiak noraino bete diren adieraziko du, hasieran aurkeztutako deskripzio-memorian jasotakoarekin alderatuta, eta egindako jardueraren memoria ere erantsiko du.

11.12. Kudeaketa lanean konpromiso etikoa begiratzearren, eskatzaileak konpromisoa hartu beharko du jardun egokiak izateko diruz laguntzen den jardueraren garapenean, bereziki lan eskubide eta betebehar oinarrizkoen esparruan.

11.13. Proiektuko informazioaren osagarri, enpresak edo profesionalak generoari buruzko memoria bat erantsiko du, helburu izanen duena ezagutzea zein den Nafarroako kultura sektorearen errealitatea genero-ikuspegitik. Horretarako, datu hauek bilduko dira:

–Entitatearen egitura: sexuaren araberako banaketa zuzendaritza organoetan eta masa sozialean.

–Lanak zer gairi heltzen dion nagusiki, eta adieraztea edukiak indarra egiten ote duen genero rol edo estereotipoak hausteko (zehaztu eta labur justifikatu).

–Parte-hartzea:

  • Lanaren egiletza (emakumezko egilea, gizonezkoa edo ezezaguna). Pertsona bat baino gehiago badira, zehaztu emakumeen eta gizonen kopurua.
  • Zuzendaritza (gizona edo emakumea). Pertsona bat baino gehiago badira, zehaztu emakumeen eta gizonen kopurua.

11.14. Enpresak edo profesionalak konpromisoa hartzen du hizkera edo irudi sexistarik ez erabiltzeko inolako euskarritan, ez publizitatean, ez informazioan. Halaber, sortzen diren dokumentuetan hizkera inklusiboa erabiliko da (horretarako, honako lan hau kontsulta daiteke: “La Guía sobre estrategias de comunicación incluyente: El Género como prioridad”, helbide honetan dagoena: http://www.navarra.es/NR/rdonlyres/30B6ABA1-F8D6-468F-8CBB-D5808B5F6575/118955/GUIADECOMUNICACION1213.pdf)

12.–Ordainketa, justifikatzeko epea eta modua.

Ordaintzeko moduak hauek izanen dira:

12.1. Ordainketa.

Oro har, behin onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren ordainduko dira laguntzak. Justifikazio hori proiektua bukatutakoan egin beharko da. Horretarako, onuradunak dokumentazio hau aurkeztu beharko du:

a) Diruz lagundutako jarduera dela-eta ordaindutako gastu guztien fakturen eta frogagirien zerrenda, zenbakiz zenbaki, honako hauek adierazita: hornitzailearen/jaulkitzailearen izena; IFZ; fakturaren kontzeptua, zenbakia eta data; guztirako zenbatekoa (zerga-oinarria, BEZa eta/edo PFEZa zehaztuta, eta kontuan hartuta dirulaguntzatik kanpo dagoela balio erantsiaren gaineko zerga, eskatzaileak berreskuratu edo konpentsatu dezakeen zatian, bai eta antzeko beste zerga batzuk ere, eta errentaren gaineko zerga pertsonalak); eta ordainketaren data. Zerrenda Excel formatuan igorriko da.

b) Orobat, dirulaguntzaren xedea bete dela frogatzen duten gastu guztien faktura eta frogagiriak aurkeztuko dira. Faktura horiek deialdiaren 1. oinarrian ezarritako epeetan emanak izan beharko dira, eta Fakturazio Betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuari jarraikiz eginak. Kanpo gelditzen dira, berariaz, erreziboak, aurrekontuak eta albaranak. Fakturak ez dira onartuko baldin eta fakturatutako ondasuna, lana eta/edo zerbitzua ez bada argi eta bereiz ezartzen kontzeptuan.

c) 100 eurotik gorako gastuen ordainketa guztiak bankuko ordainagirien bidez frogatuko dira. Zenbateko horretakoak edo txikiagoak diren gastuak, berriz, fakturen bidez edo froga balio bera duten beste dokumentu batzuen bidez justifikatzen ahalko dira, kasu bakoitzeko ordainagiriak erantsita, hots: bankuko frogagiriak, “ordainduta” zigilua daramaten fakturak (hornitzaileak sinatuak eta zigilatuak), edo faktura edo gastua ordaindu dela frogatzen duen beste edozein dokumentu.

2019ko urtarrilaren 1etik 2020ko urriaren 31ra bitartean egindako gastuen ordainagiriak onartuko dira.

Egindako gastutzat joko da justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena.

d) Egindako jarduera azaltzen duen memoria.

e) Bertaratze ziurtagiria, erakunde antolatzaileak luzatua, edo, bestela, parte-hartzaileen zerrenda ofiziala.

f) Proiektuaren gauzatzeari buruzko ebaluazio txostena, non adieraziko baita proiektuaren alderdiak noraino bete diren, hasieran aurkeztutako deskripzio-memorian jasotakoarekin alderatuta.

g) Generoari buruzko memoria, honako datu hauek jasoko dituena:

–Entitatearen egitura: sexuaren araberako banaketa zuzendaritza organoetan eta masa sozialean.

–Lanak zer gairi heltzen dion nagusiki, eta adieraztea edukiak indarra egiten ote duen genero rol edo estereotipoak hausteko (zehaztu eta labur justifikatu).

–Parte-hartzea:

  • Lanaren egiletza (egilea emakumea, gizona edo anonimoa). Pertsona bat baino gehiago badira, zehaztu emakumeen eta gizonen kopurua.
  • Zuzendaritza (gizona edo emakumea). Pertsona bat baino gehiago badira, zehaztu emakumeen eta gizonen kopurua.

12.2. Aurrerakina.

Salbuespenez, jarduera gauzatu aurretik ordaintzen ahalko dira laguntzak, emandako dirulaguntzaren %50 aurreratuz, gehienez ere. Entitateak bide hori hartu nahi izanez gero, Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalari eskatu beharko dio, aurrerakina eskatzeko II. eranskina aurkeztuz, eta frogatu beharko du dirulaguntzaren xedeak betetzeko aldez aurretik funtsez hornitu beharra duela (diruzaintzako egoera-orria edo bankuko kontuen saldoa, dirulaguntzaren xedearekin lotuta ordaintzeko eta kobratzeko dituen gastuen eta diru-sarreren zerrenda eta proiektuari lotuta ez dauden ordaintzeko eta kobratzeko konpromisoak).

12.3. Aurreko apartatuan aipatutako ordainketa moduen artean zein aukeratzen den ere, dirulaguntza likidatzeko, onuradunek 12.1 puntuan aipatzen diren egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte proiektua bukatu eta bi hilabeteko epean; betiere, azken eguna 2020ko azaroaren 30 izanen da, egun hori barne. Laguntza ematea onartzen den unean dirulaguntzaren xedeko jarduera bukatu dutenek edo azoka/merkatu edo ekitaldi profesionalera joan direnek laguntza onartu eta bi hilabeteko epean aurkeztu beharko dute dokumentazioa, eta, betiere, azkeneko eguna 2020ko urriaren 31 izanen da beranduenez.

12.4. Justifikazioa ezarritako epean edo zuzenketak egiteko ematen den epean aurkeztu ezean, galduko da justifikatzen ez diren gastuetarako dirulaguntzak kobratzeko eskubidea.

12.5. Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalak aldeko txostena eman ondoren ordainduko da laguntza.

13.–Dirua itzultzea.

Onuradunak programa gauzatu dela behar bezala justifikatu ezean, ordaindutako laguntza osorik edo hein batean itzul dezala eskatuko zaio, bai eta dirulaguntza ordaindu zenetik dirua itzultzen duen egunera arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko ere, proportzionaltasun irizpideari jarraituz eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluarekin bat.

14.–Arau-hausteak eta zehapenak.

14.1. Arau-hauste eta zehapenetarako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedaturikoa aplikatuko da.

14.2. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen VI. tituluan ezarritakoa izanen da.

15.–Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.

16.–Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

ERANSKINAK

I. eranskina.–Eskabide eredua.

II. eranskina.–Aurrerakinaren eskaera.

III. eranskina.–Kultur mezenasgoari lotutako erantzukizunpeko adierazpenak.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F2005591