127. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

18E/2020 FORU AGINDUA, maiatzaren 29koa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, aldatzen duena Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariaren ekainaren 19ko 36E/2020 Foru Agindua, zeinaren bidez onetsi baitziren Nafarroako kirol federazioei 2019ko irailaren 1etik 2020ko abuztuaren 31 bitarteko aldirako dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak.

Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariaren ekainaren 19ko 36E/2019 Foru Aginduaren bidez onetsi ziren kirol federazioei 2019ko irailaren 1etik 2020ko abuztuaren 31 bitarteko aldirako dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak.

Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen urtarrilaren 17ko 4E/2020 Ebazpenaren bidez, dirulaguntzak ematen zaizkie Nafarroako kirol federazioei 2019ko irailaren 1etik 2020ko abuztuaren 31 bitarteko aldirako, arlo hauetarako: federazioak, selekzioen jantziak, ekipamendua, eta euskarazko komunikazio zerbitzu orokorrak; dirulaguntzek 2.547.970,47 euro egiten dute osotara. Ebazpen honetan sartzen dira federazioek egin eta deialdi honen bidez diruz laguntzen diren jarduerak.

COVID-19aren ondoriozko osasun krisia kudeatzeko xedez alarma egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuan jasotako neurrietako bat da (10. art.) kirol jarduerak egiteko lokalak ixtea jendearentzat. Era berean, alarma egoera bertan behera gelditzen denean, pentsatzekoa da murriztapen eta mugapen batzuk ezarriko direla COVID-19a heda ez dadin laguntzeko; neurri horien ondorioz, aurreikusitako kirol jarduerak egitea zailagoa izanen da kasu batzuetan eta ezinezkoa beste kasu askotan.

Apirilaren 6ko 7/2020 Foru Legearen 3. artikuluan aurreikusirik dago bermatuko dela irabazi-asmorik gabeko erakundeek -horien artean daude kirol federazioak- jasoko dituztela Nafarroako 2020ko Aurrekontu Orokorretan aurreikusitako dirulaguntza guztiak, eta, horretarako, deialdiak egokitu eginen direla.

Aipatutako inguruabar guztiak direla eta, nabarmen aldatu dira Nafarroako kirol federazioei dirulaguntzak emateko deialdiarekin bilatzen diren helburuak eta xedeak, ekainaren 19ko 36E/2019 Foru Aginduaren I. eranskineko 1. oinarrian jasotakoak, funtsean: “Nafarroako kirol federazioei laguntzea Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legearen eta hura garatzen duten arauen arabera esleituta dituzten eginkizunak betetzeko”.

Xede horiek bete ahal izateko, ordea, aldaketa batzuk egin behar dira deialdi honen oinarri arautzaileetan, sortutako egoera berriarekin bat etor daitezen. Aldaketa horiek ekainaren 19ko 36E/2019 Foru Aginduaren I. eranskineko 1., 16., 17., 18. oinarriei eta II. eranskineko sarrerako oinarriari eragiten diete.

Espedienteko txosten tekniko eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, dirulaguntza hauek egokiak eta interes publikokoak direla, eta deialdia eta oinarri arautzaileak legezkoak direla, baita proposatutako aldaketa ere.

Horrenbestez, Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Onestea foru agindu bat, aldatzeko Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariaren ekainaren 19ko 36E/2019 Foru Agindua, zeinaren bidez onesten baitira Nafarroako kirol federazioei dirulaguntzak emateko deialdiaren oinarriak, 2019ko irailaren 1etik 2020ko abuztuaren 31 bitarteko aldirako. Horrela, zati batean aldatuko da foru agindu horren I. eranskineko 1., 16., 17. eta 18. oinarrien eta II. eranskineko “Sarrera” izeneko oinarriaren edukia.

2. Ekainaren 19ko 36E/2019 Foru Aginduaren I. eranskineko 1. oinarria aldatzea, 4 apartatua gehitzeko, testu honekin:

“4. 2020ko urriaren 18ra arte luzatzen da diruz lagundutako jarduerak gauzatzeko epea, baldin eta jarduera horiek atzeratu edo aldi baterako eten badira alarma egoera deklaratzearen ondorioz, edo COVID-19ak eragindako osasun krisia dela-eta jarduera horien plangintzan egindako aldaketengatik”.

3. Ekainaren 19ko 36E/2019 Foru Aginduaren I. eranskineko 16. oinarria aldatzea, testu hau izan dezan:

“16. oinarria. Jardueren arteko doikuntzak.

1. Deialdiaren 1. ataletik 6.era bitarte adierazitakoari dagokionez, aurrekontua betetzean egiten diren aldaketetarako ez da mugarik izanen jarduera bakoitzerako hasieran aurkeztutako aurrekontuaren aldean. Horrenbestez, justifikatutako gastuak aurreikusitakoak baino txikiagoak izan badira, ataletako batzuetan erabili gabe geratzen den kreditu hori beste atal batean erabiltzen ahalko da, bai eta diruz lagundutako jardueren izaera bereko edo antzeko izaerako beste jarduera berri batzuetan ere (13. oinarrian ezarritako prozeduraren arabera aurretik eskatu eta baimenduetakoak badira)”.

4. Ekainaren 19ko 36E/2019 Foru Aginduaren I. eranskineko 17. oinarria aldatzea, testu hau izan dezan:

“17. oinarria. Justifikazioak.

1. Justifikazio-kontuen bidez eginen dira justifikazioak, salbu eta txapelketa nazionaletan parte hartzeko laguntzen atalekoak, horietarako moduluen prozedura erabiliko baita. Justifikazio-kontuan sartuko dira, orobat, txapelketa nazionaletan parte hartzeagatiko inskripzio gastuak. Kirol jantzien, material inbentariagarriaren ekipamenduaren eta Euskarazko Komunikazio Zerbitzu Orokorrak ataletan, justifikazioa honela eginen da: eskatutako eta onartutako kontzeptuak eskuratu eta ordaindu direla justifikatzeko agiriak (fakturak) aurkeztuz. Agiri horiek gastuen azken justifikazio gisa hartuko dira, eta horiek ere justifikazio-kontuan sartu beharko dira.

2. Justifikazio-kontu horretan dirulaguntza eskaeran adierazitako jardueren eta kontzeptuen egiaztagiriak sartuko dira, bakar-bakarrik.

3. Deialdiaren atal bakoitzerako aurrekontuaren (hasierakoaren edo egokituaren) %100 bete izanaren justifikazioa egin beharko da, hartarako dirulaguntzarik onetsi bada. Justifikatutako gastua aurrekontua baino gutxiago baldin bada, zenbatekoa proportzioan egokituko da ixteko ebazpenean.

4. Dirulaguntza hauen onuradun diren kirol federazio guztiek azken justifikazio hau aurkeztu beharko dute, bai telematikoki, bai laguntzen eskaera egindako modu berean, kirol federazioko presidenteak sinatuta:

a) Egindako jardueraren memoria bat, kirol arlokoa, eta, horrekin batera, kirol federazioak egindako eta aurreko epeetan justifikatu gabe gelditu diren kirol jarduera guztiei dagozkien frogagiriak.

b) Jarduera mota bakoitzerako inprimakiak (ohiko funtzionamendua, Nafarroako txapelketak antolatzea, Espainiako txapelketetan parte hartzea, Espainiako txapelketak antolatzea, sustapena eta prestakuntza), benetako exekuzioari dagokion zatia beteta (inprimaki-ereduetan jasotako atal teknikoetan bakarrik).

c) Dirulaguntzaren xede izan eta bete diren jardueren justifikazio-kontua VII. eranskinean agertzen den ereduaren arabera prestatuko da, eta bertan jarduera bakoitzaren gastu eta diru-sarreren zerrenda sailkatu bat agertuko da, honako hauek adierazita: agiri zenbakia, jarduera, jaulkipen data, kontzeptua, zenbatekoa eta ordainketaren data. Inprimaki-eredu hori aldatu eta beste aurkezpen formal bat egin daiteke, goian adierazitako informazio guztia baldin badu. Azkeneko justifikazio-kontu hori bakarra izanen da dirulaguntzaren xedeko jarduera guztietarako, eta kirol federazioek urtean zehar aurkeztutako tarteko justifikazio-kontu guztiak hartuko ditu bere baitan.

d) Hornitzaileen hautaketari buruzko inprimakia (baldin aholkularitza edo laguntza enpresek ekipo ondasunez hornitu edo zerbitzuak egin badituzte eta lan horien zenbatekoa 12.000 eurotik goitikoa bada, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3. artikuluari jarraikiz): VIII. eranskina (hornitzaileen hautaketa justifikatzeko inprimakia).

5. Dokumentazio hori aurkezteko azken eguna hau da:

a) Oro har, 2020ko urriaren 10a.

b) Salbuespen gisa, federazioek 2020ko abuztuaren 31tik urriaren 18ra bitarte egiten badute COVID-19ak eragindako alarma egoeraren deklarazioaren ondorioz atzeratutako jardueretako bat, 2020ko urriaren 25a. Epe horretan aurkeztu beharko dira diruz lagundutako jarduera guztiak justifikatzen dituzten agiriak, eta ez bakarrik urriaren 18a arte atzeratu eta egindakoak.

6. NKIk justifikazio-kontu horien gaineko berrikuspen txostenak eginen ditu, Kontu-auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatua dagoen jarduneko kontu-auditore baten bidez. Txosten horiek honako hauek betez eginen dira:

I.–Txosten horien kontratazioa NKIk eginen du.

II.–Txostena maiatzaren 17ko EHA/1413/2007 Aginduan ezarritakoarekin bat eginen da. Agindu horren bidez, kontu-auditoreek dirulaguntzen justifikazio-kontuak berrikusteko lanetan bete beharreko jarduketa-araua onetsi zen.

7. Alternatiba moduan, zilegi da Nafarroako Gobernuko langileek egitea justifikazio-kontu horien berrikuspena.”

5. Ekainaren 19ko 36E/2019 Foru Aginduaren I. eranskineko 18.2 oinarria aldatzea, testu hau izan dezan:

“2. II. eranskineko “Sarrera.1” izeneko oinarrian ezarritako 1., 2., 4., 5. eta 6. blokeetako bakoitzari dagokion dirulaguntzaren likidazioa kalkulatzeko, baliozkotzat hartuko dira diruz lagundutako blokeetako bakoitzean benetan eta zuzen justifikatutako zenbateko guztiak, kontuan hartu gabe dirulaguntzak emateko ebazpenean aplikatutako dirulaguntzaren portzentajea eta/edo hainbanaketa. Likidazioaren zenbatekoa mugatzeko kontzeptu gisa kontuan hartuko dira, soilik, jarduera horietako bakoitzean dagoen defizita (sarreren eta gastuen arteko korrelazioa), baldin badago, eta federazio bakoitzari 2020ko Nafarroako Gastu Orokorretako “Federazioentzako dirulaguntzak” izeneko partidaren kargura emandako zenbateko orokorra”.

6. Aldatzea ekainaren 19ko 36E/2019 Foru Aginduaren II. eranskineko “Sarrera. 5” izeneko oinarria, eta honela idatzita geldituko da:

“5. Benetan gauzatu diren jardueren azken dokumentazioa aztertzen denean, aurrekontua betetzean egiten diren aldaketek ez dute mugarik izanen jarduera bakoitzerako hasieran aurkeztutako aurrekontuaren aldean, I. eranskineko 16. oinarrian jaso den bezala. Horrenbestez, justifikatutako gastuak txikiagoak izateagatik ataletako batean erabili gabe geratzen den kreditu hori beste atal batean erabiltzen ahalko da, horretan justifikatutako gastuak handiagoak izan badira.”

7. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Kirol Zuzendariordetzari, Administrazio eta Kudeaketa Atalari eta Gai Ekonomiko-Administratiboak eta Prozedurak Kudeatzeko Bulegoari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan. Aditzera ematen da, foru agindu honen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin bat.

Iruñean, 2020ko maiatzaren 29an.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

Iragarkiaren kodea: F2005449