127. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

19E/2020 FORU AGINDUA, maiatzaren 29koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, aldatzen duena Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariaren ekainaren 10eko 35E/2019 Foru Agindua, zeinaren bidez onetsi baitziren Nafarroako kirol federazioei dirulaguntza batzuk emateko deialdiaren oinarri arautzaileak, haien bidez 2019ko irailaren 1etik 2020ko abuztuaren 31 bitarte kirol errendimenduko programak gara ditzaten.

Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariaren ekainaren 10eko 35E/2019 Foru Aginduaren bidez onetsi ziren Nafarroako kirol federazioei dirulaguntza batzuk emateko deialdiaren oinarri arautzaileak, haien bidez 2019ko irailaren 1etik 2020ko abuztuaren 31 bitarte kirol errendimenduko programak gara ditzaten.

Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen urriaren 25eko 81E/2019 Ebazpenaren bidez, dirulaguntza batzuk ematen zaizkie Nafarroako kirol federazioei, guztira 635.000,00 euro egiten dutenak, haien bidez 2019ko irailaren 1etik 2020ko abuztuaren 31 bitarte beren kirol errendimenduko programak gara ditzaten.

COVID-19aren ondoriozko osasun krisia kudeatzeko xedez alarma egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuan jasotako neurrietako bat da (10. artikulua) jendearentzat ixtea entrenamenduak eta kirol jarduerak egiteko lokalak. Era berean, alarma egoera bertan behera gelditzen denean, pentsatzekoa da murriztapen eta mugapen batzuk ezarriko direla COVID-19a heda ez dadin laguntzeko; neurri horien ondorioz, entrenamendu eta kirol jarduera horiek egitea zailagoa izanen da kasu batzuetan eta ezinezkoa beste kasu askotan.

Apirilaren 6ko 7/2020 Foru Legearen 3. artikuluan aurreikusirik dago bermatuko dela irabazi-asmorik gabeko erakundeek -horien artean daude kirol federazioak- jasoko dituztela Nafarroako 2020ko Aurrekontu Orokorretan aurreikusitako dirulaguntza guztiak, eta, horretarako, deialdiak egokitu eginen direla.

Inguruabar horiek funtsezko aldaketa ekarri dute Kirol Errendimenduko Programa horien garapenean, eta, are gehiago, gerta daiteke horien ondorioz kirol federazioei dirulaguntza horiek emateko deialdiaren helburuak betetzerik ez izatea; helburu horiek ekainaren 10eko 35E/2019 Foru Aginduaren I. eranskineko 2. oinarrian daude ezarrita.

Xede horiek bete ahal izateko, ordea, aldaketa batzuk egin behar dira deialdi honen oinarri arautzaileetan, sortutako egoera berriarekin bat etor daitezen. Aldaketa horiek ekainaren 10eko 35E/2019 Foru Aginduaren I. eranskineko 1., 3., 13., 14. eta 15. oinarriei eragiten diete.

Espedienteko txosten tekniko eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, dirulaguntza hauek ematea egokia eta interes publikokoa dela, eta deialdia, haren oinarri arautzaileak eta proposatutako aldaketa, legezkoak.

Horrenbestez, Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Onestea foru agindu bat, aldatzeko Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariaren ekainaren 10eko 35E/2019 Foru Agindua, zeinaren bidez onesten baitira Nafarroako kirol federazioei dirulaguntza batzuk emateko deialdiaren oinarriak, 2019ko irailaren 1etik 2020ko abuztuaren 31 bitarte kirol errendimenduko programak gara ditzaten. Horrela, zati batean aldatuko da foru agindu horren eranskineko 1., 3., 6., 13., 14. eta 15. oinarrien edukia.

2. Ekainaren 10eko 35E/2019 Foru Aginduaren I. eranskineko 1.1 oinarria aldatzea, honela idatzita geldituko baita:

“1.1. Oinarri arautzaile hauen xedea da Nafarroako kirol federazioei dirulaguntza batzuk emateko prozedura ezartzea, haien bidez 2019ko irailaren 1etik 2020ko abuztuaren 31 bitarte kirol errendimenduko programak gara ditzaten. Dirulaguntza horiek norgehiagokako araubidea erabiliz banatuko dira.

Alarma egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren ondorioz Errendimendu Programa aldi baterako eten edo bertan behera utzi behar izan duten federazioentzat, aurreko puntuan aipatzen den epean amaitzeko modurik ez badute, hura gauzatzeko epea 2020ko urriaren 18a arte luzatuko da. Ez da ulertuko epea luzatu denik abuztuaren 31tik aurrera betetzen den jarduera bakarra materiala erostea baldin bada.”

3. Aldatzea 3.3. A) oinarriaren a.2. apartatua, ekainaren 10eko 35E/2019 Foru Aginduaren I. eranskinean, honela idatzita geldituko baita:

“a.2. Iraupena eta maiztasuna.

Gutxienez astean bi saio izanen dira, tekniko-taktikoak eta prestaketa fisikokoak, egun ezberdinetan banatuak. Kontzentrazioaldi intentsiboak ere izan daitezke, eta komeni da horiek lehiaketarik ez dagoenean edo opor garaian egitea.”

4. Aldatzea 3.3 C) oinarria, ekainaren 10eko 35E/2019 Foru Aginduaren I. eranskinean, c.2. apartatua kentzen baita, testu hau duena::

“c.2. Iraupena eta maiztasuna.

Gutxienez 20 saio planteatzen dira, entrenamenduak eta jarduera osagarriak kontuan hartuta; saio horiek estentsiboak eta/edo trinkoak izan daitezke. Egun berean bi saio eginez gero, bata goizean eta bestea arratsaldean, bi saio kontatuko dira.”

5. Aldatzea 3.3 A) oinarria, ekainaren 10eko 35E/2019 Foru Aginduaren I. eranskinean, a.6. apartatua kentzen baita, testu hau duena:

“a.6. Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroaren laguntza.

Beharrezkoa izanen da kirolariek azterketa mediko bat eta ekokardiograma bat egitea Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroan. Nork bere borondatez test fisikoak eta entrenamendu koadernoaren jarraipena egiten ahalko ditu. Testak egiteak eta koadernoaren bidez entrenamenduaren jarraipena egiteak lehentasuna ematen du honako zerbitzu hauen zerrendetan sartzeko, test horiek egiten ez dituzten eta entrenamendua kontrolatzen ez duten kirolarien aldean: errehabilitazioa, fisioterapia, dietetika eta nutrizioa, neke kronikoa, entrenamendurako aholkularitza eta abar.”

6. Aldatzea 3.3 B) oinarria, ekainaren 10eko 35E/2019 Foru Aginduaren I. eranskinean, b.6. apartatua kentzen baita, testu hau duena:

“b.6. Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroaren laguntza.

16 eta 18 urte bitarteko kirolariek (bi adin horiek barne) osasun azterketa bat egin beharko dute Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroan, azken hiru urteotan horrelakorik egin ez badute. Federazioa arduratuko da erakunde horri azterketa mediko horiek egiteko hitzordua eskatzeaz eta kudeatzeaz. Baliabide nahikoa badago, eta betiere Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroaren agendaren arabera, beste zerbitzu batzuk jasotzen ahalko dituzte, adibidez, test fisikoak egitea, lesioei buruzko kontsultak, dieta, entrenamendurako aholkularitza eta zentro horrek eman ditzakeen beste batzuk.”

7. Ekainaren 10eko 35E/2019 Foru Aginduaren I. eranskineko 6. Oinarriaren lehen paragrafoa aldatzen da, honela idatzita geldituko baita:

“Ondoren azaltzen diren ataletako gastuak baizik ez dira izanen %100 diruz lagungarriak, betiere diruz lagundutako jardueraren izaerarekin zuzeneko lotura baldin badute zalantzarik gabe eta diruz lagunduko diren jarduerak egiten diren aldi berari baldin badagozkio.

Diruz lagungarriak izanen dira, halaber, kirol federazioek egindako gastuak, lotuta baldin badaude COVID-19ak eragindako osasun krisiaren ondorioz behin betiko bertan behera gelditu diren edo 2020ko urriaren 18a baino geroagoko data batera atzeratu diren jarduerekin, gastu horiek ez badizkiete kasuan kasuko hornitzaileek itzuli kirol federazioei.”

8. Ekainaren 10eko 35E/2019 Foru Aginduaren I. eranskineko 13.1 oinarria aldatzea, testu hau izan dezan:

“13.1. Dirulaguntzaren ordainketa, oro har, diruz lagundutako jarduera egin dela egiaztatu ondoren eginen da, behin hari dagozkion frogagiriak (ordainagiriak barne) 15. oinarrian xedatutakoari jarraikiz aurkeztu ondoren.

6. oinarrian xedatutakoarekin bat, kirol federazioek gastuak izan badituzte COVID-19ak eragindako osasun krisiaren ondorioz behin betiko bertan behera gelditu diren edo 2020ko urriaren 18a baino geroagoko data batera atzeratu diren jarduerekin, gastu horiek diruz lagungarriak izanen dira eta kontuan hartuko dira dirulaguntzaren ordainketarako, baldin eta gastu horiek ez badizkiete kasuan kasuko hornitzaileek itzuli kirol federazioei.

Lehen ordainketa egin baino lehen, dagokion federazioak frogatu beharko du 19. oinarrian arautzen diren gardentasun betebeharrak betetzen dituela; bestela, ordainketa ezin izanen da egin.”

9. Ekainaren 10eko 35E/2019 Foru Aginduaren I. eranskineko 14.2 oinarria aldatzea, testu hau izan dezan:

“14.2. Aurreko puntuan azaldutako aurrekontu-aldaketak organo kudeatzaileak eginen ditu, ofizioz, baina, betiere, azkenean onartzen den aurrekontu osoaren %10 gainditu gabe 2019ko irailaren 1etik azaroaren 15era bitarte. Muga horretatik gorako dirua ezin izanen da erabili horrelako doikuntzak egiteko. 2019ko azaroaren 16tik 2020ko abuztuaren 31 edo urriaren 18a bitarteko aldirako, kasuaren arabera, ez da inolako mugarik aplikatuko”.

10. Ekainaren 10eko 35E/2019 Foru Aginduaren I. eranskineko 15.1 oinarria aldatzea, testu hau izan dezan:

“15.1. Justifikaziorako agiriak aurkezteko epea 2019ko azaroaren 20an amaitzen da 2019ko ekitaldi ekonomikoaren kargura emandako zenbatekoen kasuan.

2020ko ekitaldi ekonomikoaren kargura emandako zenbatekoak justifikatzeko agiriak aurkezteko, berriz, bi epe ezartzen dira, amaituko direnak:

–2020ko irailaren 30ean, Kirol Errendimenduko programa betetzen abuztuaren 31n bukatu duten federazioentzat.

–2020ko urriaren 25ean, programa urriaren 18a arte luzatu duten federazioentzat.

Justifikazio-kontu baten bidez eginen da justifikazioa, eta dagokion federazioko lehendakariak sinatu beharko du kontu hori.

2020-2021 aldirako Kirol Errendimenduko Programak betetzeko epea 2020ko urriaren 19an hasiko da egungo programak urriaren 18ra arte luzatzea aukeratzen duten federazioentzat.”

11. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Kirol Zuzendariordetzari eta Administrazio eta Kudeaketa Atalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan. Aditzera ematen da, foru agindu honen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin bat.

Iruñean, 2020ko maiatzaren 29an.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

Iragarkiaren kodea: F2005443